2011/06/28

Igelak, koloreen abesbatza



(BERRIAN argitaratua, 2011-06-21)
 
New Yorkeko Historia Naturalaren Museoan 200 igelen korrokak entzun daitezke, bisitarien eskariz zabaldu berry duten ‘Igelak, koloreen besbatza’ erakusketan. 2012ko urtarrilera arte egongo da zabalik erakusketa

 
Garikoitz Udabe New York

          Atea zabaldu eta barrura sartu orduko, berehala sumatzen da giro berezia: argi gutxi du aretoak, baina nahikoa dauka ikusi beharrekoaz ondo gozatzeko. Terrarioz beteta dago gela luzea, eta haien ondoan panel handiak daude jarrita, beharbeharrezkoak diren azalpen guztiekin. Bozgorailuetatik, basoan, hezeguneetan bizi diren igelen kantuak entzun litezke etenik gabe.

          Izan ere, kristalaren beste aldean daudenen hotsik ez dago entzuterik. Eta zail da mugimenduan ikustea ere. Bisitarien joanetorriaz jabetuta edo, batzuk modelo gisa jarrita daude, geldigeldi. Beste asko, lotsaturik bezala, edo umeek kristalean ematen dituzten esku zartakoetatik ihesi, ezkutalekua aurkitu eta babesean. Bisitatzeko ordua amaitzean eta aretoan igelak besterik ez daudenean hasiko da han festa.

Erakusketa zabaltzeko, bisitariari igelez zenbat dakien jakite aldera, zenbait galdera erantzuteko aukera eskaintzen zaio: Zein da munduko igelik handiena? Afrika mendebaldeko Goliath igela 38 zentimetro luze da, eta 3 kilotik gorako pisua izan dezake. Eta txikiena? Kubako zenbait zuhaitzetan aurki daiteke, eta 1,2 zentimetro luze da. Urik edaten al dute igelek? Ez, azalaren bidez hartzen dute gehienek. Egia al da beraien azala jaten dutela? Azala aldatzeko garaian bai.

Galderak zuzen edo oker erantzun ostean, eta igelei buruzko hainbat kuriositateren berri jaso ostean, Asian aurki litekeen Borneo Eared igela (Polypedates otilophus) da ikus litekeen lehendabizikoa. Segidan dator Hego Amerikako Ornate Horned igela (Ceratophrys ornata), gigolo fama duen Amazon Milk igela (Trachycephalus resinifictrix), eta, horrela, beste 200. Mundu osotik ekarri dituzte propio erakusketara, eta bizirik ikus daitezke, noski. Asko Latinoamerikako herrialdetakoak dira (Brasil, Kolonbia, Mexiko, Nikaragua, Paraguai, Uruguai, Venezuela…), baina Asiakoak eta Afrikakoak ere badaude. Terrariora begiratu, eta landaretzaren artean batzuetan kosta egiten zaio bisitariari igela aurkitzea. Zenbaitzuk txikiak direlako, edo kolorea landarearen antzekoa delako eta ezkutatu egiten direlako. Horregatik, akaso, batzuek kamerak dauzkate, eta bisitariak berak kamera mugituz igelak aurkitu eta zooma erabiliz pantailan ikus ditzake, telebistako izarren pare.

Panel handiak daude jarrita espezie bakoitzaren ondoan, eta bertan irakur liteke igel horiei buruz jakin  eharreko guztia: zein espezietakoa den, familia, neurriak, zertaz elikatzen den, taldea, bizilekua, bizitza zikloa…



Kolore bizi-biziak

Igelek ehizatzeko dituzten moduen inguruan aparteko atal bat jarri dute, eta ezkutatuta, mihi luzearen bidez, saltoka edo pozoiaren bidez nola ehiza dezaketen ederki erakusten dute. Hain zuzenere, Ekuadorko indiarrek erabiltzendituzten geziek, edo Kolonbiako choco indiarrek euren gezietarako pozoi moduan erabiltzen dituzten igelek arreta berezia jasotzen dute  isitariengandik.

Kolore guztietako igelak daude ikusgai. Eta bereziki erakusketara inguratzen diren haurrek adierazten dute harridura zenbait espeziek dituzten kolore bizi-biziak ikustean. Heldu askori ere begietan antzematen zaie kolore horien erakarpena, baina ez dute gehiago adierazten.

Biologiaz gehiago jakin nahi duenak ere badu bere txokoa. Ordenagailu bidez, bisturia eta guraizeak hartuta, igel baten barrunbeak nolakoak diren ikus bailitezke, eta gero organoak izendatu. Horrekin batera, igelen eskeletoa nolakoa izan litekeen ere erakusten du museoak.

Orain arte ikusitakoa nahikoa ez badu bisitariak, bukaeran, igelen krisia izeneko erreportajearekin,baso-soiltzea dela eta zenbait espezie galtzeko arriskuan daudela ohartarazten dute, eta hainbat adituren iritzia entzun daiteke.

2004an antolatu zuen museoak antzeko erakusketa bat, eta, ordukoak izan zuen arrakasta ikusirik, eta bisitarien eskaerari erantzunez, berriro antolatu dute igelen ingurukoa. Oraingoz jendearen erantzunarekin gustura agertu dira museoko arduradunak

       Ceratophrys ornata. Uruguain, Brasilen eta Argentinan
aurki daitekeen igela da

    Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako dardo pozoitsuetarako 
igel urdina da erakusketako izarretako bat


     Dyscophus antongilii,Madagaskarkoa. Bildumagileen artean 
estimatua da igel hori

2011/06/24

Barak Bieber

          Pazientzia! Eta horretatik asko behar izan zuten atzo gidari eta oinezko askok Manhattango erdialdean (Midtown deiturikoan). Eta errua bi lagunen bisitak izan zuen: alde batetik Barak Obama presidentea etorri zen bere kanpainarako diru bilketa egitera. Whoopi Goldeberge-en “Sister Act, the Musical” ikuskizuna entzutera etorri zen presidentea (besteak beste). 250 dolar kostatzen zen sarrerarik merkeena eta 10.000 dolar garestiena (presidentearengandik gertueneko ahulkien kostua da hau).

          Diru usainean beraz, Obama New Yorken atzo, eta bestelako usainak saldu nahian berriz Justin Bieber:  lurrin baten promozioa egitera, aurkeztera etorri zen. Ilaran egun batzuk lehenagotik zain zeuden lehenengo 350 gaztetxok izan zuten berarekin argazki bat ateratzeko aukera. 

          Biak ala biak joan ziren poliziaz eta segurtasun indarrez inguratuta. Biak izar. Biak eskenatokietako protagonista. Eta biak saltzaile: gaztetxoentzako lurrin gozoa batek eta AEB-entzat etorkizunik onena besteak. 

         Kontua behintzat, autoz eta oinez inguru horietan ibili behar izan zutenek pazientziaz hartu behar izan zutela! This is New York!

          Bideoan, presidentearen pasaera hartu ahal izan nuen. 


2011/06/14

Guatemala giza laborategi


(Ameriketako Estatu Batuakek Guatemalan aurreko mendean gizakiekin  egnidako zenbait esperimenturi buruzko erreportajea duzue honako hau, eta epaitegietan gauzak nola dauden argitu nahiko lukeen elkarrizketa bat. BERRIAn argitaratu da 2011ko Ekainaren 15ean)




AEBetako Gobernuak iaz onartu zuen, zenbait ikerketa egiteko aitzakiarekin, eta beraien onespenik gabe, 40ko hamarkadan ehunka lagun kutsatu zituela sifiliarekin Guatemalan;salaketa kolektibo bati esker, epaitegietan dago orain kasua.

Garikoitz Udabe New York

        Guatemala izan da azkenekoa, baina ez bakarra. 1932. eta 1972. urteen artean, Tuskegee hirian (Alabama), beraiek ezer jakin gabe eta baimenik eman gabe, hainbat afroamerikar kutsatu  zituzten sifiliarekin eta beste gaitz batzuekin. 1944. Urtean Terre Haute-ko (Indiana) presoekin egindako esperimentuak ere hor daude. Eta iazko urriaz geroztik, zerrenda horri beste bat gehitu behar zaio; atzerrian egindakoa, Guatemalako ehunka lagunekin. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak orduan onartu baitzuen 1946. eta 1948. Urteen artean herrialde latinoamerikar horretan esperimentuak egin zituztela eta gerora urteetan jarraitu zutela ikertzen. 
 

Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, gizakiekin esperimentuak egiteagatik epaitu eta kondenatu egin zituzten hainbat agintari nazi. Eta justu zenbait hilabete geroago, AEBetako Osasun Ministerioak Guatemalan esperimentuak egitea baimendu zuen. Etxean hori eginez gero jasan zitzaketen ondorioen beldur ziren. Horregatik jo zuten kanpora. Nuremberg-eko epaiketen ostean, alta, argi idatzita eta araututa zegoen ezin zela gizakiekin esperimenturik egin, lagun horien baimenik gabe.
 
          Tuskegeen eta Terre Hautenen bezala, giza akuri moduan aukeratu zituzten pertsonak behe mailakoak izan ziren. Ikerketak hilabeteetan, urteetan luzatu nahi izan zituztenez, asko mugi ezin zitekeen jendearen bila jo zuten: umezurztegietako haurrak, psikiatrikoetako gaixoak, presoak eta soldaduak.

Kutsatzeko moduak

Presoekin prostitutak erabili zituzten: sifiliaz edo gonorreaz kutsatuta zeudenak aukeratu, eta presoekin sexu erlazioak izatera eramaten zituzten. Zenbaitetan, osasuntsu zeuden prostitutak ziztatu, eta propio kutsarazten zituzten. Behin erlazioak izanda, presoak taldetan banatzen zituzten, eta erremedio eta botika desberdinen aurrean nola erreakzionatzen zuten aztertzen zuten medikuek. Gaur egun ez dago oraindik argi prostitutak sendatzen zituzten ala ez.


 Erietxe psikiatrikoetako gaixoei boluntario deitzen zitzaien, eta zigarroen truke kutsatu egiten zituzten. Emakumezkoak, berriz, aurrez kutsatutako xiringekin ziztatuta. Soldaduak eta umeak ere ziztaden bidez kutsatu zituzten.

Zenbait paziente sendatu egin zituzten, baina beste asko ez. Ikerketa buru aritu zen John Cutler doktorea kexu omen zen hainbat psikiatrikotako gaixo eta prostituten jarraipena egitea oso zaila gertatzen zitzaiolako. Ameriketako Estatu Batuetako eta Guatemalako medikuek parte hartu zuten ikerketa hauetan.


Benetako bizipenak

Datu zehatzik ez badago ere, asko dira, oraindik, kutsatu eta bizirik dauden lagunak, eta gehiago dira ondorioak nozitzen dituzten belaunaldi berrietako kideak. Horietako zenbaitzuek ondo gogoan dute beraien kalbario egunak noiz hasi ziren, eta botika eraginkor bakarraren moduan, galdetutakoari kontatu izan dizkiote beraien esperientziak.

 Sifiliarekin kutsatu zuten Guatemalar bat

1946. urtean, Federico Ramos eta Manuel Gudiel, bizitokia utzi, familiarengandik aldendu eta soldaduska egitera eraman zituzten. Sei hilabete kuartelean pasa ostean, inguruan zeuden soldadu amerikarrei laguntzera bidali zituzten. Ondo gogoan dute iritsi eta hurrengo egunean nola erizaindegira deitu zituzten eta nola ziztatu zituzten.

Injekzioa jartzerakoan inork ez zien argibiderik eman, ez zien baimenik ezertarako eskatu. Kuartelean aginduak betetzen erakutsi omen zieten, eta inork ez zuen galderarik egiteko ausardiarik izan. Baina argi dute zertan ari ziren jakin izatera ez zutela halakorik onartuko.

          Lehendabiziko ziztada jaso eta hiru hilabetetara hasi ziren eraginak antzematen: mina. Hamabost egunean behin eramaten zituzten erizaindegira. Orduz geroztik, Ramosek buruko minak ditu, artikulazioetan arazoak, eta oraindik txizan odola botatzen du. Alaba zaharrenak, berriz, ikusmena galdu zuen ume zela.

Gudiel, berriz, ia itsu dago, txizari ezin eutsia dauka eta hanketan zauriak ditu. Gaixotasunaren berri ez zeukanez, emaztea bera ere kutsatu egin zuen.

Oinazeekin, baina bizirik daude bi lagunak. Beraiekin batera probak egindako zenbait kiderizakila erauzi behar izan zieten, eta egoera hura ezin jasanda, beren buruaz beste egin zuten.

1997. urtean hil zen Celso Ramirezen aita. Berarekin ere esperimentuak egin zituzten, eta ondorioak berak ez ezik bere ondorengo belaunaldiek ere izan dituzte: arreba bat eta alaba zaharrena itsuak dira, seme gazteenak epilepsia arazoak ditu eta berak, berriz, etengabeko buruko eta muskuluetako oinazeak ditu.

   Marta Lidia Orellana

Marta Lidia Orellanaren historia ez da samurragoa. Umezurtza zen bera, eta 10 urte zituela, patiotik atera eta klinikara eraman zuten. Ezin zuen ulertu zertara, ordure arte ez zuen-eta ezer izan. Baginan ibili zitzaizkion bortizki. Gaur egun, oraindik, amets gaiztoak izaten ditu momentu haietaz gogoratuta. Medikuei zerbait galdetuz gero zakarki isilarazten zuten, eta odol txarra zeukala esan. Gerora, haurdun zegoela, eta umearentzat horrek suposatzen zuen arriskua kontuan hartu gabe, penizilina injektatu zioten.

Halako adibideak ehunka jaso litezke. Kutsatutakoak asko izan ziren. Bidean gelditutakoak ere bai. Baina esperimentu haien ondorenak bizitzen ari direnak, belaunaldi berriak esate baterako, are gehiago dira.

Auzitara

 2010eko urrian kasu hauek publiko egin ostean, Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak eta Kathleen Sebelius Osasun idazkariak esperimentu hauek gogor kritikatu zituzten. Barack Obama presidenteak, berriz, Alvaro Colom Guatemalako presidenteari telefonoz deitu eta barkamenak eskatu zizkion.

          Aldi berean, nazioarteko medikuntza ikerketen alderdi etikoak aztertuko dituen batzorde bat eratzeko agindua eman zuen. Salaketa jarri dutenentzat, ordea, ez da nahikoa. Ameriketako  Estatu Batuetako Gobernuak erantzule egin beharra dauka, eta biktima guztiei kalte-ordainak eman. Horrexegatik jo dute auzitara. Ikusi egin beharko da zenbat denbora irauten duen prozesu guztiak eta zer nolako emaitza duen.

 Michael Hugo kasua daraman abokatuetako bat

Michael Hugo 1Abokatua

«Barkamen kolektiboa eskatu dute, baina banakakoa ere beharrezkoa da»

G.Udabe New York

Michael Hugo Parcher Waichman eta Alonso abokatu taldeko kidea da, eta aski ongi ezagutzen du kasua, ezen auzitara jo duten zazpiehun bat biktima defendatzeko lanean ari da. Long Islandeko bere bulegoan hartu du BERRIA.

Noiz hasi zineten salaketa honekin?

Honen guztiaren berri jakin bezain laster hasi ginen lanean kasu honekin.

Sekulan aurretik entzuna zeneukan esperimentu hauei buruz?

Guatemalan gertatutako hauetaz zehazki ez, baina bai historian egin diren halako esperimentuei buruz.

Zer gertatu zen 40ko hamarkadan Guatemalan?

AEBetako Gobernuak esperimentuak egin zituen sifilis gaitzarekin. Haren kontrako txertoak zer-nolako eraginkorrak ziren ikertu nahi izan zuten. Hemen, AEBetan, gonorrearekin zenbait esperimentu egin zituzten presondegietan, Indianan hain justu. Esperimentu horiek emaitza onak eman zituzten, eta sifiliarekin ondorio berdinak lortuko ote zituzten ikusi nahi izan zuten. Ez dakigu zer, baina tartean zerbait gertatu zen, eta esperimentu hauek atzerrian egiten hastea erabaki zuten. 

Horrela, Bigarren Mundu Gerra bukatu ostean, sifiliarekin kutsatutako prostitutekin harremanak izandako presoekin, buruko gaitzak zituztenekin eta umezurtz eta militarrekin frogak egiten hasi ziren: kutsatu, eta sendatzeko penizilina eraginkorra ote zen ikusi nahi izan zuten. John Charles Cutler doktorea izan zen esperimentu hauen buru.

Esperimentu hauek, ordea,baimenik gabe egin zituzten.

Horixe da gakoetako bat: pertsona hauei guztiei zer egitera zihoazen azaldu ote zieten eta beraien baimena ba ote zuten. Gehienetan beldurtu egin zituztela uste dugu, eta ez zeukatela beraien baimenik.

Zergatik Guatemala? Ba al dago arrazoi bereziren bat?

Txostenetan ez dut aurkitu Guatemala zergatik aukeratu zuten esaten duen arrazoi zehatzik. Espekulatzea da, baina izan liteke bi gobernuen arteko hitzarmenen bat, adostasunen bat, gero trukean laguntzak eskuratzeko… baina ez dago arrazoi garbirik, ez dago horren berri bederen.

Guatemalako Gobernuak ere parte hartu zuen orduan?

Guatemalako doktoreek parte hartu zuten esperimentu hauetan. Eta gobernuak erraztasunak eman zizkiela garbi dago. Beraz, baietz esan dezakegu.

Zenbat lagun kutsatu zituzten?

Datu desberdinak daude, baina 1.500 lagun inguru ere izan daitezke. Jende asko. Horiekin guztiekin esperimentuak egin zituzten, baina ondorioak gehiagok izan dituzte: sifiliarekin beste asko kutsatu zituztelako, beraien umeek eraginak izan dituztelako…

Ba al dakizue kutsatutako zenbat lagun dauden gaur egun bizirik?

Inork ez dauzka datu horiek.

Zer arazo izan dituzte eta dituzte?

Zuzenean kutsatutakoek sifiliak berak sortzen dituen arazoak izan dituzte. Baina zeharka, beraien seme-alabek, adibidez, ikusmen arazo handiak izan dituzte.

Hitz egin dezagun prozesu honetaz. Gobernuari auzi hau amaitzeko lehendabiziko aukera epaitegietatik kanpora eman zenioten.Zerbait lortu zenuten?

Ezer ere ez. Ez zuten ezer esan. Ez ziguten ezer erantzun. Ez zuten sikiera barkamena eskatzeko jarrerarik ere izan.

Zer lortzea gustatuko litzaizueke?

Irailaren 11ko atentatuetako biktimekin bezala, BP konpainiaren olio isurikoekin bezala, konpentsazio kolektiboak lortu nahi ditugu. Hori da gustatuko litzaigukeena. Esperimentu hauen eraginak jasan dituztenei hori eman beharko lieketela uste dugu.

Eta barkamena eskatzeari buruz?

Barkamen kolektiboa eskatu du, baina ez banakakoa, eta oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu.

Hurrengo pausoa zein da?

Formalki eskaera hauek guztiak egin ditugu, eta epaitegiek ikertu beharko dute.

Zenbat iraungo du prozesu honek?

Urteak. Uste dut eraginak zuzenean edo zeharka jasotako hainbatek ez dutela sekula barkamen eskaerarik jasoko. Oso luzea izango da. Gobernuak ez dituelako lagun hauen eskubideak aintzat hartzen.