BERRIAn argitaratua, 2011-12-20
Kanpoko hotza Euskal Etxean sortutako giroak epeldu zuen, larunbatean,New Yorkeko santomasetan
Brooklynen, Greenpoint auzoan, dagoen Euskal Etxean arratsaldeko lauretarako zegoen hitzordua egina. Ordurako dena prest zuten San Tomas eguna antolatzen gogor lan egin zutenek. Denetariko postuak jarri zituzten aretoan, eta San Tomas egunari dagokion bezala, txistorrik ez zen falta izan, taloarekin nahiz ogi artean. Hura izan zen urdailak baretzeko modua. Jandakoari bultza egiteko, berriz, sagardoa eta ardoa. Ez zen handik inor goserik edo egarri atera.
Euskal Etxeko kideez gain, urtetan bertaratu gabeko zenbaitzuk, estatubatuarrak eta munduko hainbat herrialdetakoak, inguratu ziren Eguberri atariko festara. Baita bisitan hirian ziren euskal herritarrak ere.
Garaiak hala eskatuta, Eguberri giroko kantuak abestu zituzten. Bi otarren zozketa egin zuten, baita txerritxo batena ere. New Yorken, aurten, trapuzkoa, txerritxo panpina, izan da protagonista.
Etxeko txikienak Olentzeroren etorrerarekin aztoratu ziren. Haren magalean eseri, eta urte osoan nola portatu diren kontatzeko modua izan zuten, eta opariak eskatzekoa, noski. Handiagoek, berriz, jai giroan, dantzan, tertulian gozatu zuten. Eguberriei hasiera emateko aparteko jaia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario