2012/03/17

Liburuak ere, atez ate

 Larrepetit, BERRIA 2012-03-17




          Liburuaren sektorea krisian dagoela diote. Euskarri digital berriek industria modelo berria ekarri dute, eta hori eragin zuzena izaten ari omen da papereko edizioetan.

          New Yorken moduko hiri batean, dezente irakurtzen den inpresioa dut. Hiritarrek, metroko bidaia luzeak arintzeko, parkeetako egonaldiez gozatzeko, irakurgairen bat poltsan eramatea ez da harritzekoa. Gero eta gehiago dira liburu elektronikoa erabiltzen dutenak, baina papereko edizioak erruz ikusten dira oraindik.

          Aldaketa digitalak krisian sartu ditu liburu denda handiak: etxe ondoan neuzkan bi, Burns & Noble eta Borders, itxi berri dituzte. Gero eta gehiago baitira Internet bidez erosketak egiten dituztenak edo edizio digitalak behar dituztenak.

           Kontrastean, hirian zehar, edozein kale bazterretan, bigarren eskuko liburuak saltzen dituzten postuak aurkitzea ere ez da harritzekoa. Gelditu, eta ikustekoa izaten da eskaintza! Denetik.

          Baina bada hainbat hiritarrek liburuak irakurri ostean partekatzeko duten ohitura polit bat: batzuek laundry-etara (arropa garbitzeko lekuetara) eramaten dituzte, bizilagunek makinek lana noiz bukatuko zain egon bitartean zer irakurria izan dezaten. Eta beste batzuek etxe atarietara ateratzen dituzte liburuak, interesa duenak har ditzan.

          Gipuzkoan, zorionez, atez ateko zabor bilketa zabaltzera doan honetan, zein polita izango litzatekeen nahi ez ditugun edo irakurrita dauzkagun liburuak etxe atarietan uztea eta edonork hartzeko aukera izatea. Zaborraren bilketarekin bezala, ohitura aldaketa txiki bat besterik ez liguke eskatuko.

          Baina, zenbait herritar arraina lasai asko egunero jan ahal izango dutela jabetu bitartean, eta atez ateko zabor bilketa egitea erraza, merkea, osasuntsua eta denontzat onuragarria dela konturatu bitartean, proposamena orrialde honetan gordeta utziko dut.

2012/03/10

Super!

Larrepetit, 2012-03-10



          Asteartea ez da betikoa izan. Superra izan da, super asteartea. Errepublikanoen deman, Obamari nork aurre egingo dion hautatzeko egun garrantzitsuenetakoa izan behar zuenak, ordea, albiste bakarra utzi digu: hautagaien arteko lehia gehiago luzatuko dela, eta elkarri trapu zaharrak botatzen jarraituko dutela, Obamaren mesedetan noski. Benetan, super luzea egiten ari zait!

          Egun horretako hemengo egunkari gehienek beste albiste bat ere kontatu ziguten: Joe Biden presidenteordeak bidaia super azkar bat egin zuela Mexikora. Han, Felipe Calderon presidentearekin eta hura ordezkatzeko lehiara aurkeztuko diren hiru hautagaiekin egin zuen bilera. Eta hara Calderonen super eskaria: arma trafikoa kontrolatzeko eta diru zuritzea geratzeko neurri gehiago har ditzala super potentziak.

          Datuak superrak iruditzen zaizkit: zibilen esku, 283 milioi arma daude AEBetan, eta, batez beste, urtero, 4,5 milioi berri saltzen dira. Horretarako, super azokak egiten dira, edonon. Horietan, ikusi, ukitu, laztandu, miazkatu eta probatu egin ditzakezu. Eta, noski, gustatuz gero, ordaindu, eta etxera eraman, familiako kide berri baten gisara.

          Armagintzaren lobby-ak ekonomikoki izugarrizko indarra du, eta hainbat politikarirengan eragin zuzena du. Errepublikano super kontserbadoreek, Tea Party-koek, armak izateko eskubidea defendatzen dute. Eta gaur egun lehian dauden hautagaiek ez dute gai honetan super erabakirik proposatuko. Botoetan super galera izango lukete. Demokratentzat ere, patata beroa honako hau.

          Ez dago super inteligentea izan beharrik, ondorioa ateratzeko: AEBetatik Mexikora urtero milioika arma pasatzen badira, Mexikotik AEBetara milioika dolar.

          Super galdera da: urtero armengatik milaka herritar galtzen dituen herrialdeari, benetan inporta ote zaio bizilagunarenean gauza bera ez gertatzeko neurriak hartzea? Super erantzunik, oraingoz, ez daukat.

2012/03/03

Zoriontasunaren pilulak

BERRIA, Larrepetit, 2012-03-03



           Justu bere aurrean geratu da adineko gizonezko bat, eta irakurri egin du: denboran atzera egiteko aukera izango bazenu, zer gustatuko litzaizuke aldatzea? Eskolan gehiago ikastea gustatuko litzaizuke? Zeure burua diru gehiago egitera bideratuko zenuke? Agian norbaitez maiteminduko zinateke?

           Pentsakor, aurrera egin du.

          Emakume afroamerikar bat pasa da gero, eta zerk egiten ditu bilionarioak, zine izarrak eta liderrak zuregandik eta niregandik ezberdin? Garunean indar handiagoa izateak? Talentu handiagoak? Jakinduria handiagoak?, irakurri du. Ezezkoaren keinua egin du buruarekin, eta jarraitu du: pertsona hauek guztiek barruan daukaten boterea aurkitu dute, eta zoriontsu izateko ahalmena desblokeatu. Izan ere, zoriontasunik ezak bikotekidearekin, lagunekin eta familiarekin dituzun harremanei kalte egin diezaieke.

           Eserlekuko turistak betaurrekoak jantzi ditu: Ikusi nahi duzu zeure burua gauza gehiago bizitzan lortuz? Diru gehiago eginaz, erlaxatuago sentituz, edo zure lagun eta familiartekoekin denbora gehiago pasaz?

          Bizitzan zoriontsuen zaren garaia da honako hau, edo gehiago nahi duzu?
esaldiari argazkia atera dio mugikorrarekin eskolatik atera berri den ikasleak. Horregatik, erabili orain zoriontasuna lortzeko biderik inteligenteena.

          «Hemen daukazu soluzioa», irakurri dut iragarkian letra handiz: «Hartu halako pilula, eta ikusiko duzu nola zoriontsu izango zaren».

           Halaxe dira, bai: zoriontasuna lortzeko pilulak. Goizero bat hartzea nahikoa, zoriontsu sentitzeko. Gosariarekin hartzea komeni, zoriontasunak baraurik urdailari minik eragin ez diezaion (zoriontasuna gramotan neurtzen zela ere jakin ez nik, tonto halakoa). Eta handik aurrera, zoriontasunaz egun osoan goza dezakezu.

           «Zoriontasun gaindosirik ez izateko, galdetu zure mediku edo farmazeutikoari» jartzea bakarrik falta zuen. Harrapazank!

2012/02/24

Presaka eta isolaturik

BERRIA, Larrepetit, 2012-02-25



          The Washington Post egunkariak, 2007an, Joshua Bell, munduko biolin jolerik onenetakoa eraman zuen Washington-eko metro estazio batera, eta bertan 45 minutuz egon zen Bachek egindako inoizko obrarik zailenetakoak 3,5 milioi dolar balio zituen biolin batekin joaz.

          Urtarrileko goiz hotz batean egindako esperimentuak, jendearen gustu, pertzepzio eta lehentasunak ikertu nahi zituen: leku publiko batean, ordutegi ez egoki batean (lanerako bidean zihoan jenderik gehiena), edertasunaz jabetzen gara? Geratzen al gara edertasun horretaz gozatzera? Antzematen al dugu talentua ustekabeko testuinguru batean?

           Ehunka pertsona pasa ziren Joshua Bellen ondotik eta sei bakarrik geratu ziren hura entzutera. Aitor dezagun, puntako ordua eta metro estazioa ez direla akaso biolina entzuten jartzeko egoerarik aproposenak. Eta, egia da, presaka bizi garenean, gauza asko galtzen ditugula.

          Isolatzen garenean ere bai: New Yorkeko metroan sartu eta bidaiarien kopuru handi bat doa belarritakoak jantzi eta musika entzuten, tabletan telesailak ikusten, telefonoarekin jolasean, edo e-bookean liburua irakurtzen. Kasik, aldamenean edo parean nor duten konturatu ere ez dira egiten. Gutxiago zertaz hizketan ari diren, norekin doazen, zer jantzita daramaten, edo zer keinu egiten dituzten. Kalera atera, eta trafikoaren soinutik ihesi, musikarien edo artisten eskaintzaz gozatu gabe, isolaturik jarraitu dezakete, oinez, etxera edo lantokira iritsi arte.

           Errealitateari ez ikusiarena egiteko modua izan liteke, munduari begira ez jartzeko jokamoldea akaso, edo edertasunaz eta talentuaz ez jabetzeko bidea. Zenbaitentzat, ihesbidea, terapia ere bai. Baina batzuetan, zentzumen guztiekin, presarekin edo gabe, bizitzaren gauza txiki eta handiez , eder eta itsusiez, edo talentuaz, jabetzea bezalakorik ez! Norberaren esku dago.

2012/02/18

Obamaren karpeta morea

BERRIA, Larrepetit, 2012-02-18



          Datorren astelehenak presidenteen eguna izendapena dakar. Otsaileko hirugarren astelehena jaiegun federala izaten da, George Washington lehendabiziko presidentearen urtebetetze egunaren omenez.

          Eta bada orduz geroztik herritarrek izan duten eta mantendu duten ohitura bat ere: presidenteari eskutitzak idaztea.

          Barack Obamak bi karpeta jasotzen ditu egunero bere bulegoan. Goizean goizekoak 08:30ean segurtasun gaien inguruan egiten duen bilerarako dokumentazioa izaten du bere barnean.

          Eta bigarren karpeta, «etxeko lanak» izengoitiaz ezaguna, 20:00etan uzten diote bulegoan, hurrengo egunean landu beharreko gaien inguruko dokumentazioarekin. Barruan, ordea, more koloreko beste karpeta txiki bat egoten da, eta, han, Obama presidenteari bidalitako gutun guztietatik haren kolaboratzaileek aukeratutako hamar.

          Normalean, hiritar anonimoek beraien arazoak kontatuz, eguneroko bizitzan dauzkaten oztopoen berri emanez, edo laguntza eske presidenteari bidaltzen dizkiotenak dira. Baita laudorio, kexa eta irainak ere. Denetatik, noski.

          Historian zehar, presidente batzuek besteek baino eskutitz gehiago jaso dituzte, baina, zalantzarik gabe, teknologia berrien eraginez, Bil Clintonen garaian izugarri hazi zen kopurua: 2 milioi eskutitz-e-mail egunero.

          Eta erantzunak?

          Presidentetza lortu eta hurrengo egunean, iritsitako eskutitz guztietatik —kamioikada bat iristen da egunero Etxe Zurira— hamar aukeratu, eta iluntzero berari bulegora eramateko agindu zuen Obamak. Espresuki horretarako prestatutako kolaboratzaile talde batek aukeratzen ditu hamarrak. Horietatik bi presidenteak eskuz idatzita erantzuten ditu. Eta besteak, aurrez prestatuta dauden eredu batzuen bidez, sinatuta bidaltzen ditu.

          Agintaldi honetako ezaugarri bat izango da Obamaren karpeta morea. Beste koloretako karpetekin batera, noski!

2012/02/10

Ez da xentimo kontua

Larrepetit 2012-02-11



          Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aste honetan esan du «hamarkadako erronka handiena» gizentasunaren aurka egitea dela. Azken hamar urteetako osasun planaren balorazioa egitean, zehaztu du %25 hazi dela 16 urtetik gorako gizenen kopurua. Eta planaren asmoa kontrakoa zen: %20 jaistea. Kale egin du, beraz.

          Ez dut sekreturik aireratuko gizentasuna AEBetan ere arazo handia dela esanda (haurren %13 gizenak dira). Bistakoa da. Eta horri aurka egiten, temati, New Yorkeko alkatea dabil: gizentasunari aurre egiteko hiriko komunikabideetan jarritako iragarkiak oso zuzenak dira, irudi gogorrekin osatutakoak dira, erdi biderik gabe. Ikusi eta nazka, higuina sentitzerainokoak.

          Gure elikadura ohituretan etxeko heziketak lehendabizi eta ikastetxekoak gero duten garrantzia ezinbestekoa dela ez daukat zalantzarik. Baina, aldi berean, orain arte eskaini diogun baino denbora gehixeago beharko lukeela uste dut (hori bai litzatekeela Heziketa Zibikoa eta norberaren «konstituzioarekin» lotutakoa).

           Kanpaina bortitzak, zuzenak, gogorrak egin eta ematea ere eraginkorra izan litekeela sinesten dut. Baina, horrezaz gain, nago elikaduraren sektorea arautuko duten hainbat erabaki hartu beharko liratekeela: azukre, gatz, sodio eta antzekoak mugatuz, batez ere umeentzako jakietan. San Frantziskon, haurrentzako kaloria askoko otorduekin tentaziorako izaten diren jostailuak oparitzea debekatu zuten. New Yorken, jaki bakoitzak duen kaloria kopurua argi eta garbi izan behar du ondoan jarrita.

          Neurri horien guztien konbinazioak, etxetik erakutsitakoak eta administrazioak egin lezakeenak lor dezakete, agian, bizitza osasuntsuago bat izatea. Hori egin ezean, osasunerako, erregai litroa bost xentimo gizendu behar baietz! Eta osasuna, bizi-kalitatea, ez da xentimotan neurtzen.

2012/02/04

Amonaren zimurrak

BERRIA, Larrepetit, 2012-02-04



          Urte luzeetan bizi izanaren ajeak agerian ditu Dorothyk. Bi hankekin bakarrik nekez ibiltzen da, eta haiei beste bi makulurekin lagundu behar izaten die batera eta bestera mugitzeko. Aurpegian daukan zimur bakoitza bizi izandako saminen eta pozen seinale da, barrukoaz gain kanpoan geratu zaion aztarna. Eta hain zuzen, hori eskarmentutzat hartuta, asteazkenero, jendaurrean jartzen da, bosgarren etorbidean, Rockefeller plaza aurrean.

          Lehendabiziko Mundu Gerran ireki zituen begiak estreinako aldiz Dorothyk. Zortzi anai-arrebako familian gazteena, bera. Bigarren Mundu Gerran, George aita galdu zuen, eta apenas ezagutu duen zer den aitarekin bizitzea.

          Txikitatik ikastea eta irakurtzea gogoko izan arren, irakasgairik gogorrenak bizitzak eman dizkio: Korearen aurkako gudan Paul senarra hil zitzaion. Orduan bere egin zuen urte batzuk lehenago amak sentitutakoa.

          Vietnamgo guda etorri zen atzetik. Bi seme joan ziren lehen lerroan borrokatzera. Biak bizirik itzuli ziren, baina bihotza eta burua betirako hautsirik. Austin iloba, zerraldoan bueltatu zioten Dorothyren ahizpa Kathlen-i.

          Belaunaldi berriak jaio dira geroztik. 12 biloba ditu amonak. Baina bai eta gerra berriak ere: Irak eta Afganistanen familiako gazteenak galtzeaz kezkatuta, gerra denentzat sufrimendua besterik ez dela ondo jabetuta, gerra berriak hasteko Bush-en argudioak zentzurik gabekoak irudituta, kalera atera eta oihu egitea erabaki zuen.

          Gerraren aurkako amonak dira. Tropak etxeratzeko Obamaren erabakiarekin pozik daudenak, baina han dauden soldadu guztiak bueltatu arte bakerik emango ez dutenak. Asteazkenero, hutsik egin gabe, hotz ala bero, bizi izandakoa kontatzeko prest dira. Eskarmentuaren zimurrak dituenari entzutea bezalakorik ez! Eta zimurrak AEBetan, Iraken , Afganistanen eta Sirian, beti zimur. Denak zimur.