Oskarrak datozen honetan, erreportaje zinematografiko bat, Queens auzoan dagoen irudiaren museoaren aitzakian.
New York ezin konta ahala filmetako agertoki izan da. Irudiaren diziplina guztiek erabili dute era guztietako istorio eta abenturak kontatzeko. Orain, hiriak zinemaren historia hiritarrei eta bisitariei gerturatu nahi die Museum of Moving Image eraberrituarekin.
Garikoitz Udabe New York
Urtarrilean zabaldu ditu berriro ateak Mugimenduan dagoen Irudiaren Museoak. New Yorkeko Queens auzoan, Astoria izeneko inguru ezagunean dago kokatua ia 9.000 metro karratu dituen eraikina. Thomas Leeser arkitekto alemaniarra arduratu da diseinuaz, eta zalantzarik gabe, sartu bezain pronto konturatzen da bisitaria 2001: A Space Odyseyfilmak eragina izan duela antolaketan. Akaso horregatik esango zuen Rochelle Slovin zuzendariak aurkezpen egunean «dagoeneko ez zaudete Astorian,
filmeen mundu liluragarrien herrialdean zaudete».
XX. mende hasieran Londres eta Hollywooden artean zegoen Kaufman Astoria Studio film eta telebista ekoizpen etxe garrantzitsuena kokatua zegoen lekuan dago gaur egun museoa jarrita. Paramount Pictures ezaguneko buru izan ziren Adolph Zukor eta Jesse Laskyk abiatuta, filma ekoizpenen zentro izan zen 20ko hamarkadan. Filmen garai mututik soinurako saltoan, berriz, armada hartu zuen lekua Bigarren Mundu Gerrarako entrenamendu filmak sortzeko. 1977an Astoria Motion Picture and Television Center Foundation sortu zen, eta urtebete geroago, The Wiz-en ekoizpenean parte hartu zuten.
Fundazioko kide zen Rochelle Slovinek proposatu zuen museoa zabaltzea, eta berehala hasi ziren eraikina egokitzen eta bilduma antolatzen. Gaur-gaurkoz, mugimenduan dagoen irudiaren diziplina guztiak —zinema, telebista, bideo jokoak, irudi digitalak— aztertzen dituen AEBetako museo bakarra da. Eta, aldi berean, mugimenduan dagoen irudiarekin lotutako objektuen bildumarik handiena gordetzen du bere barnean: 130.000 inguru.
Erabat zuri kolorea duen sarrera eta kafetegia utzi eta eskaileratatik gora igota, Behind the Screen (pantailaren atzean) museoko sailik interesgarrienetako bat aurki liteke. Film bat egiterakoan parte hartzen duten guztien zereginak argitu ostean, makillajearen garrantzia ikus liteke. Dustin Hoffman aktoreak Little Big Man filmerako egin zuen transformazioa adibiderako, edo Mrs Doubtfire pertsonaiari bizia emateko Robin Williamsek egindakoa.
Agertokien diseinua dator atzetik, eta The Silence of Lambs filmean erabilitako maketak, planoak, zirriborroak daude erakusgarri beste askoren artean. Filmetako jantzigintzari buruz hitz egin ostean, Fargo filmerako Carter Burwellek egindako musikaren antzekoak entzun litezke, edo industria honekin lotuta merkatura ateratako hainbat produktu ikusi: Shirley Templeren itxurako 1934. urteko panpina, edo Pinotxoren margotzeko liburua.
Soinuari eskainitako atalean, zenbait gune interaktiboren bidez, hainbat film bikoizteko aukera eskaintzen zaio bisitariari, edo efektu bereziekin jolas egiteko modua eman. Kamerek urteetan izandako aldaketak, telebista aparailuen garapena, argiztapena, soinu grabagailuak… apenas falta den ezer irudiaren museoan.
70eko hamarkadan, merkaturatu ziren lehendabiziko bideo jokoak nolakoak ziren ikusteaz gain, haietan jolas egiteko aukera ere badago; eta seguru, adin jakin batetik aurrerako bisitari askoren oroitzapenak mugiaraziko dituela sail horrek.
Hirugarren solairuan egin diote lekua bideo arteari, eta mugimenduan dagoen irudiaren garapen modernoenari. Bill Viola, Cao Fei eta antzeko sei artistaren lanak ikus litezke bertan.
Azkenik, aipatzekoak dira hainbat proiekziotarako eraikitako guneak: estetika galaktikoa duena da handiena, eta egunero ematen dute proiekzioren bat bertan. Baina, horretaz gain, beste hainbat gune ireki aurki litezke museoan barrena. Eseri, eta pantailan ematen ari direnarekin gozatzea bezalakorik ez dago irudiaren artearen inguruan zabalik dagoen museo modernoan.
Edison.Zeluloidearen lehen hamarkadetan Thomas Edisonek erabilitako Kinestokopioa ikus liteke, eta horrekin egindako film laburrak ikus litezke: Boying Cats (1894),Robetta and Doretto (1894),Anabelle Serpentine Dance (1895) eta beste hainbat.
Musika. Film bat egiteko prozesuan ez dute musikaren garrantzia alde batera utzi.Ukimen bidezko pantailak erabilita, izenburu ezagun askotako musika entzun liteke horretarako jarritako gunean
Bideo jokoa.Odissey izan zen etxerako sortu zen lehendabiziko bideo jokoa. 1972ko abuztutik abendura 100.000 ale saldu ziren. Magnavox telebista aparailua izatea beharrezkoa zen bideo jokoan ibiltzeko. Besteak beste, Nintendok 1985. urtean ateratako Super Mario Bros jokoan jolas egiteko aukera eskaintzen du museoak
Telebista.Telebistaren munduari eskainitako atalean gailuek izan duten garapenari buruzko adibideak ikus litezke. Irrati aparailua eta telebista bat zirenekoa da ikus litekeen zaharrenetakoa
Objektuak.Film ezagunetan erabilitako objektu eta jantzien artean aurki litezke Raging Bull-en Robert De Nirok erabilitako eskularruak edo Ed Harrisek Pollock-en jantzitako zapatak
Chewacca. Makillajeari eskainitako sailean,Star Wars filmeko Chebwacca ezagunaren buru originala ikus liteke, edo Jim Carreyk The Mask-en erabilitakoa.
The Exorcist.William Friedkin zuzendariaren filmeko unerik zirraragarriena Regan McNeilen buruak (Linda Blair) 360 gradutan buelta ematen duena da. Hori egiteko diseinatutako panpina
No hay comentarios:
Publicar un comentario