Mostrando entradas con la etiqueta Musika. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Musika. Mostrar todas las entradas

2011/03/16

Musika hiri azpian


Senegalgo kora, Andeetako txirulak,Koreako danborrak, didjeridua, txeloa, gitarra flamenkoa edo bateria. Banaka, binaka edo taldean. Era guztietako musika eskaintzen dute musikariek New York hirian, lur azpian
 
 


Garikoitz Udabe New York

Metrora sartzeko makinen hotsa, iritsi berria den trenaren txirrioa, ateak ireki direla adierazten duen deia, korrika presaka datorrenaren takoi soinua, aldamenekoen elkarrizketak, bakarrizketak, berandu dabilenaren ezinegon hasperena, iPoderako kantuak, jolasean dabiltzan arratoien barreak eta amoranteen musuak geltokietako ehunka musikarien doinuen bidaide dira egunero New Yorken.

             Askorentzat ez da ametsen hiria lehendabiziko geltokia. Luis Montalvo ekuadortarra, esate baterako, asko bidaiatutakoa da: «Frantzian, Alemanian, Herbehereetan ibilitakoa naiz. Gero, Asian, Japonian zehar bira bat egiteko aukera ere izan nuen. Eta Dubain, Arabiar Emirerri Batuetan ere egona naiz». Asko bidaiatu du Moltalvok, «eta beti musikagatik izan da». Horretarako manager bat dauka, eta hark lortzen dizkio batean eta bestean jotzeko emanaldiak.

 
Luis Montalvo bere emanaldi batean

Ekuadorren jaio zen, eta musikaria da jaiotzetik. Musika notak daramatza odolean, eta hori da han-hemen instrumentu desberdinak joz zabaltzea gustatzen zaiona.

«Azkeneko zazpi urteak AEBetara bidaiatuz pasatu ditut», dio bere bizitzako azkeneko mugimenduez hitz egitean. «Jaialdi askotan jo izan dut, eta gaur bezala, baita metroan ere».

Lur azpian jotzen aritzen da: «Jende askok musikariok metroan ikusi eta lanik ez daukagulako gaudela uste du, beste  aukerarik izango ez bagenu bezala, eta hori ez da horrela».

1987. urteaz geroztik, MTA Hiriko Garraiobide Elkarteak, bere sarean musika eta arte ikuskizunak eskaintzeko Music Under New York (Musika New York Azpian) programa du abian jarrita, eta hiritarren artean harrera ezin hobea izaten du. Bertan parte hartu eta metro sarean leku bat lortu nahi duenak urtean behin egiten den proba batera aurkeztu beharra dauka. Han aukeratzen dituzten 100 lagun inguruk metro sareko 25 lekutan aste osoan 150 emanaldi inguru egiten dituzte.

Metroan jotzen musikari oso onak daudela argitu nahi izan du Ekuadorko musikariak, «eta jendeak askotan ez daki hori».

            Bakarka ez bada, Espiritu Andino izeneko talde batean jotzen du Moltalvok: «Andeetako folklore tradizionala jotzen dugu». Emozio handikoa dela dio metroan jotzearen esperientzia, «jendea geratu egiten delako, begira, entzunez», eta hori asko gustatzen zaiola aitortu du Luis Montalvok.

Eta tonu bera erabiltzen du New Yorkeko publikoa ona den edo ez zehazteko: «Arrazakeria pixka bat dago, baina oro har jende ona da. Gainera, argazkia ateratzeko geratzen zaituzte, CDak erosten dizkigute eta propina eman. Hori da AEBetako errealitatea eta NYekoa», dio irribarrez.

Jasotako propina horiekin bizi litekeela dio: «Zenbat eta esperientzia gehiago izan, gainera, orduan eta gehiago irabazi dezakezu ». Etxeko doinu eta kantuak metroko estazioetan jotzen badituzte ere, «familia, herria asko maite dudanez, hara bueltatu beharra daukat», aitortu du Ekuadorko musikariak.

Keth Mitchel New Yorkeko musikaria metroan kantari

Keth etxeko musikaria

Lower East Siden hazitakoa da Keth Mitchel, Manhattango alde hori gaur egun baino askoz ere merkeagoa eta beste itxura batekoa zenean. Duela urte batzuetako kontuak dira horiek, baina garai haiek gogoratzea bezalaxe, 60ko eta 70eko hamarkadetako musikak eta kantuak abestea du gustuko Keth Mitchelek.

 Talde batean jotzen du, eta bizitza guztian aritu da musikaren munduan. «Kantatzea maite dut eta hori da egiten dudana», gaineratu du bere emanaldia 8. Etorbideko geltokietako batean hasi aurretik.

«Musikaria izan naiz, eta horretatik bizi izan naiz zenbait garaitan, areto eta klubetan lan eginez », kontatu du abeslari afroamerikarrak, «baina hau aldikako lana izan da». Horregatik, beste ogibide batzuetan ere aritu behar izan du.

Hala ere, musikaren indarra handia da askorentzat, «maitatzeraino iristen garenez, ezin diot kantatzeari utzi», dio Keth Mitchelek. Baina argi dauka ez dela dirua egiteko negozioa: «Musika maite dudalako egiten dut, dibertitu beharra daukazu, ondo pasa, eta ez pentsatu diru pila egingo duzunik».

Bere hiritarrak, gehienak presaka alde batera eta bestera doazela dio, baina asko dira, hala ere, hura entzutera geratzen direnak. Turistak ere asko izaten dira, baina garai hauetan turismoa jaitsita omen dago New Yorken.

Neguaren ostean, etorriko da udaberria, bai eta  etorkizuna ere. «Musika egiten jarraitu nahi dut, eta neure abestiak egitea gustatuko litzaidake. Nire kantuak irratian entzun nahiko nituzke. Estudioko lana egin eta zerbait kaleratu. Inoiz ez dakizu etorkizunak zer emango dizun. Jaungoikoak ahots eder hau eman zidan, eta horregatik oso zoriontsu nago», erantzun du mikrofonoa eskuetan hartu eta kantatzeko prest dagoela.

3 hilabete daramatza lur azpian kantari Samuel Saffery-k

Baimenik gabeko kantuak

Justu Manhattango beste aldean, ekialdean, Grand Central tren geltokiak metroarekin bat egiten duen tokian, gitarra eskuan hartu eta kantuan ari da Samuel R. Saffery.
 
«Zeelanda Berrikoa naiz, Wellington hiriburukoa», esan du irribarretsu 30 urteko gazteak. Hiru hilabete besterik ez daramatza New Yorken, eta ahal duen tokietan jotzen du. Eta orain arteko esperientziaz ez da batere kexu: «Jendea oso atsegina da, eta horregatik nago hemen. Negu garai honetan jendea oso eskuzabala da, eta dirua ematen du. Uda partea askoz ere hobea izango dela iruditzen zait», dio baikortasunez hitz eginez.

Musika betidanik jo izan du bere herrian, baina «ofizioz, legegizon egin nintzen egun batean». «Hala ere, musika gero eta gehiago sortzen hasi nintzen, eta nire musikari bidea egitera New Yorkera etorri naiz». Bizimodua erabat aldatu eta ametsen hirira etorri berri da.

Etorkizunean bere bidea egin nahiko lukeen musikariak, folk, blues, country, rock estiloko doinuak jotzen ditu, bere gitarraz lagunduta. Mikrofono bat eta bozgorailu bat ditu berarekin, eta parean gitarraren kaxa, jendeak eskupekoa bertan utz dezan.

Ez dauka metroan jotzeko baimenik, baina ez du arazorik izan: «Interneten begiratu dut zein lege dituzten, baina ez dut uste hain gogor jartzen direnik…».

Trenetik trenera  ibiltzen dira Angel eta Jose Manuel mexikarrak

42. kalean, Times Squarreko geltoki handian bestelakoak kontatu dituzte: «Isunak jartzen dizkigute, eta atxilotu ere egin izan gaituzte», dio Angelek irribarre txiki bat eginez: «Gehienera, 75 dolarreko isunak dira, eta atxilo aldiak berriz 24  ordutakoak. Preso eramanez gero, ez digute isunik jartzen, eta, isuna jartzen badigute, ez gaituzte atxilotzen», zehaztu du. «Geltokietan jotzeko baimena daukatenak ez dituzte hainbeste  molestatzen», gaineratu du Jose Manuelek.

«Gogorra baina polita»

Guajaka estatukoak (Mexiko) dira Angel eta Jose Manuel. Duela hiru urte iritsi ziren New Yorkera. Ez ziren elkarrekin etorri, baina «gau batean elkar ezagutu genuen, elkarrekin kantu bat jo genuen, eta metrora etortzea erabaki genuen», aipatu du Angelek.

Treneko bagoietan ibiltzen dira. Geltokitik geltokira Mexikoko musika joz, rantxerak joz, txapela pasatuz eta, trena geratzean, hurrengo bagoira korrika joanez. «Ongi funtzionatzen dute, estatu batuar askok ezagutzen dutelako musika hau eta gustuko dutelako», zehaztu du Jose Manuelek.

Jendearen artean denetatik dagoela diote. Ia jende gehiena adeitsua dela, babesa adierazten dietela, baina era berean gustuko ez dituztenekin ere topo egiten omen dute.

«Amerikar zuritxoak dira ondoena portatzen direnak», gaineratu du Angelek; izan ere, beren herrikideek, latinamerikarrek apenas ematen duten ezer».

Zailtasunak zailtasun, ordea, esperientzia polita dela diote: «Gogorra da, baina jende asko ezagutzen duzu, eta polita da». Gustatzen zaien lan bat da, eta «horretatik bizibidea ateratzen dugu», dio Jose Manuelek.

Jatetxe eta jai pribatuetara ere joaten dira. Horietarako boskotea osatzen dute, eta trenerako berriz talde txikiagoak egiten dituzte.
 
«Estu- estu ikusten dugu etorkizuna, kar-kar-kar», dio Jose Manuelek, baina argi dute horrela jarraituko dutela bizibidea ateratzen.

 New Yorken bizi direnek ere argi daukate artista horien eskaintzaz gozatzen jarraituko dutela, hirian lur azpitik mugitu nahi eta trenaren zain dauden bakoitzean.

2011/02/18

Juanjo Mena orkestra zuzendaria


Juanjo Mena: «Parean dudan taldea ulertzean datza arrakastaren %60»

BBCren Orkestra Filarmonikoa zuzentzen hasi aurretik, AEBetan kontzertuak ematen ari da zuzendari arabarra
Garikoitz Udabe New York

          Carnegie Halleko agertokia musikari gaztez beteta dago. Juanjo Mena zuzendari gasteiztarra sartu da txalo zaparrada handi baten ondoren. Zuzendari makila altxatu, eta bere eskuaren lehendabiziko mugimenduarekin biolinak hasi dira hizketan. 

          Emanaldiaren aurretik nekatuta azaldu da zuzendaria. Oso egun gutxiren barruan Chicagon, Baltimoren eta Filadelfian izan da lanean, lorik egiten ez duen hirira iritsi aurretik. Baina nekeak ahaztu egiten dira Curtis Orkestra Sinfonikoa edo horrelako gazte orkestra bat aurrean duzunean. 
 
          Carnegie Hallen «ez du edonork zuzentzen», dio Menak, «musikaren munduan kontuan hartzen direnek bakarrik lortzen dute hemen zuzentzea». Bilboko Orkestra Filarmonikoaren aretoan bezala sentitzen da: «Han dauden zuzendari handien koadroak ikusita beldurra ematen dizu agertokira ateratzeak». Horregatik, beti bezala, daukan guztia ematera atera da.
 

          Hilary Hahn biolin jotzaile bakarlaria sartu da agertokian hori koloreko soineko bat jantzita. Jennifer Higdonen biolinerako kontzertuajo du orkestrak lagunduta, zergatik bilakatu den izar argi erakutsiz.  

          Arrakastaren gozoa dastatu berri iritsi da Mena New Yorkera. Chicagoko Orkestra Sinfonikoa, munduko onenetakoa, zuzendu berri du. «Oraingoz, zuzendu ditudan hiru handietatik onena» izan dela azaldu du. 

          «Programa oso ederra zen. Musikariekin bat egin nuen, eta bigarren egunean zein gustura zeuden esatera etorri zitzaizkidan. Berriro beraiekin nahi zaituztela entzutea oso atsegina da». Atlanta, Houston, Norvegia eta Denver dira zuzendariaren hurrengo geltokietako batzuk, irailean BBCren Orkestra Filarmonikoko zuzendari titularraren lanari heldu aurretik. «Mundu honetan zerbait esateko badudala
baieztatzeko» balio izan dio Menari izendapenak. «Ikasi egingo dut asko, arlo guztietan oso prestatua dagoen jendea aurkituko dut, eta esparru artistikoan nik ere hala eman beharko dut». Aukera momentu «izugarri egoki eta aproposean» iritsi zaiola gaineratu du. 



«Ez dakit non nagoen» 
 
          Isilik dago jendea, adi, zuzendariaren aginduetara musikariak sortzen ari direnarekin gozatzen. Mugimenduetako batean batutak ihes egin dio eta jende artera erori da. Makilarik gabeko eskuak, ordea, ez dira geratu. Ezta zuzendariaren keinu, begirada eta espresio esanguratsuak ere. Denen arteko konbinazioa beharrezkoa du taldea nahi duena sortzera eramateko.  

          Zalantzarik gabe, lanik ez zaio falta zuzendari arabarrari. «Momentu honetan ez dakit ondo non nagoen. Ikusiko dugu zer lor dezakegun », dio, baina orain sekretua «oreka bilatzea» izango dela argi dauka. «Abesten zuen bakarlari batek behin esan zuen bere ibilbidea proiektuei ezetz esanez egin zuela». Izan ere, orain eskaintza ugari ditu Menak, orkestra askotatik jaso du gonbita, «baina gauza guztien gainetik, familia
dago; niretzat oso garrantzitsua da».
 

          Hamasei urte zituela esperimentatu zuen lehen aldiz Menak talde bat zuzentzea zer den. «8 eta 14 urte arteko neskatxen eskolania bat» zela ondo gogoan du. Orduz geroztik zenbatetan jarri den zuzendariaren batuta hartuta ez daki, baina hainbeste orkestra zuzentzeko sekretua zein den galdetuta, «aurrean duzun taldea ulertzen jakin behar da, energia trukatzen jakin, noiz askatu eta noiz lotu jakin…», erantzun du. «Uste dut nire arrakastaren %60 parean dudan taldea ulertzean datzala ». Edozein zuzendarik behar duen psikologia da, beraz, arrakastaren giltza.  

          Xostakovitxen 5. Sinfonia-rekin amaitu da kontzertua. Lau bider atera da zuzendaria jendearen txalo artean agertokira, eta musikari gazteak egin ditu protagonista; kasik denak banaka altxarazi ditu eta aretoan oihu eta txalo zartada ozenagoak eragin.

2011/02/13

NAICA


  NAICA Naia Mandaluniz eta Carlos Noain euskal musikarien proiektua da. Atzo, Euskal Etxean kontzertua eskaini zuten. Ederra izan zen. Hara inguratutako 40 lagun inguruk ederki gozatu genuen ordubete eskaseko emanaldiaz. Hemen dituzue atzoko argazki batzuk, eta zer nolako musika egiten duten entzun nahi izatera, hara myspace-ko linka. 


Irailean beraiei buruz idatzi nuen erreportajea ere irakurri nahi izatera argazkien ondoren daukazue.





Musika eskaintzak ugariak dira New Yorken. Naica da horietako bat. Bi euskaldun musikarik pentsatu, sortu, landu eta garatutakoa. Naia Mandaluniz eta Carlos Noainen musika proiektuak bidea ireki nahi du hirian.

Euskal doinuak New Yorken

Garikoitz Udabe New York

Carlos Noain Hondarribikoa da, eta Naia Mandaluniz, berriz, Gernikakoa. Norberak bere herrian hasitako ikasketak Musikenen egindakoekin osatu zituen, eta orduz geroztik, askok dioten moduan, sekula amaitzen ez den musika ikasketekin jarraitzen dute. 

Rotterdam eta New York izan ditu etapa horietan geldiune, besteak beste, 27 urteko Noainek, eta Bartzelona, Utrecht eta New York 28 urteko Mandalunizek. Ez dira bakarrik ibili. Musikari guztien antzera lagun fidela beti alboan hartuta egin baitituzte bidaia horiek guztiak: klarinetea, Noainen kasuan, eta zehar flauta, Mandalunizenean.

          Biak musikari lotu dira, eta musikak biak lotu ditu. Gaur egun senar- emazte baitira. Duela bi urtez geroztik bizi da Carlos Noain New Yorken, eta urtebete geroago etorri zen Naia Mandaluniz. Brooklyn dute bizitoki, eta musika irakatsi eta jotzetik ateratzen dute bizimodua aurrera.

Hain zuzen ere, ederki egiten dakitena «erakusteko gogoagatik eta musika eskaintzeko desioagatik » sortu zuten duela bederatzi hilabete Naica izeneko proiektua. Izenak berak dioen moduan, Naia eta Carlos dira proiektu horretako zutabe nagusiak, arimak, baina «beste zenbait musikarik parte hartzeko antolaketa malgua du proiektuak», Mandalunizen hitzetan.

 «Urteetan izan dugun esperientzia kontuan hartu eta, besteak beste, indie, pop eta elektronika estiloek lekua duten proiektu gisara sortu zen Naica», gogoratzen du Noainek. Musika lasaia egiten dute, tempo erlaxatuetan oinarritua. «Orfidal musika deitzea gustatzen zaigu», dio Mandalunizek irribarre txiki batekin, «oro har ez dugulako musika denbora-pasa gisa ulertzen, baizik eta entzulearen arreta eskatzen duen zerbait sakona gisa».

 Bi musikari euskaldunen prestakuntza klasikoa nabarmen geratzen da haien eskaintzan. «Mozart eta Bach-en zale amorratuak gara, eta klarinetea eta flauta dira gehien ezagutzen ditugun instrumentuak».

Hala ere, zuzenekoan musika tresnen familia handitu egiten dute: gitarra, pianoa, glockenspiel… «Asko gustatzen zaigu musika instrumentu batetik bestera pasatzeko dinamika hori, oso dibertigarria da guretzat», dio Noainek. Horregatik horiek denak jo ditzakete emanaldi bakarrean. 

«Kantatu ere egiten dugu», zehaztu du Mandalunizek, «lau kantutan, hain zuzen ere». 

Noain musika elektronikoaren alde esperimentalaren zalea da, eta, horregatik, «Max-MSP softwareak erabiltzen ditut sintetizadoreak eta erritmoak sortzeko».

 Hain zuzen ere, musika tresna, software eta ahotsen familia oso bat bezala ulertu beharra dago proiektu hori. Elkarren arteko jolasaren ondorio da Naica. 

 «Hiri zoragarri honetako eskaintza aktibo bat izan nahi dugu », dio andalunizek. Galerietan, metroan, kalean edo lagun baten etxean jotzea esan nahi du horrek, «hiria gure musikarekin bonbardatzea», alegia. Eta horretan dabiltza. 

New Yorkeko Sohoan egin zuten lagun artean Naicaren aurkezpena. Geroztik Cervantes Institutuan ere jo dute, eta egindakoarekin eta jasotako erantzunarekin oso gustura dago bikotea: «Orain diskoa kaleratu behar dugu. Ia bukatuta dago, eta hori zabaltzen jarriko ditugu indarrak».

 Itsasoaren bestaldean, etxean alegia, zer egiten duten erakustea asko gustatuko litzaieke. Gainera, ingelesez, gazteleraz eta euskaraz abesten dute, eta, besteak beste, Anari eta Lisaborekin jotzea «zoragarria izango litzateke bikotearentzako.

 Naica, ordea, ez da lantzen ari diren proiektu bakarra: Cedric Needs Us taldeko kideak ere badira. «Sei laguneko taldea gara, eta Naicaren alter ego-a bezala uler dezakegu». Klarineteak, flautak, pianoak, baxuak, bateriak, gitarrak eta ahotsak osatzen dute familia txiki hau. «Musika mugituagoa da, baina erritmo baseek garrantzi handia  ute», dio Noainek. Une honetan talde horrekin kontzertu asko egiten ari dira New Yorken.

 Etorkizunari begira, ahalik eta gehien jotzen jarraitu nahi dutela diote. Urte amaierarako Naicaren diskoa grabatzen bukatu eta beraien doinuak lau haizetara zabaltzen jarraitzea dute asmoa. New Yorken eta Euskal Herrian, Rotterdamen eta Berlinen, entzule askoren eta gutxiren aurrean, formatu txikian eta handian, baina beti egiten dutenaz gozatuz, sentituz eta sentiaraziz.