2011/03/10

Egiptoz gogoetan




Tahrir plazara begira egon dira herritartasun estatubatuarra eskuratutako egiptoarrak; Mubarakek boterea utzi eta hilabetera jaioterrira itzuli edo etorkizun oparoagoa eman dien herrialdean geratu dute hizpide askok.

Sorterriaz gogoetan

Garikoitz Udabe New York

          New Yorkeko Queensen, Steinway Street hartuz gero, 28. Etorbidearen eta Astoria Boulevard artean, huka piparekin erretako tabako gozo usaina sumatu liteke oinez zoazela. Bertan dauden coffee shop-etatik dator usaina. Gizonezkoz betetako aretoak dira, eta tabakoa errez eta tea edanez egoten dira hizketaldi lasaian. Little Egypt (Egipto Txikia) deitzen zaio hiriko eremu honi, eta bertan bizi dira jaioterria utzi eta AEB Ameriketako Estatu Batuetara bizitzera  etorritako egiptoar asko eta asko. Azkeneko erroldaren arabera, 300.000 egiptoar bizi dira AEBetan; baina bertan jaiotako belaunaldi berriak kontuan hartuz gero, bi milioi inguru direla diote. New Yorken eta Hego Karolinan bizi dira gehienak.

Azken asteetan adi-adi jarraitu dituzte beren sorterrian gertatutako aldaketa guztiak. Tahrir plazako iraultzaileekin egon dira gehienen bihotzak, eta oso pozik daude lortutakoarekin, ezen hemezortzi eguneko protesten ondoren diktadoreak boterea uztea lortu dute. Hosni Mubarakek gaur hilabete egin zuen ihes bere urrezko kaiolara, eta hori garaipentzat jotzen badute ere, orain, beste galdera batzuei erantzuteko beharra dute: etxera bueltatzeko garaia ote dut? Hemen ikasitakoa sorterrian erakustera joan behar ote dut? Egiptoko ekonomia sustatzera joan beharko nuke, edo hemendik lagun dezaket horretan?

Sami el Sharkaui Alexandrian jaio zen, duela 58 urte, eta orain artean ahoa itxita egon behar izan duela dio: «Ezin zen ezer kritikatu, ez zegoen askatasunik… eta horrela 30 urte egon gara. Horregatik etorri nintzen AEBetara». 17 urte daramatza bertan. «Zergatik alde egiten du batek bere sorterritik, familia, lagunak eta dena utzita? Ez daukalako arnasa hartzerik. Hilabete gutxian, ordea, benetako demokrazian egongo gara, haize berria hartzeko aukera izango dugu. Hemendik aurrera ez da sorterritik alde egiteko aitzakiarik izango. Eta nik ere bueltatu egin nahi dut etxera», dio esaten duenaz oso konbentzituta.



Gazteen indarra

Iraultza hau mundu guztiarentzat lezio bat izan dela pentsatzen du El Sharkauik: «Egiptoko gazteak hezkuntzarik onena izan duten gazteak dira, eta, hala ere jaioterritik ihes egin behar izan dute. AEBetan daude mediku egiptoar onenetakoak, NASAn lanean ari diren ingeniariak… Zer egin dute gazte hauek? Internet, Twitter eta Facebook bidez mezuak zabaldu eta aldaketa lortu. Hor dago gaztearen indarra».

El Sharkaui ez da boterean gaur egun diren militarren beldur, esaten duenez, «haien semealabak direlako iraultza egin dutenak », eta haiek babesteko erabakia hartu zutelako protestetan. «Orain, kontua da diktadore horrek lapurtu duen diru guztia bueltatu beharko diola herriari».

          Ali Ahmed Kairon jaio zen, duela 52 urte, baina «bizitza hobe baten bila, aukeren bila» gazte etorri zen New Yorkera. Dagoeneko 31 urte dira sorterria utzi zuela, baina estatubatuarra baino gehiago, egiptoarra sentitzen da. Iraultzaren ostean izan zuen lehendabiziko pentsamendua etxera bueltatzea izan zela dio, baina oraindik ez dakiela hori egingo ote duen: «Nire herrian inbertitzea oso garrantzitsua da, eta denon artean lagundu beharko diogu ekonomikoki aurrera ateratzen ». Diktadurako 30 urteetan «sufritzen» egon ostean, orain «oso pozik» dago aldaketekin: «Datorrena datorrela, orain artekoa baino hobea izango da, seguru».

Bizimodu hobe baten bila

Labin Salama ere negozio gizona da. Egyptian Coffee Shop baten jabea da, eta bere negozioan sartu eta berehala irakur liteke hau dioen kartela: «Aldaketa. Demokrazia behar dugu, eta ez monarkia; presidentea izateko garaia dugu». Salama, ametsa egia bihurtuta ere, ez da sorterrira bueltatuko: «Bisitan bakarrik joango naiz; bizimodua, legeak, ohiturak oso desberdinak dira han, eta ez naiz bueltatuko, niretzat handiegiak lirateke aldaketak».

Kairon jaio zen, 1953an, 31 urte daramatza AEBetan: «Dirua egitera etorri nintzen, han hori egiteko modurik ez nuelako, ez zegoelako ez lanik eta ez dirurik ezertarako, eta hona etorri banintzen herrialde hobe eta bizitza hobe bat aurkitzeko izan zen». New Yorkeko bizimodura ohitu da eta bere negozioak aurrera doaz; hala ere, sorterriaren etorkizunari begira, baikor dago: «Militarrek zuzen jokatu beharko dute, ez badute beste iraultza bat nahi. Inork ez die estelakorik onartuko». 



Afifik (68 urte) jada 20 urte daramatza AEBetan. «Nire hiru semeak ikasketak egitera ekarri nahi izan nituen, hezkuntza onena hemen dagoelako». Afifirentzat jada galdera ez da etxera joan edo hemen geratu; «herrialde hau ere badelakoa nire etxea», dio. Alaba eta bilobak jaioterrian dituela kontatzen du, eta bisitatzera joango direla dio, baina hara bizitzera joatea bere buruari planteatu ere ez dio egiten. Gazteek, ordea, hori egin beharko luketela uste du: «14 eta 25 urte arteko adina duten gazteen %65en iritziz jaioterrira bueltatzeko garaia dela irakurri dut, eta herria eraikitzen laguntzekoa», eta horrekin erabat ados dago Afifi.

Huka erretzera biltzen diren hurrengo batean, airean dauden galderei erantzuna aurkitzen saiatuko dira, eta, akaso, sorterrira bueltatu edo ez, hartutako erabakiaren berri kontatuko diote elkarri.

No hay comentarios:

Publicar un comentario