2011/05/03

Bin Laden hil dute



(BERRIAN argitaratua, 2011ko maiatzaren 3an)
New Yorken, egun seinalatua

AEBetan lagun ugari atera da kalera albistearen berri izatean; New Yorkeko zero eremuan bildutako lagunek justizia egin den ustea dute orain.

Garikoitz Udabe New York

Zero gunera inguratuz gero, ez dago gaur zarata desberdinik: Dorre Bikiak zeuden lekuan lanean ari diren makinek ateratzen dutena nagusitzen da, eta eguneroko eta ohiko zirkulazioarena. Baina antzematen da ez dela besteak bezalako egun bat. Polizia asko dago zero gunean. Manhattango mutur horretan, txoko bakoitzean, izkina bakoitzean, aurki liteke polizia bikoteren bat zirkulazioa gidatzen edo jendearen emana arindu nahian. Izan ere, horixe da gaur antzeman den aldaketa: normalean baino lagun gehiago gerturatu dela. Turistak, langileak, auzokoak, senideren edo lagunen bat galdu zutenak, ikusmiran ari direnak. Argazki kameren flaxen argiak ikustea ohikoa bada, gaur etenik gabe ari dira; Osama Bin Laden hil ondorengo eguna betiko iruditan gorde nahian dabiltzanak mordo bat dira.



Zero eremuaren inguruko kaleak hesitzen ari dira goiz-goizetik. New York Polizia Departamentuko langileak ari dira horretan bertaratu litekeen jendea antolatzeko edo. Nahiko lan badute ere, bertan dauden komunikabide guztientzat tokia egiten. Izan ere, mundu guztiko telebista, irrati eta egunkarietako kazetariak daude zero eremuan. Belarria jarri besterik ez dago zenbat hizkuntzatan ari diren albiste bera kontatzen jabetzeko.

 Egun seinalatua da dudarik gabe. Albistearen zain zeuden asko aspaldidanik, ia hamarkada bat une honekin amets egiten. Irailaren 11ko goiz hartan Dorre Bikien kontra leherrarazi zituzten bi hegazkinen irudiekin esnatu ziren estatubatuarrak, eta orain eraso horien erantzulearen hilketarekin iratzarri dira. Bada, ordea, albistearekin oheratu zenik eta horren berri izatean kalera atera zenik ere.

Washington eta New York izan dira ospakizun jendetsuenak bildu dituzten bi hiriak. Bietan, jendea kontentu, eta irribarre batekin ahoan, hilketaren mezua sakelako bidez zabaldu ahala kalera atera baitira. Times Squarren suhiltzaileen poza ezkuta ezina izan zen. Bertan zeuden hiritarrekin ospatu zuten albistea.



Ikurrak eta mezuak

Greg da goizean zero gunera inguratu den suhiltzaileetako bat. Hasperen egiten du. Kide asko galdu zituen atentatuetan. «Ez dakit nola esan, baina ongi sentitzen naiz, hori da hitza, ongi sentitzen naiz», erantzun du.

Ondotik 40 urte inguruko gizonezko bat pasatu da, bandera estatubatuarra bizkarretik zintzilik duela. Atzera eta aurrera dabil, geldiunerik gabe, ezer esan gabe, baina honako mezu hau zabaldu nahiko balu bezala; «zuengatik, hemen geratu  dinetenengatik, hil dugu erantzulea».

Handik metro gutxira, zero gunean eraikitzen ari direnari begira jarrita dago emakume afroamerikar bat. Eskuetan Barack Obamaren argazki handi bat hartuta dauka. Parean pasatzen den guztiari erakusten dio «Obama presidenteak harrapatu du Bin Laden, ez ahaztu» esanez.

           Lee gerra beteranoa eseri zaio ondoan, eta biak ados daude: «Justizia egin da». Isilik geratu dira dorreek utzitako hutsunean begirada galduta. Urte hauetan guztietan doluaren ikur bilakatu da eremu hori. Atseden har bezate irailaren 11ko biktimek idatzita dago gizonezko afroamerikar batek helduta daukan txartel batean. Turistek argazkiak ateratzen dizkiote.

Irailaren 11ko atentatuen ostetik, hiriko edozein txokotan aurkitu litezke bandera amerikarrak zintzilik: suhiltzaileen kamioietan, leihoetan, motxiletan, arropan edo paparrean. Akaso norbaitek ahaztua ere izango zuen haren bila jarraitzen zutela, baina albistea jakin bezain pronto, kalera atera dira.Yolanda eskuko banderak saltzen ari da: «42. Kalean egon nintzen atzo, eta izugarri saldu genuen. Eta gaur ere oso ongi ari gara saltzen hemen zero eremuan». Bost dolar balio du eskuko bandera handiak, eta bi dolar txikiak. Jendeak erosi egiten ditu, eta haizearen erritmora dantzan jartzen dituzte zero gunean oraindik dagoen zuloari begira.



Atentatuetan 2.750 lagun hil ziren, eta Dorre Bikiak zeuden lekuan dauden horietako askoren errautsak, zulo hartara erori ziren atentatu haietako hildakoak. Haiek familiartekoetan utzitako hutsunea, ordea, handiagoa izango da, eta akaso horregatik jarri dituzte loreak. Lanak babesteko hesietan daude, edonon, loreak zintzilikatuta, eta ondoan bandera estatubatuarrak. Horma horietako batean Daily News egunkariko gaurko edizioko bi lehen orri daude jarrita. Bin Ladenen aurpegia ikus liteke bertan. Turistak, banaka-banaka argazkiak ateratzen dituzte egunkaria eskuarekin seinalatuz, gaurko egunez hemen egon direla esan nahiko balute bezala.

Prentsa eskuetan

Mary Fetchetek semea galdu zuen atentatuetan. Irailaren 11ko Ahotsak elkarteko zuzendaria da, eta orain lasaiago hartzen duela arnasa dio: «Ongia gaizkiari gailendu zaiola sentitu dugu, eta gure fede hori indartu egin da orain, garaipen sinbolikoa eta morala da gizateriarentzat».



Italiakoa da Massimo, eta egun batzuk pasatzera etorri da hirira. New York Times egunkaria erosi du, eta hura eskuetan hartu eta argazkia ateratzen ari da, «gaurkoa egun berezia eta gogoratzekoa delako».

Zero gunean jendetza ibili da egun osoan. Bestetan baino gehiago. Baina bi kale  atzerago, hainbeste zalaparta eragin duen Cordoba meskita eraiki nahi duten lekuan, isiltasuna eta lasaitasuna da nagusi. Bi polizia patruila atean jarrita, eta ez dago besterik.

           Hirian zehar, Manhattanen esate baterako, metroan, polizia gehiago ikus liteke gaur. Eta zergatia hirian barrena dauden kioskoetara begiratuta eta egunkari azalak irakurrita jakin liteke: Bin Laden hil dute. Hainbeste polizia daudela eta, mendekuaren mamua oso urrun ez dabilela pentsatzen dutenak ere badira, nahiz eta, polizia iturrien arabera, «mehatxu zehatzik» ez dagoen.


(Argazki guztiak 2011ko maiatzaren 2an, goizean zero gunean ateratakoak dira. Egilea: G. Udabe)

2011/04/27

Turistak New Yorken

Staten Islande-rako ferryan Statue of Liberty-ri begira


Turista asko dabil egun hauetan New Yorken. Izugarri. Eta honek ez du etenik izango orain urrira arte edo. Nik ere izan ditut bisitak aurten, eta hiriko txoko ezagun eta ezezagun (interesgarrienak azken hauek dira) guztiak erakutsi nahi izan dizkiet Haritz eta Olatz aparteko bi laguni. Haiekin nenbilela, ordea, neroni ere kamera hartu eta argazkiak atera eta atera aritu naiz. Baina nire helburua ez dira tokiak eta paisaiak izan. Turistak beraiek baizik. Hemen duzue sorta txiki bat. Turistak, iruditan, argazkitan. Turistak New Yorken.



 Laukote afroamerikar bat kantari, eta tursitak aho zabalik

"I love NY", a ze negozioa!

"Eta hau gure etxeko salan jarriko bagenu?"

Zero gunean: "Hemen zeuden bi torreak eh?"

Downtown.

Turistak zezenaren adar artean, downtownen.


Wall Street: txin txin, txin txin, diruaren hotsa...

Argazki sesioa kalean. Nor ote da modeloa?

Brooklyn Bridge gainezka

Argazkiak ezinbestekoak zubiaren erditik

Askori berdin zaie iladan zenbat itxaron pizzarik famantuenetakoa
dastatzea lortzen badute


Argazki sesio gehiago...

DUMBOtik ikusita, Manhattan iluntzean

"Begira, zer lotsagabea!"

John Lennonen oroimenezko lekuan, abesbatza bat kantari

Turista senar txirrindulariak lurrean. Turista emazte argazkilariak,
bakoitza bere kamerarekin noski, gero etxekoei zein ongi pasa zuten 
erakusteko

Apple-en denda parean. Sagarraren inperioa...

Saint Patricks's Cathedral

Fifth Avenue, etorbiderik ezagunena turistentzat

Gran Central Stationen turista gazte kuadrila sabaiari begira
 
 High Line, deskantsurako tokia


Argazkien egilea: G. Udabe

2011/04/18

Korrika... New York

         

          Euskal Herrian ez omen du euririk egin Korrikaren 17. edizioan (hori da esan didatena). Ba, horko zaparrada falta guztiak hemen, New Yorken hartu genituen larunbatean. Ez zuen, ordea, batere importa. Bustitzera atera ginen denok. Euskaraz kaleak bustitzera eta hainbat aldarri oihukatzera: bederatzi milioi biztanle dituen hirian Euskara izeneko hizkuntza bat ere hitz egiten dela gogora arazi zitzaion New Yorkeko alkateari, besteak beste.

          McCarren Park eta 12. kalearen kantoian elkartu ginen pare bat dozena lagun, Brooklyngo Williansburg auzoan. Xirimiri (zaparrada) haizetsuak ez zituen hiri handiko hainbat euskaldun kokildu. Euskal Herritik oporretan etorritako lagunak ere tartean ziren. Horietako batzuk dagoeneko Korrikaren edizioan parte hartutakoak ziren. Eta egia esan, gutxi izango dira, bi aldiz korrika egin dutenak, eta itsasoaren alde banatara, agian bakarrak. Bejondeiela!

          Korrika egin, argazkiak atera, kalean harridura aurpegiarekin begira geratzen zirenei argibideren bat edo beste eman,... hori guztia egin zen New Yorkeko Korrikaren 17. edizioan. Testigu gisa adar bat eraman zen eta eskuz-esku pasatzen joan zen, Bedford Av-tik helmugaraino iritsi ginen arte. Bukaeran, irribarreak nabariak ziren aurpegietan, baina han elkarrizketa gutxi. Blai geunden gehienok. Horregatik hartu genuen handik ez oso urruti zegoen Eusko Etxerako bidea.

          Izan ere festak han jarraitu zuen. Arropak aldatu (aldatzeko eraman zutenek), lehortu eta orduan hasi zen Korrikaren bigarren festa: mahaiaren bueltan egiten den hori. Dilistak eta babarrun txuriak jateko. New Yorken egun horretan egin zuen eguraldiarekin ezinhobeto sartzen ziren biak ala biak. Giro apartean, eguzkia ere ezkutatu zen, eta ilargia atera. Bueno, ilargiak hor nonbait behar zuela imajinatzen dut. Lainoek ez baitziguten hura ikusten uzten.

          Laino, lanbro eta lausorik gabe, ordea, argi eta ozen, itsasoaren alde honetara ere, maitatu, ikasi, ari...euskalakari!



2011/04/14

New York Korrika

     

          Korrika pasaden asteburuan munduko hiriburu garrantzitsuetara iritsi zen. Igandean, Donostian 17. edizio hau bukatu aurretik, ordea, New Yorkera iritsiko da. Larunbata, Apirilaren 16an, arratsaldeko 14etan elkartuko dira hirian bizi diren euskal zaleak "korrika, korrika..." oihu egitera, eta Euskarari itsasoaren alde honetatik bultzada ematera.
 
          KORRIKA McCarren Park (Williamsburg, Brooklyn) ingurutik abiatuko da esandako orduan. Eta laurak buelta horrtean, KORRIKAren aldeko ekitaldiek Eusko Etxean jarraituko dute babarrun jan batekin.  

          Argazkian duela bi urte egindakoa daukazue. Orduko hartan Central Parken elkartu ziren Korrika egitera. Aurtengoaren berri igandean emango dizuet blog honetan bertan. 


2011/04/13

Islamaren kontra




AEBetako gazte musulmanak muturrera jotzen ari direla argudiatuta, komunitate horren kontrako sorgin ehizari ekin diote hainbat politikari errepublikanok: Koran liburu sakratua erretzeko apaiz ebanjelistek egindako deiak, berriz, are gehiago gaiztotu du egoera. Islamak «osagai erradikalak» dituela adierazi dute.

XXI. mendeko sorgin ehiza


Garikoitz Udabe New York

          Hamar urte. Urteurren borobila irailaren 11ko atentatuak gertatuzirenetik. Eta joan den udazkeneko hauteskundeetan irabazi izana aprobetxatu nahi izan dute zenbait politikarik, AEB Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako musulmanen erradikalizazioa aztertzen hasteko. Eta ez dute nolanahi egin nahi izan, gainera: Kongresuraino iritsi da gaia, nahiz eta oso ohikoa ez izan. Ordezkarien Ganberako Nazio Segurtasunerako Batzordean ari dira audientziak egiten.

(Peter King errepublikanoa)

Peter King errepublikanoa eta ganberako presidentea da ikerketa horien bultzatzaile  agusietakoa. Etsaia etxean egon daitekeen ideiaren sustatzailea eta musulmanen eskubideak defendatzen dituzten hainbat talderentzat aspaldiko ezaguna. «Audientzia hauek egin egingo dira, orain atzera egitea, politikoki zuzena izatea koldarra izatea izango litzatekeelako, eta herrialdea eraso terrorista batetik defendatzeko ganbera honek duen betebeharraren aurka egingo genukeelako». Horixe esan zuen lehendabiziko egunean.

Kingen tesiaren arabera, demokratek berek onartzen dute «arrisku terrorista» existitzen dela AEBetan. «Hemen jaiotako musulmanen erradikalizazioak eraginda, jihad gerra islamikoa bilatu nahian dabiltza». Kingen ustez, 18 eta 29 urte arteko musulman gazteen %15ek eraso terroristak babesten ditu, eta hain justu gazte horien bila dabiltza ekintzaileak herrialdearen barnean min egiteko. Zenbait meskitatan egiten diren hitzaldiak jotzen ditu horren sustatzailetzat.

Testigantzak

          Kingek gonbidatu eta audientziatara eramandakoen artean, «musulman erradikalek bere baitan hartu eta eraso terroristak prestatzeko erabilitako amerikarren» zenbait familiarteko daude. Melvin Bledsoe, esate baterako: bere seme Carlosek Arkansasko soldadu bat hil zuen muturreko islamisten aginduetara. Musulmanen gehiengoa jende ona dela aitortu ostean zera eskatu zien batzordekideei: «Guri gertatu bazaigu, berriro gertatuko da. Eta hurrengoan, erasotzaileek ez dute guk bezala azal iluna izango; ile hori eta begi urdinak izango dira. Mesedez, eragotzi ezazue hori gertatzea».

Abdirizak Bihi izan zen audientziako beste gonbidatuetako bat: bere ilobak jihadarekin bat egin eta Somalian nola hila zuten kontatu zuen.

Zuhdi Jasser musulmana da; AEBetako komunitate islamikoarekin oso kritikoa da, eta eskuin muturreko komunikabideetako ezaguna. Hark ere ez du hutsik egin batzorde horretan.

 
(Keith Ellison negar malkotan kongresuko agerraldian)

Joseph McCarthy senatariak komunisten aurka egindako sorginen ehiza gogora ekarri die askori horrek guztiak, eta horregatik bataiatu dute XXI. Mendeko McCarthismo. Politikarien artean, Alderdi Demokratak eman dio Kingi egurrik handiena: Texasko Sheila Jackson ordezkariarentzat, «lotsagarria» da hori guztia: «Giza talde bat zalantzapean jartzen ari da batzorde hori, eta mundu osoan Al Kaedak dituen interesak indartzen ari da». John Dingell demokratak, berriz, hauxe eskatu dio Kingi: bermatzeko ikerketa horiek ez direla izango «arabiarren, musulmanen edo hainbat estatubatuarren duintasunaren» aurkakoak. Laura Richardson Kaliforniako ordezkari demokratarentzat, audientzia horiek «diskriminazioa dira; aginte jazarpena eta aurrekari arriskutsua ezartzen duena». Keith Ellison Minnesottako politikariarentzat —bera izan da kongresura iritsi den lehendabiziko musulmana—, «estatubatuar guztiak dira terroristentzat helburu, izan musulman, kristau edo judu». Negar malkoei eutsi ezinik, musulmanak jasaten ari diren jazarpena salatu zuen, eta musulmanen aurkako gorrotoaren adibidea sufritzen ari zirela gaineratu zuen.

Protestak New Yorken

Kalean ere, protesta ugari izan dira. New Yorken bihotzean, Times Squarren egindakoan, esate baterako, gaur ni ere musulmana naiz txartelak irakur zitezkeen. Giza eskubideen urraketatzat jo dituzte audientzia horiek, eta musulman elkarte, erlijio agintari eta hainbat herritar anonimok «alde ezkor bat zabaltzen ari direla» salatu dute ozen.



 Peter Kingen beraren belarritaraino iritsi dira ezadostasun horiek guztiak; ederki entzun ditu, baina protestak «justifikatzerik ez dagoen amorru eta hysteria erreakzio bat» besterik ez direla uste du.

King joan den udazkeneko hauteskundeen ondorioz iritsi zen kargura, baina aspaldian dabil auziarekin bueltaka. Irailaren 11ko atentatuen ostean, gainera, haren jarrera gero eta gogorragoa izan da, eta horregatik tematu da halako ikerketa zabaltzearekin. Ez da eztabaidaren erdian dagoen lehen aldia. Irlandar  jatorrikoa da bera, eta IRA Irlandako Armada Errepublikanoaren borroka armatuaren defendatzaile sutsua izan da urteetan. Haren kontrakoek aurpegiratu diote ez duela indarkeria ezpal berarekin neurtzen, baina berak ez du antzekotasunik ikusten bataren eta bestearen artean. «IRA eta Sinn Fein beso politikorik gabe ez zen Irlanda iparraldean bakerik izango», defendatu du politikari errepublikanoak. Horrengatik egin zion boikota Irlandako Gobernuak 1985eko San Patrics Egunean New Yorken egiten den desfileari, urte hartan King zelako zeremoniako maisua.

Korana sutan

«Islamaren erlijioan osagai erradikal bat dagoela jakinaraztea da gure asmoa». Hori da Terry Jones artzainak boz goraz esaten duena. Martxoaren 20an, Wayne Sapp apaiz ebanjelikoak Koran liburu sakratuari su eman ostetik egindako adierazpenak dira horiek. «Zortzi hilabetez egindako epaiketa» baten ostean, Korana zenbait krimenen «erruduna» zela frogatutzat jo ostean «exekutatu » egin behar zela adieraziz eman zion su liburuari Floridako eliza batean. Terry Jones da eliza horretako zuzendaria, eta bera ere han zen gertakarien egunean.

(Terry Jones)

 Joan den urtean, irailaren 11ko atentatuen urteurrenean, Koranaren kopiak erretzea proposatu zuen gizonak, eta horrek milioika musulmanen protesta eragin zuen. Oraingo honetan, ez du berak egin, baina bai bere testigantzarekin babestu.

Ekintza horren haritik, Afganistanen izugarrizko protestak izan dira. Atentatuak ere eragin ditu protesta oldeak; Nazio Batuen Erakundeko zazpi langile atzerritar eta bost zibil hil ziren Mazar-i-Sharifen, eta beste hamar zibil hil eta gutxienez 83 zauritu Kandaharren.

          Hamid Karzai Afganistango presidenteak ordezkaritza bana bidali ditu bi hiri horietara, manifestarien artean izandako indarkeria ikertzera. «Jendea hiltzea izugarria da», esan du Jonesek, «baina, beste alde batetik, Islamak duen elementu erradikala erakusten digu», gaineratu du. Eta, gertatutakoarekin ase gabe, Koranak indarkeriara daramala defendatzen duen apaiza protesta bat antolatzen ari da apirilaren 22rako Dearborneko meskitaren aurrean egiteko (Michiganen). Egunean bertan, aurretik eta ondoren ere zeresana emango duen ekintza izango da zalantzarik gabe, bai herrialdean bertan eta bai atzerrian.

Barack Obamaren gobernuak azkenaldian arazo bero eta goriei aurre egin behar izan die atzerrian, baina etxe barruan ere izan du eskuak erretzeko modukorik. Etxe zuriarentzat ez baita batere erosoa izaten ari musulmanen kontrako jarrera hori, ez kongresuko audientziak, erlijio jakinekiko errespetu falta eta meskita berriak eraikitzeko asmoak ere.



Erlijio askatasuna

          Erlijio askatasunak eskubide ezin urratuzkoa izan behar lukeen herrialdean, beraz, horren aurkako jarrera tinkoa erakutsi behar du Etxe Zuriak, gizarteko hainbat sektoreren edo atzerriko hainbat herrialderen haserrea sortu nahi ez badu. Horregatik, akaso, azkeneko hilabeteetan behin baino gehiagotan hitz egin behar izan du presidenteak erlijio askatasunaren eskubideaz, eta horrek herrialdean duen zalantzagabeko tokiaz.

New Yorkeko zero gunetik gertu eraiki nahi duten meskitaren haritik, eta horrek gizartean eta bereziki zenbait apaiz protestanterengan sortutako haserrearen ostean, «hiritar bezala, president bezala, gainontzeko herritarrek bezala, musulmanek ere beren erlijioa praktikatzeko eskubidea » dutela esan behar izan zuen agerraldi batean Obamak.

 Duela gutxi, audientziak hasi aurretik, Denis McDonoughek, Barack Obamaren Nazio Segurtasunerako kontseilari ordeak, argi utzi nahi izan zuen «elkarte bateko partaide izateagatik erruduntzat jotzearen politika» ez dela bultzatzen AEBetan. Neurri batean, ikerketak hasi eta etor zitezkeen protestak eta kalteak baretzeko modu bat izan zen.

Korana erretzearena, baina, ez da gauza berria Etxe Zuriarentzat. Terry Jones apaiz protestanteak Irailaren 11ko atentatuen urteurrenean ekintza aurrera eramateko egindako mehatxuaren zela eta, presidenteak berak parte hartu behar izan baitzuen gauzak lasaitze aldera. Orain, Floridako elizan Koran liburu sakratua erre ostean, zera esan du ozen Barak Obamak: «Edozein liburu sakraturen profanazioa, Korana barne, muturreko intolerantzia eta fanatismo ekintza da».

 Erlijioaren gaiak, musulmanek beren erlijioa praktikatzeko duten eskubideak eta zenbait musulman estatubatuarren usteko erradikalizazioak azkeneko hilabeteetan zenbat titulu bete dituzten ikusita, ez dago zalantzarik etorkizunean ere gai beroa izango dela Etxe Zuriko gaur-gaurko maizterrentzat.