Larrepetit, 2012-10-13
François (Frantzia) ikasle moduan dago New Yorken. Legez ezin du lanik egin. Horretarako, Sotial Security deituriko txartel zenbakiduna beharko luke. Eta hari ez dagokio halakorik.Anjel lagun mexikarrari eskatu dio faborea: «Lagunduko didazu lortzen?». Astelehen arratsaldean joan dira Queens-era. Jaitsi dira beharrezko metro geltokian. Oinez abiatu dira denda, latinoamerikar taberna, jatetxe eta masaje lekuz josita dagoen Roosevelt etorbidean. Françoisek ez daki zein lekutara doazen, ez eta nora begiratu ere. Anjel isilik dago, norbaiten bila balebil bezala. Halako batean, barrez hasi da. «Zer gertatzen da?», galdetu dio Françoisek. «Zu gabe etorri banintz, honezkero ziento bat lagunek eskaini zidaten Sotial-a. Baina daukazun europar aurpegi horrekin, ez da inor gerturatzen», erantzun dio Anjelek.
Azkenean, iritsi dira Anjelek ezagutzen duen lagunarengana. Kalean dago, bistan, metro geltoki baten sarreran. Bere lagun-min europarrarentzat zenbakia eskuratu, erosi nahi duela esan dio. Saltzailea ez da fio. Agente Federalaren antza hartzen dio Françoiseri, eta beldur da. Anjelek lasaitu egin du. Prezioa negoziatu dute, eta papertxo batean idatzita eman zeinen izenean ateratzea nahi duten txartel zenbakiduna. Nortasun Agiri faltsua ere eskaini die saltzaileak, baina Françoisek ez du horren beharrik. Saltzailea kaleetan barrena galdu da.
40 minutu geroago azaldu da. Disimuluan ordaindu eta txartela sakelan sartuta, Françoisek eta Anjelek alde egin dute.
Lan bila hasterakoan, gaur eskuratu duen zenbaki hori emango dio Françoisek bere ugazabari. Hilda dagoen edo jaio berri den norbaitena izango da, edo identitate lapurreta egin dioten edonorena.
Gobernuak badu merkatu beltz honen berri. Baina modu honetara, Françoisek zergak ordaintzen ditu, eta bestela lortuko ez lukeen dirua eskuratzen du gobernuak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario