Mostrando entradas con la etiqueta osasuna. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta osasuna. Mostrar todas las entradas

2013/06/08

Buruaren kontrola

Larrepetit, 2013-06-08



          Pertzepzioa da, ustea, baina gero eta etxerik gabeko gehiago ikusten da New Yorken azken aldi honetan. Ez da nirea bakarrik: inguruko hainbatek ere gauza bera ikusten dute. Eta horren arrazoietako bat ditxosozko aurrekontu jaitsiera da.

          Kalean, aterpetxeetara joan gabe ikusten diren etxerik gabeko gehienek buruko gaitzak izaten dituzte edo osasun arazo larriak. Eta lehendik urriak ziren haiei laguntzeko zerbitzuek diru gutxiago dutenez, errealitate gordin hau bistakoagoa da kalean.

          Estatu Batuetako Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroak eman berri dituen datuei erreparatu: bost estatubatuarretik batek du buru osasun arazoren bat, eta 3 eta 17 urte arteko haurretan ere portzentaje bera mantentzen da. Urtero 45 milioi estatu batuarrek izaten dute depresioa, elikaduraren trastornoren bat, trauma ondorengo estresa edo droga kontsumoen ondorioren bat. Eta gaixo hauen ehuneko 60a ez da sekulan sendabidean jartzen. Umeetan, erdiek bakarrik jasotzen dute tratamenduren bat.

          Zifrak handiak dira. Izugarriak. Eta gaiari adarretatik heldu beharrean eta aurrerapauso bat eman beharrean, alderantzizkoa egin da: 4.500 milioi dolarretan moztu tratamenduetarako diru laguntzak.

          Gaixo hauek ilunpetatik atera behar direla esan berri du Obamak. Seguruenera, Estatu Batuetan gertatu diren hilketarik handienen egileek patologia psikiatrikoren bat dutela gogoan izanda.

          Osasuntsu dagoen gizarte batek buru osasuna ere maila berekoa izaten du; baina burua ondo duena kontrolpean izatea, mantentzea, askoz ere zailagoa izaten da. Beraz, horrekin ondoriozta dezakegu botereei komeni zaiela buruaren kontrola izatea!

          Puf! Herrialde honetako konspirazioaren teorien etenik gabeko susmoak hezurretaraino sartu zaizkidala konturatu naiz. Nire buruak ere terapia behar ote du?

2011/02/04

Alkatearen kanpainak


Michael Bloomberg da New Yorkeko alkatea, eta bere agintaldiko ezaugarrietako bat izango da, zalantzarik gabe, gizentasunari aurre egiteko eta tabakoaren kontrako kanpainak egitea.  Hiriko telebista kate, egunkari, aldizkari eta irratietan egindako kanpaina hauek  zuzenak eta zenbaitzuetan irudi gogorrekin osatu dituzte, erdi biderik gabe.  Hara hemen adibide bat.


Oso normalak ziren orain arte, parkeetara inguratu eta lasai patxadan eserita jendea habanoari tiraka ikustea, pipa erretzailearen tabakoa usaintzea, edo  lagun parea zigarreta batak besteari eskaintzen topatzea.  Laster,  horrelako irudiak akabo.  Hirian erretzaileren bat topatu nahi badugu, etxe pribatuetara jo beharko dugu.  Hantxe bakarrik gozatu ahal izango dute eta erretzearen plazeraz (antzematen da erretzaile ohia naizela ezta?).


New Yorkeko biztanle askok pentsatzen dute alkateari  eskua joan zaiola gai honetan eta urrunegi joan dela. Asko dira, sututa eta kea dariola dauden hiritarrak. Eta herrialde hau egunez egun gehiago ezagututa, ez nintzateke batere harrituko eztabaidak epaitegian bukatuko balu eta azkeneko hitza epaile batek izango balu. 

Momentuz erabakia hartuta dago. Sinatu eta 90 egunetara sartuko da indarrean.  

Edari freskagarrien azukre kopuruaren aurkako kanpaina eta erretzeari uzteko kanpaina  egin ditu.  Zer ote du hurrena jomugan alkateak? Kutsadura akustikoa? Argi kutsadura ? Aiiii, ameslaria ni!