2011/02/20

Militar izateko jaioak



(BERRIAn argitaratua 2010eko Abuztuan)

New Jersey estatuan du AEBetako armadak soldadu berriak errekrutatzeko zentroetako bat; Picatinny Arsenalen 30 eta 40 gazte artean errekrutatzen dituzte hilero.


Garikoitz Udabe Picatinny Arsenal

          Hilero 30 eta 40 soldadu artean errekrutatu behar izaten ditu Picatinny Arsenalgo konpainiak. 17 eta 42 urte arteko edonori egiten diote eskaintza, eta amu gisa armadak 150 lanbidetik gora eskaintzen ditu. AEB Ameriketako Estatu Batuetan ikasketak hain garestiak izatea eta azken hilabeteetan ekonomiak gain behera egitea lagungarri dute zeregin horretan. Picatinny Arsenal New Jerseyko ipar-mendebaldean dagoen 26 milioi metro karratuko base militarra da. AEBetako garrantzitsuenetako bat da, besteak beste, arma berrien ikerketan eta haien garapenean aritzen direlako bertan. Guztira 4.000 zibilek egiten dute lan Picatinny Arsenalen, eta ehun soldadu inguruk. Barrura sartzeko kontrolak pasa ostean, herri baten antzeko itxura du base militarrak: zuhaitz, baso eta lorategi artean asfaltozko errepideak, eta noizean behin eraikin bakanen bat alde batera edo bestera. Horietako batzuek faktoria zaharren itxura dute, eta barruan egiten dituzte diseinatutako arma berrien frogak. Besteak beste, militarrak arriskuan ez jartzeko teknologia robotikoa lantzen dute gaur egun.

Henao soldadua Piccatiny Arsenalen

AEBekin zorretan

          44 errekrutatzaile dituzte konpainian, eta inguruko herrietan dauden zortzi bulegoetako batean lan jaiotako Nicolas Andres Henao 33 urteko soldaduak. 1995ean, lau urte lehenagotik AEBetan bizi zen amarengana etorri zen. «Nire familiarteko batzuk ere urte askoan egon ziren hemen bizitzen, eta, horregatik, AEBengatik zerbait egiteko   betebeharra sentitu  nuen», gogoratzen du Henao soldaduak. 2001eko irailaren 7an «army-an» sartu zen, eta lau egun geroagoko New Yorkeko atentatuek berretsi egin zuten bere erabakian. Nondarra sentitzen den galdetuta, ez daukala zalantzarik erantzuten du: «Bietakoa sentitzen naiz. Kolonbiar amerikarra naiz». Basean bizi da alaba eta emaztearekin. Diziplinazalea izanik, goizero, ordubetez, ariketa fisikoa eginez hasten du eguna. Eta errekrutatzaile lana 08:30ean hasten du, 17:30 ingurura arte. Lau teknika dauzkate jendea armadara biltzeko: «Lehenengoa telefono deien bidezkoa izaten da. Bigarrena, aurrez aurrekoa, kalera aterata. Hirugarrenik, komunitateko jende kargudunak, pertsona ezagunak, politikoak, Polizia eta suhiltzaileak erabiltzen ditugu jendearengana iristeko.

          Eta, azkenik, Internet bidez: solasguneen bidez, iragarkiak jarriz jendearen arreta lortzen dugu». Bere lana dokumentuak egitea bada ere, zalantzak dituenari erantzuten saiatzen da Henao soldadua: «Prozesu luzea
izaten da-eta batzuetan armada sartzea». Batzuek, bestela ikasketak ordaindu ezin eta, beste aukerarik ezean, armadak eskaintzen dienari heltzen diote. Dirua duen jendeak, berriz, «abentura nahi izaten du, eta hori ere eskaini ahal diegu». Oraingoz, konbentzitu beharreko jende kopurura ailegatzen dira. «Gustura egiten dut zeregin hau, eta honetan jarraitu nahi nuke oraingoz», dio Henao soldaduak.

Armadaren herria

          Soldaduei bertan bizitzeko aukera eskaintzen die armadak, baina denek ez dute horren alde egiten, lanetik  deskonektatu beharra dutela argudiatuta. Gaur egun, 60 familia inguru bizi dira bi pisuko etxe ederretan. Argindarra, ura eta gasa dohainik dute guztiek. Gimnasioa eta aire libreko igerileku instalazio erosoak dituzte beraien denbora libreaz gozatzeko. Suhiltzaileak prest egoten dira, eta edozer gertatuta ere, baita erietxea eta Polizia propioa ere.

          Erosketak egiteko ez daukate basetik atera beharrik: barruan dauden merkataritza guneetan eskuratu ahal dituzte behar dituzten janari, arropa eta gauzak. Gainera, inon baino merkeago, produktuei ez diete zergarik eransten eta. America’s Army bideo joko famatuaren diseinua ere Picatinny Arsenalen egin zuten haren sortzaileek.

          Bide bazterrean zaharkiturik, isilik, geldirik ikus litezkeen tanke eta gerrarako ibilgailuek ere jostailu itxura dute orain. Iraganean lan egin zuten. Gaur egun, AEBetako historia militarraren erakusgarri dira, eta edonori, bertako edo kanpoko, non dagoen etengabe gogorarazteko modua.

 Stachowski kapitaina armadako tanke batera igota

Rafal Stachowski
AEBetako armadako kapitaina

          Gazte zela erabaki zuen AEBetako armadan sartzea, adrenalina bila zebilen, eta aurkitu zuen. Irak eta Afganistango gerretan parte hartu  ostean, soldadu berriak errekrutatzeaz arduratzen da egun.

«Iraken eta Afganistanen  hamarkada batzuetan egongo garela uste dut»

G.Udabe Picatinny Arsenal

Varsovian (Polonian) jaio zen Rafal Stachowski, duela 35 urte. Bere aurreko belaunaldiko zenbait kide AEBetan bizi zirela probestuz, amona familia guztiarekin joan zen Chicagora 1991n. Urtebete geroago, 17 urterekin, amak  negarrez baimena sinatu nahi izan ez bazion ere, armadara sartzea erabaki zuen Rafalek. Afganistango eta Irakeko gerretan parte hartu ostean, Gragca eta bere bi semeekin bizi da New Jerseyn dagoen Picatinny Arsenalgo base militarrean. Errekrutatzaile Konpainiako kapitaina da.

Noiz eta nola erabaki zenuen armada sartzea?

Polonian eskola bukatu eta armadan sartzea zen nire ametsa. Errekrutatzaileak nire eskolara etorri zirenean, haiek esan zidaten aukera banuela. Guardia Nazionalerako azterketa pasa nuen, baina ez zitzaidan askorik gustatu: hilabetean asteburu batean zara soldadu, eta bi astez udan, eta bestela zibila zara. Ondoren, armadak ordainduta, unibertsitate ikasketak egiteko aukera eman zidaten, eta Illinoisen Iparraldeko Unibertsitatean sartu nintzen. Handik benetako soldadu izatera pasa nintzen.

Zergatik soldadu?

Egunero gauza bera egiteari beldurra nion. Bizitzan aldaketa eta mugimendua behar dut. Armadak lurralde desberdinak ezagutzeko, jende askorekin hartu emanetan egoteko aukera eman dit. Arriskua ere badagoela? Egia. Baina nik adrenalina behar dut!

2004.eta 2005.urteetan Afganistanen izan zinen?

Infanteriako pelotoi bateko komandantea nintzen. Egunero patruilatu eta talibanen bila ateratzen ginen. Horrezaz gain, 70 ur ponpa jarri genituen hainbat herritan, eta eskola bat eta erietxe bat ere zabaldu genituen.

Eta 2007 eta 2009 bitartean, Iraken, zer egin zenuen?

Informazio militarreko soldadua izan nintzen. Nire lana terroristei buruz dena jakitea zen; non bizi ziren, zer egiten zuten, noiz erasotuko zuten… Haiek atxilotu eta kartzelara eramaten genituen. 

 Elkarrizketako momentu bat

Zer da gerra bateko gogorrena?

Bakardadea, eta familiarengandik urrun egotea. Hori da gogorrena. 

Eta heriotza?

Zorionez, bi soldadu bakarrik zauritu ziren.

Ez dira soldaduak bakarrik hiltzen: urtea hasi zenetik 1.074 zibiletik gora hil dira Afganistanen. Ahula beti galtzaile.

Iraken xiiten eta suniten arteko gatazka asko AEBetako armada amaitu ditu. Iraken heriotza asko gertatzen dira. Baina ez amerikar soldaduek zibilak hiltzen dituztelako. Hori ez da zuzena. Irakiarrak dira elkar akabatzen ari direnak.

Ez didazu ukatuko estrategia militarrengatik zibilak hiltzen direla?

Bai, hori gertatzen da. Gizakiok akatsak egiten ditugu. Baina terroristen erasoen ondorioz hiltzen direnak gehiago dira. Behin soldadu baten erruagatik argiztatzeko bala bat teilatu batera erori zitzaigun, eta zoritxarrez haur bat hil zen. Gurasoengana joan, barkamena eskatu, eta asko sentitzen genuela esan genien. Diru asko eman genien.

Horrelako kasuetan dirua ematen duzue?

Bai, askotan egiten da.

Afganistanen egoerak okerrera egin duela dirudi.

Ni egon nintzenean gauzak lasaiago zeuden gaur baino. Konponbide bakarra Afganistango Gobernuak bere kabuz ekiteko indarra lortzea da. Hori hala izanez gero, ez litzateke gure armada beharko. Baina Afganistanen armada sendorik gabe ezin da hau gertatu. Kabul bakarrik kontrola dezakete egun.

Galdetu izan diozu zeure buruari «zer demontre egiten dugu hemen»?

Afganistanen, istripu baten eraginez gorputzeko %70 erreta zeukan neskatila bat nire pelotoiko medikuak bizirik atera zuelako, eta eskua leherketa batean harrapatu eta gangrenatzen hasita zeukan mutikoari lagundu geniolako bakarrik merezi izan du han egotea.

Noiz amaituko dira gerra hauek?

Gerrak ez dira egun batetik bestera amaitzen. Aldaketak ez dira egunetik gauera izaten. Nik uste hamarkada batzuetan egongo garela  han. Korean, adibidez, 1953an sinatu zen armistizioa, eta oraindik soldaduak ditugu han. Irak eta Afganistanen gauza bera gertatuko dela iruditzen zait.

Stanley McChrystal jenerala kargutik kendu berri du Barack Obama presidenteak Rolling Stone aldizkarian egindako adierazpenengatik. Zer deritzozu?

Politika ez zait interesatzen. Ni soldadua naiz, eta ahalik eta ondoen egin nahi dut nire lana. Ez daukat iritzirik ez daukadalako nahikoa informazio. Baina McChystalek soldadu askoren kritikak jaso zituen, Afganistango base handietan zeuden Burger King-ak kendu zituelako.

Orain David Petraeus jenerala dago zeregin horretan.

Bera nire komandantea izan zen Iraken, eta bere ekintzen lekuko izan nintzen. Iraken funtzionatu zuen estrategiak, eta Afganistanen ere hala izango dela pentsatzen dut. Errespetu handia diot. Afganistanen gerra bideratzeko eta arrakasta lortzeko nahikoa adore eta inteligentzia duela. Aukera ona da.

Gaur egun,Picatinny Arsenalen Errekrutatzaile Konpainiako kapitaina zara.

Zortzi bulegotan 44 lagun ditut nire ardurapean. Armadak beti behar du jende berria. Gurea AEBetako erakunderik profesionalena eta handiena da, eta zalantzarik gabe aukerarik gehien ematen duena.

Nolako jendea nahi duzue?

Armadak ez ditu roboten gisa funtzionatzen duten soldadu ergelak nahi. Munduko onenak gara, bakarka pentsatzen duten soldaduak dauzkagulako. Profesionalki hazi nahi duten soldaduak dauzkagu, etorkizunean pentsatzen dutenak. Horregatik, diru kopuru bat ematen zaio soldadu bakoitzari ikasketetan aurrera egin dezan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario