2011/04/18

Korrika... New York

         

          Euskal Herrian ez omen du euririk egin Korrikaren 17. edizioan (hori da esan didatena). Ba, horko zaparrada falta guztiak hemen, New Yorken hartu genituen larunbatean. Ez zuen, ordea, batere importa. Bustitzera atera ginen denok. Euskaraz kaleak bustitzera eta hainbat aldarri oihukatzera: bederatzi milioi biztanle dituen hirian Euskara izeneko hizkuntza bat ere hitz egiten dela gogora arazi zitzaion New Yorkeko alkateari, besteak beste.

          McCarren Park eta 12. kalearen kantoian elkartu ginen pare bat dozena lagun, Brooklyngo Williansburg auzoan. Xirimiri (zaparrada) haizetsuak ez zituen hiri handiko hainbat euskaldun kokildu. Euskal Herritik oporretan etorritako lagunak ere tartean ziren. Horietako batzuk dagoeneko Korrikaren edizioan parte hartutakoak ziren. Eta egia esan, gutxi izango dira, bi aldiz korrika egin dutenak, eta itsasoaren alde banatara, agian bakarrak. Bejondeiela!

          Korrika egin, argazkiak atera, kalean harridura aurpegiarekin begira geratzen zirenei argibideren bat edo beste eman,... hori guztia egin zen New Yorkeko Korrikaren 17. edizioan. Testigu gisa adar bat eraman zen eta eskuz-esku pasatzen joan zen, Bedford Av-tik helmugaraino iritsi ginen arte. Bukaeran, irribarreak nabariak ziren aurpegietan, baina han elkarrizketa gutxi. Blai geunden gehienok. Horregatik hartu genuen handik ez oso urruti zegoen Eusko Etxerako bidea.

          Izan ere festak han jarraitu zuen. Arropak aldatu (aldatzeko eraman zutenek), lehortu eta orduan hasi zen Korrikaren bigarren festa: mahaiaren bueltan egiten den hori. Dilistak eta babarrun txuriak jateko. New Yorken egun horretan egin zuen eguraldiarekin ezinhobeto sartzen ziren biak ala biak. Giro apartean, eguzkia ere ezkutatu zen, eta ilargia atera. Bueno, ilargiak hor nonbait behar zuela imajinatzen dut. Lainoek ez baitziguten hura ikusten uzten.

          Laino, lanbro eta lausorik gabe, ordea, argi eta ozen, itsasoaren alde honetara ere, maitatu, ikasi, ari...euskalakari!



2011/04/14

New York Korrika

     

          Korrika pasaden asteburuan munduko hiriburu garrantzitsuetara iritsi zen. Igandean, Donostian 17. edizio hau bukatu aurretik, ordea, New Yorkera iritsiko da. Larunbata, Apirilaren 16an, arratsaldeko 14etan elkartuko dira hirian bizi diren euskal zaleak "korrika, korrika..." oihu egitera, eta Euskarari itsasoaren alde honetatik bultzada ematera.
 
          KORRIKA McCarren Park (Williamsburg, Brooklyn) ingurutik abiatuko da esandako orduan. Eta laurak buelta horrtean, KORRIKAren aldeko ekitaldiek Eusko Etxean jarraituko dute babarrun jan batekin.  

          Argazkian duela bi urte egindakoa daukazue. Orduko hartan Central Parken elkartu ziren Korrika egitera. Aurtengoaren berri igandean emango dizuet blog honetan bertan. 


2011/04/13

Islamaren kontra




AEBetako gazte musulmanak muturrera jotzen ari direla argudiatuta, komunitate horren kontrako sorgin ehizari ekin diote hainbat politikari errepublikanok: Koran liburu sakratua erretzeko apaiz ebanjelistek egindako deiak, berriz, are gehiago gaiztotu du egoera. Islamak «osagai erradikalak» dituela adierazi dute.

XXI. mendeko sorgin ehiza


Garikoitz Udabe New York

          Hamar urte. Urteurren borobila irailaren 11ko atentatuak gertatuzirenetik. Eta joan den udazkeneko hauteskundeetan irabazi izana aprobetxatu nahi izan dute zenbait politikarik, AEB Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako musulmanen erradikalizazioa aztertzen hasteko. Eta ez dute nolanahi egin nahi izan, gainera: Kongresuraino iritsi da gaia, nahiz eta oso ohikoa ez izan. Ordezkarien Ganberako Nazio Segurtasunerako Batzordean ari dira audientziak egiten.

(Peter King errepublikanoa)

Peter King errepublikanoa eta ganberako presidentea da ikerketa horien bultzatzaile  agusietakoa. Etsaia etxean egon daitekeen ideiaren sustatzailea eta musulmanen eskubideak defendatzen dituzten hainbat talderentzat aspaldiko ezaguna. «Audientzia hauek egin egingo dira, orain atzera egitea, politikoki zuzena izatea koldarra izatea izango litzatekeelako, eta herrialdea eraso terrorista batetik defendatzeko ganbera honek duen betebeharraren aurka egingo genukeelako». Horixe esan zuen lehendabiziko egunean.

Kingen tesiaren arabera, demokratek berek onartzen dute «arrisku terrorista» existitzen dela AEBetan. «Hemen jaiotako musulmanen erradikalizazioak eraginda, jihad gerra islamikoa bilatu nahian dabiltza». Kingen ustez, 18 eta 29 urte arteko musulman gazteen %15ek eraso terroristak babesten ditu, eta hain justu gazte horien bila dabiltza ekintzaileak herrialdearen barnean min egiteko. Zenbait meskitatan egiten diren hitzaldiak jotzen ditu horren sustatzailetzat.

Testigantzak

          Kingek gonbidatu eta audientziatara eramandakoen artean, «musulman erradikalek bere baitan hartu eta eraso terroristak prestatzeko erabilitako amerikarren» zenbait familiarteko daude. Melvin Bledsoe, esate baterako: bere seme Carlosek Arkansasko soldadu bat hil zuen muturreko islamisten aginduetara. Musulmanen gehiengoa jende ona dela aitortu ostean zera eskatu zien batzordekideei: «Guri gertatu bazaigu, berriro gertatuko da. Eta hurrengoan, erasotzaileek ez dute guk bezala azal iluna izango; ile hori eta begi urdinak izango dira. Mesedez, eragotzi ezazue hori gertatzea».

Abdirizak Bihi izan zen audientziako beste gonbidatuetako bat: bere ilobak jihadarekin bat egin eta Somalian nola hila zuten kontatu zuen.

Zuhdi Jasser musulmana da; AEBetako komunitate islamikoarekin oso kritikoa da, eta eskuin muturreko komunikabideetako ezaguna. Hark ere ez du hutsik egin batzorde horretan.

 
(Keith Ellison negar malkotan kongresuko agerraldian)

Joseph McCarthy senatariak komunisten aurka egindako sorginen ehiza gogora ekarri die askori horrek guztiak, eta horregatik bataiatu dute XXI. Mendeko McCarthismo. Politikarien artean, Alderdi Demokratak eman dio Kingi egurrik handiena: Texasko Sheila Jackson ordezkariarentzat, «lotsagarria» da hori guztia: «Giza talde bat zalantzapean jartzen ari da batzorde hori, eta mundu osoan Al Kaedak dituen interesak indartzen ari da». John Dingell demokratak, berriz, hauxe eskatu dio Kingi: bermatzeko ikerketa horiek ez direla izango «arabiarren, musulmanen edo hainbat estatubatuarren duintasunaren» aurkakoak. Laura Richardson Kaliforniako ordezkari demokratarentzat, audientzia horiek «diskriminazioa dira; aginte jazarpena eta aurrekari arriskutsua ezartzen duena». Keith Ellison Minnesottako politikariarentzat —bera izan da kongresura iritsi den lehendabiziko musulmana—, «estatubatuar guztiak dira terroristentzat helburu, izan musulman, kristau edo judu». Negar malkoei eutsi ezinik, musulmanak jasaten ari diren jazarpena salatu zuen, eta musulmanen aurkako gorrotoaren adibidea sufritzen ari zirela gaineratu zuen.

Protestak New Yorken

Kalean ere, protesta ugari izan dira. New Yorken bihotzean, Times Squarren egindakoan, esate baterako, gaur ni ere musulmana naiz txartelak irakur zitezkeen. Giza eskubideen urraketatzat jo dituzte audientzia horiek, eta musulman elkarte, erlijio agintari eta hainbat herritar anonimok «alde ezkor bat zabaltzen ari direla» salatu dute ozen.



 Peter Kingen beraren belarritaraino iritsi dira ezadostasun horiek guztiak; ederki entzun ditu, baina protestak «justifikatzerik ez dagoen amorru eta hysteria erreakzio bat» besterik ez direla uste du.

King joan den udazkeneko hauteskundeen ondorioz iritsi zen kargura, baina aspaldian dabil auziarekin bueltaka. Irailaren 11ko atentatuen ostean, gainera, haren jarrera gero eta gogorragoa izan da, eta horregatik tematu da halako ikerketa zabaltzearekin. Ez da eztabaidaren erdian dagoen lehen aldia. Irlandar  jatorrikoa da bera, eta IRA Irlandako Armada Errepublikanoaren borroka armatuaren defendatzaile sutsua izan da urteetan. Haren kontrakoek aurpegiratu diote ez duela indarkeria ezpal berarekin neurtzen, baina berak ez du antzekotasunik ikusten bataren eta bestearen artean. «IRA eta Sinn Fein beso politikorik gabe ez zen Irlanda iparraldean bakerik izango», defendatu du politikari errepublikanoak. Horrengatik egin zion boikota Irlandako Gobernuak 1985eko San Patrics Egunean New Yorken egiten den desfileari, urte hartan King zelako zeremoniako maisua.

Korana sutan

«Islamaren erlijioan osagai erradikal bat dagoela jakinaraztea da gure asmoa». Hori da Terry Jones artzainak boz goraz esaten duena. Martxoaren 20an, Wayne Sapp apaiz ebanjelikoak Koran liburu sakratuari su eman ostetik egindako adierazpenak dira horiek. «Zortzi hilabetez egindako epaiketa» baten ostean, Korana zenbait krimenen «erruduna» zela frogatutzat jo ostean «exekutatu » egin behar zela adieraziz eman zion su liburuari Floridako eliza batean. Terry Jones da eliza horretako zuzendaria, eta bera ere han zen gertakarien egunean.

(Terry Jones)

 Joan den urtean, irailaren 11ko atentatuen urteurrenean, Koranaren kopiak erretzea proposatu zuen gizonak, eta horrek milioika musulmanen protesta eragin zuen. Oraingo honetan, ez du berak egin, baina bai bere testigantzarekin babestu.

Ekintza horren haritik, Afganistanen izugarrizko protestak izan dira. Atentatuak ere eragin ditu protesta oldeak; Nazio Batuen Erakundeko zazpi langile atzerritar eta bost zibil hil ziren Mazar-i-Sharifen, eta beste hamar zibil hil eta gutxienez 83 zauritu Kandaharren.

          Hamid Karzai Afganistango presidenteak ordezkaritza bana bidali ditu bi hiri horietara, manifestarien artean izandako indarkeria ikertzera. «Jendea hiltzea izugarria da», esan du Jonesek, «baina, beste alde batetik, Islamak duen elementu erradikala erakusten digu», gaineratu du. Eta, gertatutakoarekin ase gabe, Koranak indarkeriara daramala defendatzen duen apaiza protesta bat antolatzen ari da apirilaren 22rako Dearborneko meskitaren aurrean egiteko (Michiganen). Egunean bertan, aurretik eta ondoren ere zeresana emango duen ekintza izango da zalantzarik gabe, bai herrialdean bertan eta bai atzerrian.

Barack Obamaren gobernuak azkenaldian arazo bero eta goriei aurre egin behar izan die atzerrian, baina etxe barruan ere izan du eskuak erretzeko modukorik. Etxe zuriarentzat ez baita batere erosoa izaten ari musulmanen kontrako jarrera hori, ez kongresuko audientziak, erlijio jakinekiko errespetu falta eta meskita berriak eraikitzeko asmoak ere.



Erlijio askatasuna

          Erlijio askatasunak eskubide ezin urratuzkoa izan behar lukeen herrialdean, beraz, horren aurkako jarrera tinkoa erakutsi behar du Etxe Zuriak, gizarteko hainbat sektoreren edo atzerriko hainbat herrialderen haserrea sortu nahi ez badu. Horregatik, akaso, azkeneko hilabeteetan behin baino gehiagotan hitz egin behar izan du presidenteak erlijio askatasunaren eskubideaz, eta horrek herrialdean duen zalantzagabeko tokiaz.

New Yorkeko zero gunetik gertu eraiki nahi duten meskitaren haritik, eta horrek gizartean eta bereziki zenbait apaiz protestanterengan sortutako haserrearen ostean, «hiritar bezala, president bezala, gainontzeko herritarrek bezala, musulmanek ere beren erlijioa praktikatzeko eskubidea » dutela esan behar izan zuen agerraldi batean Obamak.

 Duela gutxi, audientziak hasi aurretik, Denis McDonoughek, Barack Obamaren Nazio Segurtasunerako kontseilari ordeak, argi utzi nahi izan zuen «elkarte bateko partaide izateagatik erruduntzat jotzearen politika» ez dela bultzatzen AEBetan. Neurri batean, ikerketak hasi eta etor zitezkeen protestak eta kalteak baretzeko modu bat izan zen.

Korana erretzearena, baina, ez da gauza berria Etxe Zuriarentzat. Terry Jones apaiz protestanteak Irailaren 11ko atentatuen urteurrenean ekintza aurrera eramateko egindako mehatxuaren zela eta, presidenteak berak parte hartu behar izan baitzuen gauzak lasaitze aldera. Orain, Floridako elizan Koran liburu sakratua erre ostean, zera esan du ozen Barak Obamak: «Edozein liburu sakraturen profanazioa, Korana barne, muturreko intolerantzia eta fanatismo ekintza da».

 Erlijioaren gaiak, musulmanek beren erlijioa praktikatzeko duten eskubideak eta zenbait musulman estatubatuarren usteko erradikalizazioak azkeneko hilabeteetan zenbat titulu bete dituzten ikusita, ez dago zalantzarik etorkizunean ere gai beroa izango dela Etxe Zuriko gaur-gaurko maizterrentzat.

2011/04/04

Bortxaketak militarren artean


 (BERRIAn argitaratua 2011-04-03)



Barnean ere bai

Gatazka edo gerra egoeretan eta,‘aurkarien’artean ez ezik, armada barruko kideen arteko sexu erasoen salaketak ere ugariak dira AEBetako armadan. Eraso horiek arrasto larriak uzten dituzte biktimen egoera psikologikoan.

Garikoitz Udabe New York

Txinakoaren ostean AEBetako armada da munduko handiena, 1.385.000 kiderekin eta erreserban beste milioi eta erdirekin. Herrialde askotako gatazkatan parte hartu izan dute soldadu horiek,  baina horietako askok gerrarik zailena etxean bizi behar izan dute.

Militarren arteko sexu eraso eta jazarpenen preso izan dira, eta beraien esperientzia ere giltzapean gordetzea erabaki dute gehienek, lotsa, beldurra edo jasotako presio handiagatik eta laguntza txikiagatik.

Zibilen artean, sei emakumetik batek jasaten du sexu jazarpen edo erasoren bat, eta militarren artean, hirutik batek. AEBetako Defentsa Departamentuaren datuen arabera, 2008an Irak eta Afganistango gerretan 168 sexu eraso salatu ziren. American Journal of Industrial Medicine-n arabera, Vietnamgo gerraz geroztik military izan diren andreen %79k jasan dute sexu eraso edo  jazarpenen bat.

Defentsa Departamentuak kaleratu berri duen 2010eko azken txostenean irakur litekeenez, sexu erasoak salatzearen inguruan beldurra dago: salaketa egiterakoan emakumeen %67 deseroso sentitzen direla dio txostenak, emakume militarren %54 errepresalien edo zigorren beldur izaten dira, eta gizonezko eta emakumezko soldaduen %46k sexu eraso eta jazarpenak ez direla horren berri emateko adina garrantzitsu pentsatzen dute.

Eraso gehienak isilpean egon badira ere, badaude, tartean, barruko korapiloak askatu eta adore handiz gertatutakoa xehetasunez bozgoran kontatu duten soldaduak: Pannayiota, Kori, Mary, Rebbecha, Myla, Greg, Jessica, Sarah, Amber, Andrew eta beste izen propio asko dira ausardiaren domina jaso beharko luketenak.



Kori Cioca estatubatuarra da, eta 2005eko abuztutik 2007ra arte egon zen kosta zaintzaile lanetan. Egun batean, proba batean egindako oker baten harira, goragoko agintari batek zera esan zion  aldekide guztien aurrean: «Emakume inozo kaka zahar bat zara, eta militarron parte izan behar ez zenuke». Hor hasi zen Kori Ciocaren aurkako jazarpena.

Berarekin tematu, eta egun hartatik aurrera Ciocaren gelako atea bortxaz jo eta ikuskapena egitera zetorrela esanez behin baino gehiagotan etorri zitzaion agintari militar hura.

Neurriz kanpoko jarrera horrengatik, komandantearen aurrean salatu zuen. Baina jazarpena areagotu egin zen: erasotzailea etxe aurretik egunean hainbat alditan autoz pasatzen eta telefonoz deiak egiten hasi zitzaion, eta mehatxuak egiten. Etxera sartu eta Ciocaren ohe ondoan masturbate ere egin zen behin. Handik aurrera, burkoaren azpian aizto bat hartuta lo egiten hasi zen.

Jazarpenak amaierarik ez zuela ikusita, unitate eta taldez aldatzeko eskaera egin zuen, baina komandanteak ez zion onartu. Bisita haren trukean lan osagarri batzuk agindu zizkion gainera.

Erasotzailea edanda ikusi zuen gau askotan autoan lo egin zuen Ciocak, egin ziezaiokeenaren beldur. Ez zebilen oker: 2005eko azaro bukaeran erasotzailea soldaduaren gelara sartu eta ukitu lizunak egin zizkion. Ciocak oihu egin, eta, zorionez, beste zenbait kidek entzun egin zuten. Bultzada batez gelatik atera zuen erasotzailea. Komandanteari gertatutakoaren berri ematera joan zen lekuko eta guzti. Ez zuten jazarle eta erasotzailearen aurkako neurririk hartu.

Abenduan, bere gainekoaren  (erasotzailea) gelara joan, eta giltza batzuk berreskuratzeko agindu zioten Ciocari. Soldaduak bere kideei eskatu zien laguntzeko, baina inork ez zion kasurik egin. Gelara iritsi zenean, atearen kanpoaldean geratu zen, baina agintari militarrak iletik tiraka barrura sartu zuen, eta bortxatu egin zuen.

Erasoaren berri eman ostean, bortxatzailea zigortua izan zen, baina ez bortxaketagatik, Cioca jotzeagatik baizik: soldata eten eta 30 egunez base militarrera sartzeko debekua ezarri zioten.

Komandanteak konfidentzialtasunik mantendu ez zuenez, gainontzeko kideen isekak eta listu botatzeak jasan behar izan zituen Ciocak, horrela beste modu bateko jazarpena hasiaz. Gainera, sexu erlazioa onartutakoa izan zela esaten zuen dokumentu bat sinatzera behartu zuten.

           Medikuek soldadua aztertu ostean tratamendua behar-beharrezkoa zuela esan bazuten ere, komandanteak Saint Joseph Michiganera bidali zuen, eta hango soldaduen artean bere aurreko lankideekin jarrera ez egokiak izan zituela zabaldu zen. 60 egu-nean gizonezkoak bakarrik zeuden barrakoietan egotera behartu zuten Cioca. Ordutik, traumaren ondorengo estresa, antsietate arazoak eta aurpegiko nerbioetan hainbat arazo ditu.



Gerran jazarria

Mary Gallagher sarjentuak 2009an Irakera joan behar izan zuen Air National Guard-en kide moduan.

Azaroaren 5ean, beste soldadu batek etxera eramango zuela esan zion. Gallagherrek baietz erantzun zion. Baina etxerako bidea hartu beharrean, toki bakarti batera eraman zuen, eta musukatzen saiatu zen. Mary Gallagherrek uko egin zion, eta jarrera horren berri emango zuen mehatxua egin zion. Asko haserretu zen soldadua ezezkoa jaso ostean. Gallagherrek mehatxua bete, eta gertakarien berri eman zion komandanteari. Ezin zuela ezer egin erantzun zion, ordea, agintari militarrak.

Handik bi egunera, soldadu kidea bere gelan sartzen saiatu zen «ez dakizu zer galdu zenuen» esanez, eta telefonoz deika hasi zitzaion etengabe. Berriz ere gertatzen ari zitzaionaren berri eman zuen, baina ezin zutela ezer egin erantzun zioten, «baten hitza bestearen
kontra» zelako.

Azaroaren 12an, Gallagher komunean harrapatu, hormaren kontra jarri, galtzak eta kuleroak indarrez jaitsarazi eta aluan ukituak egin zizkion. Aurretik jasotako erantzunak ikusita, ez zuen horren berririk eman.

Bi aste pasatu zirenean, komandanteak bulegora deitu eta azaroaren 5ean gertatutakoaren xehetasun gehiago eskatu zizkion. Orduan eman zion jasandako azkeneko erasoaren berri. Erasotzaileari Gallagherrengana gerturatzeko debekua jarri zioten.

Deklaratzera joan behar izan zuenean, erasoaren berri zergatik hain berandu eman zuen  aurpegiratu zioten. Gallagher sarjentuari estres postraumatikoa diagnostikatu diote.



Gizon zein emakume

Greg Jeloudov armadako soldadu bat da, eta 2009ko maiatzaren 17an bortxatu egin zuten barrakoietan.

Komandanteari horren berri eman zionean, barre egin zuen. Beste sarjentu batzuen aurrera eramanarazi, eta «kaka zahar honi sinesten al diozue?» bezalakoak entzun behar izan zituen. Handik bi egunera, homosexual zela eta hori praktikatzen zuela esanaraziz dokumentu bat sinarazi zioten. Ondorioz, militarren artean indarrean zegoen Don’t ask, don’t tell (ez galdetu, ez esan) legea betearaziz, armadatik bota zuten. Trauma ondorengo estresa du Jeloudovek, eta tratamenduan dago.

Jessica Nicole Hinves aire armadako kide bat da, eta 2009an lankide batek bere gelan bortxatu egin zuen. Erasoa salatu ostean, bortxatzailearen lagunek jazarpen kanpaina bat antolatu zuten Hinvesen aurka. Komandanteak, berriz, salaketa baztertu egin zuen, eta erasotzailea diploma batekin saritu zuen, pilotu abileziengatik.

Rebbecah Havrill ere soldadu kide batek bortxatu zuen. Beste base militar bateko kapilauarengana babes bila joan, eta horrek esan zion mezatara gehiago joan behar zuela; «seguruenera jainkoaren nahia izango zen zu bortxatua izatea», gaineratu zuen.

Antzeko milaka gertakari daude AEBetako militarren artean. Zorionez, egunero ari da berritzen eta osatzen salatzaileen zerrenda, baina oraindik gehiengoa dira bakardadean, isilean zauriturik geratzea erabakitzen dutenak. Barrakoietako horma hotz mutuak horren lekuko dira.



Brittany L.Starburg ·
SWAN Service Women’s Action Network elkarteko politika aditua

«Politika gogor eta erradikalak hartu beharra daukate»

SWAN elkartea emakume militarren artean sexu eraso edo jazarpenen bat jasan dutenei laguntza eskaintzen dienetako bat da, baita armada barneko politikak aldatzeko lanean ari den sarea ere.

G Zenbat sexu bortxaketa izaten dira urtero militarren artean?
E
 2010ari buruz Defentsa Departamenduak egindako txostenaren arabera, 3.158 bortxaketa eta sexu eraso berri jaso zituzten. Baina horrekin batera, erasoen %80 ez dela salatzen esaten du txostenak. Beraz, oso zaila da urtean zenbat izaten diren esatea, baina txostenak aipatzen dituenak baino milaka batzuk gehiago dira, 19.000 inguru 2010ean.

G Handitzen ari al da kopuru hori?

E Bai. Egia da gero eta kasu gehiago salatzen direla, eta horrek ere eragina du. Baina kontua da ez dela kopuru hori gerarazteko nahikoa egiten.

G Erasorik gehienak emakumeen kontrakoak dira, baina gizonezkoen aurka ere gertatzen dira.

E 2009ko datuen arabera, VHA, Beteranoentzako Osasun Zerbitzuetan, 65.264 pertsonei eman zitzaien sexu jazarpenengatik zerbitzuren bat. Horietatik %60 andreak ziren, eta %40 gizonezkoak.

G Zeintzuk dira eraso horien berri ez emateko arrazoiak?
E
 Zibilen artean gertatzen den bezala, lotsagatik, deserosotasunagatik, beraien errua izan dela iruditzen zaielako… Militarren munduan halako erasoen berri emateko bi modu daude: mugatua eta mugagabea. Mugatua denean ez dago jazarpenik, ez du inork ezer jakingo, biktimak beharrezko laguntzak jasotzen ditu, baina modu konfidentzialean. Mugagabean, berriz, denek dute zuk egindako salaketaren berri.

Baina zer gertatzen da? Askotan zure erasotzailearekin lanean jarraitu behar izaten duzula. Beste zenbaitzuetan, zuk modu mugagabean erasoaren berri eman ostean, zure kideek zalantzan jartzen dute zuk esandakoa, eta horren ondoren hasten dira zurrumurruak... Hori dena ez pasatzearren, asko dira erasoak ez salatzea erabakitzen dutenak.

G Sexu eraso bat jasatean goiko mailako zure agintariei eman beharko zaie gertatutakoaren berri. Zein izaten da horien jarrera?

E Zenbait komandantek salaketa horiek oso serio hartzen dituzte, eta biktimari laguntzen diete. Baina beste batzuek alderantzizko jarrera dute: ez diote sinesten salaketa jarri duenari, edo akaso erasotzailearen lagunak izaten dira. Emakume militarrak ezin du Poliziarengana jo, mundu  zibilean bezala. Eta zenbait komandante ez dira batere objektiboak.

G Eta soldaduen artean zein izaten da jokabidea orokorrean?

E Liderrak daukan jokabideak askotan eragin zuzena izaten du taldean. Zeure buruak sexu erasoak ez dituela sekula onartuko esaten badu, normalean soldaduek jarrera hori babesten dute. Baina zenbaitzuetan alderantziz gertatzen da, eta hor sortzen da arazoa. Emakumeen kasuan estereotipo asko daude, eta oraindik ez daude erabat onartuak militarren munduan. «Seguru asko, berak nahi zuen hori egitea» eta halakoak entzun behar izaten dituzte.

G Zenbat kasuk bukatzen dute epaitegietan?

E %18k baino gutxiagok. 2010 urteari dagokionez, salatutako 3.158 kasuetatik 529 bakarrik iritsi ziren epaitegira.

G Eta zein izaten da zigorra?

E Hori ere arazo bat da. Ez dago egindako krimenaren eta jasotako zigorraren arteko orekarik. Mundu zibilean kartzelara doa erasotzailea. Egia esan, ez da batere gogor zigortzen erasotzailea. Unitatez edo taldez aldatzea izan liteke zigorretako bat.

G Zein da biktimaren soslaia?

E Unibertsitate ikasketak bukatu gabeko emakumeak dira, normalean oso gazteak, eta ez dakigu zergatik baina emakume afroamerikarrek sexu jazarpen gehiago jasaten dute.

G Zergatik gertatzen dira hainbeste kasu militarren artean?

E Ez da militarren arazoa bakarrik, baizik eta gizarte osoarena. Mundu zibilean ere gauza bera gertatzen dela esango nuke. Lehenik, militarren artean arauak, politikak eta zigorrak desberdinak direlako kasu gehiago ematen dira. Bigarrenik, arazo kulturala dago: militarren arteko hipermaskulinitatea kontuan hartzekoa da. Emakumea ez dago onartua, eta zenbaitzuetan gutxietsia eta baztertua da.

G Erasoaren ondoren zer egiten dute biktimek?

E Gehienek ez dute horren berry ematen. Lagunen bati kontatu, akaso. Kontuan izan behar duzu, militarrak izanik, ezin dutela egun batetik bestera beraien lana utzi eta alde egin. Protokolo batzuk jarraitu behar dira. Horregatik, askotan, erasotzailea lankide bat izan bada, unitate edo taldez aldatzeko eskatzen dute.

G Zer egin du orain arte Defentsa Departamentuak kasu horiek eragozteko?
E
 Txostenak egin ditu zenbat kasu salatu diren eta zein zigor jarri diren esanez. Militarren artean «sexu erasoak ez daude onartuak » bezalako mezuak zabaltzen dituzte, baina jende askok ez ditu serio hartzen. Politika gogor eta erradikalak hartu beharra daukate, eta ez txikikeriatan geratu, eta orain arte ez dute halakorik egin.

G Sexu jazarpena jasandako 17 soldaduk Robert Gates eta Donald Rumsfeld defentsa idazkari ohien aurkako salaketa jarri dute eraso horiek saihesteko ez zutelako nahikoa egin argudiatuz.Zer iritzi duzu?

E Gure babes osoa dute. Baina atzean dagoen mezua da Defentsa Departamentua ez dela modu egokian arazo hau konponbidean jartzeko pausoak ematen ari. Politiken erreforma behar dugu, eta hau Kongresuak bakarrik egin dezake. Defentsa idazkarien aurkako salaketa hauek lagundu egingo dutela uste dut zenbait kongresukideek zer gertatzen den jakin dezaten.

G Nola laguntzen diezue?

E Asko egiten ari gara. Politikak aldatzeko lanean ari gara: kongresukideekin elkartu eta zer gertatzen ari den erakusten diegu, eta legeak aldatzeko proposatzen diegu. Biktimei laguntzeko plan nazionala ere badugu: militar ohi edo beteranoen laguntza zuzena jaso dezakete,  sperientzia berdina jasan dutenekin hitz egin eta osasun laguntzak eskuratu.