2012/09/17

Mathew eta tronboia

Larrepetit, 2012-09-15



          Luzeak eta zabalak dira, eta jende izugarri sartzen da bertan. Ez ditut sekula kontatu, baina inurrien pare joateko ordu horietan harritzeko modukoa da zenbat jende kabitu litekeen barruan. Hiru ate ditu tren bagoi bakoitzak, eta ordu askotan, ate ondoan zutik geldirik geratu denari bultzada bat emanez sartu behar izaten da. Behin ateak itxita, geltokitik geltokira, abiadura bizian joaten dira, azken momentuan zakar antzera trena bat-batean geratu eta bidaiarien balantzak eraginez.

          Mathew-k 40 urte inguru ditu eta tronboi irristailuduna darama berekin. Ederki ezagutzen ditu New Yorkeko metro linea desberdinak, eta badaki zein ordu eta zein tren bidaia diren egokiak bere lana txukun egiteko: A hizki handiz daraman trenean doa gaur, bagoitik bagoira, dakien pieza bakarra eskaintzen. The Godfather, edo gure herrian esaten den moduan, Attajauna filmeko soinu bandako parterik ezagunena jo du, hala nola. Corleone familia gogora ekartzeko moduan, baina behar ez zituen hainbat nota erantsiz bere partitura egokituari.

          59. kaleko geltokira iritsi baino 20 segundo lehenago bukatu du pieza (kalkuluak aterata dauzka), eta txapela pasatzen hasi da. Trena ez dago beteta. Jendea lasai doa eserita. Txanpon gutxi batzuk batek, dolarra besteak… Bikote baten ondotik pasaeran, eskua luzatzeko eskatu diote, eta zerbait eman: Mathewk pauso bat aurrera egin eta eskuetan zer duen ikustean, atzera jo du eta bikoteari erakutsi emandakoa. «Zuretzat», erantzun diote. «Seguru zaudete?», Mathewren zalantza. Baiezkoa izan da erantzuna. «Lurrean aurkitu dugu kartera hau, eta norena den ez dakigunez, barruko diru guztia zuretzat».

          Kaleko artistekin New Yorkeko hiritarra eskuzabala dela egunero ikusi liteke. Nahiz eta pieza bakarra hala-hola jotzen jakin, eskertzekoak dira lur azpiko bidaia luzeetarako denbora-pasa hauek.

2012/09/10

Marta, baztertutako heroia

Larrepetit, 2012-09-08



          Hamaikagarrena beteko da hiru egun barru. Ekitaldi publikoak, instituzionalak egingo dira aurten ere, eta Manhattan gauak harrapatzean, ia 900.000 bonbillaren argiek irudikatuko dituzte lurretik zerurantz World Trade Center-eko bi dorreak.

          Martak jai zuen egun hartan, eta, munduak bezala, telebistaz ikusi zituen burdinazko txori hegalarien erasoak. Queens-eko bere etxean, beldurra sentitu zuen, negar egin zuen, errezo ere bai erasoa etorri zen zeru berberera begiratuz, baina bera eta familia ondo zeuden.

          Egun batzuetara, telefonoaren hotsa, eta lantokitik oharra: bihartik aurrera, zero gunera joango zara garbiketa lanetara. Eta hala, kexurik gabe, eguna joan, eguna etorri, tragediaren freskotasunak utzitako hautsak, aztarnak betirako ezabatzeko zeregina izan zuen.

          Handik hiru urtetara jabetu zen bera ere atentatuek jo zutela: berun, poliuretano, artseniko edo asbestos artean lan egitearen eraginez, gaixorik dago; tumore batekin bizi da, eta poliki-poliki hiltzen ari da. Egun haietan lan egin zuten beste hainbat kide bezala. Baita suhiltzaile eta poliziak ere. Baina hara desberdintasuna: azken horiek legezko hiritarrak dira. Marta, mexikar paperik gabea. Eta benetako heroia izateko, ezinbesteko baldintza da hori.

          Diru laguntzen poltsatik zerbait jasotzen duen arren, ezin du lanik egin, eta ez zaio bizitzeko eta sendatzeko adina iristen. Aseguru etxeek detektibe pribatuak kontratatu dituzte gaixorik ez daudela «nolabait» frogatzeko, eta haien beldur bizi da Marta.

          Irailaren 11n, zero gunean, berriro atentatuetan hildako guztien izenak irakurriko dira boz-goran. Zerrenda hori, ordea, urteetan gizentzen joan da, eta etorkizunean ere halatsu. Baina Martak, oraingo honetan ere, ez ditu entzungo galdutako lagun eta lankide askoren izenak. Hautsak bezala, errauts guztiak ere berdinak ez direlako.



2012/09/03

Matt marinea

Larrepetit, 2012-09-01



          Matt marineak, bertsio ofizialarekin bat eginda, aitak, aitonak, osabak edo lagunak, Osama Bin Laden hil zuteneko operazioan parte hartu zueneko gerra historia nahi adina aldiz kontatzeko aukera izan du.

          Baina lau haizeetara honako hau zabaldu du: Bin Laden hil zuteneko operazioan, zalantzan jarri du marineak arriskuan egon zirenik. Hala ere, liderra zegoen gelara sartu zirenean buruan tiro bat eman zioten. Azkenetan, bi emakume oraindik mugitzen zen gorpuaren gainean oihuka negarrez omen zituen. Haiek kendu eta berarekin zeuden zenbait marinek laserraren argi gorriarekin lepora apuntatu eta tiro egin omen zuten. Liderra seko geratu zen arte. Bera testigu.

          Horrela gauzak, exekuzio baten aurrean egongo ginateke eta ez defentsan egindako ekintzarenean. «Baina Osama Bin Laden hil zuten, eta justizia egin. Nori inporta zaio nola?», esaten dute hemen zenbaitzuk. Asko inporta du. Ez ahaztu hauteskundeak izango direna hilabete luze barru. Eta joan den urteko maiatzean gertatutakoa honetatik oso gertu zegoen. Hauteskundeetan, herritarren botoa lortzeko, denak inporta du: ekintzak berak, zalantzarik ez, baina baita moduak ere. Eta politikoen aholkulariek ondo kalkulatzen dituzte ekintza batek sor ditzakeen eraginak bertsioak emateko garaian.

          Matt-ek idatzitako No Easy Day (Egun zail bat) izeneko liburuaren inguruan halako ikusmina sortu da, argitaletxeak datorren asteartera aurreratu baitu aurkezpena. Eta ildo horretatik badoa kontakizuna, Matt marineak egun zail bat baino gehiago izango ditu aurretik. Pentagonoa dagoeneko gainean du. Eta Al-Qaeda ere bai, hilketan parte hartzeagatik.

          Eta niri orain gelan zeuden bi emakumeen kontakizuna entzuteko gogoa sortu! Eserita itxarotea hobe.

          Matt, boligrafo gaineko laserrarekin apuntatu eta tinta-tiroa botatzeak min gehiago sortzen du batzuengan. Baina, marinan, tiroak bestelakoak dira, ezta?

2012/07/30

Gurutz

BERRIA, Larrepetit 2012-07-28



          Atzera begiratu eta garbi gogoratzen dut nola etorri ziren etxera Gurutzen bila. Zenbait komunikabidek lehenagotik bazekiten atxilo hartzera joatekoak zirela, eta horregatik zeuden etxepean hura noiz aterako zain jarrita, momentua argazki kamera eta bideoan betiko gordetzeko.

          Inkomunikazio egunek iraun zuten bitartean, defentsarik gabeko epaiketa mediatikoa etorri zen togarik gabeko epaile iritzi emaileen eskutik: astakeria latzak entzun ziren.

          Epaiketaren egunean, argiago ezin izan zuen esan Gurutzek: nik ez dut hil Pagazaurtundua, ez dut sekula armarik hartu eskuetan eta ez dut zerikusirik ETArekin. Auzitegi Nazionaleko epailea, ados ETAkoa ez dela, baina hiltzailea bera omen. DNA proba susmagarri batzuk, pentsaera politiko jakin bat izatea, errugbi talde batean jokatu izana, euskaraz jakitea nahikoa nonbait Madrilen ETAkoa izan gabe haren aginduetara zegoela frogatzeko.

          Hildakoaren familiak, fiskaltzak eta AVTk ETAko kidetzat jo zezaten eta zigorra 10 urte gizendu ziezaioten jarritako errekurtsoak aztertu berri ditu Auzitegi Gorenak, eta lehengo lepotik burua: arrazoi, ETAkoa ez zinen, baina zeuk hil zenuen. Zigor berarekin geratuko zara, beraz: 32 urte.

          Ez hanka eta ez buru duen zigor hori egunetik egunera erabat politikoa dela gero eta garbiago geratzen ari da. Eta horren erakusgarri, tartean izaten ari diren hainbat eta hainbat presio. Helburua errudunen bat, edonor, izendatzea izan dutela dirudi, eta Gurutzi tokatu zaio. A ze loteria, alajaina!

          Asko hitz egin zen kasuaz, komeni izan zenean. Orain, berriz, akaso, nahiago dute ahalik eta gutxien hartzea ahotan, isilean uztea, eta hautsik ez harrotzea.

          Denborak gauzak bere tokian jartzen omen dituela esan zuen norbaitek. Denbora hori, dagoeneko, nahi baino luzeagoa da, baina egia atera arte, justizia egin arte, ez dago isilik geratzerik.

2012/07/23

Bakardadean auto isolatuta

BERRIA, Larrepetit, 2012-07-21


          Etxeko horman zintzilik jarrita dauzkan argazkien bidez, askotan egiten du Marlow-k denboran atzera. Garai bateko sentipenak datozkio bihotzera marko arteko oroitzapenekin. Egunean zehar denbora asko pasatzen du haiei begira. Emaztea erretiratu berritan hil zitzaionetik, ez dauka bizitakoa norekin konpartitu. Eta hori egiteko nahia eta desioa handia da oso. Baina bakarrik dago.

          Tarak oraindik ez du erretiroa hartu. Egunero jaikitzen da egunsentiarekin batera, eta Wall Streeteko jendez betetako bulego bateko paper artean eguna pasa ostean, seiak aldera iritsi ohi da etxera. Atea ireki eta isiltasunak egiten dio diosala, eta ez zaio hori batere gustatzen.

          Karren hil egingo litzateke ordenagailurik gabe geratuko balitz. Egunean zortzi ordutik gora pasatzen ditu sareko ezezagun izengoitidunekin txateatzen. Horrela lortzen du munduan bakarrik ez dagoela sentitzea.

          Marlow, Tara eta Karren eraikin bereko bizilagunak dira. Manhattango toki bikain batean bizi dira. Lorategi pribatua dutenez, hara joaten dira arratsaldero, konpainia bila. Baina ikusi zein den argazkia: bakarrik egon nahiko balute bezala, bakoitza banku batean esertzen da, eta ez dute inorekin hitz egiten. Eta noski, gisa horretara, ezin dira oroitzapenak konpartitu, isiltasuna hautsi edo konpainian egon. Auto isolatu egiten dira, eta horrek eragozten die benetan desio dutena lortzea. Jarrera aldaketa bat, «kaixo, zer moduz zaude», «eseri naiteke zurekin», «zein eguraldi ederra» nahikoa lirateke bakardadea minutu edo ordu batzuez hausteko.

          Bakarrik egon nahi ez eta bakardadean auto isolaturik egotearena pilularik gabe senda daitekeen gaitza izan arren, gero eta hedatuagoa dagoela dirudi. Hanburgerrak bezala, hori ere gurera iritsi dela diote. Auto isolamendurako joera ere bidean ote? Aurre egiteko prest izatea onena.

2012/07/16

Gutxiengoen eragina

BERRIA, Larrepetit 2012-07-14



          Ez da lehendabiziko aldia New Yorkera bisitan etorri den norbaitek halako zerbait esan didana: aizu, harrituta nago zenbat latinamerikar ikusten ari naizen hiri honetan. Eta ez dute arrazoi faltarik.

          2005eko datuei erreparatuz gero, 295 milioi biztanle zituzten AEBek, horietatik %67 zuriak ziren, %14 hispanoak, %13 afroamerikarrak eta %5 asiarrak. Sei urte geroago, ordea, eta lehen aldiz herrialde honen historian, 2010 eta 2011 bitartean arraza gutxiengoetatik jaiotako umeak gehiago izan ziren zuriak baino (%50,4).

           Aldaketa estatistiko garrantzitsuak etorriko dira herrialde honetara datozen urteetan: 2050. urtean AEBetan 438 milioi pertsona biziko direla aurreikusten du zentsuak, eta horietatik %47 zuriak izango dira, %29 hispanoak, %13 afroamerikarrak, eta %9 asiarrak. Alegia, zuriek gehiengoa galduko lukete gutxiengoen mesedetan. Joera hori kostako da aldatzen, besteak beste, ama izateko adinean dagoen gazte gehiago dagoelako talde horren barruan, eta haur gehiago izaten dituztelako.

           Azkeneko hamarkadan, hispanoak 35 milioi izatetik 50 milioi izatera pasa dira. Eta gero eta indar gehiago duen gizartearen alde horri mugak jarri eta gutxiengoak isilarazteko estrategia izan da batez ere errepublikanoek beren politikekin defendatu dutena: Arizonako estatuan indarrean jarri nahi zuten eta gero epaitegiek atzera bota duten legea, adibidez.

          Demokratek beste bide bat egin dute: hispanoen hirutik bik eman zioten botoa Obamari duela lau urte, eta hiru hilabete barru ere denen beharra izango du.

          Europatik etorritako zuriek sortutako nazio honek etorkinen herrialdea izaten jarraitzen du, eta legez edo legez kanpo sartutako horiek gabe akabo gaur egungo bizitza estiloa eta akabo sistema. Presidente hispanoa Etxe Zurira iristeak ere, gaur egun , ez dirudi ezinezko. Denbora kontua da.

2012/07/09

Barbakoa eta piknika

BERRIA, Larrepetit, 2012-07-07



          Egun seinalatua da Ameriketako Estatu Batuetako agendan uztailaren laugarrena. 1776an Britainia Handiarengandik independentzia lortu zutenekoa gogoan, jaieguna izaten da, eta eguna oso hemengo estilora pasatzen dute: barbakoak edo piknikak eginez. Horixe izaten baita lagun eta familiak elkartzen dituen aitzakia zaporetsua.

          Goizean goizetik has zaitezke barbakoaren keak han eta hemen ikusten, eta egiten ari diren hot dog edo hanburgerrak usaintzen. New Yorkeko hiriko parkeak jende kuadrillaz beteta egoten dira. Etxe atzealdean lorategia duenak hura erabiltzen du, eta, bestela, beti geratzen da kalea; espaloira mahaiak eta aulkiak atera eta atariko zuhaitzaren itzalean tertulia ederrean egotea da kontua, tarteka paseoan doan bizilagunari «happy 4th of July» esanez.

          Barbakoak eta piknikak tresna garrantzitsu bilakatu dira nahiko indibidualista den gizarte batean jendea elkartzeko, familiak elkar ikusteko. Eta denok dakigun bezala, tripa betearekin mundua eta bizitza beste kolore batekoak ikusten dira.

          Presidente hautagaiek ere beren piknikak egin dituzte: Obamak hiritartasun ziurtagiriak banatuz etorkinei keinu berriak egin ondotik, armadako beteranoekin eta Etxe Zuriko hainbat langilerekin egin zuen etxeko belazean. Romneyk, berriz, bere familiako 30 kiderekin, odol berekoak elkarrekin egoteak duen garrantzia nabarmenduz. Politikaren barbakoan jarritakoari puntua hartzea tokatzen zaie orain biei, erre gabe noski.

          Independentziaren egunari amaiera emateko, sakratuak bilakatu diren su festak ikusi behar dira. New Yorken, Hudson ibaian botatzen dituzte suak. Ez da Donostiako Kontxan ikustea bezala, baina tira, New York da.

          Hurrengo barbakoa eta piknikerako gonbita dagoeneko jaso dut Facebook bidez —oso bide erabilia gonbidapenak egiteko—. Eguraldia aldatu arte honek ez du etenik izango.