2011/01/21

Hiletara limousinean

                   Hileta bateko irudia "Church of St.Paul the Apostole" elizan.


New York bezalako hiri batera lehendabiziko aldiz etortzean, eta zeure paretik ordura arte filmetan bakarrik ikusitako limousine bat pasatzean, begirik ezin kendu geratzen zara.  

Egun batzuetan hirian egon ez gero, ordea, asko ikusiko dituzu, eta azkenerako begiratu ere ez diezu egiten. Izan ere limousin autoak hiriko bizitza sozialean gauza askotarako ibili ohi dira: oso normalak dira gaztetxoz betetako autoak Manhattango kaleetan ikustea, High School-a bukatu dutelako, edo eta College-ra doazelako.  Exekutiboek erabiltzen dituzte, artistek, ezagun eta ezezagunek, eta bai eta hiletatan ere. 

Hileta zerbitzuak antolatzen dituzten enpresek egiten duten eskaintza da. Gorpua eramateko autoaz gain, eskura dituzu limousine autoak familia guztia sartu eta denak batera elizara eta handik hilerrira eramateko. Hiletari glamour puntua ematea baino gehiago da gauza praktikoa:  familiako kide dezente elkarrekin batera mugitzeko aukera ematen baitu. 

Argazkian ageri den atzeko auto zuri luzetik zenbat pertsona atera ziren kontua galdu nuen, baina 18tik gora zirela, seguru.    

No hay comentarios:

Publicar un comentario