New Yorken, batzuetan, zenbait lagunekin elkartzea ez da batere erraza izaten. Bakoitza gure munduan sartuta gaude, eta eguneroko bizimoduan zeregin asko izaten ditugu. Baina zorionez, noizean behin hartzen dugu beta aspaldiko lagunak mahai beraren bueltan jarri eta solasean aritzeko.
Kohei japoniarrarekin elkartu nintzen horrela, eta egia esan, solasaldi lasaian egon ginen elkarren berri ematen. Hilabete batzuk baziren elkar ikusten ez genuela. Eta nahiz eta biok teknologia berrien atzaparretan eta sarean erorita egon, apenas elkarri idatzi ere.
Ez da Japoniara joan eguberrietan, eta hirian geratu da. Urte zahar egunez Times Square ezagunera joateko gogoa zuen, eta han 2011ri ongi etorria ematekoa. “Hi erotuta hago” esateko gogoa izan nuen hori kontatu zidanean, baina behingoagatik ni ere “japoniar edukatua” izan nintzen eta irribarre txiki bat besterik ez nion egin.
Urtebete lehenago ere saiatu zen bera Times Squarrera sartzen, baina eskuko poltsa bat zeramanez (oso normala da japoniar fashion edo moda zaleak poltsa handi eta txikiekin ikustea) poliziak ez zioten sartzen utzi.
Oraingoan, ordea,bai. Noriko beste lagun japoniarrarekin batera eta harekin zihoazen beste 6 turistekin (denak japoniarrak Norikok ostatu batean lan egiten duelako), Times Squarrera abiatu ziren ordubiak aldera. Alegia, urte berriari ongi etorria eman baino 10 ordu lehenago. Polizia kontrolak pasa eta barruan ziren hiruretarako. Jendez lepo betetako toki batean zutik hainbeste orduan egon beharra aspergarri samarra egingo zitzaidala aitortu nion lagunari, eta berak onartu, baietz, hala izan zela, baina bizitzan behin hori bizi nahi izan zuela. Musikari famatuen aktuazioak eta abar eskaintzen dituzte zuzenean, eta horrekin jendea entretenitzen dute Times Squarreko bola famatua jaisteko ordua iritsi arte.
Aspertzea baino arazo handiago bat egon daitekeela konturatu nintzen, ordea. Izan ere, hainbestekoa da jendetza, behin zure lekua hartuta ezin izaten duzula mugitu ere egin. Ezta behar fisiologikoak egitera ere. Eta mugitzea lortuta ere, eskura dituzun tabernak imajinatu nola egoten diren. Eta orduan kuriositatea sortu zitzaidan eta galdetu egin nion Kohei lagunari:
-Eta, zer egin zenuten pixagura etorrita?
- Pixoihalak jantzita etorri ginen!
-Pixoihalak?
-Bai. Baina kontuan izan, behin bakarrik egin dezakezula gainean- eman zizkidan argibide teknikoak Kohei lagunak. Eskertzekoa halakorik soinean aspaldiko urtetan jantzi behar izan ez duen honentzat.
Ba al dakizue zer irudi etorri zitzaidan burura? Hondartzan uretan sartu eta ustez disimuluan denok pixa egin dugunekoa. Normalean aurpegian antzematen zaio larria daukanari, eta baita lasaitzen denari ere. Ba, irudi hori datorkit, baina New York erdi-erdian, Times Squarren. Hemendik aurrera, beste modu batera ikusiko ditut urtero eskaintzen dizkiguten irudi horiek. Nik pentsatzen nuen urte hasierarekin zerikusi gutxi Kohei laguna. Mila esker argibideengatik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario