(BERRIAn argitaratua. Larrepetit. 2011-09-03)
Astebete barru beteko da bi hegazkinek World Trade Centerreko dorre bikiak jo eta behera bota zituzteneko hamargarren urteurrena. Eta zenbaitzuek urrez betetako mehatzea aurkitu dute obra hondakin artean.
The Village Voice doako astekariak bere azkeneko zenbakian erakutsi ditu atentatu haien aitzakian erakunde eta banakako batzuen azken hamarkadako patrika betetzeak.
Vincent Forras 54 urteko suhiltzaile boluntarioak dio dorreak erori eta hondakinen artean geratu zela bi orduz harrapatuta (bere kideek ez diote sinesten). Jaungoikoak irteera nola aurkitu erakutsi eta hurrengo asteetan zero gunean laguntzen egon ondoren, gaixorik jarri zen. Segidan etorri dira komunikabideak, mundu osoan zeharreko bidaiak,kontakizunak,argazkiak agintariekin, dirua biltzeko kanpainak… Forras jauna forratzen ari da.
Rudolph Giuliani orduko New Yorkeko alkateak 20 milioi dolar irabazi dituela esaten da erasoei buruzko hitzaldiak eskaintzen.2,7 milioi dolar aurretik kobratuta liburua ere idatzi zuen. Ez da,ordea,bakarra: guztira,datozen sei hilabeteetan atentatuei buruzko 85 liburu kaleratuko direla aurreikusita dago.
19,11 dolarrengatik Long Island Wineryk ekoitzitako 9/11 izeneko botila bat ardo edan dezakezu,edo 99 dolarrengatik hondakinetatik berreskuratutako zilarrarekin egindako txanponak erosi.102 dolar besterik ez zaizu kostatuko suhiltzaileen benetako uniformea eskuratzea (kasko eta guzti),edo euria egiten duenean 19,95 dolarretako omenaldiaren aterkiarekin ez zara batere bustiko.
Zero gunea berreraikitzeak 10 bilioi dolarreko kostua izango zuela uste izan zuten 2002an Gaurgaurkoz, 20 bilioi dolarretara igo da kopurua.Negozio aparta!
Izan ere, eraikuntza enpresek, aseguru etxeek,segurtasun enpresek, abokatuek,gobernuz kanpoko erakundeek, liburu editoreek,kamiseta egileek, ipuin kontalariek,hot dog saltzaile eta bidaia agentziek, denek entzun dute «txin-txin, txintxin, diruaren hotsa».
No hay comentarios:
Publicar un comentario