Garapen iraunkorrari buruzko mahai-inguru batean parte hartu du Patxi Lazkozek Nazio
Batuen Erakundean
Garikoitz Udabe New York
New Yorken izan da aste honetan Patxi Lazkoz Gasteizko alkatea, Nazio Batuen Erakundeak gonbidatuta, hiru egunez. 2012ko maiatzean Rio de Janeiron egingo den Rio+20 garapen iraunkorrari buruzko bilera prestatzeko lanen barruan antolatu den mahai-inguruan hartu du parte Gasteiz hiriak, beste hainbatekin batera.
Alkateak zehaztu du hurrengo urtean Green Capital, hau da, Hiriburu Berdea izendapena ematerakoan Europako Batasunak kontuan gehien hartu dituen ezaugarri berberegatik gonbidatu dutela orain Gasteiz New Yorkera: «Gasteizko mugikortasun iraunkorrarengatik eta espazio publikoen alorrean eramandako politikengatik izan da, batik bat».
2009ko urrian Gasteizen egindako aldaketa handiei buruz hitz egin du Lazkozek Nazio Batuen Erankundeak New Yorken duen egoitzan: «Garraio publikoan egindako aldaketa haiek erabiltzaileen kopurua %40 igo dute», eta horregatik pozik agertu da Lazkoz.
Horrekin batera, energia berriztagarriekiko konpromisoaz aritu da mahai-inguruan; eguzki energiaz, geometrikoaz eta biomasaz, eta horiek gauzatzeko, garatzeko eta erabiltzeko hiriak hartutako kompromisoez.
Azkenik, alkatea «ilusio handiz » aurrera eramaten ari den ibilgailu elektrikoaren hiriburu izateari buruz: «Eusko Jaurlaritza eta Mercedes Benzekin elkarlanean ari gara, eta haiekin arraio publiko elektrikoa gauzatu nahi dugu», zehaztu du. «Horixe da une honetan esparru honetan gogobetez lantzen ari garen proiektua».
«Barrura hazi»
Etorkizuna tamaina ertaineko hirietan dagoela zehaztu nahi izan du Gasteizko alkateak: «Hiriok barrura hazi behar dugu, espazioa ahalik eta gehien aprobetxatuz, eta edozein ikuspuntutatik gobernaezinak izango diren gauzak egin gabe». Gero eta hiri handiagoak egiteak, energia gehiago erabili behar izateak, garraio gehiago erabiltzeak eta kutsadura gehiago sortzeak «ez dauka zentzurik», Lazkozen iritziz.
Gasteiz adibidetzat jarrita, autobusa eta tranbia erabilita hiri batean garraio pubikoa antolatzea posible dela eta egin litekeela defendatu du Nazio Batuen Erakundeko aretoan bildu direnen aurrean.
Gustura egon da alkatea zeregin horietan, «nahiz eta urduritasun pixka bat» izan duela aitortu duen. Izan ere, «Gasteizen bizi garenontzat harro egoteko arrazoia da Euskadiko hiriburua garapen iraunkorraz hitz egiterakoan alde batera utzi ezin den hiria izatea», zehaztu du.
Bidaia probestuz, New Yorken ingurumen politikak koordinatzen dituen alkatetzako arduradunarekin egoteko aukera ere izan du Gasteiztik etorritako ordezkaritzak.
Lazkozekin batera, mahai-inguruan izan dira 2013an Hiriburu Berdea izango den Naoned (Britainia) hiriko Ronan Dantec alkatea, Joan Clos UN-Habitateko zuzendaria eta Matt Delnick Greenstar Recycling AEBetako birziklatze zerbitzuetako enpresako zuzendaria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario