2011/06/05
Polizia Dantza
Duela lau bat hilabete, Upper East Side-n paseoan nenbilela topo egin nuen lehendabiziko aldiz New York Police Department-eko trafiko saileko polizia honekin. Harrituta geratu nintzen. Eta irribarre batekin noski. Ez neraman, ordea, kamera gainean.
Atzo, berriz, Columbus Circle-n (Manhattan erdian) izugarrizko trafiko arazoak zeuden. Auto ilada handiak eta bozina soinua topera. Akaso, polizia honek bere eragina izango zuen, izan ere, nago, autoak mantsoago pasatzen zirela berari begira geratzen zirelako. Oraingo honetan hartu ditut irudiak. Goian dituzue. (Konturatu ez duela erritmoa galdu ere egiten... eta ematen dituen jira-bueltak ze estiloarekin ematen dituen? Hori, horrela, afroamerikarrek bakarrik...)
Egia esan, ez dakit trafikoa hobeto gidatuko den edo ez dantzan arituta, baina ni, estilo hau munduan barrena zabaltzearen alde nago. Alde ederreko aurpegiak ikusiko genituzke gidarien eta polizien artean. Izan ere, dantzan, mundua beste modu batera ikusten da. Baita trafiko arazoak ere...
(A-8an, Bilbo edo Donostiako sarrera-irteeratan, Ertzain eta udaltzainekin halako egoerak irudikatzea zuen kontu utziko dut)
Bideoaren egilea: G. Udabe.
2011/05/23
Ramin Jahanbegloo filosofoa
(Filosofo eta ekintzaile Iraniarra elkarrizketatzeko aukera izan berri dut. Benetan interesgarria Kanadan bizi den gizonarakin hitz egitea. BERRIAn argitaratu zen elkarrizketa 2011-05-21ean)
Ramin Jahanbegloo
Filosofoa eta giza ekintzailea
Israel herrialde arabiarretan gertatzen ari diren aldaketa guztiekin kezkatuta dagoela uste du filosofoak; hala ere, demokratizazioak bide egokian joanez gero bake negoziazioetan lagunduko duela dio.
«Ekialde Hurbil berri bat sortzeko aukera zabaltzen ari zaigu gaur egun»
Garikoitz Udabe New York
Iranen iraultza prestatzen ari zela atxilotu eta lau hilabetez bakartuta eduki zuten Ramin Jahanbegloo (Teheran, 1956). 2006a zen, eta mundu osoko intelektual eta eragileen babesa jaso zuen filosofoak. Indarkeriarik gabeko bideak erabiltzearen aldeko apustu sendoa egin izan du beti, eta azken aldian gertatzen ari diren aldaketen ezaugarri garrantzitsuena hori dela dio. Torontoko Unibertsitateko Etikarako Zentroko bulegotik erantzun ditu galderak.
Zeintzuk dira iraultza hauen ezaugarri nagusiak?
Aginte autoritarioen kontrako eta eredu demokraten aldeko joera garbiak ikusi dira. Paradigma berrien aurrean gaude, demokrazia eta legeen estatuen aurrean. Baina ikusi dugun ezaugarri garrantzitsuena da ekintza hauek guztiak jendetsuak izan direla, indarkeriarik gabekoak, eta sare sozialak modu eraginkorrean erabiltzen jakin dutenak. Tresna berriak izan dira gizartearentzat.
Iranen 1979an izan zen iraultza islamikoarekin aldera al ditzakegu?
Ez. Iraultza hauek guztiek ez dute lider karismatikorik izan, han ez bezala; Iranen Khomeini aiatolak zuzendu zuen iraultza. Oraingoan, gainera, erlijioaren gaindiko iraultzak izan dira. Eta, azkenik, hauek belaunaldi gazteen iraultzak izan dira.
Demokrazia aldarrikatzetik haratago, mundu osoko krisiak eraginik izan al du?
Bai, noski. Langabeziarekin batera, arazo ekonomikoak dituelako atera da jendea kalera. Populazioaren %60 30 urtez azpikoa dela kontuan hartuta, teknologia berrien bidezko informazio trukea izugarria da, baina globalizazioak, aldi berean, herrialde hauetako gizarte zibilei langabezia eta arazo ekonomikoak ekarri dizkie.
Indarkeriarik gabeko iraultzak izan direla diozu.Zer erakusten digu horrek, posible dela indarkeriarik gabe aldaketak eragitea?
Benetan sinesten dut bide ez bortxazkoak tresna garrantzitsu eta baliagarri bihurtu direla gizarte zibilarentzat. Orain arte ez zen horrela: indarkeria beharrezko elementutzat hartu izan da zenbait herrialdetan gauzak aldatzeko. Ezaugarri hau erabat aldatu da. Gazteek, intelektualek, gizarte eragileek osatu duten mugimenduak izan dira, eta aurretik inguru honetan izan diren ereduekin hautsi eta indarkeriarik gabe aldaketak eragitearen aldeko apustu egin da. Ideologiak baino indar handiagoa izan du gizarte zibilarentzat bortxarik gabeko borrokak. Eta uste dut hori dela demokrazia ezartzeko bidea.
Libia ez da orduan adibide egokia?
Ez, desberdina da. Arazorik nagusiena da ez dagoela gizarte zibil sendo bat. Eta armadak ezin izan du bete Egipton zeukan zeregina. Muammar Gaddafiren gobernuak ez dio bere gizarteari antolatzen utzi, eta ezta herrialdeko hainbat sektoretan parte hartzen utzi ere. Eta orain, gerra zibilean daude. Tunisian eta Egipton ez da hori gertatu. Sirian bertan ere gizartea ez da guda zibilean sartu aldaketak lortzerakoan.
Israel bakartuta gera daiteke estate arabiarren artean...
Israel kezkatuta dago inguru honetan gertatzen ari diren aldaketa hauekin guztiekin. Izan ere, negoziazio mahai berri bat osatu zaie, eta, gainera, kide berriekin. Egipton edo Sirian zer-nolako aldaketak izango direnari begira ari da, eta erregimen islamikoekin zer gertatuko den zain. Denbora luzez isilik egon badira ere, Shimon Peresek esana du nahiago dutela herrialde hauek demokratizatzea. Horren atzean Israelen segurtasuna dago, eta faktore hori kontuan izanda esaten dute hori. Sirian eta Egipton gertatuko dena gertutik jarraituko dute, eragin zuzena du-eta beraiengan, baina herrialdeen demokratizazioak bide egokian joanez gero, israeldarren eta palestinarren arteko negoziazioetan lagunduko dutela benetan sinesten dut.
Hitz egin dezagun zure jaioterriaz. Irango presidentea nola ari da aldaketa horiek guztiak ulertzen?
Manifestazio hauek lortu dutena ikusterakoan, asko kezkatu da. Ekintza hauek gizarteko hainbat sektore, mugimendu berdea, berrindartu egin ditu, eta horrek kezkatu egiten ditu. Irango Gobernuak, gainera, arazoak izan ditzake; Siria demokratizatzen bada aliatu garrantzitsua gal dezake eta eragina galduko luke. Eta ez zaio erraza izango erregimen autoritarioari eustea.
Iranen demokrazia lortzeko aukerak ikusten dituzu orduan?
Gizarte zibila horretan ari da lanean, baina ez dut uste hori gertatuko denik. Hainbatek giza eskubideak defendatzen jarraitzen dute, eta benetan sinesten dut gizarte mugimenduek etorkizuna dutela. Europako adibideak ere hor daude: Txekoslovakian eta Polonian gertatutakoa duela hamarkada batzuk. Iran berriaren hausnarketa da mugimendu berdea. Eta gobernuaren presio guztiaren aurka bere ezaugarriei eutsi behar die: indarkeriarik gabekoa izatea eta maila sozial guztietako jendea biltzea.
Irango hurrengo hauteskundeetan oposizioaren hautagaia izango zarela zabaldu izan da...
Ez naiz inoren hautagaia izango. Nire lanarekin jarraitu nahi dut, eta gizarte zibilean izaten diren mugimendu demokratikoak babesten eta laguntzen jarraituko dut. Ez nire jaioterrian bakarrik, baita beste herrialdetan ere. Uste dut gauzak ondo joanez gero Ekialde Hurbil berri bat sor dezakegula eta aukera hori ari zaigula zabaltzen gaur egun.
India eredutzat hartu izan duzu.Zergatik?
Ghandik independentzia lortzeko egin zuten bide baketsuarengatik. Eta sekularizazio eredurik egokiena izan litekeela uste dudalako, politika eta erlijioa banatzea ez litzatekeelako batere lagungarria izango Ekialde Hurbilean. Erlijioa eta espiritualtasuna bereizten baditut ere, sinesten dut espiritualtasunak izan dezakeela tokia politikan. Ekialde Hurbilak pertsona erlijioso askoko ingurua izaten jarraitzen du. Horregatik uste dut hango sekularizazio eredua dela egokia: erlijio guztiak ordezkatuta daude, elkarrekin bizi dira, eta ordezkari guztiek gizarte demokratiko bera eraikitzeko aukera berberak dituzte.
Real Democracy NYC
Munduan barrena hainbat hiritan egin den bezala, pasaden larunbatean elkartu ziren hainbat eta hainbat Espainiar New Yorken "benetako demokrazia" eskatzera. Sol Plazan (Madrilen) abiatutako protestekin bat egin nahi izan zuten horrela New Yorken bizi diren hainbatek.
Ziento batetik gora lagun izango ziren Washington Square plaza ezagunean dagoen arku azpian elkartutakoak. Gehienak gazteak. Txarteletan idatzita denetariko lemak. Eta oihuak ere beste horrenbeste. Parean turista ugari, zer gertatzen ari zen jakin nahian, eta bide batez argazkiak atera eta atera. Horrela egon ziren ordubete pasatxora arte. Polizia azaldu eta protesta bertan behera uzteko eskatu zien arte. Ordubeterako baimena omen zuten. Antolatzaileetako batek isuna ere jaso zuen. Eta hemengo poliziarekin ere batzutan broma gutxi behar izaten denez, bertan behera geratu zen protestaldia.
2011/05/06
Obama Zero Gunean
Obama Ground Zero edo WTC-en izan da. Osama Bin Laden erahil ostean dorre bikiak zeuden lekura inguratu nahi izan du eta omenaldia egin hildakoen senitartekoei eta suhiltzaile eta poliziei.
Presidentea hirira etortzen den bakoitzean bezala, izugarrizko mugimendua egon zen atzo downtown aldean: poliziak, zerbitzu sekretuak, tiratzaileak teilatuetan, polizia kontrolak subway sarean... Hala ere, jendetzea inguratu zen Obama presidentea ikusi nahian, edo besterik gabe, zer suma. Asko turistak. Baina New Yorkeko hiritarrak ere han ziren. Ni egon nintzen inguruan, afroamerikar asko. AEBko eskuko banderatxoa hartu eta hura astintzera joanak ziren. Eta nola ez, Obamari beraien babesa erakustera.
Ez ahaztu, hemen ere, kanpainan gaudela. 2012ko hauteskunde presidentzialetarako lasterketa hasita dago. Eta hori antzematen da. Adibidetarako, pasaden astean Obamak New Yorkeko Midtownen egin zuen afaria. Milaka dolar ordaindu beharra zegoen platerako. Alderdi Demokratari dirua emateko moduetako bat da. Izan ere, hauteskunde lasterketa, beroketa fasean dago. Jarraipena egiten joango naiz. Kontatuko dizuet.
Hona hemen Zero Gunean, presidentearen bisitaren aitzakian ateratako hainbat argazki.
(Argazki guztien egilea: G. Udabe)
2011/05/05
Txakolina sagar handian
Aparteko giroan egin da lehen aldiz New Yorken Txikifest deituriko jaia. Txakolinaren inguruan antolatutako jaia Manhanttango bederatzigarren etorbidea eta 24 eta 25. kaleen artean propio egokitutako tokian ospatu zen igandean, eta jendetza handia inguratu zen txakolina dastatzera. Eguzkiak ere gogor jo zuen 13:00etan hasi eta 17:00etan amaitu zen festan. Horregatik, txakolina ere burura azkarregi ez igotzeko, urdaila betetzearen aldeko aukera egin zuten askok. Horretarako, hiriko zenbait sukaldarik prestatutako jakiak zeuden eskura. Txakolina inspirazio iturri hartu eta sortutako plater-pintxo txikiak.
Ameztoi, Uriondo, Xarmant, Itsas Mendi, Gorka Izagirre, Gurrutxaga, Doniene Gorrondona, Txomin Etxaniz, Berroia, Talai Berri eta Ulazia txakolin ekoizleek parte hartu zuten txakolina bultzatzeko eta ezagutarazteko antolatutako jaian, eta Isastegiko sagardoa ere probatu ahal izan zuten hura nahiago izan zutenek.
Inguruko euskaldunez gain, estatubatuar askok izan zuten txakolinaz gehiago jakiteko eta probatzeko gogoa,eta horren ondorioz, zenbaitetan prestatutako gunea bete egin zen. Txikito jatetxeak antolatutako jaialdiaren bidez eskuratutako dirua epilepsia sendatzeko ikerketetara bideratuko dute.
Makina bat euskaldunen gozamen aurpegiak ikustekoak ziren. Aspaldian txakolinik edan gabe egoteak horixe dauka! Zenbait txakolin ekoizleez gain, Javier Inclan osasun sailburu ohia eta bere emaztea azaldu ziren jaira Zaratamoko alkatearekin batera, hirira turismoa egitera etorrita zeudela probestuz.
2011/05/03
Bin Laden hil dute
(BERRIAN argitaratua, 2011ko maiatzaren 3an)
New Yorken, egun seinalatua
AEBetan lagun ugari atera da kalera albistearen berri izatean; New Yorkeko zero eremuan bildutako lagunek justizia egin den ustea dute orain.
Garikoitz Udabe New York
Zero gunera inguratuz gero, ez dago gaur zarata desberdinik: Dorre Bikiak zeuden lekuan lanean ari diren makinek ateratzen dutena nagusitzen da, eta eguneroko eta ohiko zirkulazioarena. Baina antzematen da ez dela besteak bezalako egun bat. Polizia asko dago zero gunean. Manhattango mutur horretan, txoko bakoitzean, izkina bakoitzean, aurki liteke polizia bikoteren bat zirkulazioa gidatzen edo jendearen emana arindu nahian. Izan ere, horixe da gaur antzeman den aldaketa: normalean baino lagun gehiago gerturatu dela. Turistak, langileak, auzokoak, senideren edo lagunen bat galdu zutenak, ikusmiran ari direnak. Argazki kameren flaxen argiak ikustea ohikoa bada, gaur etenik gabe ari dira; Osama Bin Laden hil ondorengo eguna betiko iruditan gorde nahian dabiltzanak mordo bat dira.
Zero eremuaren inguruko kaleak hesitzen ari dira goiz-goizetik. New York Polizia Departamentuko langileak ari dira horretan bertaratu litekeen jendea antolatzeko edo. Nahiko lan badute ere, bertan dauden komunikabide guztientzat tokia egiten. Izan ere, mundu guztiko telebista, irrati eta egunkarietako kazetariak daude zero eremuan. Belarria jarri besterik ez dago zenbat hizkuntzatan ari diren albiste bera kontatzen jabetzeko.
Egun seinalatua da dudarik gabe. Albistearen zain zeuden asko aspaldidanik, ia hamarkada bat une honekin amets egiten. Irailaren 11ko goiz hartan Dorre Bikien kontra leherrarazi zituzten bi hegazkinen irudiekin esnatu ziren estatubatuarrak, eta orain eraso horien erantzulearen hilketarekin iratzarri dira. Bada, ordea, albistearekin oheratu zenik eta horren berri izatean kalera atera zenik ere.
Washington eta New York izan dira ospakizun jendetsuenak bildu dituzten bi hiriak. Bietan, jendea kontentu, eta irribarre batekin ahoan, hilketaren mezua sakelako bidez zabaldu ahala kalera atera baitira. Times Squarren suhiltzaileen poza ezkuta ezina izan zen. Bertan zeuden hiritarrekin ospatu zuten albistea.
Ikurrak eta mezuak
Greg da goizean zero gunera inguratu den suhiltzaileetako bat. Hasperen egiten du. Kide asko galdu zituen atentatuetan. «Ez dakit nola esan, baina ongi sentitzen naiz, hori da hitza, ongi sentitzen naiz», erantzun du.
Ondotik 40 urte inguruko gizonezko bat pasatu da, bandera estatubatuarra bizkarretik zintzilik duela. Atzera eta aurrera dabil, geldiunerik gabe, ezer esan gabe, baina honako mezu hau zabaldu nahiko balu bezala; «zuengatik, hemen geratu dinetenengatik, hil dugu erantzulea».
Handik metro gutxira, zero gunean eraikitzen ari direnari begira jarrita dago emakume afroamerikar bat. Eskuetan Barack Obamaren argazki handi bat hartuta dauka. Parean pasatzen den guztiari erakusten dio «Obama presidenteak harrapatu du Bin Laden, ez ahaztu» esanez.
Lee gerra beteranoa eseri zaio ondoan, eta biak ados daude: «Justizia egin da». Isilik geratu dira dorreek utzitako hutsunean begirada galduta. Urte hauetan guztietan doluaren ikur bilakatu da eremu hori. Atseden har bezate irailaren 11ko biktimek idatzita dago gizonezko afroamerikar batek helduta daukan txartel batean. Turistek argazkiak ateratzen dizkiote.
Irailaren 11ko atentatuen ostetik, hiriko edozein txokotan aurkitu litezke bandera amerikarrak zintzilik: suhiltzaileen kamioietan, leihoetan, motxiletan, arropan edo paparrean. Akaso norbaitek ahaztua ere izango zuen haren bila jarraitzen zutela, baina albistea jakin bezain pronto, kalera atera dira.Yolanda eskuko banderak saltzen ari da: «42. Kalean egon nintzen atzo, eta izugarri saldu genuen. Eta gaur ere oso ongi ari gara saltzen hemen zero eremuan». Bost dolar balio du eskuko bandera handiak, eta bi dolar txikiak. Jendeak erosi egiten ditu, eta haizearen erritmora dantzan jartzen dituzte zero gunean oraindik dagoen zuloari begira.
Atentatuetan 2.750 lagun hil ziren, eta Dorre Bikiak zeuden lekuan dauden horietako askoren errautsak, zulo hartara erori ziren atentatu haietako hildakoak. Haiek familiartekoetan utzitako hutsunea, ordea, handiagoa izango da, eta akaso horregatik jarri dituzte loreak. Lanak babesteko hesietan daude, edonon, loreak zintzilikatuta, eta ondoan bandera estatubatuarrak. Horma horietako batean Daily News egunkariko gaurko edizioko bi lehen orri daude jarrita. Bin Ladenen aurpegia ikus liteke bertan. Turistak, banaka-banaka argazkiak ateratzen dituzte egunkaria eskuarekin seinalatuz, gaurko egunez hemen egon direla esan nahiko balute bezala.
Prentsa eskuetan
Mary Fetchetek semea galdu zuen atentatuetan. Irailaren 11ko Ahotsak elkarteko zuzendaria da, eta orain lasaiago hartzen duela arnasa dio: «Ongia gaizkiari gailendu zaiola sentitu dugu, eta gure fede hori indartu egin da orain, garaipen sinbolikoa eta morala da gizateriarentzat».
Italiakoa da Massimo, eta egun batzuk pasatzera etorri da hirira. New York Times egunkaria erosi du, eta hura eskuetan hartu eta argazkia ateratzen ari da, «gaurkoa egun berezia eta gogoratzekoa delako».
Zero gunean jendetza ibili da egun osoan. Bestetan baino gehiago. Baina bi kale atzerago, hainbeste zalaparta eragin duen Cordoba meskita eraiki nahi duten lekuan, isiltasuna eta lasaitasuna da nagusi. Bi polizia patruila atean jarrita, eta ez dago besterik.
(Argazki guztiak 2011ko maiatzaren 2an, goizean zero gunean ateratakoak dira. Egilea: G. Udabe)
2011/04/27
Turistak New Yorken
Staten Islande-rako ferryan Statue of Liberty-ri begira
Turista asko dabil egun hauetan New Yorken. Izugarri. Eta honek ez du etenik izango orain urrira arte edo. Nik ere izan ditut bisitak aurten, eta hiriko txoko ezagun eta ezezagun (interesgarrienak azken hauek dira) guztiak erakutsi nahi izan dizkiet Haritz eta Olatz aparteko bi laguni. Haiekin nenbilela, ordea, neroni ere kamera hartu eta argazkiak atera eta atera aritu naiz. Baina nire helburua ez dira tokiak eta paisaiak izan. Turistak beraiek baizik. Hemen duzue sorta txiki bat. Turistak, iruditan, argazkitan. Turistak New Yorken.
Laukote afroamerikar bat kantari, eta tursitak aho zabalik
"I love NY", a ze negozioa!
"Eta hau gure etxeko salan jarriko bagenu?"
Zero gunean: "Hemen zeuden bi torreak eh?"
Downtown.
Turistak zezenaren adar artean, downtownen.
Wall Street: txin txin, txin txin, diruaren hotsa...
Argazki sesioa kalean. Nor ote da modeloa?
Brooklyn Bridge gainezka
Argazkiak ezinbestekoak zubiaren erditik
Askori berdin zaie iladan zenbat itxaron pizzarik famantuenetakoa
dastatzea lortzen badute
Argazki sesio gehiago...
DUMBOtik ikusita, Manhattan iluntzean
"Begira, zer lotsagabea!"
John Lennonen oroimenezko lekuan, abesbatza bat kantari
Turista senar txirrindulariak lurrean. Turista emazte argazkilariak,
bakoitza bere kamerarekin noski, gero etxekoei zein ongi pasa zuten
erakusteko
Apple-en denda parean. Sagarraren inperioa...
Saint Patricks's Cathedral
Fifth Avenue, etorbiderik ezagunena turistentzat
Gran Central Stationen turista gazte kuadrila sabaiari begira
High Line, deskantsurako tokia
Argazkien egilea: G. Udabe
Suscribirse a:
Entradas (Atom)


