2013/03/23

Alkate umezaina

BERRIA, Larrepetit, 2013-03-23



          Egunkari honek «umezain estatua» du izena. Eta hara New Yorkeko edizioan zer titular dakartzan gaur: «Bloomberg-ek zigarroak ez ditu bistan nahi». «Alkateak autobus eta metro zerbitzuak eten ditu. Oinez ibili. Ona da zuretzat». «Broadwayko ikuskizunetako atsedenaldietan saltoka egotea derrigorrezkoa izango da». «Igogailuak, legez kanpokoak. Eskailerak igo, eta bizi luzeago». «Pazko arrautzek gorringorik gabekoak izan beharko dute, kolesterolari aurre egiteko». «New Yorkeko maratoia, orain derrigorrezkoa da». «New Yorkeko leloa aldatu du alkateak: lo egiten duen hiria izango da hemendik aurrera».

          Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak urte hauetan guztietan «hiritarren osasunaren alde» hartu dituen neurriak gehiegizkoak direla salatzeko ikusi dudan fikziozko egunkari baten azala da honako hau.

          Alkatetza hartu zuenetik, tabakoaren aurkako neurriak hartzeari ekin zion: toki publikoetan erretzea debekatu zuen, prezioak izugarri garestitu ditu. Jakiek zenbat kaloria dituzten erakutsi beharra daukate. Tabakoaren edo edari azukredunen kalteez ohartarazteko kanpaina gogor eta zuzenak egin ditu. Litro erditik gorako edari azukredunak debekatu nahi izan ditu (epaile batek geldiarazi du neurria). Eta aste honetan, tabako paketeak saltokietan begi bistatik kendu nahi dituela iragarri du.

          «Alkate umezain» bataiatu dute batzuek hemen. Hiritarrei zer komeni zaien eta zer ez esateko joera izan du. Eta gauza bat da legea eta arautegia osasun politika publiko onak egiteko erabiltzea. Eta beste bat da pertsonalki gustatzen ez zaizkion eta legezkoak diren aktibitateak mugatzeko erabiltzea bere boterea.

          Debekuetan baino gehiago sinesten dut hezkuntzaren eraginkortasunean. Denbora gehiago behar izaten du, baina, luzera, eraginkorragoa dela uste dut. Eta norbanakook erabakitzeko dugun askatasuna babestuago ikusten dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario