2011/01/24

Danborrada Euskal Etxean






50 bat lagun elkartu ginen larunbatean Brooklyngo Euskal Etxean, urtarrileko hilabeteari zegokion afarian. San Sebastian eguna pasa berri denez,  kolore  txuri urdinak izan zituen afariak: dekorazio moduan jarritako kolore horietako globoak ugari ziren Euskal Etxeko aretoan.

Ateak ireki eta afaldarrak pixkanaka-pixkanaka joan ziren iristen. Barruan dagoen tabernako barraren inguruan bilduta, lehendabiziko tragoak hartu zituen jendeak. Aspaldian ikusi gabeko lagun eta ezagunak agurtu bitartean, sukaldetik zenbait kroketa ekarri zituzten zenbaitzuen urdaileko hotsak isil arazteko. Berehala hasi zen ordea afaria: arrain zopa, gulak, haragia piper gorriekin eta txanpiekin lagunduta, eta almendrazko pastela eta izozkia.  Ederra zegoen afaria. Afaldarrek Amaiur eta Jon sukaldariak txalo zaparrada luze batez eskertu zituzten.

Postrearen ostean iritsi zen azkeneko urteetan ohitura bilakatu dena: danborra jotzea. Horretarako urte osoan ondo gordeta izaten dituzten taulak eta makilak banatu zituzten. Santi Egaña donostiarra ere bertan zen. Bera da zuzendari lanak urte hauetan guztietan egin dituena. Eta benetan doinu horiek guztiak barru-barruan sentitzen dituela argi geratu zen. Saiatu zen makilarekin egurra noiz jo ondo adierazten, baina makina bati kosta zitzaien ederki erritmoa jarraitzea. Sarriegik burua altxako balu eta bere martxa horrela jota entzun!
        
           Ez ziren doinu asko izan. Dozena erdi inguru. Gehiegi gabe, neurrian. Handik aurrera, askok etxerako bidea hartu bazuten ere, tertulia ederrean jarraitu zutenak ere izan ziren, “San Sebastianen” omenez topa eginez. 

            Hurrengo afaria otsailean izango da Brooklyngo euskal etxean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario