Mostrando entradas con la etiqueta Diaspora. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Diaspora. Mostrar todas las entradas

2011/02/07

Charlie Arturaola

Hemen daukazue BERRIArako Charlie Arturaola somellierrari buruz egin dudan erreportajea.



(BERRIAn argitraratua 2011-02-06)

Ahosabaia galdutako ardozaina

Charlie Arturaola hiztun aparta da, baina batez ere bi gai ahotan hartzen dituenean antzematen zaio pasioa: ardoaren mundua da bata, eta euskaldun jatorria bestea.Ardoari buruzko dokumental bat egin berri du.

Garikoitz Udabe New York

Gaur egungo sommelierrik ezagunenetako bat da Charlie Arturaola. Uruguain jaio zen, Montevideon, duela 49 urte. «Bordaberry diktadorearen garaikoa naiz ni», dio Arturaolak. «Aitona nuen Euskal Herritik etorritakoa. Gaztelu, Leaburu ingurukoa da familiaren jatorria. Baina 66 urterekin, gazterik hil zen bera, eta aita, berriz, 39rekin alargundu zen. Horregatik, amonak hazi gintuen, eta euskal erara egitea erabaki zuen, gure jatorria zein zen argi utziz beti».

Komunikazioaren mundua gustatzen zitzaion. «Eta nire  helburua hori ikastea izan zen», gogoratu du Arturaolak. Irratian hasi zen lanean, tango doinuak entzun eta eguneko tituluak kontatzen ziren saio batean. Gerora, ordea, gobernu etxera bidali zuten,  prentsaurrekoetara, eta, azkenik, «futbol partidak ematen hasi nintzen, egun bateko kontakizunean greba bati buruz hitz egin nuen arte, eta bota ninduten arte». 

Bizitzak, ordea, herrialde askotara eta zeregin oso desberdinetara eraman du Charlie Arturaola. Sukaldaritza mundutik hasi eta hotelen antolaketan ardurak izaterainoko lanak izan ditu, itsas bidaldietan ere lan egindakoa bera. «Baina, bizitzaren jirabirengatik,ardoen munduan burubelarri sartu nintzen duela 25 urte». Ordurako ez zitzaion arrotza ardoaren usaina. «Gure aitonak mahatsondoa zuen etxean, eta gerora ere aitak 250 litro egin izan ditu urtero». Baina Italia, Frantzia, Espainia, Argentina eta beste hainbat lurralde ezagutu eta bisitatu ostean, «autodidakta izan naiz, eta hainbat kulturatatik jaso dut ardoaren inguruko jakintza».



Dokumental arrakastatsua

Horregatik, gaur egun sommelierrik ezagunenetakoa da Charlie Arturaola AEBetan eta munduan. Ardoen arteko lehiaketarik garrantzitsuenetan epaimahai izateaz gain, unibertsitateko irakasle, jaialdi  garrantzitsuenetako hizlari, probaketetako maisu eta, nola ez, hainbat hotel kate ezagunetako ardo aholkularia da.

Ardandegi askotako upelak eta upategiak ondo ezagutzeaz gain, merkatuari ere ondo erreparatzea tokatzen zaio: «Askok hala uste badute ere, New York eta Londres ez dira gaur egun ardoaren zentro; Hong Kong etaShanghaik hartu dute lekukoa». Horregatik ariko da txinera ikasten.

El camino del vino (ardoaren bidea) izeneko dokumentalerako hasierako ideia munduko lau edo bost sommelier onenak elkartzea izan zela gogoratu digu Arturaolak, eta bera moderatzaile gisa aritzea. «Baina Nicolas Carreras zuzendariak esan zidan hori oso aspergarria zela, eta beste zerbait proposatu zidaten: ‘zergatik ez diguzu zure historia kontatzen?’ ». Hasieran proposamena harrituta hartu bazuen ere, berehala konbentzitu zuten Arturaola.

Dokumentaleko protagonist hura da, baina hari nagusia eramateko, fikzioa sartzea erabaki zuten. «Eta horregatik ageri naiz ni ahosabaia galduta, gaur arte ikasita neukan guztia bereizteko gai ez naizela, zaporeak bereizteko ahalmena galdu dudalako».

Zaporeen bila, ahosabaia berreskuratzeko lanetan, Argentinako Mendoza lurraldeko mahastietara joko du, bai eta bere jaioterrira ere, sorterrira, Uruguaira.

«Botila bat ardoren atzean dagoen lanaz gain, beste gai asko lantzen dira dokumentalean: etorkin izatea, familia…», gaineratu du Arturaolak, «baina helburu nagusia jendea heztea da».

Eta momentuz harrera ezin hobea izan du filmak. Mar de Platan (Argentinan) egiten den zinemaldian Fipresci Prentsa Zinematografikoaren Nazioarteko Federazioaren saria eskuratu baitu El camino del vino-k. «Orain, Berlinera goaz, eta ea han zer gertatzen den», dio Arturaolak, «baina ez daukagu bide honetan geratzeko asmorik». Oso pozik dago lortutakoarekin: «Mahatsondo baten azpian hazitako gizon honen bizitza kontatzea, eta hori gustatu izana, ederra da gero».

Dokumentalaren bukaera aldera ikurrin bat ageri da, «momenturen batean agertzea nahi izan nuelako». Izan ere, joaten den tokira joaten dela, nongoa den galdetzen dioten bakoitzean «euskalduna» dela erantzuten du berak, «Euskal Herritik Uruguaira joandako etorkinak baikara». Eta hala ezagutzen dute Charlie Arturaola. Bost hizkuntza hitz egiten ditu, eta «euskarari heltzeko gogo handia» duela dio 90etik gora herrialdetako zigiluak pasaportean dituen eta Miamin bizi den gizonak.

Bidaia asko egiten ditu itsasoz beste aldera, eta gertuan badabil, berehala egiten du geldialdia Euskal Herrian, «eta sagardotegiren baterako bisita ez da urruti izaten». Realaren jarraitzaile amorratua izateaz gain, txakolinzalea da, eta «ezagunagoa egitearen aldekoa» ere bai. «Horretarako, kanpaina jakinak egingo nituzke, ahosabai gazteei horren plazera erakuste aldera». Jatorri izenen inguruan ere guda handiegiak daudela pentsatzen du eta hori ez dela ona. Miamiko Jai Alai frontoietako makina bat pilotariri txakolin kaxak ekarri eta saldutakoa dela ere aitortu digu Arturaolak.

Sukaldean aritzea ere gustatzen zaio, eta «bakailaoaren aldekoa » dela oso garbi esatea. Ziur platerari laguntzeko ardo onik ez dela faltako mahaian.



2011/01/18

San Sebastian ere ospatuko da New Yorken

                                2010eko danborrada Brooklyngo Euskal Etxean

Danbor doinuak baita Brooklynen eta Shanghain ere
 
Larunbatean ospatuko dute San Sebastian eguna New Yorken eta Shanghain bizi diren euskal herritarrek.

Ez da Donostiako eta Azpeitiko danbor edo upel hotsik izango, baina Brooklynen (New York) dagoen Euskal Etxean elkartuko diren askok Euskal Herrian egongo balira bezala sentituko dute Sarriegiren
San Sebastianmartxa.

Bi eguneko atzerapenez iritsiko da egun handia New Yorken bizi diren donostiar eta azpeitiar askorentzat. Larunbatean ospatuko dute San Sebastian eguna Shanghain ere; desfilea egin, eta afaldu
egingo dute Euskal Etxean.

80 bat lagun inguratuko dira New Yorkeko Euskal Etxera, eta, azken urteetan bezala, afariaren ostean, hain ezagunak diren doinuen erritmora, makilekin egurrezko taulak joko dituzte. Entsaiorik gabeko emanaldia dela kontuan izanda, eta afalosteko berotu aldiagatik edo norberak izan ditzakeen urduritasunen eraginez, kostako da ederki denak batera eta aldi berean erritmoa eramatea. Baina egun horretan hori izaten da gutxienekoa. Santi Egaña donostiarra arduratu izan da orain arte zuzendariaren makila hartu eta afaldarrak gidatzeaz, eta aurten ere han izango da, eta zuzendari lana ederki beteko du.
Arratsaldeko zortziak aldera hasiko da Euskal Etxean San Sebastian eguneko afaria. Ordu batzuk lehenagotik arituko dira sukaldean dena prestatzen Jon Cerezal eta Amaiur Olaskoaga. Itsaso Auzmendiri eta Edurne San Sebastiani egokitu zaie aurten pintxe lanak egitea. «Afari ederra prestatuko dugu», esan du Cerezalek. Euskal Herriko toki gehienetan bezala angularik ez da izango New Yorken.

Ez ditu urte asko San Sebastian eguna New Yorkeko Euskal Etxean ospatzeko ohiturak. 2002an, Gaztelubideko abesbatza eta Juan Mari Abad danbor nagusiaren bisita jaso zuten, eta oparitan,
egurrezko taulak eta makilak ekarri zizkieten. 2007an, San Sebastian egunez egokitu zen urtarrileko
hilabeteari zegokion afaria, eta aukera ona iruditu zitzaien urte batzuk lehenago jasotako opariak estreinatzeko. Urte hartan entzun ziren lehendabiziko aldiz doinu ezagunak. Geroztik
ez du ospakizunak etenik izan. Urtero egiten da New Yorkeko Euskal Etxean San Sebastian eguna,
gertuen tokatzen den larunbatean. Eta, bertara biltzen den jende kopurua ikusita, ez dago ukatzerik
New Yorken bizi diren euskaldunek egun hori gustuko dutela.