Mostrando entradas con la etiqueta Euskal Etxea. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Euskal Etxea. Mostrar todas las entradas

2011/12/19

San Tomas eta Olentzero, lehenago New Yorken

BERRIAn argitaratua, 2011-12-20




Kanpoko hotza Euskal Etxean sortutako giroak epeldu zuen, larunbatean,New Yorkeko santomasetan



           Brooklynen, Greenpoint auzoan, dagoen Euskal Etxean arratsaldeko lauretarako zegoen hitzordua egina. Ordurako dena prest zuten San Tomas eguna antolatzen gogor lan egin zutenek. Denetariko postuak jarri zituzten aretoan, eta San Tomas egunari dagokion bezala, txistorrik ez zen falta izan, taloarekin nahiz ogi artean. Hura izan zen urdailak baretzeko modua. Jandakoari bultza egiteko, berriz, sagardoa eta ardoa. Ez zen handik inor goserik edo egarri atera.

 Euskal Etxeko kideez gain, urtetan bertaratu gabeko zenbaitzuk, estatubatuarrak eta munduko hainbat herrialdetakoak, inguratu ziren Eguberri atariko festara. Baita bisitan hirian ziren euskal herritarrak ere. 

Garaiak hala eskatuta, Eguberri giroko kantuak abestu zituzten. Bi otarren zozketa egin zuten, baita txerritxo batena ere. New Yorken, aurten, trapuzkoa, txerritxo panpina, izan da protagonista. 

             Etxeko txikienak Olentzeroren etorrerarekin aztoratu ziren. Haren magalean eseri, eta urte osoan nola portatu diren kontatzeko modua izan zuten, eta opariak eskatzekoa, noski. Handiagoek, berriz, jai giroan, dantzan, tertulian gozatu zuten. Eguberriei hasiera emateko aparteko jaia.


2011/01/24

Danborrada Euskal Etxean






50 bat lagun elkartu ginen larunbatean Brooklyngo Euskal Etxean, urtarrileko hilabeteari zegokion afarian. San Sebastian eguna pasa berri denez,  kolore  txuri urdinak izan zituen afariak: dekorazio moduan jarritako kolore horietako globoak ugari ziren Euskal Etxeko aretoan.

Ateak ireki eta afaldarrak pixkanaka-pixkanaka joan ziren iristen. Barruan dagoen tabernako barraren inguruan bilduta, lehendabiziko tragoak hartu zituen jendeak. Aspaldian ikusi gabeko lagun eta ezagunak agurtu bitartean, sukaldetik zenbait kroketa ekarri zituzten zenbaitzuen urdaileko hotsak isil arazteko. Berehala hasi zen ordea afaria: arrain zopa, gulak, haragia piper gorriekin eta txanpiekin lagunduta, eta almendrazko pastela eta izozkia.  Ederra zegoen afaria. Afaldarrek Amaiur eta Jon sukaldariak txalo zaparrada luze batez eskertu zituzten.

Postrearen ostean iritsi zen azkeneko urteetan ohitura bilakatu dena: danborra jotzea. Horretarako urte osoan ondo gordeta izaten dituzten taulak eta makilak banatu zituzten. Santi Egaña donostiarra ere bertan zen. Bera da zuzendari lanak urte hauetan guztietan egin dituena. Eta benetan doinu horiek guztiak barru-barruan sentitzen dituela argi geratu zen. Saiatu zen makilarekin egurra noiz jo ondo adierazten, baina makina bati kosta zitzaien ederki erritmoa jarraitzea. Sarriegik burua altxako balu eta bere martxa horrela jota entzun!
        
           Ez ziren doinu asko izan. Dozena erdi inguru. Gehiegi gabe, neurrian. Handik aurrera, askok etxerako bidea hartu bazuten ere, tertulia ederrean jarraitu zutenak ere izan ziren, “San Sebastianen” omenez topa eginez. 

            Hurrengo afaria otsailean izango da Brooklyngo euskal etxean.

2011/01/18

San Sebastian ere ospatuko da New Yorken

                                2010eko danborrada Brooklyngo Euskal Etxean

Danbor doinuak baita Brooklynen eta Shanghain ere
 
Larunbatean ospatuko dute San Sebastian eguna New Yorken eta Shanghain bizi diren euskal herritarrek.

Ez da Donostiako eta Azpeitiko danbor edo upel hotsik izango, baina Brooklynen (New York) dagoen Euskal Etxean elkartuko diren askok Euskal Herrian egongo balira bezala sentituko dute Sarriegiren
San Sebastianmartxa.

Bi eguneko atzerapenez iritsiko da egun handia New Yorken bizi diren donostiar eta azpeitiar askorentzat. Larunbatean ospatuko dute San Sebastian eguna Shanghain ere; desfilea egin, eta afaldu
egingo dute Euskal Etxean.

80 bat lagun inguratuko dira New Yorkeko Euskal Etxera, eta, azken urteetan bezala, afariaren ostean, hain ezagunak diren doinuen erritmora, makilekin egurrezko taulak joko dituzte. Entsaiorik gabeko emanaldia dela kontuan izanda, eta afalosteko berotu aldiagatik edo norberak izan ditzakeen urduritasunen eraginez, kostako da ederki denak batera eta aldi berean erritmoa eramatea. Baina egun horretan hori izaten da gutxienekoa. Santi Egaña donostiarra arduratu izan da orain arte zuzendariaren makila hartu eta afaldarrak gidatzeaz, eta aurten ere han izango da, eta zuzendari lana ederki beteko du.
Arratsaldeko zortziak aldera hasiko da Euskal Etxean San Sebastian eguneko afaria. Ordu batzuk lehenagotik arituko dira sukaldean dena prestatzen Jon Cerezal eta Amaiur Olaskoaga. Itsaso Auzmendiri eta Edurne San Sebastiani egokitu zaie aurten pintxe lanak egitea. «Afari ederra prestatuko dugu», esan du Cerezalek. Euskal Herriko toki gehienetan bezala angularik ez da izango New Yorken.

Ez ditu urte asko San Sebastian eguna New Yorkeko Euskal Etxean ospatzeko ohiturak. 2002an, Gaztelubideko abesbatza eta Juan Mari Abad danbor nagusiaren bisita jaso zuten, eta oparitan,
egurrezko taulak eta makilak ekarri zizkieten. 2007an, San Sebastian egunez egokitu zen urtarrileko
hilabeteari zegokion afaria, eta aukera ona iruditu zitzaien urte batzuk lehenago jasotako opariak estreinatzeko. Urte hartan entzun ziren lehendabiziko aldiz doinu ezagunak. Geroztik
ez du ospakizunak etenik izan. Urtero egiten da New Yorkeko Euskal Etxean San Sebastian eguna,
gertuen tokatzen den larunbatean. Eta, bertara biltzen den jende kopurua ikusita, ez dago ukatzerik
New Yorken bizi diren euskaldunek egun hori gustuko dutela.