BERRIAn argitaratua 2011-09-09
Zero eremua, lehen eta orain
Garikoitz Udabe New York
Kamioi, hondeamakina, garabi, mailu eta makina soinua entzuten da. Zenbait momentutan, hautsa usaindu eta ukitu ere egin liteke. Hesiek ez dute barruan zer egiten ari diren ikusten uzten. Baina zintzilik jarrita dauden informazio panelek argi erakusten dute hura New Yorkeko zero eremua dela, eta berreraikitze lanetan ari direla.
Empire State 13 hilabetean eraiki zuten, baina kasu honetan 13 urte baino gehiago beharko dituzte. Izan ere, ederki kostatu zitzaien Dorre Bikiak zeudeneko gunea berreraikitzen hastea. Hilen senitarteko askoren sentsibilitateak edo Larry Silverstein negozio gizonaren interesak –Irailaren 11n eraitsitako dorreak alokairuan hartuta zeuzkan– eta politikarien arteko ika-mikek, besteak beste, atzerapen handia eragin dute Manhattango behealdean eraikitzen ari diren gune berrian.
Zero Guneko lanak horrela doaz momentu honetan
Hori, ordea, ez da eragozpena izan turistentzat. New Yorkera etorriz gero, bisita egiteko ezinbesteko tokia bilakatu da zero eremua. Han denbora askoan egon den –eta oraindik dagoen– hutsunea, batzuek ikusi egiten dute, eta beste batzuek, sentitu.
Lurretik zerurantz begiratu eta Dorre Bikiek zenbateko altuera hartuko zuten irudikatzen du bisitariak. Telebistaz hainbat bider ikusitako hegazkinen kolpea lekuan bertan imajinatzen saiatzen da. Izan ere, han historia garaikideko pasarte garrantzizko bat gertatu zela sentitzen da. Horregatik, akaso, bertaratzen denak, momentua bere kamerarekin jaso nahi izaten du.
Urtean bederatzi milioi bisitari pasatzen dira bertatik. Manhattango inguru honetan, erasoen aurretik sei hotel eta 2.300 logela zeuden. Geroztik, 18 hotel eta 4.000 logela.
Hiriko turismoa bultzatzeko ardura duen NYC & Companyko zuzendari George Fertittak dioen bezala, «asteko egun guztietan, 24 orduz martxan dagoen auzoa da. Manhattango behealdea momentu gozoa bizitzen ari da, eta jende guztiak etorri nahi du hona».
World Trade Center finantza munduaren sinboloa izan zen urte askoan. 60ko urteetan, Manhattango hegoaldeari bizia eman nahi zitzaion garaian eraiki zituzten Dorre Bikiak, zeinek 110 pisu zituzten. Chicagoko Willis Tower eraiki aurretik, 1972. eta 1973. urteetan, munduko eraikinik altuenak ziren. Guztira, bulego gisara erabiltzeko 1,24 milioi metro koadro zituzten Mimoru Yamasakik diseinatu dorre haiek.
World Trade Center deituriko gunea beste bost eraikinek eta lur azpiko sei solairuk osatzen zuten: Marriot Hotelak (WTC 3) eta WTC 4, 5, 6 eta 7 eraikinek. 50.000 lagunek lan egiten zuten.
Irailaren 11koa ez zen eraikin horien historiako lehen erasoa izan: 1993ko bonba atentatuetan sei pertsona hil ziren eta 1.000 zauritu. Duela hamar urte, berriz, bi hegazkinen bidez dorreak jo eta behera bota ondoren, 2.753 pertsona hil ziren, eta inguru guztia suntsitua geratu zen.
Itxura hau izango du World Trade Center berriak
Eraikin berriak
2013. urtean bost eraikin izango ditu World Trade Center (WTC) gune berriak. Dagoeneko WTC 7a eraikita dago, obra hondakinak garbitzea bukatu eta 2002an berehala hasi baitziren hura egiten. 2006rako amaituta zeukaten.
Liebermanek diseinatutako Freedom Tower (Askatasunaren dorrea) izango da eraikin nagusi eta ikusgarriena. 104 solairu izango ditu eta, oraingoz, 80tik gora eraikita daude. 541 metroko altuera izango du, Dorre Bikiek baino 124 metro gehiago.
Historiako eraikinik garestienetakoa izaten ari da, metro karratuko 7.000 euroko kostuarekin.
Izenarekin ere izan da eztabaidarik: New York eta New Jerseyko Portu Agintaritzako zuzendariak, Christopher O. Ward-ek, birbataiatu egin baitzuen Liebermanen dorrea: One World Trade Center deitu dio, «New Yorkeko biztanleek ez dutelako askatasuna izena duen dorrerik behar. Irailaren 11 baino lehen askeak ginen, eta askeak gara gaur egun ere».
Wardek agintea hartu zuenetik, 2008. urtetik, 3.000 milioi dolar handitu da aurrekontua. Kapital pribatu eta publikoa erabiliz, 20 bilioi dolar baino gehiago kostako da gunea berreraikitzea, oraingo aurreikuspenen arabera.
Gune berria beste ikuspuntu batetik begiratuta
Beste lau eraikin ere izango ditu, bakoitza altura batekoa: 200 Greenwich Street, 175 Greenwich Street eta 150 Greenwich Street izango dira WTC 2, 3 eta 4 eraikinak. 2015. urterako, seigarrena izango litzatekeena, 130 Liberty Street dorrea eraikitzeko asmoa ere badago.
Bulegoez gain, jatetxe, kafetegi eta dendarik ez da faltako eraikin berrietan.
WTCko Dorre Bikiak baino askoz ere gehiago galdu zen, ordea, 2001eko egun hartan AEBetan. Erasoan hildakoen oroimena bisitari gehienengan presente badago ere, etorkizunekoei arkitekturak gogoraraziko die.
Oroimenaren presentzia
Aurkeztu ziren 5.000 proiektu ingurutik Michael Arad eta Peter Walkerren Reflecting absence proiektuak irabazi zuen lehiaketa. Dorre Bikiek betetzen zuten espazioa abiapuntutzat hartzen du haiek proposatutakoak, eta bi etxe orratzek zoruan utzitako aztarnak lur azpirantz doazen bi iturri putzu bilakatuko dira. Alboetako hormetatik behera ur gortinak izango ditu. Brontzezko plaketan 2001eko irailaren 11n New Yorken, Pennsylvanian eta Washingtonen hildako 2.983 lagunen izenak irakurri ahal izango dira, eta baita 1993ko otsailean World Trade Centerren eztanda egin zuen bonbaren ondorioz bizia galdu zuten seirenak ere.
Memorial 9/11. Biktimen omenezko memoriala
Beherago, lur azpian, jendearentzako pasabideak egin dituzte, eta National 9/11 Memorial Museumera –gertakari haiek eta ondorena gogoratzeko zabalduko duten museoa– joateko erabili ahal izango da. Hiriko metro zerbitzuaren geltokirako edo New Jerseyra Hudson ibaiaren azpitik doan PATH trenerako pasabide berria ere azpialdean egongo dira. Santiago Calatravak diseinatutako sarrera ikusgarritik behera jaitsi beharko da trena hartzera.
Zero eremuaren gainean, berriz, kalearen mailan, 400 haritzez osatutako gune bat eraiki da, Memorial Plaza deiturikoa, eta haritz horien artean egongo da Survivor tree, obra hondakin artetik bizirik atera zuten zuhaitza.
400 haritz landatu dituzte memorialeko parkean
Hamargarren urteurrena
Irailaren 11ko erasoen hamargarren urteurrena gogoratzeko, igandean, biktimen familiartekoekin ekitaldi berezi bat egingo da gune berrian, eta hurrengo egunetik aurrera 9/11 Memorial deiturikoa jende guztiarentzat irekita geratuko da. Ez da dirurik ordaindu beharko bertara sartzeko, baina, milioika bisitari interesatuta egon litezkeela kontuan izanda, Internet bidez egin beharko da erreserba. Orduro 1.500 pertsona pasatuko dira bertatik.
Dagoeneko turista gidetan nabarmen agertzen bada ere, eta nahiz eta oraindik luze joko duten eremu guztiko berreraikitze lanek, Askatasunaren Estatua, Empire State, Times Square eta Central Parkekin batera, hiriko tokirik bisitatuena izaten jarraituko du World Trade Center guneak kanpotarrentzat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario