Mostrando entradas con la etiqueta bakardadea. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta bakardadea. Mostrar todas las entradas

2012/11/27

Indioilarra

BERRIA, Larrepetit, 2012-11-24



          Bereziki indioilarra mahaietako izar bihurtzen da AEBetan, thanksgiving egunean (eskerrak emateko egunean). 300 milioi indioilar hazi dituzte aurtengorako, eta kasik denek laberen batean bukatu dute.

          Izan ere, indioilarrak, egun horretan, biltzeko funtzioa du, batzekoa. AEBetako familia asko eta asko apenas elkartzen diren urtean zehar: distantzia handiak dira aitzakia, lan erritmoa, edo familia ulertzeko modu desberdina. Ordea, egun horretarako, kilometro asko egiten dituzte, eta ospakizunaren eta otorduaren aitzakian, urtean zehar Skype bidez bakarrik ikusten dituztenekin egon daitezke aurrez aurre: barre edo negar egiteko, kantuan edo dantzan aritzeko, albisteren bat edo beste emateko, haserretzeko, trapu zahar eta berriak mahai gainera ateratzeko… familian egoteko, alegia!

          Joera hori, ohitura hori, ordea, aldatzen ari da zenbait lekutan. Hurrengo eguna, ostirala, Black Friday deitzen zaiona izaten da hemen: dendek urte osoko prezio eskaintzarik handienak egiten dituzten eguna. Lehen, ostiral goizaldean irekitzen zituzten ateak, eta jende ilara luzeak egoten ziren zain, lasterka sartu eta dirua gastatzeko. Gaur egun, zenbait leku, indioilarra jan eta berehala irekitzen dituzte. Ondorioa? Familietako tertulia asko hautsi, elkarrekin egoteko aukera gutxietakoa alde batera utzi, eta erosketak egitera joatea.

          Familia batzuentzat, egun horretan etxe giroan egoteak oraindik ez du preziorik. Baina beste askori, hemengo familia eredua prezio garesti samarra ordainarazten ari zaie: bakardadea edo familia berekoen arteko erlazio hotzak, adibidez.

          Izan ere, indioilar haragia, modu berezian prestatzen ez bada, edo saltsa pixka batekin laguntzen ez bada, goxatzen ez bada, azken finean, lehor samarra izaten da.

          Alde ederrekoak, zentzurik zabalenean, gure mahai bueltak eta baserriko oilaskoak!

2012/07/23

Bakardadean auto isolatuta

BERRIA, Larrepetit, 2012-07-21


          Etxeko horman zintzilik jarrita dauzkan argazkien bidez, askotan egiten du Marlow-k denboran atzera. Garai bateko sentipenak datozkio bihotzera marko arteko oroitzapenekin. Egunean zehar denbora asko pasatzen du haiei begira. Emaztea erretiratu berritan hil zitzaionetik, ez dauka bizitakoa norekin konpartitu. Eta hori egiteko nahia eta desioa handia da oso. Baina bakarrik dago.

          Tarak oraindik ez du erretiroa hartu. Egunero jaikitzen da egunsentiarekin batera, eta Wall Streeteko jendez betetako bulego bateko paper artean eguna pasa ostean, seiak aldera iritsi ohi da etxera. Atea ireki eta isiltasunak egiten dio diosala, eta ez zaio hori batere gustatzen.

          Karren hil egingo litzateke ordenagailurik gabe geratuko balitz. Egunean zortzi ordutik gora pasatzen ditu sareko ezezagun izengoitidunekin txateatzen. Horrela lortzen du munduan bakarrik ez dagoela sentitzea.

          Marlow, Tara eta Karren eraikin bereko bizilagunak dira. Manhattango toki bikain batean bizi dira. Lorategi pribatua dutenez, hara joaten dira arratsaldero, konpainia bila. Baina ikusi zein den argazkia: bakarrik egon nahiko balute bezala, bakoitza banku batean esertzen da, eta ez dute inorekin hitz egiten. Eta noski, gisa horretara, ezin dira oroitzapenak konpartitu, isiltasuna hautsi edo konpainian egon. Auto isolatu egiten dira, eta horrek eragozten die benetan desio dutena lortzea. Jarrera aldaketa bat, «kaixo, zer moduz zaude», «eseri naiteke zurekin», «zein eguraldi ederra» nahikoa lirateke bakardadea minutu edo ordu batzuez hausteko.

          Bakarrik egon nahi ez eta bakardadean auto isolaturik egotearena pilularik gabe senda daitekeen gaitza izan arren, gero eta hedatuagoa dagoela dirudi. Hanburgerrak bezala, hori ere gurera iritsi dela diote. Auto isolamendurako joera ere bidean ote? Aurre egiteko prest izatea onena.

2011/11/26

Bakardadean lagun

Larrepetit, 2011-11-26





          Etxera iritsi naiz. Igogailura inguratu eta botoiari eman diot. Halako batean, sototik etorri da. Atea ireki eta han daude biak, Jessica eta Lukas.

          «Kaixo», esan dit Jessicak. «Gabon», erantzun diot irribarre txiki batekin. Jessicak Lukasi begiratu dio, eta «zenbat denbora geunden Gari ikusi gabe, e?», esan dio. Lukas Jessicari begira geratu da. Ni, biei. «Lehen askotan egiten genuen topo berarekin, e?», jarraitu du Lukasi hizketan. Honek, ezer ez dio. Eta niri, ez zait berari esateko ezer bururatzen.

          «Eguraldi freskoa baina ederra egiten du», atera zait egoera batzuetarako gai izugarri ona dela beste behin ere frogatuz. Jessicak erantzun dit: «Bai horixe. Lukas eta biok parkean izan gara paseoan. Zein ongi ibili garen, e Lukas?», galdetu dio. Lukas isil- isilik begira daukat. Jessicak esan duena baieztatzeko bere modua izango dela pentsatu dut.

          «Biok jakin nahi dugu zer moduz zauden. Ezta Lukas?» jarraitu du isildu ere egin gabe Jessicak. «Ondo… ondo», pausatu, mantso eta nagi bat atera zait. Ezin diot Lukasi begirik kendu. Ahoa noiz irekiko duen zain jarrita bezala nago.

          Klink, entzun da bat-batean. Nire solairura iritsi gara. Atea ireki da. «Esango diogu agur?», galde egin dio Jessicak Lukasi. Horrek burua mugitu eta begiratu egin dio. Segidan, niri. Ahoa ireki du. «Agur» esatera zihoala imajinatu dut momentu batean, baina ez. Neronek agurtu dut. Edo agurtu ditut, biak… Ez dakit. Nahastu samar nago.

          Jessicak 72 urte ditu. Bakarrik bizi da 9 milioi biztanleko hirian. Baina ez zaio bakardadea gustatzen. Horregatik erabaki zuen Lukas zakurra etxera ekartzea. Hura du lagunik onena. Ordurik gehienetan, lagun bakarra. Eta harekin izaten ditu elkarrizketarik gehienak. Nik, ez dut bien arteko hizkuntza ulertzen. Baina uler dezaket biek elkarren beharra izatea.