2011/01/18

Sudango Erreferendumaren haritik

Bizitza eguzkiarekin zenekoa

AEBetan, Sudango gerratik ihesi joandako lau mila gazte bizi dira egun; Awan,Akec eta Earok dira horietako
hiru, eta. hamar urteren ostean. jaioterrira itzuli dira bihar hegoaldean egingo den galdeketan parte hartzera.








Sudan hegoaldean jaiotako umeek haur izaten jarraitu nahi zuten, baina heldutasuna bat-bateaniritsi zitzaien. Bizitza eguzkiarekin zenean, jolastea zuten gogoko,belaunak urratuz fantasiaren zurrunbiloan murgiltzea, umeen txikitasunetik handien munduari begiratzea eta heldu izandakoan egingo zutena amestea.

Kuol Awan, Ajak Akec eta Daang Earok ere ume izan ziren, gerrak haurtzaroa lapurtu zien arte. Kuol Awan (31) Chiir izeneko herrixkan jaio zen. Bost anaiak eta lau arrebak gurasoekin bizi ziren garaia «oso zoriontsua» gogoratzen du. «Gurasoek animaliak zituzten, eta haiek zaintzen jolasean egoten nintzela gogoratzen dut». Daang Earok (31) Kongor izeneko herrixkan jaiotakoa da. «Haurtzaroko gauza asko gogoratzen ditut, nola jolas egiten nuen anai-arrebekin, zein gustura bizi nintzen gure herrixkan». Egun batez haurtzaroa bukatu zen arte. Sudan gerra zibilean murgildu baitzen 80ko hamarkadaren erdialdean (1983-2005).

«Jendea negarrez gogoratzen dut», dio Ajac Akecek (28): «Jendea nola hiltzen zuten gogoratzen dut, eta nola etxeei su eman zieten. Etengabeko irudiak izan ziren. Oso gogorra izan zen». Kuol Awanek gogoan du gerra
hasita ez zutela ezer galdetzen, ez zuten zer gertatzen ari zen galdetzen: «Ahal zen moduan albisteak
jarraitzen genituen, baina besterik ez». Egun batean, ordea, «gobernuak bidalitako jendea sartu zen herrian, eta jendea tirokatzen hasi ziren, herritarrak hiltzen, herriari su ematen, autoak lapurtzen…». Kuol Awani gurasoek esana zioten halakorik gertatuz gero ahalik eta azkarren alde egiteko, eta hala egin zuen.
«Zazpi urte nituen, eta gerragatik bakarrik alde egin behar izan nuen», dio Earokek. «Imajinatu adin horretako ume bat, bakarbakarrik, bere familiakorik gabe, oinez bide luzeak eginez, jateko ezer gabe...».

Kuolek gogoan du nola beste ume batzuekin zegoen eta denek alde egin zuten. «Handik egun batzuetara
aurkitu genituen beste ume talde batzuk, eta mila haur  inguru denak elkarrekin abiatu ginen. Oso beldurtuta nengoen. Munduaren amaiera zela pentsatzen nuen».

Bidean egin zuten topo Kuol, Daang eta Ajaken kasuak, izan ere, ez ziren bakarrak izan. Dinka eta Nuer tribuetako 7 edo 8 urte edo gutxiagoko milaka haurrek ihes egin zuten egun haietan, eta, halabeharrez, gehienek bidean egin zuten topo, hurrengo hilabete eta urteetarako bidaide lagunak bilakatuz. Familia galdutako haurrak ziren sekula egin gabeko bidean galdurik zeudenak. Babesik gabe, ihesi, arriskuz beteriko bidaia bati ekin zioten. Etiopiara abiatu ziren milaka ume galdu, janaririk gabe, urik gabe, biderik gehiena gauez eginez, gobernuko milizietatik ihesi. «Kontuan izan behar da lehoi, hiena eta animalia arriskutsu asko daudela Sudanen, eta garai hura ur eta janari eskasekoa zenez, gauez ibiltzen ginen oinez», azaldu du Kuolek. Ilunpea, ordea, ez zen nahikoa babes: «Batzuetan animaliak azaltzen ziren, eta orduan haurrak negarrez hasten ziren, oinetakorik gabe lasterka, noraezean… haur asko hil ziren horrela».

Heriotza bidaide izan zuten, eta ume haietako bakoitza izan zen urteetan beraietako askoren amaieraren lekuko. Ajak Akecek anaiarekin alde egin zuen, baina bidaia hura «oso
emozionala» izan zela gogoratzen du. «Ez geneukan ezer jateko, beraz, ahal zen bezala ehizatu behar
genuen, edo zuhaitzetatik lortutakoaz elikatu, aurkitzen genuen edozer gauza jan. Bizirik irauteko,
ez geneukan beste aukerarik». Haurren arteko elkarlana «ezinbestekoa eta beharrezkoa» izan zela dio Earokek: «Horri esker egin genuen aurrera, elkarri lagunduta; familia modukoa zen hura».

Elikadura edo ur faltagatik, gaixotasunengatik, animalien erasoengatik edo soldaduek hilda,
umeen erdiak hil zirela uste da.

Hiru hilabete eta erdira iritsi ziren Etiopiara. Han, baina, gerra zibila aurkitu eta askok atzera egin behar izan zuten. «Kenyara, Kakuma errefuxiatu gunera joan ginen», dio Akecek. Hamar urtez beraien bizilekua izan zen toki hura ere ez zela gozoa izan dio Awanek: «Herrixka txiki baten modukoa zen. Hasieran desastrea
izan zen: ez zegoen mediku zerbitzu eta zaintzarik, garbitasunik ere ez, koleraren eraginez jende asko hil zen, zuhaitz azpietan bizi zen jendea, ez geneukan mantarik eguraldi hotza egiten zuenerako… egoera benetan gogorra izan zen». Eta horri bakardadearena gehitu behar zaiola dio Earokek: «Ez nekien nire familiaz ezer
ere. Bakarrik nengoen munduan. 1994an Gurutze Gorriak esan zidan nire ondorengo anaia gaztea
eta arreba bat bizirik zeudela».

Errefuxiatu guneetan Urteetan egon ziren kanpamendu hauetan milaka eta milaka haur. AEBetako Gobernuak horietako 4.000ri babesa eskaini zien 2001ean. Beste zenbait herrialdek ere bide bera hartu zuten. Urteetan «familiakide» izandakoak agurtuta, memorian gordeta zeukatena bakarrik hartuta iritsi ziren herrialde hartara. «Dena ikasi behar izan genuen», dio Awanek. «Utahra iluntzean iritsi ginela gogoan dut. Apartamentu batera eraman gintuzten. Guk, ordea, ez genekien zer zen mikrouhin labe bat, edo hozkailua... Hasierako egun haietan gauzak ulertzen saiatu ginen, eta handik aurrera ere bai. Ordura arte bizitakoarekin zerikusi gutxi zuen hemengo bizimoduak. Ordutegiak jarraitu beharra, ohiturak, dena ikasi behar izaten da…».

Arizona estatuan bizi dira egun Awan, Akec eta Earok beste 600 gazte sudandarrekin. Awan Lost Boys Center-eko zuzendaria da, eta psikologia ikasketak egin ditu; Arok ingeniaria da, eta Akec ekonomialaria. Lost Boys and Girls of Sudan(Sudanen galdutako mutiko eta neskatoak) dira. Nahiz eta kilometro askotara egon, beraien familia eta lagunekin harremana mantentzen dute hirurek.

Awanek familia handia dauka Sudanen: «Teknologiari esker, nire arreba batekin asko hitz egiten dut, han izandakoa ere banaiz». Ez da, ordea, denen egoera. Akecek etxera bueltatzeko gogoa du, baina ez du oraingoz aukerarik izan. Earokek, berriz, anaia bat dauka jaioterrian bizitzen, eta gainontzeko kideak Etiopian. Bere ametsa da berriz ere denak elkarrekin bizitzea. Bihar egingo den erreferendumarekin
itxaropentsu agertzen dira hirurak. «Sudanen barruan geratu edo independentea izan nahi duen erabakiko du herriak, botoen bidez hitz egingo dute, zer den onena erabaki behar dute».

Akecek gauza bat baino ez du eskatzen: «Ez dut guda gehiagorik nahi. Nik eta nire belaunaldiak badakigu zer den hori, eta badakigu zer den ia edateko urik gabe bizitzea, eskolarik gabe… oso gogorra da. Eta herrialde egonkor bat nahi dut; orain hegoaldean duten egoera oso gogorra da. Oinarrizko eskubideen gabezia dago, eta horregatik uste dut askatasunaren alde egin behar dugula».

Earok ere ados dago egoera benetan gogorra dela, eta aldi berean kezkatuta dago gerra berriro etor litekeela uste duelako. Nazioartearen parte-hartzearen garrantzia nabarmendu nahi izan du gatazka konpontzerako orduan: «Sinatutakoa errespetatzen dela ikuskatu behar du, herriak erabakitzen duena onartuko dela». Awanek, hala ere, erreferendumaren emaitza onartu ezean gerra berriro has daitekeela uste du. Horregatik joango dira bozkatzera bihar Awan, Akec eta Earok. Bizitza ia guztian deserriratuta bizi izan delako «aukera bakarra banaketa» dela dio Awanek. «Bi Sudan izan behar dugu, bi gobernu independente, nahi baduzu elkarrekin negozioak eginez, baina hegoaldeak eta iparraldeak banatuta egon behar dute. Gobernu bakarrarekin berriro gerra luze baten atarian egongo ginateke». Akecek ere garbi dauka independentziaren
aldeko botoa emango duela. Earokek, berriz, ez dauka argi zer bozkatuko duen, beste gauza batekin saiatu beharko luketela uste du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario