Mostrando entradas con la etiqueta Irailaren 11ko atentatuak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Irailaren 11ko atentatuak. Mostrar todas las entradas

2012/09/10

Marta, baztertutako heroia

Larrepetit, 2012-09-08



          Hamaikagarrena beteko da hiru egun barru. Ekitaldi publikoak, instituzionalak egingo dira aurten ere, eta Manhattan gauak harrapatzean, ia 900.000 bonbillaren argiek irudikatuko dituzte lurretik zerurantz World Trade Center-eko bi dorreak.

          Martak jai zuen egun hartan, eta, munduak bezala, telebistaz ikusi zituen burdinazko txori hegalarien erasoak. Queens-eko bere etxean, beldurra sentitu zuen, negar egin zuen, errezo ere bai erasoa etorri zen zeru berberera begiratuz, baina bera eta familia ondo zeuden.

          Egun batzuetara, telefonoaren hotsa, eta lantokitik oharra: bihartik aurrera, zero gunera joango zara garbiketa lanetara. Eta hala, kexurik gabe, eguna joan, eguna etorri, tragediaren freskotasunak utzitako hautsak, aztarnak betirako ezabatzeko zeregina izan zuen.

          Handik hiru urtetara jabetu zen bera ere atentatuek jo zutela: berun, poliuretano, artseniko edo asbestos artean lan egitearen eraginez, gaixorik dago; tumore batekin bizi da, eta poliki-poliki hiltzen ari da. Egun haietan lan egin zuten beste hainbat kide bezala. Baita suhiltzaile eta poliziak ere. Baina hara desberdintasuna: azken horiek legezko hiritarrak dira. Marta, mexikar paperik gabea. Eta benetako heroia izateko, ezinbesteko baldintza da hori.

          Diru laguntzen poltsatik zerbait jasotzen duen arren, ezin du lanik egin, eta ez zaio bizitzeko eta sendatzeko adina iristen. Aseguru etxeek detektibe pribatuak kontratatu dituzte gaixorik ez daudela «nolabait» frogatzeko, eta haien beldur bizi da Marta.

          Irailaren 11n, zero gunean, berriro atentatuetan hildako guztien izenak irakurriko dira boz-goran. Zerrenda hori, ordea, urteetan gizentzen joan da, eta etorkizunean ere halatsu. Baina Martak, oraingo honetan ere, ez ditu entzungo galdutako lagun eta lankide askoren izenak. Hautsak bezala, errauts guztiak ere berdinak ez direlako.



2011/09/11

I-11ko atentatuak. 10 urte (VI)

BERRIAn argitaratua 2011-09-11


 

BERRIAra Hemendik 

 

 Gaur bezalako egun batean

 

Asteartea oskarbi esnatu zen New Yorken, 2001eko irailaren 11n; Dorre Bikien aurkako atentatuak mundua aldatu zuen egun hartan


3.000 lagun inguru hil ziren atentatuetan; iltzatuta geratu zaio askori egun hura
 
Garikoitz Udabe New York



          American Airlines konpainiako 11 zenbakidun Boeing 767 hegaldia, goizeko zortzietan, 92 bidaiarirekin, Bostongo Logan aireportutik Los Angelesera atera zen. Hamalau minutu geroago, aireportu beretik, 175 United Airlines Boeing 767ak gauza bera egin zuen 65 lagun barruan hartuta.

          08:19an, American Airlines 11 hegaldiko Betty Ong azafata bere konpainiako erreserbak egiteko bulegoarekin harremanetan jarri, eta hegazkina bahitzen ari ziren ustea zuela adierazi zien.

          Joe, Lis, Peter eta Osmar New Yorkeko bizilagunentzat ez zen egun berezia. Astearte arrunt bat zen, eta, betiko legez, norbera bere zereginetara bidean jarri zen.

          08:21ean, American Airlines 77 hegazkinak (Boeing 757) Los Angeleserako bidaia abiatu zuen, Washingtongo Dulles aireportutik. 64 bidaiari zeramatzan.

          Bi urte dira Joe World Trade Center berria eraikitzeko lanetan ari dela. Egun hartan, ordea, 61. Kaleko eraikuntza batean ari zen. Lis, berriz, Midtownera, Manhattanen erdi aldera, joan zen, han zuen-eta lantokia.

          08:37an, American Airlines 11 hegaldia bahitua izan zitekeen susmoaren berri eman zioten NORAD Ipar Amerikako Aire Eremuko Defentsa Agintaritzari. Osmar, metrorantz zihoan orduan. «Zero eremutik gertu dagoen Chambers geltokira iritsi behar nuen».

          08:41ean, Newarkeko aireportutik (New Jersey), United Airlines 93k (Boeing 757) San Frantziskorako bidaia abiatu zuen, 44 pertsona barruan hartuta.

          Peter Brooklynen jaio eta hazitako gizona da. Gaur egun zero eremutik oso gertu dagoen eraikin batean egiten du lan garbitzaile gisa. Egun hartan, ordu horretan, E lineako metroa hartu eta Queeensen duen etxerantz abiatu zen. Ez zuen pentsatu bere trena ordutan azkena izango zenik.

          08:46an, American Airlines 11 hegazkinak World Trade Centerreko iparraldeko dorrea jo zuen. «Irratia entzuten ari ginen albistearen berri eman zutenean», gogoratu du Joek. «Horrela jakin genuen eraikin bat lehendabizi, eta beste bat gero, bi hegazkinek jo zituztela».

          Hamazazpi minutu geroago, United 175 hegaldiak hegoaldeko dorrea jo zuen. Bigarren kolpe hura mundu osoan zuzenean ikusi ahal izan zen, aurrekoaren eraginez kamerak hara begira jarrita zeudelako.

          Lis eta bere lankideek ere telebistaren bidez jakin zuten gertakarien berri. «Hasieran inork ez genuen pentsatu eraso bat zenik. Hegazkinarekin zerbait gertatu zela uste genuen. Jendea ez zegoen batere arduratuta».

          Osmarrek ere bazuen lehendabiziko eraikinean gertatutakoaren berri. «Istripua izan zela pentsatu nuen. Chambers eta Canal kaleen artean nengoen, metroan, bigarren hegazkinak hegoaldeko dorrea jo zuenean».

          George Bush presidentea, egun hartan, Sarasotako (Florida) lehen hezkuntzako haurrekin zegoen. 09:07an, Etxe Zuriko prentsa arduraduna presidentearengana hurbildu, eta belarrira bigarren dorrean gertatutakoaren berri eman zion —lehendabizikoaren berri bazuen—, eta AEBak erasopean zeudela gaineratu zion.

          Minutu bat geroago, New Yorkeko aire eremutik ateratzen edo pasatzen ziren hegaldi guztiak debekatu zituzten. Manhattango tunel eta zubi guztiak ixteko erabakia etorri zen segidan, eta, azkenik, hegazkin zibil guztien aireratzeak debekatu zituzten.



09:31: «Ekintza terrorista»

          Bushek ikastetxean jarraitu zuen haurrei entzuten, edo itxura hori egiten. 09:31n, hedabideei mintzatuz, gertatzen ari zena «ekintza terrorista» bat zela aipatu zuen.

          Esan eta izan. 09:37an, American Airlines 77 hegaldiak Pentagonoa jo zuen. Ondorioa berehalakoa izan zen: AEBetako presidentearen aginduz, airean zeuden hegazkin guztiek gertueneko aireportuan lurreratzeko agindua jaso zuten.

          Gertakari haiek ikusita, 09:48ak zirenean, Kongresua eta Etxe Zuria hustu zituzten. Handik gutxira, 09:57an, Bushek Floridatik alde egin zuen, toki seguruago batera.

           Osmar eta beste hainbatek 40 minutu zeramaten metroan. «Handik atera gintuzten. Estaziotik atera, eta lehendabiziko dorrea, hegoaldekoa, erori egin zen». Goizeko hamarrak izateko minutu bat falta zen. Segundo gutxitan dorrea Manhattango paisaiatik desagertu zen. Ondo gogoan ditu Osmarrek jendearen oihu eta lasterketak.

          10:03an, United 93 hegaldia Shanksvillen (Pennsylvania) erori egin zen, ustez bidaiariek hegazkinaren kontrola hartu nahi izan zutenean. Handik 25 minutura, bigarren dorrea etorri zen behera, ordu batzuk lehenago tente, harro kokatuta zeuden lekuan hutsune nabarmena utziaz. 


Hautsez jositako jendea

          Peter Queens auzora iritsi zen azkeneko trenean. «Jende guztia telebistari begira zegoen, eta horrela jakin nuen zer gertatzen ari zen». Ez zuen ezagunik dorreetan, baina gertatzen ari zenarekin «erabat triste» sentitu zen.

          Lisek, berriz, lagunak zituen Dorre Bikietan. «Zorionez, alde egitea lortu zuten guztiek. Noski, nire lagunek ezagutzen zituzten bertan hil ziren asko eta asko».

          11:04an, Nazio Batuen Erakundearen egoitza husten hasi ziren New Yorken.

          Denbora asko telebistari begira pasatu ostean, konpainiatik ateratzeko agindua jaso zuten Lis eta bere lankideek. «Etxera jo genuen, oinez, ez zegoen-eta beste modurik. Gogoan dut nola topo egin nuen hautsez josita, zikinduta zetorren jende mordo batekin. Izugarria izan zen».

          Joe ere oinez abiatu zen etxerantz. «Ez nintzen beldur, ziurrenik gertatzen ari zenaren inguruko informazio askorik ez nuelako. Baina minduta sentitu nintzen, erasopean ginelako».

          Peterrek ere aitortu du gertatzen ari zena ikusita oso triste sentitu zela. «New York erabat aldatu zuen, gu ginena, pentsatzen genuena, hiria bera, dena aldatu zuten eraso haiek».

          Osmarri negar malkoak ateratzen zaizkio. «Min handia sentitzen dut egun hura gogoratzean». Coney Islanden, Brooklyngo muturrean, bizi zen, eta sei ordu behar izan zituen etxera iristeko. «Jende mordo bat gindoazen elkarrekin oinez. Erotuta bezala zebiltzan asko; ez zekiten nora jo. Gainera, ez genekien eraso gehiago izango ziren, eta izuturik geunden».

          13:04an, alerta gorena indarrean jarri zuen Bushek, eta, komunikabideen bidez, nazioari hitz egin zion Barksdaleko aire basetik (Louisiana).

          Ez zen, ordea, egun hartako azkeneko eraikina oraindik erori. 17:25ean, World Trade Center 7 erori zen, ustez barruan sortutako suteek eraginda.

          19:00 inguruan iritsi zen George Bush presidentea Etxe Zurira. Ordu eta erdi geroago, bulegotik nazioari hitz egin zion. 3.000 lagun inguru hil ziren atentatuetan.

          Astearte hura eta ondorengo egunak amaigabeak izan ziren askorentzat. Bereziki beraien berririk izan ez eta familiartekoen bila zebiltzanentzat. Hondakin artean geratu ziren maite zituztenak aurkitzeko esperantzak.

          Geroagokoak dira odol putzu gehiago ekarri dituzten Afganistango eta Irakeko gerrak, Madril eta Londres hirietako burdinbideetako hilotzak, horien harira segurtasunaren izenean hartu diren neurriak… Izan ere, egun hartako ekintzek, mundua aldatu zutela behin eta berriz errepikatu dute adituek. Izan liteke hori arrazoia, baina ez dago zalantzarik geroztik hartutako erabaki asko orduan gertatutakoan arrazoitu dituztela.

          Asko hitz egin da hamar urte hauetan AEBetan gertatutakoaz. Zenbaitzuen ustean konspirazioak bakarrik argitu ditzake ordukoak. Beste batzuentzat konspirazioez hitz egiteak ez dauka ez hankarik eta ez bururik. Lisek, esaterako, egun ez du horretan sinesten, baina lehen bai. «Konspirazioren bat egon izan balitz, urte hauetan zerbait argitara aterako zela uste dut. Beraz, ez dut horretan askorik sinesten gaur egun. Baina nork daki…». 



Bin Ladenen hilketa

          Peterren ustez, teoria horietan pentsatu beharrean nahikoa da «egunerokoa bizitzea». Joek ere ez du halako ezertan sinesten. Hori bai, Peterrek dio bazekiela Osama Bin Laden eraso haien ustezko burua harrapatuko zutela. «Eta gustura nago, harro, hamar urteren ondoren aurkitu dugulako. Familientzat, norbait galdu zutenentzat oso garrantzitsua izan da».

           Bin Laden Pakistanen hil zuten AEBetako tropek iragan maiatzean, eta haren gorpua itsasora bota zuten. Joeren ustez, «Osamak ordaindu du, baina horrek ez dauka bukaerarik. Bat akabatu orduko beste bat jaiotzen da. Al Kaeda ez bada, beste bat izango da. Zergatik? Inor ez dagoelako ados AEBek beste herrialdeetan egiten dutenarekin. Batzuetan asmatzen du, besteetan ez».

          Ez zela gizon ona pentsatzen du Lisek. «Baina terrorismoaren beldur eta mehatxu guztiak pertsona bakarraren bizkar jartzea uste dut zentzugabea dela».

           2006az geroztik zero eremuan berreraikita dagoen World Trade Center 7 eraikineko bulegoetan lan egiten du Lisek. Leihotik, berreraikitze prozesua jarrai dezake, eta Joe ikusi egunero han lanean. Obrek eragindako zikinkeria ataritik garbitzen jarraitu beharko du Peterrek bi kale atzerago. Eta Osmarri negar malkoren batek ihesi egingo dio handik pasatzen den bakoitzean. Izan ere, milaka new yorktarrei bezala, duela hamar urte, gaur bezalako egun batez gertatu, ikusi, bizi eta sentitutakoa oroimenean eta bihotzean iltzaturik geratu zaio.



Obama eraso gune guztietara joango da

Zero eremuan Irailaren 11 Memoriala zabalduko dute, eta hildakoen senitartekoak izango dira ikusten aurrenak

          Aste osoan egin dira AEBetako hiri handi eta txikietan 2001eko irailaren 11 hartan hildakoen omenezko ekitaldiak; batzuk, ofizialak, eta besteak, ez. Argazki erakusketak, kontzertuak, hitzaldiak, denetarik antolatu da ekialdetik mendebaldera.

          Ekitaldi nagusiak, ordea, gaur egingo dira New Yorken eta Washingtonen, eta bertan izango da Barack Obama presidentea. Atentatu haietan bizia galdu zuten ia 3.000 lagunen omenaldi ekitaldietan izango da George Bush bere aurreko presidentea ere. Haien ondoan eseriko dira Michael Bloomberg New York hiriko
alkatea, New Yorkeko eta New Jerseyko gobernadore Andrew Cuomo eta Chris Christie, erasoak izan ziren garaian New Yorkeko alkate zen Rudy Giuliani eta George Pataki gobernadorea.

          Irailaren 11n hildakoen familiartekoek boz goran irakurriko dituzte atentatu haietan hildako guztien izen-abizenak, eta baita lehendabiziko aldiz Pennsylvanian eta Pentagonoan hildakoenak ere. Obama presidenteak eta ekitaldian parte hartuko duten beste hainbatek zenbait pasarte eta olerki irakurriko dituzte. «Honek ezin du zerbait politikoa izan; ez da inolako hitzaldirik egongo», argitu du aste honetan Bloomberg
alkateak.

          Egun hartan hildakoen senitarteko eta familiakoak izango dira gaur haien omenez zero eremuan zabalduko den Irailaren 11 Memoriala ikusten lehendabizikoak, eta bihartik aurrera nahi duen guziarentzat zabalik egongo da. Oraingoz, aurrez Internet bidez izena ematea beharrezkoa izango da.

           Ez da horrekin amaituko gaur Obamaren ekitaldi agenda. United 93 hegaldia erori zen Shanksville herrian biktimen omenezko monumentuaren inaugurazioan parte hartuko du Michelle Obama emaztearekin, Laura Bush lehendabiziko dama ohiarekin eta Dick Cheney presidenteorde ohiarekin batera. Ilundu aurretik, Pentagonora egingo du bisita, han hildako 184 lagunak omentzeko, eta, bukatzeko, hitzaldi bat emango du Washingtongo Katedral Nazionalean


2001eko irailaren 11ren ondorena

2001eko irailaren 11. New Yorkeko Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurka eraso egin zuten. 2.973 lagun hil ziren. Al Kaedak aldarrikatu zuen erasoa.

2001eko irailaren 28a. NBEren Segurtasun Kontseiluak terrorismoari politikoki, ekonomikoki eta diplomatikoki aurre egiteko 1.373 ebazpena onartu zuen.

2001eko urriaren 7a. AEBek eta aliatuek Afganistango erasoa hasi zuten, Osama Bin Laden Al Kaedako burua han zegoela argudiatuta.

2002ko urtarrilaren 29a. Bushek Irak Gaizkiaren ardatzean sartu zuen, Iranekin eta Ipar Korearekin batera.

2003ko martxoaren 20a. AEBek eta aliatuek Iraken aurkako erasoa hasi zuten. Maiatzaren 1ean gerra amaitutzat eman zuen Bushek.

2003ko abenduaren 13a. Saddam Hussein Irakeko diktadorea harrapatu zuten. 2006an exekutatu zuten.

2004ko martxoaren 11. Ekintzaile islamistek 191 lagun hil zituzten Madrilen, lau trenetan bonbak zartarazita.

2005ko uztailaren 7a. Ekintzaile islamistek 52 lagun hil zituzten Londresen, metroan eta autobus batean bonbak lehertuta.

2011ko maiatzaren 1a. AEBetako indarrek Bin Laden hil zuten Pakistanen.


 
ESANA. BARACK OBAMA. AEBetako presidentea
«Segurtasun nazionala indartu dugu, aliantzak hobetu ditugu eta Al Kaeda galbidean jarri dugu»


 
2.973
Irailaren 11ko erasoetan hildako lagunak.
AEBek inoiz jasandako eraso handiena ikertu duen batzordearen arabera, 2.937 lagun hil ziren 2001eko irailaren 11n, hemeretzi erasotzaileak barne. 2.773 Dorre Bikietan hil ziren, 125 Pentagonoan eta 256 bahitutako lau hegazkinetan.


 
'Terrorismoa' egotzita zigortutakoak 35.000 dira
AP Associated Press agentziak 66 herrialdetako datuak kontuan hartuta egindako ikerketaren arabera, 2001eko irailaren 11tik terrorismoa egotzita zigortutako lagunak 35.000 izan dira. Turkian espetxeratu dute jende gehien (12.897), eta, ondoren, Txinan. Akusazio berarekin atxilotutakoak 120.000 izan dira.


 
Zaintza neurri bereziak ezarri dituzte New Yorken gaurko
Gaurko urteurrenaren harira, New Yorkeko Poliziak terrorismoaren aurkako operazio berezia abiarazi zuen herenegun, bereziki garraio publikoan zaintza areagotuz. Atentatu baten mehatxua «sinesgarria» dela adierazi dute agintariek, eta Hillary Clinton Estatu idazkariak Al Kaeda egin du horren erantzule.


2011/09/10

I-11ko atentatuak. 10 urte (V)

BERRIAn agitaratua 2011-09-10





BERRIAra Hemendik 


William Rodriguez. Dorre Bikietatik bizirik atera zen azkeneko pertsona
 


«Ikerketa garden bat nahi nuen, Dorre Bikietan leherketak izan zirelako»

 

Dorre Bikietatik bizirik irten zen azken pertsona da. Irailaren 11n, hegazkinek eraikinak jo aurretik sotoan leherketa bat izan zela sinetsita dago. Gertakarien lekuko zuzena da.


William Rodriguez orotariko giltza eskuan hartuta

Garikoitz Udabe New York
gariudabe@hotmail.com



Puerto Ricon magoa, ilusionista zen. 1982an New Yorkera etorri zen eta, bizitzeko diru gehiago behar zuenez, World Trade Centerren aritu zen lanean ia 20 urtez. 110 pisuetako eskailerak garbitzea zen haren zeregina. Sasoi izugarri ona zuen, eta ate guztiak irekitzen zituen orotariko giltzetako baten jabe zen. 2001eko irailaren 11n hainbat laguni dorreetatik ateratzen lagundu zien, eta, hortaz, heroi bilakatu. Bera izan zen bizirik atera zen azkeneko pertsona. Aktibista eta Irailaren 11ko biktima hispanoen elkarteko buru modura, egun hartan ikusi, entzun eta bizitakoa kontatu dio BERRIAri.

Eguna urdin eta eguzkitsu esnatu zen, 2001eko irailaren 11n.

Horregatik, berandu esnatu eta nire gainbegiraleari deitu eta lanera ez nintzela joango esan nion. Mesedez joateko eskatu zidan, ez zeukala inor nire lana egiteko. Goizean berandu, 08:30ean iritsi nintzen, eta iparraldeko dorrera joan nintzen, 1 zenbakiko sotora [sei zeuden], American Building Maintenance konpainiaren bulegoetara.

Han beste hamalau lagunekin nengoela, 08:46 aldera, paaaaaa, eztanda izugarri bat entzun genuen gure azpian: lurretik altxatu egin gintuen, hormak zartatzen hasi ziren, sabai faltsua gainera erori zitzaigun, jendea oihuka, orientazioa galduta…

Zer pentsatu zenuen?

Argindarra sortzen zuen generadore bat lehertu zela pentsatu nuen, 2. sotoan, gure azpikoan zeudelako halakoak. Baina handik bost-sei segundora, berriro ere paaaaaa entzun genuen. Oraingoan eraikinaren gainaldean. Horma guztien kraskatekoa entzun zitekeen, jende guztia oihuka.

Felipe David izeneko Hondurasko gizonezko bat korrika inguratu zen guregana, «leherketa, leherketa» oihukatuz. Gerturatu zenean konturatu ginen eskuetatik zintzilik, oihal baten moduan, besoetako larruazala zeramala. Aurpegiko zati batzuk ere falta zitzaizkion.

Felipe David, sotoko eztandak harrapatu zuen gizona

Orduan, laguntza eskatzera joan zinen?

Beste dorrean zegoen laguntza zentrora deitzera nindoala, beste bat leherketa etorri zen, hirugarrena, oraingo honetan lurrikara baten antzekoa. Izugarria. Bonba bat zela uste genuen, baina sotoan geundenez ez geneukan leihorik, eta ezin genuen jakin zer gertatzen ari zen.

Felipe David hartu eta han zeuden guztiak eraikinaren zamalanetarako zegoen kamioien maldaxkara bideratu nituen. Anbulantzia bat etorri zen, eta han sartu nuen zauritua. 

Orduan konturatu zinen benetan zer gertatzen ari zen?

Jende guztia aho zabalik gora begira zegoela jabetu nintzen. Segurtasunaz arduratzen zen langilearen irratitik entzun ahal izan nuen lehendabiziko aldiz hegazkin batek dorrea jo zuela. Orduan ikusi nuen zulo hura, kea, eta eraikinaren zatiak zirela uste nuen haiek beherantz erortzen; gerora jakin nuen jendea zela.

Eta zuk, 106. eta 107. solairuetan zegoen Windows on the World jatetxeko jendea gogoan...

Egunero goizeko zortzietan handik behera hasten nintzen eskailerak garbitzen. Eta aurretik bertako langileekin eseri eta gosaria dohainik ematen zidaten. Egun hartan, berandu iritsi nintzenez, ez ninduen han harrapatu.

Segurtasun langile bati irratia kendu eta dorrera sartu nintzen. Lur azpitik komunikatuta zeudenez biak, Operation Control Center (Operazio Kontrol Gunea) izenekora joan nintzen, larrialdia zen guztia antolatzen zen lekura, abisu ematera. Hara iritsi nintzenean, inor ez zegoen, denak alde eginda zeuden.

Norbaitekin topo egin zenuen bidean?

Marriot hotelerako sarrera bat zegoen tokian, segurtasunerako emakume hegoamerikar bat zegoen, dardarka. «Zer egiten duzu hemen?» galdetu nionean, «dena entzun dut, baina ezin dut alde egin, langile hasi berria naizelako eta ezin naizelako lanik gabe geratu», erantzun zidan. Izututa zegoen. Heldu eta eraikinetik ateratzen lagundu nion.

Berriro sototik iparraldeko dorrera joan zinen.

Ondo gogoan dut suteen aurkako urak ateratzen zuen soinua. Halako batean, zamalanetarako igogailuetatik «lagundu, lagundu, ito egingo gara» entzun nuen. Ez nuen ezer ulertzen. Bi pisuren artean ez gora eta ez behera zegoen. Eraikinaren gainaldetik zetorren ur guztiagatik itotzeko arriskuan zeuden. Burdina batekin atea ireki nuen. Gerriraino zeukaten ura.

Argiketariek beti eskailerak zituztela gogoratu nuen, baina zutonei giltzarrapoekin lotuta uzten zituzten inork lapurtu ez zitzan. Egun hartan, luzeena lotu gabe zegoen. Harekin atera nituen bi lagunak eta kalera eraman nituen, anbulantzietan utzi, eta berriro sartu nintzen barrura.

Hirugarren aldiz.

Jendeak oihu egiten zidan: «Erotuta zaude?». Baina nik nire lagunak nituen buruan.

David Lin polizia ofizialarekin topo egin nuen han, eta orotariko giltza nik neukan galdetu zidan.

David Lin polizia eta William Rodriguez handik egun batzutara

Ate guztiak zabaltzen zituzten zenbat giltza zeuden?

Bost. Beste laurak World Trade Centerreko administratzaileek zeuzkaten, eta nik neukan bosgarrena. Lau pertsona haiek ziren larrialdietarako entrenatuta zeudenak, baina alde egiten lehenak izan ziren.

Eraikineko atarian, suhiltzaileak igogailuaren zain zeuden. David Lin poliziak, ordea, ez zebiltzala esan zien eta niri jarraitzeko agindu zien, nik oso ongi ezagutzen nuelako eraikina, eta giltza nuelako.

Zergatik ez zenien eman giltza suhiltzaileei?

Hura galduz gero sarraila guztiak aldatzea nik ordaindu behar nuelako. Pentsa, 110 pisutan zenbat sarraila dagoen!

Eskailerak ez ziren hain zabalak eta behera zetorren jendeak gurekin tupust egiten zuen. Suhiltzaile bakoitzak 25 eta 55 kilo inguruko pisua zeraman soinean. Oso zail egiten zitzaien gora egitea.

Solairuetan, larrialdi egoeretan hala egoteko erakutsi zitzaielako, jendea pasilloaren erdian zegoen, norbaitek zer egin eta nora joan esan zain. Haiek eskaileretara bideratzen nituen bitartean suhiltzaileek bulego guztiak banaka begiratzen zituzten inor geratu zen jakiteko.

Zer entzuten zen han?

Eztandak, jendearen garrasiak… 27. pisura iritsi ginenean suhiltzaileek ezin zuten gehiago, lehertuta zeuden. Ura lortu eta eman egin genien.

Telefonoa hartu eta amari deitu nion, ondo nengoela esateko, albistegietan zerbait ikusten bazuen ere. Orduan gutxi pentsatzen nuen mundu osoa telebistari begira zegoela.

Aurrera egin nuen, ateak irekiz, 33. pisuraino. Han emakume bat aurkitu nuen, bakarrik, geldirik; beste guztiek alde egin zuten. Langile berria zela eta ez zekiela larrialdi batean zer egin esan zidan. 43. pisuko kafetegitik zetozen bi gizonezkorekin beherako bidean jarri nuen.

Solairu hartan garbiketa tresnak gordetzen nituen armairu bat neukan, eta maskarak hartzera joan nintzen jendeari banatzeko asmoarekin. Halako batean, 34. pisutik zetorren soinu izugarri bat entzun nuen. Mugitzen eta lurraren kontra arrastaka eramaten ari ziren zerbaiten itxura zuen, zerbait astuna. Beldurra orduan sentitu nuen lehendabiziko aldiz.

Zergatik?

Nik banekielako solairu hura hutsik zegoela. Bazkaltzeko orduan bakarrik egon nahi nuenean, solairu horretara joaten nintzen, hutsik, ezer gabe zegoelako. Egun hartan ireki ez nuen ate bakarra izan zen.

Baina gorantz jarraitu zenuen?

39. solairuraino iritsi nintzen. David Lin polizia azaldu zen suhiltzaileetako bi ofizialekin, eta hegoaldeko dorrean eztanda izugarri bat entzun genuen. Danbatekoak dena mugitu zuen.

Ed izeneko gizonezko ezindu bat 27. solairuan zegoen, asma atake bat zuen, eta hari laguntzeko agindu zidan poliziak. Hiru suhiltzailek eta nik jaitsi genuen esku-ohe batean gizona. Urduri zegoen eta, lasaitzeko, handik ateratakoan garagardo fresko bana hartuko genuela esan nion Edi.

Beherako bidean zer ikusten eta entzuten zenuen?

Oihu asko entzuten nituen. Toki guztietatik zetozen. Igogailuetan ez atzera ez aurrera geratu zen jendea laguntza eske… Oso traumatikoa zen. Suhiltzaileei begiratzen nien, eta haiek buruarekin ezetz egiten zidaten, ezin genuela ezer egin.

Eta orduan etorri zen beste eraikinetik eztanda handi hura. Izugarria. Hegoaldeko dorrearen gainbeherak eragindakoa zen.

Harrerara iritsi ginen. Dena txikituta zegoen, hautsa toki guztietan, suntsipena. Edi lehendabiziko laguntza ematen ari ziren bitartean, suhiltzaileetako batek anbulantzia prestatzeko eskatu zidan. Eraikineko ate aurrean geratu nintzen, eta kanpotik jendeak oihu egiten zidan: «Ez begiratu atzera»,…

Nahikoa hori esatea atzera begiratzeko!

Nire bizitzan ikusi dudan gauzarik okerrenarekin topo egin nuen: bere burua bota zuen jende guztiaren gorpuekin. Kolpe handia izan zen hura. Ezin zen inor ezagutu, haragi puskak ziren, odola toki guztietan.

Eta, halako batean, ezagutu nuen pertsona bakarra: 33. pisutik alde egiten lagundu nion emakumea, bi zati eginda. Seguruenera kristal zatiren bat eroriko zitzaion gainera, eta hark gillotina moduan ebaki zuen bitan. 

Orduantxe hasi zen bigarren dorrea erortzen?

«Korri, korri», oihukatzen hasi ziren denak. Jende guztia ahal zuen tokira alde eginez. Suhiltzaileen kamioi bat ikusi nuen nire parean eta haren azpian sartu nintzen. Eraikina kamioiaren gainera erortzen hasi zen, erabat azpian harrapatuta geratu nintzen arte.

Telebistako bi kamerarik, ordea, ikusi egin ninduten eta dorretik bizirik ateratzen ikusi zuten azkeneko pertsona zein gunetan zegoen esan zieten erreskate taldeei. Bi ordu eta erdiren ondoren atera ninduten. 



Zerk lagundu zizun han azpian bizirik mantentzen?

Hautsarekin ezin nuen arnasarik hartu, erre egiten ninduen. Mago nintzenean gorputza erlaxatzeko eta oxigenoa aurrezteko ikasi nituen teknikek asko lagundu zidaten.

Osorik eta ondo nengoen. CNNko kamerak harrapatu ninduten segituan, eta ez dakit zer esan nuen. Amak bizirik nengoela ikusteko balio izan zuen.

Zer egin zenuen gero?

Arratsaldeko laurak arte-edo obra hondakinak mugitzen geratu nintzen. Ez zegoen ezer. Hurrengo egunean berriro itzuli nintzen. Kontuan izan lagunak neuzkala, eta badakizu, esperantza…

Gertatutakoa ikertzeko eskatzen hasi zineten berehala.

Bost lagun joan ginen Kongresura, Irailaren 11ko atentatuak azter zitzatela eskatzera. Gobernuak ez zuen ikertu nahi. Azkenean, Irailaren 11ko Batzordea sortu zuten.

Nik ere testigantza eman nuen, azpiko sotoan entzundako eztandarena kontatuz eta gertatutakoa xehetasun osoz emanez. A zer ezustekoa bukaerako txostenean nik esandakoak agertzen ez zirela ikustean. Sekretua omen dira. Gainera, 22 lekukoren izenak ere eman nizkien. Ez ziren inorekin harremanetan jarri, eta zerrenda galdu egin zutela esaten dute.

Konspirazioaren teoriak sortzeko arrazoi gehiago.

Nik ez dut ezer esaten. Ikerketa gardena nahi nuen, Dorre Bikietan leherketak izan zirelako. Eta ez naiz hori esaten bakarra.

Zerbait ezohikoa pasatu zen aste pare bat lehenago dorreetan?

Hori da teorietakoa bat. Aste batzuk lehenago argindar guztia kendu zutela eta horrela prestatu zutela eraikina. Baina han 20 urtez lan eginda, ondo dakit urtean bitan egiten zela hori, ur ponpak probatzeko.

Nolako tratua jaso duzue biktimek?

Oso txarra. Bereziki komunitate latinoamerikarrak: paperik gabekoak zirelako, diru laguntzak ukatu zizkieten, jendea deportatzen hasi ziren… Baina lan askoren ondoren, amnistia ekonomikoa eta deportazioak geratzea lortu genuen. Platerak garbitzen zituenak eta finantzetan lan egiten zuenak modu berean galdu zuten bizia.

Politikan aritzeko eskaintza ere egin zizuten...

Errepublikanoek. Boto latinoa lortzeko tiradizoa izan nintekeela pentsatzen zuten. Ikasketak eta dena ordaindu zizkidaten. Baina haiek bukatu eta ez nintzen politikan sartu.

Zeuk egin duzun dokumental bat aurkeztekotan zara irailaren 11n.

Bai, From the Rubbles izena du (Obra hondakin artetik). Eta lekuko askoren bizipenak biltzeaz gain, Ted Gunderson FBIko buruak kontatzen dit nola bildu zen Osama Bin Ladenekin AEBetan. Gunderson duela hamabost egun hil zen, minbiziarekin.

Interesgarria…

Eta oso gogorra, ikusiko duzu.

 William Rodriguezi egindako elkarrizketako momentu bat

2011/09/08

I-11ko atentatuak. 10 urte (III)

BERRIAn argitaratua 2011-09-08





 

Konspirazioaren teoriak

 


Irailaren 11n gertatutakoari buruzko bertsio ofiziala zalantzan jartzen duten teoria asko daude, eta Interneten aurkitu dute beraien argudioak zabaltzeko lekua. Hamar urteren buruan, bizirik jarraitzen dute zalantzek.

Garikoitz Udabe New York

gariudabe@hotmail.com


          Lau hegazkin komertzial bahitu zituzten Al Kaedako 19 terrorista suizidak 2001eko irailaren 11n AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Horietako bik World Trade Centerreko Dorre Bikien aurka jo zuten, New Yorken. Hegazkinek zeramaten kerosenoak eta kolpeak berak sortutako suteak altzairua berotu eta bi eraikinak eraitsarazi zituzten. 2.753 pertsona hil ziren. Hirugarren hegazkinak Pentagonoa jo zuen, eta 184 pertsona hil ziren. Washingtonen Kapitoliorantz edo Etxe Zurirantz zihoan laugarrena, berriz, Shanksvillen (Pennsylvania) erori zen, bidaiariak hegazkinaren kontrola hartzen saiatu eta gero. 40 bidaiarietatik ez zen inor bizirik atera.

          Eraso haien guztien buru Osama Bin Laden jarri zuten. 2004. urtera arte ez zuen publikoki egiletza onartu.

          Bertsio ofizial hori zalantzan jartzen duten teoria asko daude, eta hainbat elkartek, mugimenduk eta banakok atentatu haien inguruko irakurketa oso desberdinak egin dituzte. George W. Bush eta bere gobernua daude erdi-erdian: atentatuen berri aurrez bazutela eta saihesteko ez zutela ezer egin dio lehendabiziko joerak; atentatuak AEBetako Gobernuak antolatu zituela dio bigarrenak, eta Dorre Bikiak leherketa kontrolatu bidez bota zituztela defendatzen dute.

          Batera edo bestera, AEBek Ekialde Hurbileko zenbait musulman herriren aurkako gerra berriak abiarazteko aitzakia eduki zezakeela argudiatzen dute teoria horien defendatzaileek. 


                              Dorre bikiak atentatuen bezpera egunean

Egia jakin nahi

          Ez dago atzera jo beharrik konspirazioaren teoria gisa bataiatu izan direnen berri izateko. Hamar urte geroago ere oso bizirik jarraitzen dute, besteak beste, garatzeko, zabaltzeko eta bertsio ofiziala zalantzan jarri eta aurre egiteko leku ezin hobea aurkitu dutelako: Internet.

          Sarean bilaketa zehatz bat besterik ez da egin behar irudi, dokumental, bideo, agiri eta argudio mordo batekin topo egiteko. Egiletza oso desberdinekoak dira, elkarte eta banakako pertsonak eginak, baina helburu kasik bakarra dute gehienek: bertsio ofiziala ez dutela sinesten adieraztea, zergatiak ematea eta Irailaren 11n benetan zer gertatu zen jakitea. Azken finean, orain arte egindakoarekin konforme ez eta ikerketa garbi bat eskatzen dute.

          Architects and Engineers for 9/11 thruth (Irailaren 11ko egiak ikertzeko arkitekto eta ingeniariak) elkarteak, esate baterako, Steven Jones fisikaria eta Richard Gage arkitektoa buru dituela, gobernuko hainbat goi karguk ikerketarako datu garrantzizkoak ezkutatu zituztela defendatzen dute, eta Washingtongo hainbat politikari horretaz konbentzitzen saiatu dira.

          Beraien arabera, datu horiek beharrezkoak lirateke Dorre Bikiak terroristek bahitutako hegazkinen eraginez ez zirela erori frogatzeko. Izan ere, hori da ingeniari, arkitekto eta lehergaietan aditu diren zenbaitzuk defendatzen dutena: ez zela posible altzairua hainbeste berotu eta eraikinak behera hain denbora gutxian erortzea.

          Steven Jones fisikaria, Scholars for 9/11 thruth argitalpenean, urrunago doa, eta erabili zuten lehergaia Thermite izenekoa dela dio. Tenperatura izugarri altuak hartzen ditu, eta altzairua urtzeko gai da. Dorreak leherketa kontrolatu bidez bota zituztela sinesten dute teoria horren zaleek.

          Bushen lehendabiziko agintaldiko kontseilari ekonomikoa izan zen Morgan Reynoldsek berak hala zioen 2005ean The Washington Times egunkarian idatzitako artikulu batean: «Ezin dugu eztabaida zientifikoa ukatu… leherketa kontrolatu bat izan zela pentsatzeak bakarrik argitu ditzake dorreen erorketako elementu guztiak».

          Horri guztiari, gertatutakoa eraikinaren barrutik bizi izan zutenen testigantzak gehitu behar zaizkio: William Rodriguezek, World Trade Centerreko Dorre Bikietatik bizirik atera zen azkeneko pertsonak, hegazkinak jo aurretik sotoan eztanda handi bat entzun zutela dio, eta hori ez dela sekula behar bezala ikertu. Hainbat lekukok berarekin bat egiten dute hainbat eztanda izan zirela esatean. Baita leherketa horietako batek erredura larriak eragin zizkion Felipe David hondurastarrak ere.

          Irailaren 11ko atentatuak ikertzeko batzordeak, ordea, nahiz eta Rodriguez deklaratzera deitu, ez zituen hark esandakoak azken txostenean jaso, sekretupean zeudela argudiatuz. 

              World Trade Center 7 eraikina dorre bikiak erortzean

World Trade Center 7

          World Trade Centerreko zazpigarren eraikina arratsaldeko 17:20 zirenean erori zen behera, zazpi segundotan. Hura ez zuen inolako hegazkinek jo. Bertsio ofizialaren arabera, barruan sortutako suteek bota zuten eraikina.

          Kontrolpean egindako leherketa batekin egin izanaren itxura hartu zioten, ordea, beste askok. Inteligentzia zerbitzuek 7. eraikina atentatuak egiteko bunker modura erabili zutela defendatu izan du, besteak beste, Andreas von Bulow Alemaniako defentsa ministro ohiak.

           Ez dago ahazterik Securities & Exchange Commissionek (Balore Merkatuen Batzorde Nazionalak) bulegoak zituela eraikinean, eta, besteren artean, Enron eta MCI WorldCom enpresen ustelkeria kasuak aztertzen ari zela. Material guztia betiko galdu zen egun hartan.

          CIA, FBI, FEMA eta gobernuko beste hainbat agentziak ere bulegoak zituzten World Trade Center 7 eraikin horretan.

          Larry Silversteinek sei aste lehenago alokatu zituen Dorre Bikiak, eraso terroristen kontrako asegurua eginez. Milioika dolar kobratu zituen atentatuen ondorioz. Asbestoz kutsatutako eraikinak izanik, haiek botatzea legez kanpokoa izango zela —eta garbitzea, garestiegi— defendatzen duenik ere bada. 

                                              Pentagonoa atentatuaren ostean

Hegazkina ala misila

          Pentagonoaren aurka jo zuen hegazkinak ere, American Airlanes konpainiakoa, zalantza asko sortzen ditu. Pentagonoan eta inguruan 80 kamera martxan zeudela kontuan izanda, zergatik ikusi ahal izan dugun segundo oso gutxiko sekuentzia bat bakarrik galdetzen du ozen, esate baterako, We Are Change elkarteak. Hegazkina bidean bota eta benetan misil bat izan ote zen Pentagonoa jo zuena?

          Zalantza bera agertzen dute United Airlanes 93 hegazkinarekin gertatu zena ulertzerakoan: zenbait lekukok AEBetako gerra hegazkinak segika zituela ikusi zuten. Orduan, hegazkina erori egin zen, edo bota egin zuten?

          Horretaz guztiaz gain, Irailaren 11ko atentatuen ostean —Irak eta Afganistanen abiatutako gerrak alde batera utzita— nazioaren segurtasunaren izenean gastatutako milioiak eta, aldi berean, norbaitzuk poltsikoratutakoak kontuan hartzekoak dira.

          Dana Priest eta William M. Arkin The Washington Post egunkariko kazetariek Top Secret America izeneko beraien ikerketan zera esaten dute: Irailaren 11ko atentatuen ostean, eta terrorismoari aurre egiteko helburuz, oso zaila dela jakitea zenbat diru gastatu den eta gastatzen ari den. Baita zenbat pertsonak lan egiten duten, zenbat agentzia eta programa desberdin dauden, eta lan horiek zenbateko eraginkorrak izan diren jakitea ere. Sekretua da, eta inork ez daki ezer. Inork ez dauzka datuak. Baina milioi asko gastatu dira 2001etik gaur eguneraino.


Batzordearen txostena

          Publiko direnak Irailaren 11ko atentatuak ikertzeko batzordearen ondorioak dira: David Ray Griffin irakasleak, komisioaren testua aztertuta, gezurtzat hartzen dituen 115 hanka sartze edo ahazte identifikatu zituen. Izan ere, alde askotatik egin zaizkio kritikak ikerketa batzordeari: gauza asko zintzilik eta argitu gabe utzi izana, egun hartan gertakizunen lekutik hura bizi izan zuten askoren testigantzak kontuan ez hartzea, testigantzak isilaraztea, datuak ongi ez aztertzea…

          9/11 Truth Movement (Irailaren 11ko Egiak Mugimendua) eta gisa bereko elkarteak dira ideia horien bultzatzaile nagusiak, eta 9/11 Myths (Irailaren 11ko mitoak) izenekoak, berriz, teoria horietako asko asmakuntzak direla edo datu okerrez beteta daudela defendatzen eta ohartarazten du.

          Argudioak ezagutu eta horiek kontrastatu nahi izatera, 911 Mysteries, Fahrenheit 9/11, Press for Thruth, Loose Change eta Zero: An Investigation into 9/11 dira Internet bidez ikus litezkeen dokumentaletako batzuk. Teoria horien guztien berri iruditan jaso dezake edonork, xehetasun eta testigantza askorekin, nahi duenean eta nahi duen lekutik.

           Ustezko konspirazioaren atzean gobernua, dirua, militarrak, politikariak edo petrolioa egon litezkeela pentsatuko dute batzuk. Funtsik gabeko mitoak dira guztiak eta Bin Laden buru zuen Al Kaedaren atentatuak izan ziren beste batzuentzat. Gauza bat behintzat ez dago ukatzerik: militar, zerbitzu sekretuetako kide, abokatu, gobernuko kide, ingeniari, arkitekto, hegazkin pilotu eta abiazio irakasle askok bertsio ofiziala zalantzan jartzen segitu dutela. Zerbait ongi ikertu ez izanaren seinale, akaso.

          Kostako da, ederki kostatu ere, airean geratu diren galderak erantzutea. Agian, urte asko barru, batzuen erantzunak ezagutuko ditu AEBetako gizarteak.

2011/09/07

I-11ko atentatuak. 10 urte (II)

BERRIAn argitaratua 2011/09/07



                                                 97. kaleko Meskita Manhattanen

Omar Abunamous. Islamic Center of New York meskitako imama
 


«Gizartean integratu behar dugula ikasi dugu musulmanok»

 

          Irailaren 11ko atentatuen ondoren izendatu zuten Omar Abunamous New Yorkeko Islamic Center meskitako imam. AEBen aurkako erasoak musulman komunitatean izandako eragina eta hamar urteotako bizipen eta sentipenak azaldu dizkio BERRIAri.


Garikoitz Udabe New York
gariudabe@hotmail.com



Ameriketako Estatu Batuetan 2,6 milioi musulman bizi da, eta handituz doa kopurua. Pew Research Center-en proiekzioaren arabera, 2030. urtean 6,2 milioi izango dira. Irailaren 11ko atentatuen osteko hamarkada ez da batere gozoa izan haientzat. Islamaren eta terrorismoaren arteko lotura haustea izan da Omar Abunamous imanaren zereginetako bat denbora honetan guztian.

Noiztik zaude AEBetan?

1998an etorri nintzen. Lehenbiziko hiru urteetan, imamaren laguntzaile aritu nintzen meskita honetan bertan [Manhattanen, 97. kalearen eta 3. etorbidearen artean dago meskita garrantzitsuenetako bat]. 2001eko azaroaz geroztik, iman gisa ari naiz lanean.

Garai latz batean bihurtu zinen imam.

Irailaren 11ko atentatuak izan eta bi astera, aurreko imama bere herrira joan zen, Egiptora.

Zergatik alde egin zuen?

Ez zen seguru sentitzen hemen. Eta ni imamaren laguntzaile nintzenez, imam bihurtu nintzen.

Nolakoa izan zen garai hura?

Oso garai zaila izan zen. Laurehun bat elkarrizketa eman ez banituen! Oso garai nekagarria izan zen niretzat. Pentsa, oso kontuz ibili beharra neukan zer eta nola erantzuten nuen, ez baitzen kontua norbait haserraraztea.

Zuri mehatxurik egin zizuten?

Gutun bidez, baita telefono deien bidez ere. Musulman guztiak atentatu haietan inplikaturik geundela uste zuten. Ez zuten ulertzen arrazoi politikoak zeudela tarteko. Ez islamak eta ez eta musulmanok ere ez geneukan zerikusirik han gertatutakoarekin. Hor bi etsai zeuden aurrez aurre: George W. Bush eta Osama Bin Landen. 





                                                         Omar Abunamous Imam-a

Nola bizi izan zenuen irailaren 11 hura?

Garai hartan, New Jerseyko ikastetxe musulman batean lan egiten nuen goizeko zazpietatik hamarretara, eta gero meskita honetan, imam laguntzaile gisa. Ni ikastetxean nintzela gertatu zen guztia. New Yorken hegazkinekin dorreei eraso zietela jakin nuen, eta neure buruari galdetu nion: «Zer gertatzen ari da hemen?». Inork ez zuen ezer ulertzen. Etxera joan nintzen, eta telebistan ikusi nuen gertatzen ari zen guztia.

Segituan hasi ginen elizak eta sinagogak bisitatzen, bilerak eginez, honetaz guztiaz hitz egiteko.

Atentatu haien atzean Al Kaeda egon zitekeela pentsatu zenuen?

Ez. Pentsa, hamar urte geroago ere, oraindik zenbaitek uste du Al Kaedak ez zuela halakorik egin: halako prestakuntza behar da, hainbeste jakin behar da hegazkinez, haiek gidatzeari buruz... Al Kaedak halako prestakuntzarik ez zeukala pentsatzen dute.

Baina hura jakin zenean, akabo: «A zer arazo mordoa izango dugun» pentsatu zenuen?

Bai. Kalekoarentzat etsai bakarra zegoen: islama eta musulman komunitatea. Beldurtzeko eta kezkatzeko modukoa zen. Begira, hori gertatu eta hona meskitara etorri nintzenean, ate aurrean bi polizia auto aurkitu nituen. Tokia babesten ari ziren. Jendea oso sentibera zegoen. Politikariak gauzak baretzen saiatu ziren hasiera-hasieratik. Baita George W. Bush bera ere.

                            Imam-aren hitzaldia entzuten otoitzaren aurretik

Nolakoak izan dira musulman komunitatearentzat azkeneko hamar urteak?

Lehendabiziko bi urteak oso zailak izan ziren: musulman askok lana galdu zuten; negozioek porrot egin zuten; bezeroak galdu zituzten; lanbidea eta ogibidea aurkitzea oso zaila bilakatu zen. Musulman batzuek beren izenak aldatu eta kristau izenak hartu zituzten, eta emakume askok buruko zapiak kendu zituzten, identifikatuak izateko beldurragatik.

Gero, gauzak aldatzen hasi ziren. Hitzaldi eta bilera asko egin genituen kristauekin, juduekin, eta adierazi genien gure komunitatea ere terroristen jomuga izan zela. Bi mila kristau hil ziren irailaren 11ko erasoetan, baina baita 800 musulman ere. Hark ez zuen zerikusirik izan erlijioarekin: politikarekin zuen lotura. Beraiek bezain aberriko ginela erakutsi nahi izan genien estatubatuarrei. Gu ere hala baikara, estatubatuarrak, eta hau gure adopzio herrialdea baita.

Eta argibide horien guztien ostean, gauzak aldatzen hasi ziren?

Poliki, mailaka, baina bai. Jendea lana aurkitzen hasi zen, eta gizartean integratzen. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago: garai horretan, George W. Bushek hainbat lege eta neurri onartu zituen, Kongresuaren laguntzarekin, musulmanen aurka. Ikerketen aitzakian, gutako asko atxilotu egin zituzten, galdekatu, batzuk kartzelatu, beste batzuk deportatu, musulman izate hutsagatik kalean erail… «Zu musulmana bazara, nire arerioa zara» usteak ez zeukan batere logikarik.

Eta noiz hasi ziren gauzak normalizatzen?

Azkeneko bost urteetan. Orain, %80 normal gaude.

Islamofobia handitzen ari da AEBetako gizartean?

Nik uste dut maila berean dagoela. Baina ikusten dut etorkizunean gora baino behera gehiago egingo duela. Zeren, egia esan, uste dut musulmanok zerbait behintzat ikasi dugula: gizartean integratu beharra daukagula. Maila guztietako gobernuetan musulmanak sartzen hasi gara; komunitate moduan hor gaude, eta horrek asko hobetu ditu kristau eta musulmanen arteko erlazioak.

Era berean, uste dut musulmanak pentsatzen ari direla herrialde honi zerbitzu hobea nola eman, kristauak bezain aberriko direla erakusteko.

Azkeneko urteko eztabaidarik sutsuena zero eremutik gertu eraiki nahi den Cordoba meskitaren ingurukoa izan da! Zer iritzi duzu?

Nik uste dut ez dela batere proposamen egokia hor meskita bat eraikitzea. Ez ahaztu tragedia leku horretan gertatu zela, eta musulmanok tragediaren erantzule egin gintuztela. Eta zuk, justu, hortxe jarri nahi duzu meskita. Zer nahi duzu, handik pasatzen diren bakoitzean kristauei gertatu zena gogoraraztea? Zauriak etengabe irekitzea da hori.

Musulmanen artean ere kontrakoak baditu orduan proiektuak.

Ni naiz oso ideia txarra dela pentsatzen dutenetako bat. Askotan hitz egin dut anaiekin eta esan: «Zergatik ez duzue meskita bost edo sei kale atzerago eramaten?». Orain berandu dela erantzun didate. Mugitzea porrota izango litzateke, nonbait.

Hasierako ideia beste bat zen?

Badirudi ideia originala erlijioek elkarri eragiteko zentro bat eraikitzea zela: sinagoga, eliza eta meskita eraikin berean egitea. Baina horrek ez zuen aurrera egin. 


2011/09/06

I-11ko atentatuak. 10 Urte (I)

BERRIAn argitaratua 2011-09-06 


 Steven Brams. New York Unibertsitateko irakaslea


«Zaila izango da berriro Irailaren 11ko erasoen antzekorik gertatzea»



Irailaren 11ko atentatuen ondoren AEBek «oso azkar» erreakzionatu zutela uste du Bramsek. Iraken inbasioarekin oso kritikoa izan arren, herrialdea orain seguruagoa dela dio. 

Garikoitz Udabe New York
gariudabe@hotmail.com

Irailaren 11ko atentatuen hamargarren urteurrenean, Ameriketako Estatu Batuak eta nazioartea zertan aldatu diren aztertu dio BERRIAri Steven Brams politika teorialari ezagunak, New York Unibertsitateko bere bulegoan. AEBak lehen baino seguruago daudela uste du, eta ekonomia krisiari aurre egiteko moldeek eragin dutela errepublikanoen eta demokraten arteko harremanen txartzea, Irailaren 11k baino gehiago.

2001eko irailaren 11 hartan New York hirian al zinen?

Nire bulegoan nengoen hegazkin txiki batek dorreetako bat jo zuela entzun nuenean. Noski, handik gutxira jakin nuen benetan zer gertatzen ari zen. Ia goiz osoa bulegoan pasa nuen, jendea oso arduratua zegoelako.

Bulegoa utzi eta etxera joan nintzen, Greenwich Villagera, zero gunetik nahikoa gertu. Hamazazpigarren solairutik ederki ikusi genitzakeen dorre bikiak. Nire emaztea gure alabarekin etxean zegoen, eta argazkiak ateratzen hasi zen. Erori aurreko eta ondorengo benetan irudi ikusgarriak dauzka.

Esperientzia benetan gogorra izan zen handik gertu bizi ginenontzat eta, noski, baita New Yorkeko hiritarrentzat eta herrialde guztiarentzat ere.

AEBak modu hartara erasotuak izan zitekeenik oso gutxik pentsatzen zuten.

Kolpe handia izan zen. Uste dut herrialdeak oso azkar erreakzionatu zuela.

Erreakzio horren haritik, George W. Bush presidenteak eta bere administrazioak Irailaren 11ko atentatuen ondoren bide egokia hartu zutela uste duzu?

2003ko Iraken inbasioa desastre bat izan zela uste dut, eta jende askok pentsatzen du nik bezala. Alde egin izan bagenu, hobe izango zen. Afganistanen ere ez ditugu esperotako emaitzak lortu. Hartu zituzten zenbait erabaki ondo hartuak izan ziren, baina Iraken inbasioak onurak baino kalteak gehiago ekarri dizkigu.

Inteligentzian gastatutako diru kopurua ehuneko 250ean hazi dela diote zenbait ikerketak. Uste duzu eraso haiek negozio bilakatu direla zenbaitzuentzat?

Bai horixe. Uste dut gehiegi gastatu dela, diru gehiegi alferrik gastatu da. New Yorken, esate baterako, behar duguna baino segurtasun gehiago dugu.

Baina, beste aldetik, edozein terrorismo saio, zerbait ikusgarria egiteko saioak bertan behera uzten ere lagundu dutela esango nuke.

Orduan, hiritarrak seguru sentitzen dira? Zenbaterainoko dira seguruak AEBak gaur egun?

Hamar urte geroago, uste dut oro har lehen baino seguruago gaudela, baita New Yorken ere, gu bizi garen hirian. Baina hasieran beldurra eta ezinegona sumatzen zen hiritarren artean. Berriro Irailaren 11ko atentatuen antzeko zerbait gertatuko ote zen kezka zuen jendeak.

Baina, aspaldian iragarri nuen bezala, horrelakorik berriro gertatzea zaila izango da, izugarrizko zaintza dagoelako, segurtasun handia dagoelako, bereziki New Yorken, baina baita herrialde osoan ere. Kanpoan, Afganistan, Irak edo Pakistanekin arazoak baditugu, baina etxea, AEBak, oso seguruak direla uste dut.

Europak, esate baterako, islamiar herrialdetatik datozen etorkin gehiago ditu, eta muturreko bilakatu litezkeen gehiago. Horregatik uste dut, Espainia eta Ingalaterran bezala, arduratuago egon litezkeela eraso ikusgarriren bat egin dezaketelakoan.

Zer iritzi duzu konspirazioaren teoriei buruz? Uste duzu zalantzan jarri beharko genituzkeela orain arte emandako informazio ofizialak?

Ezetz esango nuke. Aztertu eta ikertu dudanaren arabera, ez dut uste AEBetako Gobernuaren barruan emandako konspiraziorik egon zenik. Kanpotik egindako plana izan zen.

Zer aldatu da atentatu haien ostean AEBetan?

Lehendabizi, segurtasun gehiago daukagula, batez ere New Yorken eta Washingtonen.

Erlijio ikuspegitik, islamiar erlijioarekin zerikusia duten zenbait eraikinen inguruko eztabaida sortu da, batez ere zero gunetik gertu egin nahi badira, eta kontrako jarrera sutsuak ere ikusi ditugu, aurretik ez bezala.

Hiriaren ikuspegitik, eta bereziki dorreak zeuden zonalde horretaz hitz eginez, berreraikitzen jarraitu du: denda eta jatetxe berriak, eraikin berriak. Milaka lanpostu galdu ziren, beste horrenbestek mugitu egin behar izan zuten leku berrietara, baina gaur egun berriro ere bueltan datoz, edo etorriko dira. Gauzak normaltasunean daudela uste dut momentu honetan.

Alderdi Demokrataren eta Errepublikanoaren arteko erlazioa aldatu egin al da Irailaren 11ko atentatuen ondoren?

Ez nago seguru gertakari haiek aldatu ote zuten. Uste dut ekonomia krisiari aurre egiteko dauzkaten filosofia desberdinek, geldialditik ateratzeko politikek, zergen inguruko eztabaidek, osasun zerbitzuen inguruko ikuspegi desberdinek, horiek denek gehiago eragin dutela gaur egun Washingtonen ikusten ari garen alderdien arteko urruntzean.

Politikoki muturreko jarreren indartzea sumatu da azken aldian. Tea Partyaren indartzea, esate baterako, Errepublikanoen artean. Uste duzu loturarik badagoela duela hamar urteko gertakariekin?

Ez dut uste. Gehiago da beste arrazoi batzuengatik: zenbaitzuetan herrialde honetan demokratak izan dira aginte makilarekin, eta bestetan errepublikanoak. Baina, esate baterako, ekonomian atzerakada izaten denean, jendeak aldaketa nahi izaten du, eta administrazio berria eta gorputz berria nahi ditu. Ikusi bestela Barack Obama nola sartu zen 2008an eta orain zer nolako arazoekin dagoen. Hiritarrak, pozik ez dagoenean, aldaketa eskatzeko gaitasuna du, eta horri erantzun behar diote politikariek.

Eta gizartearen eta politikaren eta politikarien arteko erlazioan aldaketarik antzeman al da hamarkada honetan?

Kongresua oso mantso aritu da lanean. Politikariak eztabaidan aritu direla ikusi du jendeak, eta ez dela batere emankorra izan. Uste dut aldaketak eman beharko liratekeela boto sisteman, berdintasun gehiago bermatu dadin, eta, horrekin batera, alderdien arteko erlazioetan ere gauzak baretzea ez litzateke txarra izango. Zailtasunak etortzen direnean eta jendea frustratuta dagoenean, ideia berriekin egin behar zaie aurre.

Osama Bin Ladenen heriotzak zer suposatu du AEBentzat?

Albiste ona izan dela uste dut, baina efektu golpe bat gehiago izan da, Obama bultzatzeko modu bat. Berarentzat izan du onura. Jendeak, ordea, espero zuen horrelako zerbait, eta ez dut uste inolako eraginik izango duenik datozen hauteskundeetan.

Nazioarteko politika asko aldatu al zuten Irailaren 11ko atentatuek? Herrialdeen arteko erlazioak asko aldatu al dira hamar urte hauetan?

Segurtasunaren inguruko gaietan baietz uste dut. Baina gaur egun ez dago super potentzia berririk. Azkenean, ez daude beste herrialde ahaltsu baten aurkako erasoarekin arduratuta. Etsaiaren tipologia aldatu da, eta lokalizazioa: ez daukazu toki jakin edo herrialde baten erasoaren beldurrik izan beharrik, baizik eta munduan barrena dauzkazun terrorista sareen aurka egin behar duzu. Eta hori bai bilakatu dela arazo handi.