Behin urtebete hiri honetan pasa ondoren, New Yorkeko arratoiak jolasean ari direnean elkarri egiten dizkioten barreak bereizten hasten zara! Ez, lasai, ez nago “abittua”. Hiri honetako elkarbizitzaren parte garrantzitsu dira arratoiak. Batez ere metro zuloetan!
Urte askotako esperientzia dute. Eta gizakietan bezala, belaunaldi berriak aurrekoak baino prestatuagoak datoz arratoietan ere. Horregatik izango dira egunetik egunera lotsagabeagoak (gizakietan bezala?).
Trenbidean burdinazko sugea noiz etorriko zain egon izan dira urteetan goiko plataformetatik jendeak botatako zerrikeriak janez (halaxe daude hemengo arratoiak inon baino mejoratuago, Mc Donaldseko hamburgerrak jan ostean). Gaur egun, ordea, trenaren zain zaudela edozein txokotatik atera ohi zaizu arratoi lotsagaberen bat. Hankarekin “uxa” egiteko kolpe bat emanda ere zuri begira geratzen dira “demonio tontoa, ez nauk izutuko” esanez bezala. Eta egia esan, kolpea jo eta izutzen ez direla ikusita “mozolo” aurpegia geratzen zaio norberari.
Baina tira, zer egingo diogu, hori ere New Yorkeko bizimoduaren parte da, eta horrekin bizitzen ere ikasi egiten da. Eta denbora batera, arratoi eta gizakien arteko elkarbizitza izugarri normala da. Ikusi bestela subway (metro) sarrera batean hartutako irudia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario