AEBetako gazte musulmanak muturrera jotzen ari direla argudiatuta, komunitate horren kontrako sorgin ehizari ekin diote hainbat politikari errepublikanok: Koran liburu sakratua erretzeko apaiz ebanjelistek egindako deiak, berriz, are gehiago gaiztotu du egoera. Islamak «osagai erradikalak» dituela adierazi dute.
XXI. mendeko sorgin ehiza
Garikoitz Udabe New York
Hamar urte. Urteurren borobila irailaren 11ko atentatuak gertatuzirenetik. Eta joan den udazkeneko hauteskundeetan irabazi izana aprobetxatu nahi izan dute zenbait politikarik, AEB Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako musulmanen erradikalizazioa aztertzen hasteko. Eta ez dute nolanahi egin nahi izan, gainera: Kongresuraino iritsi da gaia, nahiz eta oso ohikoa ez izan. Ordezkarien Ganberako Nazio Segurtasunerako Batzordean ari dira audientziak egiten.
(Peter King errepublikanoa)
Peter King errepublikanoa eta ganberako presidentea da ikerketa horien bultzatzaile agusietakoa. Etsaia etxean egon daitekeen ideiaren sustatzailea eta musulmanen eskubideak defendatzen dituzten hainbat talderentzat aspaldiko ezaguna. «Audientzia hauek egin egingo dira, orain atzera egitea, politikoki zuzena izatea koldarra izatea izango litzatekeelako, eta herrialdea eraso terrorista batetik defendatzeko ganbera honek duen betebeharraren aurka egingo genukeelako». Horixe esan zuen lehendabiziko egunean.
Kingen tesiaren arabera, demokratek berek onartzen dute «arrisku terrorista» existitzen dela AEBetan. «Hemen jaiotako musulmanen erradikalizazioak eraginda, jihad gerra islamikoa bilatu nahian dabiltza». Kingen ustez, 18 eta 29 urte arteko musulman gazteen %15ek eraso terroristak babesten ditu, eta hain justu gazte horien bila dabiltza ekintzaileak herrialdearen barnean min egiteko. Zenbait meskitatan egiten diren hitzaldiak jotzen ditu horren sustatzailetzat.
Testigantzak
Kingek gonbidatu eta audientziatara eramandakoen artean, «musulman erradikalek bere baitan hartu eta eraso terroristak prestatzeko erabilitako amerikarren» zenbait familiarteko daude. Melvin Bledsoe, esate baterako: bere seme Carlosek Arkansasko soldadu bat hil zuen muturreko islamisten aginduetara. Musulmanen gehiengoa jende ona dela aitortu ostean zera eskatu zien batzordekideei: «Guri gertatu bazaigu, berriro gertatuko da. Eta hurrengoan, erasotzaileek ez dute guk bezala azal iluna izango; ile hori eta begi urdinak izango dira. Mesedez, eragotzi ezazue hori gertatzea».
Abdirizak Bihi izan zen audientziako beste gonbidatuetako bat: bere ilobak jihadarekin bat egin eta Somalian nola hila zuten kontatu zuen.
Zuhdi Jasser musulmana da; AEBetako komunitate islamikoarekin oso kritikoa da, eta eskuin muturreko komunikabideetako ezaguna. Hark ere ez du hutsik egin batzorde horretan.
(Keith Ellison negar malkotan kongresuko agerraldian)
Joseph McCarthy senatariak komunisten aurka egindako sorginen ehiza gogora ekarri die askori horrek guztiak, eta horregatik bataiatu dute XXI. Mendeko McCarthismo. Politikarien artean, Alderdi Demokratak eman dio Kingi egurrik handiena: Texasko Sheila Jackson ordezkariarentzat, «lotsagarria» da hori guztia: «Giza talde bat zalantzapean jartzen ari da batzorde hori, eta mundu osoan Al Kaedak dituen interesak indartzen ari da». John Dingell demokratak, berriz, hauxe eskatu dio Kingi: bermatzeko ikerketa horiek ez direla izango «arabiarren, musulmanen edo hainbat estatubatuarren duintasunaren» aurkakoak. Laura Richardson Kaliforniako ordezkari demokratarentzat, audientzia horiek «diskriminazioa dira; aginte jazarpena eta aurrekari arriskutsua ezartzen duena». Keith Ellison Minnesottako politikariarentzat —bera izan da kongresura iritsi den lehendabiziko musulmana—, «estatubatuar guztiak dira terroristentzat helburu, izan musulman, kristau edo judu». Negar malkoei eutsi ezinik, musulmanak jasaten ari diren jazarpena salatu zuen, eta musulmanen aurkako gorrotoaren adibidea sufritzen ari zirela gaineratu zuen.
Protestak New Yorken
Kalean ere, protesta ugari izan dira. New Yorken bihotzean, Times Squarren egindakoan, esate baterako, gaur ni ere musulmana naiz txartelak irakur zitezkeen. Giza eskubideen urraketatzat jo dituzte audientzia horiek, eta musulman elkarte, erlijio agintari eta hainbat herritar anonimok «alde ezkor bat zabaltzen ari direla» salatu dute ozen.
Peter Kingen beraren belarritaraino iritsi dira ezadostasun horiek guztiak; ederki entzun ditu, baina protestak «justifikatzerik ez dagoen amorru eta hysteria erreakzio bat» besterik ez direla uste du.
King joan den udazkeneko hauteskundeen ondorioz iritsi zen kargura, baina aspaldian dabil auziarekin bueltaka. Irailaren 11ko atentatuen ostean, gainera, haren jarrera gero eta gogorragoa izan da, eta horregatik tematu da halako ikerketa zabaltzearekin. Ez da eztabaidaren erdian dagoen lehen aldia. Irlandar jatorrikoa da bera, eta IRA Irlandako Armada Errepublikanoaren borroka armatuaren defendatzaile sutsua izan da urteetan. Haren kontrakoek aurpegiratu diote ez duela indarkeria ezpal berarekin neurtzen, baina berak ez du antzekotasunik ikusten bataren eta bestearen artean. «IRA eta Sinn Fein beso politikorik gabe ez zen Irlanda iparraldean bakerik izango», defendatu du politikari errepublikanoak. Horrengatik egin zion boikota Irlandako Gobernuak 1985eko San Patrics Egunean New Yorken egiten den desfileari, urte hartan King zelako zeremoniako maisua.
Korana sutan
«Islamaren erlijioan osagai erradikal bat dagoela jakinaraztea da gure asmoa». Hori da Terry Jones artzainak boz goraz esaten duena. Martxoaren 20an, Wayne Sapp apaiz ebanjelikoak Koran liburu sakratuari su eman ostetik egindako adierazpenak dira horiek. «Zortzi hilabetez egindako epaiketa» baten ostean, Korana zenbait krimenen «erruduna» zela frogatutzat jo ostean «exekutatu » egin behar zela adieraziz eman zion su liburuari Floridako eliza batean. Terry Jones da eliza horretako zuzendaria, eta bera ere han zen gertakarien egunean.
(Terry Jones)
Joan den urtean, irailaren 11ko atentatuen urteurrenean, Koranaren kopiak erretzea proposatu zuen gizonak, eta horrek milioika musulmanen protesta eragin zuen. Oraingo honetan, ez du berak egin, baina bai bere testigantzarekin babestu.
Ekintza horren haritik, Afganistanen izugarrizko protestak izan dira. Atentatuak ere eragin ditu protesta oldeak; Nazio Batuen Erakundeko zazpi langile atzerritar eta bost zibil hil ziren Mazar-i-Sharifen, eta beste hamar zibil hil eta gutxienez 83 zauritu Kandaharren.
Hamid Karzai Afganistango presidenteak ordezkaritza bana bidali ditu bi hiri horietara, manifestarien artean izandako indarkeria ikertzera. «Jendea hiltzea izugarria da», esan du Jonesek, «baina, beste alde batetik, Islamak duen elementu erradikala erakusten digu», gaineratu du. Eta, gertatutakoarekin ase gabe, Koranak indarkeriara daramala defendatzen duen apaiza protesta bat antolatzen ari da apirilaren 22rako Dearborneko meskitaren aurrean egiteko (Michiganen). Egunean bertan, aurretik eta ondoren ere zeresana emango duen ekintza izango da zalantzarik gabe, bai herrialdean bertan eta bai atzerrian.
Barack Obamaren gobernuak azkenaldian arazo bero eta goriei aurre egin behar izan die atzerrian, baina etxe barruan ere izan du eskuak erretzeko modukorik. Etxe zuriarentzat ez baita batere erosoa izaten ari musulmanen kontrako jarrera hori, ez kongresuko audientziak, erlijio jakinekiko errespetu falta eta meskita berriak eraikitzeko asmoak ere.
Erlijio askatasuna
Erlijio askatasunak eskubide ezin urratuzkoa izan behar lukeen herrialdean, beraz, horren aurkako jarrera tinkoa erakutsi behar du Etxe Zuriak, gizarteko hainbat sektoreren edo atzerriko hainbat herrialderen haserrea sortu nahi ez badu. Horregatik, akaso, azkeneko hilabeteetan behin baino gehiagotan hitz egin behar izan du presidenteak erlijio askatasunaren eskubideaz, eta horrek herrialdean duen zalantzagabeko tokiaz.
New Yorkeko zero gunetik gertu eraiki nahi duten meskitaren haritik, eta horrek gizartean eta bereziki zenbait apaiz protestanterengan sortutako haserrearen ostean, «hiritar bezala, president bezala, gainontzeko herritarrek bezala, musulmanek ere beren erlijioa praktikatzeko eskubidea » dutela esan behar izan zuen agerraldi batean Obamak.
Duela gutxi, audientziak hasi aurretik, Denis McDonoughek, Barack Obamaren Nazio Segurtasunerako kontseilari ordeak, argi utzi nahi izan zuen «elkarte bateko partaide izateagatik erruduntzat jotzearen politika» ez dela bultzatzen AEBetan. Neurri batean, ikerketak hasi eta etor zitezkeen protestak eta kalteak baretzeko modu bat izan zen.
Korana erretzearena, baina, ez da gauza berria Etxe Zuriarentzat. Terry Jones apaiz protestanteak Irailaren 11ko atentatuen urteurrenean ekintza aurrera eramateko egindako mehatxuaren zela eta, presidenteak berak parte hartu behar izan baitzuen gauzak lasaitze aldera. Orain, Floridako elizan Koran liburu sakratua erre ostean, zera esan du ozen Barak Obamak: «Edozein liburu sakraturen profanazioa, Korana barne, muturreko intolerantzia eta fanatismo ekintza da».
Erlijioaren gaiak, musulmanek beren erlijioa praktikatzeko duten eskubideak eta zenbait musulman estatubatuarren usteko erradikalizazioak azkeneko hilabeteetan zenbat titulu bete dituzten ikusita, ez dago zalantzarik etorkizunean ere gai beroa izango dela Etxe Zuriko gaur-gaurko maizterrentzat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario