2012/02/10

Ez da xentimo kontua

Larrepetit 2012-02-11



          Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aste honetan esan du «hamarkadako erronka handiena» gizentasunaren aurka egitea dela. Azken hamar urteetako osasun planaren balorazioa egitean, zehaztu du %25 hazi dela 16 urtetik gorako gizenen kopurua. Eta planaren asmoa kontrakoa zen: %20 jaistea. Kale egin du, beraz.

          Ez dut sekreturik aireratuko gizentasuna AEBetan ere arazo handia dela esanda (haurren %13 gizenak dira). Bistakoa da. Eta horri aurka egiten, temati, New Yorkeko alkatea dabil: gizentasunari aurre egiteko hiriko komunikabideetan jarritako iragarkiak oso zuzenak dira, irudi gogorrekin osatutakoak dira, erdi biderik gabe. Ikusi eta nazka, higuina sentitzerainokoak.

          Gure elikadura ohituretan etxeko heziketak lehendabizi eta ikastetxekoak gero duten garrantzia ezinbestekoa dela ez daukat zalantzarik. Baina, aldi berean, orain arte eskaini diogun baino denbora gehixeago beharko lukeela uste dut (hori bai litzatekeela Heziketa Zibikoa eta norberaren «konstituzioarekin» lotutakoa).

           Kanpaina bortitzak, zuzenak, gogorrak egin eta ematea ere eraginkorra izan litekeela sinesten dut. Baina, horrezaz gain, nago elikaduraren sektorea arautuko duten hainbat erabaki hartu beharko liratekeela: azukre, gatz, sodio eta antzekoak mugatuz, batez ere umeentzako jakietan. San Frantziskon, haurrentzako kaloria askoko otorduekin tentaziorako izaten diren jostailuak oparitzea debekatu zuten. New Yorken, jaki bakoitzak duen kaloria kopurua argi eta garbi izan behar du ondoan jarrita.

          Neurri horien guztien konbinazioak, etxetik erakutsitakoak eta administrazioak egin lezakeenak lor dezakete, agian, bizitza osasuntsuago bat izatea. Hori egin ezean, osasunerako, erregai litroa bost xentimo gizendu behar baietz! Eta osasuna, bizi-kalitatea, ez da xentimotan neurtzen.

2012/02/04

Amonaren zimurrak

BERRIA, Larrepetit, 2012-02-04



          Urte luzeetan bizi izanaren ajeak agerian ditu Dorothyk. Bi hankekin bakarrik nekez ibiltzen da, eta haiei beste bi makulurekin lagundu behar izaten die batera eta bestera mugitzeko. Aurpegian daukan zimur bakoitza bizi izandako saminen eta pozen seinale da, barrukoaz gain kanpoan geratu zaion aztarna. Eta hain zuzen, hori eskarmentutzat hartuta, asteazkenero, jendaurrean jartzen da, bosgarren etorbidean, Rockefeller plaza aurrean.

          Lehendabiziko Mundu Gerran ireki zituen begiak estreinako aldiz Dorothyk. Zortzi anai-arrebako familian gazteena, bera. Bigarren Mundu Gerran, George aita galdu zuen, eta apenas ezagutu duen zer den aitarekin bizitzea.

          Txikitatik ikastea eta irakurtzea gogoko izan arren, irakasgairik gogorrenak bizitzak eman dizkio: Korearen aurkako gudan Paul senarra hil zitzaion. Orduan bere egin zuen urte batzuk lehenago amak sentitutakoa.

          Vietnamgo guda etorri zen atzetik. Bi seme joan ziren lehen lerroan borrokatzera. Biak bizirik itzuli ziren, baina bihotza eta burua betirako hautsirik. Austin iloba, zerraldoan bueltatu zioten Dorothyren ahizpa Kathlen-i.

          Belaunaldi berriak jaio dira geroztik. 12 biloba ditu amonak. Baina bai eta gerra berriak ere: Irak eta Afganistanen familiako gazteenak galtzeaz kezkatuta, gerra denentzat sufrimendua besterik ez dela ondo jabetuta, gerra berriak hasteko Bush-en argudioak zentzurik gabekoak irudituta, kalera atera eta oihu egitea erabaki zuen.

          Gerraren aurkako amonak dira. Tropak etxeratzeko Obamaren erabakiarekin pozik daudenak, baina han dauden soldadu guztiak bueltatu arte bakerik emango ez dutenak. Asteazkenero, hutsik egin gabe, hotz ala bero, bizi izandakoa kontatzeko prest dira. Eskarmentuaren zimurrak dituenari entzutea bezalakorik ez! Eta zimurrak AEBetan, Iraken , Afganistanen eta Sirian, beti zimur. Denak zimur.

2012/01/28

Okupatu zorra

BERRIA, Larrepetit, 2012-01-28



          Eta zu zer zara?». «Ni leporaino zorretan nagoen ingeniari lizentziadun bat. Eta zu?». «Bizitza osorako zorpetuta nagoen kimika doktore bat». «Ederki izorratuta gaude orduan biok».

          «Horregatik, nire zorra okupatzea pentsatu dut».

          Education & Empowerment taldeak, Occupy Wall Streetekin batera, sartzera goazen hilabete berrian hauspoa eman nahi dion kanpaina da Okupatu Ikasleen Zorra. Hainbat helburu eta eskaera dituzte: beren zorra ordaindu nahi ez duten milioi bat unibertsitario elkartzea, 70eko hamarkadara arte bezala doako unibertsitate publikoak bueltatzea, unibertsitate pribatuen irabaziak agerian jartzea eta unibertsitarioen kredituetan interesak desagerraraztea.

          Herritarren pentsatzeko moduan, gaurdaino behintzat, normaltasun osoz hartu izan da goi mailako ikasketak egin nahi dituenak zorra (35.000 dolarretik gorakoa) egin behar duela esatea. Azkeneko 30 urteetan %900 igo dira matrikulak, eta ikasleen zorra %500 hazi da. 2010eko datuen arabera, bilioi bat dolarrekoa zen zor hori, kreditu txartelak izateagatik estatubatuarrek zor dutena baino gehiago.

          Zorra duenarentzat arazoa da hura ordaintzea. Baina kasu honetan, baita gobernuarentzat ere: langabezia tasak eraginda, gazteen, lizentziatu direnen kontsumo ahalmena dezente jaitsi baita. Batez ere, Obamak begirik kentzen ez dion erdi mailako klasean.

          Ikasleen zorrak jaisteko formulen bila abiatu dira dagoeneko. Ez dago asko pentsatu beharrik: ikasteko eskubidea bermatu denentzat, eta ikasleen kontura eta haien etorkizunaren izenean patrikak dolarrez gainezka dauzkatenei stop esan.

          Hala ere, zorra okupatzearen ideia gustatu zait. Zorren Okupen Mugimenduari indarra eman, eta herritarren esfortzuaren kontura aberastu direnei aurre egiteko, «nahikoa da» esateko erabil dezagun okupazio mota hori. Ideia hor dago. Ea nola garatzen doan. To be continued.

2012/01/20

Negu hotzean toki bila

Larrepetit, 2012-01-21



          Suzanek 70 urte ditu. Hotz egiten du, eta, karakolen moduan, etxea gurpildun karrotxo gainean hartuta ibiltzea nekeza egiten zaio.

          Phil sasoikoago dago. Bizkar gaineko motxila eta eskuetan daramatzan bi zaku handi eta pisutsu dira bere ondasun bakarrak.

          Bizitzak pasarazi diena astuna da gero. Eta hori, nahita ere ezin dute sekulan kale bazterrean ahaztuta utzi. Horregatik, bientzat, hori da mugitzea gehien kostatzen zaien karga.

          Goizero, jaiki orduko, badaki non eguneko janaria eskuratu Suzanek. Hura hartuta, teknologiarik berrienak eramanda, Interneten nabigatzen dabiltzan dozenaka lagun dauden aretoan, tokia hartzen du. Plastikozko poltsetan sartutako bizitzari begirik kendu gabe, bakarrik egoten da. Noizean behin, bere memoriaren iPad-ean, zoriontsu eta goxo bizi zen garaiak ikusten ditu. Baina, gustatzen ez zaizkion oroitzapenak etortzean, ukimen bidezko pantaila baten moduan, eskuak kopetara eramaten ditu, haiek mugitu nahian bezala.

          Phil, kalean eskean jartzen da. Ondo daki, uniformedun NYPD-koak edozein momentutan azaldu litezkeela, eta etxea gainean hartuta lekuz mugitu beharko duela.

          Gaua goiz iristen da sasoi honetan New Yorkera. Eta egunaren nekeari aurre egiteko, Suzanek aterpetxean hartuko du lekua. Epelean, hotzetik babesturik. Phil-ek eskean jarraituko du, eta inork ikusten ez duenean, metro zuloan sartu, eta geltokira iritsiko den lehendabiziko tren bagoira igoko da. Eserlekua hartu, eta epelean, azken geltokira arteko bidaia egingo du. Eta berriro buelta, egunsentia iritsi arte.

          Trenak estazioetan egiten dituen geldialdiek eta burdinbidearen txirrio soinuek esnatuko dute Phil. Aldameneko ezezagunaren eztulek, edo amesgaiztoetan barneratuta dagoenaren nahigabea entzuteak, Suzane.

          Biena, tren desberdinetako bidaia bera da: etxerik gabekoena, New Yorkeko neguan.

2012/01/14

Sexu eraso militarrak

BERRIA, Larrepetit, 2012-01-14




          Barack Obamak armada txikiagoa izango dela iragarri berri du. Krisi ekonomikoaren atzaparrak horri ere heldu dio. Baina militarrekin lotutako beste pare bat erabaki garrantzitsu kasik oharkabean pasatu dira: lehen ez bezala, sexu jazarpenen bat jasan duen soldaduak, horren berri eman, eta urgentziazko leku aldaketa eska dezake. Nahi izatera, gainera, sekretupean egin ditzake akusazioak. Eta, bigarrenik, sexu erasotzailearen zigor eta sententziak beraien zerbitzu-orrietan mantenduko dira buruek aurrekarien berri izan dezaten.

          AEBen bost akademia militar daude. Hirutan, Annapolisen dagoen itsasoko armadan, West Pointeko lurreko armadan eta Colorado Springs-en dagoen aireko armadan egin berri du ikerketa Pentagonoak, eta tituluetan nabarmentzekoa honako hau: 2010-2011 ikasturtean sexu jazarpen salaketak izugarri hazi dira. 65 salaketa izan dira guztira, eta, bi izan ezik, guztiak emakumezkoek egin dituzte, eta bortxatuak izan direla diote.

          Aurretik egindako beste txosten baten arabera, akademia militarretan, sexu erasoak %11 igo ziren 2010ean. Emakume kadeteen %9,1ek jasan behar izan zuten halakoren bat, eta gizonezkoen %1,2k. Emakume horien artetik %34k aitortu zuten bortxatuak izan zirela. Bortxatzaileak, ia gehienetan, gizonezko beste kadete kideak izan ziren.

          Kontua da halakoren bat gertatutakoetatik %14k bakarrik salatu zutela gertaturikoa. Lotsa, beldurra, presioa dira datu baxu horren arrazoia, eta, hain zuzen ere, horiei irtenbidea jarri nahian datoz aurretik aipatutako bi erabakiak.

          Akademietan, militar izateko eskoletan, kidea bortxatzeko gai dena, behin gezurretako gudak utzi eta benetakora joaten denean, uniforme berekoekin eta kontrakoekin, zer egiteko gai ez ote da?

          Argi dago: militarren erasoak ez dira beti su arma bidezkoak izaten, ez eta etsaiaren aurkakoak ere.

2012/01/07

Bizia emanez hil

BERRIA, Larrepetit,2012-01-07




          Christian Longok 37 urte ditu. Duela zortzi urte heriotza zigorrera kondenatua izan zen, emaztea eta hiru seme-alaba erailtzeagatik. Eta ez du ukatzen, erruduna da.

          Oregongo espetxean, 22 ordu pasatzen ditu sei metro luze eta lau zabal dituen ziegatik atera gabe. Horma hutsei begira, egindakoa sekula ez dela gertatu konbentzitzen saiatu arren, ezin izaten du damuaren karga gainetik kendu.

          Egindako krimenengatik kondenarik gogorrena jaso duen arren, gizartearentzat onuragarria den zerbait egin nahi du Christian Longok, eta organoak behar dituenari eman nahi dizkio bera exekutatu ostean.

          110.000 estatubatuar dago organoren baten zain une honetan. Zerrenda horretatik 19 lagun hiltzen dira egunero. 3.251 lagun daude heriotza zigorrera kondenatuta Estatu Batuetan, eta preso bakarrak zortzi laguni bizia eman diezaieke.

          Hori jakin arren, espetxeetako agintaritzak eskaera ez dio onartu Christian Longori. Hiru droga mota emanez hiltzen dituzte presoak estatu gehienetan, eta horiek organoak hondatzen dituztela argudiatzen dute. Droga bakarra emanez gero, organoak erabilgarriak izango lirateke. Baina, horretarako, erabaki administratiboa aldatu beharra daukate. Politikariak, agintariak, orain ere, beldurrean preso.

          Teresa Mongeren hil ondorengo esker gutun hunkigarria irakurri berri dut aste honetan Argia-n. Bera zen, duela hemezortzi urte, organo baten zain, itxaron zerrendetan zegoenetako bat. Hil berri zen gazte baten giltzurruna jaso zuen, ihesi zihoakion biziari heldu, eta 18 urte gehiago gure artean izan da.

          Duela hilabete eta erdi hil da Teresa. Amorrazio edo pena batekin: «Nire gorputzean bizirik zegoen giltzurrun hori beste inork, nik bezala, jaioberritzeko aprobetxatu ez izana».

          Gu ere ez gaitezen aurreiritzi eta beldurren preso izan eta egin gaitezen organo emaile. Hori ere kolosala izan daiteke.

2012/01/02

Gaur, Times Square

BERRIA, Larrepetit, 2011-12-31




          Iaz, Urtezahar egunez, Times Square ezagunera joateko gogoa zuen Kohei lagun japoniarrak, eta, han, 2011ri ongietorria egitekoa. «Hi erotuta hago» esateko gogoa sentitu nuen kontatu zidanean.

          Urtebete lehenago ere saiatu omen zen, baina, eskuko poltsa bat zeramanez, poliziak ez zion sartzen utzi.

          Joan den urtekoan, ordea, bai. Noriko beste lagun japoniarrarekin eta harekin zihoazen 6 turistekin, urte berriari ongietorria egin baino 10 ordu lehenago abiatu ziren. Polizia kontrolak pasatu, eta barruan ziren arratseko hiruretarako.

          Jendez lepo betetako toki batean, milioi bat pertsona, zutik, hainbeste orduan egon beharra aspergarri samarra egingo zitzaidala aitortu nion lagunari, eta berak onartu, baietz, hala izan zela, baina bizitzan behin hori bizi nahi izan zuela. Musikari famatuen ikuskizunak eskaintzen dituzte zuzenean, eta horrekin jendea entretenitzen dute bola famatua jaisteko ordua iritsi arte.

          Baina, aspertzea baino arazo handiago bat egon daitekeela konturatu nintzen, ordea: hainbestekoa da jendetza, behin zure lekua hartuta, ezin zara askorik mugitu ere egin. Eta orduan jakin-mina sortu zitzaidan, eta galdetu egin nion Kohei lagunari: «Zer egin zenuten pixagalea etorrita?». «Pixoihalak jantzita etorri ginen», berak erantzun. «Pixoihalak?». «Bai. Baina kontuan izan, behin bakarrik egin dezakezula gainean», eman zizkidan argibide teknikoak.

          Normalean aurpegian antzematen zaio larria daukanari, eta baita lasaitzen denari ere. Eta hori jakin nuenetik, asmakizunetan bezala ibiltzen naiz, eta Times Squaren, denak, pixoihalarekin irudikatzen ditut. Hondartzan uretan sartu, eta ustez disimuluan pixa egin dugunekoa etortzen zait burura. Eta zer esatea nahi duzue, gaur ere ezingo dut irudi hori burutik kendu. Hau irakurri ondoren, apustu, zuetako askok ere ezetz!

         Urte berri on denoi!