2013/02/09

Ez da nahikoa

BERRIA, Larrepetit, 2013-02-09




          Zerrenda gizentzen doa: finantza sistemak berak sortutako krisi ekonomikoan, herritarrok erantzukizunik izan ez dugun desastrean, sistema errekuperatzeko, lehenaz gain, geure patrikatik jarri behar izan dugu diru gehiago. Horren ondorioz, edo aitzakian, oinarrizko eta ezinbesteko diren zerbitzuak gero eta eskasagoak dira: osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak… Eskubide askok eskubide izateari utzi diote: etxebizitza, lana eta lan baldintzak, adibidez. Gero eta herritar gehiago pobrezian murgilduta, eta isilean, lotsatuta bezala; gorriak ikusten hamaika!

          Gure aitona-amonek lortutakoa, gure aita-amek defendatutakoa, eta guk gozatu ahal izan ditugun eskubide horiek egun batetik bestera kendu egin dizkigute. «Egoera hobetu arte», diote. Ezetz iritsi berehala galdutako denak berreskuratzeko adina hobetuko den garairik!

          Eta aurrekoari gehitu ustelkeria kasu guztiak, diruz betetako sobreak, B kontabilitateak, Noos, CAN eta otxokuartoak

          Kaleratutako azkeneko inkesta guztiek erakusten dute herritarra haserre dagoela, eta oso kezkatuta ekonomiaren egoerarekin eta eskubideen murrizketa eta galerekin. Eta koktel horri ustelkeria gehitzean, txispak ateratzen omen dira. Baina kalean, ke pixka bat bai, baina su handirik ez.

          Une batez, gatozen Minneapolisera. Armen gaineko kontrola handitzeko legea bultzatze aldera, politikariei zuzenean bere asmoa babestu dezatela eskatu beharrean, Obamak herritarrei eskatu die beraiek egin diezaietela presioa politiko jendeari eta kongresuko kide eta alderdiei. Nago Obamak ondo jakin behar duela zerk mugiaraz ditzakeen politikariak, botereak, politikak eta erabakiak.

          Lotan, geldirik, tontotuta dagoen gizarte bati lapurtzea, kentzea, ezabatzea, deuseztatzea, erabiltzea, maneiatzea, hortxe dago pagotxa askorentzat! Horren kontra haserretzea, sutzea beharrezkoa da. Baina ez da nahikoa.

2013/02/02

Estazioa, bihotza

Larrepetit, 2013-02-02





          Hiri baten funtzionamenduan, tren estazioak bihotzak dira: city-ari taupada ematen diote, zein erritmotara mugitu erakusten. Eta, aldi berean, hiritik kanpora eramaten zaituzten arteria eta zain horien guztien irteera edo helmuga puntu dira. Taupada bakoitzean, hiritarrak jaso edo kanporatzeko ahalmena dute. Hiriaren iraupenerako, arnas sistemarako, ezinbesteko bilakatzen dira.

          Duela 100 urte gaurko egunez hasi zen 42. kalea eta Park etorbideko Grand Central Terminal estazio dotorea taupadaka, eta geroztik ez da geratu. 1913ko otsailaren 2 hartan zabaldu zituen errailak, eta egun bakarrean, 150.000 lagunek bisitatu zuten orduko berrikuntza.

          Kanpotik, eraikin ikusgarria da. Barrutik, are eta ederragoa. Neguan hotzetik babesten zaitu, udan berotik, eta euri egunetan, bustitik.

          68 denda, 35 jatetxe, arte erakusketa eta kaleko musikarien doinuekin batera, presak eta patxadak, irribarre eta malkoak, besarkadak eta musuak zientoka ikus litezke eguneroko erritmoan. Beharra izatera, ihesbidea bilakatzen da. Edo alderantziz, ametsak betetzen hasteko irteera puntua. «Agur», «ongi etorri» eta halako diosalek pisu handia eta berezia hartzen duten lekua da.

          Hollywoodentzat aparteko platoa bilakatu da Grand Central 100 urte hauetan. Estazioaren barrenak erabili izan dituzte kolore desberdineko istorioak kontatzeko.

          New Yorkera datorren bisitariak geldiunea egin, eta estazioak eskaintzen duen guztiaz gozatu beharra dauka (eraikuntzaz, arteaz, mugimenduez, jendeaz, detaileez, trenen orroaz, gurpilen txirrioaz). Hiritarrak, berriz, ez du horretarako denborarik hartuko. Baina ondo daki New Yorkeko bizitzaren joan etorrietarako ezinbesteko geltokia dela, estazioa, bihotza!

          Eta bihotz den heinean, historia askoren gordeleku izaten jarraituko du. Ehunka sentimenduren sorleku. Eta nola ez, sekretu askoren testigu isila.

2013/01/26

Armadaren barrenak

BERRIA, Larrepetit, 2013-01-26




          Ez da New York militar izugarri ikusten den hiria. Noizean behin soldadu gazte edo marine helduren batekin topo egiten duzu. Gehiago ikusten dira, uniformerik gabe, «gerrako beteranoa naiz, zure laguntza behar dut» jartzen duen txarteltxoarekin soldadu ohiak kaleetan edo metroan, diru eskean. «Gure soldaduak dira, gure askatasunagatik borroka egin dutenak. Merezi dute nire errespetua eta laguntza», diote hiritar batzuek, dolar bat ematen dieten bitartean. Ondotik pasatu, eta kasurik ez diete egiten gehienek.

          Pentagonoak ez ditu aurkeztu zaharrak 2012ko datuak: 349 militarrek egin zuten beren buruaz beste AEBn, Afganistanen hil ziren soldadu kopurua baino 50 gehiagok. Alderantziz, gerran soldadu horiek zenbat pertsona hil dituzten, hori ez da esaten. Baina hara gakoa: mugaz beste aldeko hiritarren artean antsietatea eta depresioa sortarazten duen soldaduari ere gaitz bera datorkio nonbait bueltan. Jasangaitz bihurtu eta bere buruaz beste egiteraino. Leon Panetta Defentsa idazkiarentzat arazo horri aurre egitea izan da frustraziorik handienetakoa sortu dionetako bat.

          Emakumezko soldaduak borrokan aritzeko indarrean zen debekua amaitzeko agindu du aste honetan. Orain arte eskuratu ezin zituzten 230.000 lanpostuetan parte hartu ahal izango dute emakume militarrek. Berdintasun uniformeduna lortzeko bidean, pauso garrantzitsua.

          Panettak ondo daki, ordea, emakumezko soldaduak ez direla borrokatik at egon; gudu zelaia izan da desberdina: militar emakumeen artean, hirutik batek jasaten baitu sexu jazarpen edo erasoren bat. Eta egilea, ondoko militar kidea. Gerra latz eta luzea hori!

          Eskoletara eta aisialdi lekuetara joan eta gazteak AEBetako armadara batzeko konbentzitzea da Joanna soldaduaren lana. Baina, noski, gidoian ez dago aurreko konturik. Militarrek emango dizkizuten ikasketak eta etorkizun oparo eta zoragarria besterik ez.

2013/01/25

Margoak eta armak


BERRIA, Larrepetit, 2013-01-19




          Hauxe zen irudia: Barak Obama eta Joe Biden presidenteordea atrilaren atzean, eta ondoan, Newtongo eskolako hilketaren ostean presidenteari eskutitza bidalitako lau ume eserita.

          Egindako hitzaldian, Grace McDonnell Newtongo atentatuan hildako 7 urteko umea izan zuen gogoan: «Pintore bihurtzearekin amets egiten zuen». Umeak egindako margoetako bat opari jaso, eta bere bulego pribatuan jarrita dauka Obamak, eta hari begiratzen dion bakoitzean su armez hildako haur horiek guztiak omen datozkio burura.

          RNA-k, AEBko Erriflearen Erakunde Nazionalak, Obamaren alabak erabili ditu berea defendatzeko: presidentearen umeek segurtasun armatua badute, zergatik edozein hiritarrek ez du eskubide bera izango? «Elitista hipokrita» deitu diote iragarki baten bidez.

          Etxeko txikienak eta haien segurtasuna argudio nagusi bilakatu da bi aldeen artean. Baina komeni da honako datu hauek buruan izatea: 20.000 ume eta nerabe inguru tirokatzen dira urtean AEBetan, eta horietatik 2.966 hil egiten dira (2.037 erailda, 748 beren buruaz beste eginda, 123 istripuz, 19 poliziak hilda).

          Brady Campaign elkarteak argitaratutako datuak dira: urtean ia 100.000 pertsona tirokatzen dira AEBetan. Horietatik 31.593 hil egiten dira (12.179 erailda, 18.223 beren buruaz beste eginda, 592 istripuz, 326 poliziak hilda). Guztira, 283 milioi arma daude zibilen esku.

          Obamak hartu dituen eta etorkizunean kongresuak hartu ditzakeen neurriak zalantzarik gabe kopuru hori txikitu dezakete. Baina arazoa hori baino sakonagoa da: armak eduki eta erabiltzearen kultura hezurretaraino sartuta baitago hemengo gizartearen parte handi batean. Eta hori ez da sinadura, debeku edo diru laguntza batzuekin aldatzen. Gogoa, konbentzimendua, esfortzu handia eta urte asko beharko dira! Eta zoritxarrez, Grace McDonnellena bezalako margo gehiago milioika bulego eta sukaldetan.

2013/01/14

Jack

BERRIA, Larrepetit, 2013-01-12




          Eskua altxatu dut, eta berehala geratu da parean. Atea ireki eta taxi horira sartu naiz. «Egun on. Wall Streetera, mesedez», esan diot gidariari. «Berehala», erantzun dit estatubatuarra dirudien txoferrak.

          Hanken ondoan dagoen telebista pantaila txikiari begiratu diot beti bezala, eta harritu egin naiz: alboan zesto bat dago zintzilik jarrita, eta barruan paper batzuk. Hartu egin dut paperetako bat. Jack Alvo-ren curriculuma da. «Nor da Jack?», galdetu diot gidariari. «Ni neu», erantzun dit.

          Manhattan behealdean gaude, eta dorre bikiak zeuden lekutik igaro gara. «Hementxe zegoen hegoaldeko dorrea», esan dit. «Iparraldekoan, 73. solairuan, lanean ari nintzen lehenengo hegazkinak jo zuenean». Kalbario haren atzetik, ordea, bestea etorri zen: ekonomiaren depresioa.

          «Denbora laburrean, finantzatan urtean 250.000 dolar irabaztetik langabezian egotera pasatu nintzen. Eskulan gaztea har zezaketen enpresek erdi prezioan, eta gu sobera geunden». Bi seme-alaben aitak, atez ate, kalez kale kilometroak egin ostean hartu zuen taxi gidari gisara lanean hasteko erabakia. «Sekula ez zitzaidan burutik pasatu, hain ondo ezagutzen nituen New Yorkeko nire kaleetan barrena, jendea eramatea bizibidea izango nuenik».

          Benetan gustatzen zaion zereginera egunen batean bueltatzeko esperantzarik ez du galdu. Eta hori egia bihurtzen lagunduko dion pertsonaren bila jarraitzen du. Horregatik, kale bazterren batetik norbaitek eskua altxatu eta «taxi!» oihukatzen dion bakoitzean, «gaur izango ote da eguna?» pentsatzen du.

          Bezero bakoitza hartzeak sortzen dion ilusio txiki hori du aurrera egiteko helduleku Jack Alvok. Eta lorik egiten ez duen hiriko karriketan barrena, garai batean eskuetan izan eta gero galdu zuen amets amerikar horri segika jarraitzen du bere taxi horian.

          Zirkulazioa, ordea, beti da handia Manhattanen.

2013/01/05

Agenda

Larrepetit, 2013-01-05




          Zabaldu dezagun New Yorkeko agenda: alkate berriak hartuko du aginte makila. Hamar urteren ostean Michael Bloombergen agintaritza amaitu egingo da (azken orduko sorpresarik ez bada behintzat) eta hiriak buruzagi berria izango du. Hautagaien zerrenda gero eta luzeagoa da. Baina hori gertatu aurretik, oraindik buru den alkateak gizentasunari aurre egiteko azkeneko erabakia jarriko du abian: martxoaren 12tik aurrera ezingo da neurri handiko freskagarririk saldu hirian.

          Hilabate horretan igoko dira garraio publikoaren prezioak ere: 25 xentimo bidaia bakarra (2.5 dolar), eta 8 dolar hilabeterako txartela (112 dolar). Bildutako diruarekin metroan hesiak jarri edo ez erabaki beharko dute, pasadenean azkeneko 5 urteetako istripurik gehienak izan ostean. Momentuz, garestiegiak dira hesiak.

          Sanoago bizi nahi duenak, maiatzetik aurrera 5.500 bizikleta berri izango ditu Manhattan eta Brooklyngo 300 leku desberdinetan barrena ibiltzeko.

          Ordurako, beste 30 metro geltoki zulo gehiagotan telefonoz hitz egiteko aukera izango dute hiritarrek. Eta hain justu ere, aurretik dugun urte honetan bilakatu liteke teknologia alorrean munduko hiriburua New York; azken aldian zabaldu dituen ikerketa zentroekin Google, Amazon edo Facebook bezalako enpresak Shangai, Mumbai edo Sao Paolotik urrundu eta hona erakarri nahi izan dituzte.

          Saskibaloian, Knicks-ekin esperantzatsu asko eta asko, eta baseball-ean, All Star Game famatua The Mets talde ezagunaren etxean izango da uztaila erdian. Udazkenarekin batera, maratoia: azaroaren 3an egingo da, azkenekoa Sandy-ren eraginez bertan behera geratu ostean.

          Oraindik haren astindua jaso zuten askok ezin izan dute beraien etxeetara bueltatu. Abiatu dugun honetan jarrita dute esperantza.

          13 zenbakia igogailuetatik kentzen duten hirian, beti bezala, agendatik kanpora, ezustean ematen diren horien zain geratuko naiz ni.

2012/12/29

Pim, Pam, Pum

BERRIA, Larrepetit, 2012-12-29




          Hamar, 9,8,7,6,5,4,3,2,1, eta pim, pam, pum… suziri hotsa izango da nagusi urtea amaitzerakoan. Pim, pam, pum eta argi biziz koloreztatutako zerua Times Squarren eta New York hiriko beste leku askotan.

          Hurrengo egunean telebistaz ikusiko duten arren, eta milaka kilometrora egonagatik, ezagun egingo zaizkie pim, pam, pum horiek eta haiek zeruan sortzen dituzten argi beldurgarriak Afganistan, Siria, Libano eta Palestinako herritarrei.

          Pim eta pam ibili dira Alderdi Errepublikanoan Obamari aurre egingo zion hautagaia aukeratu nahian. Eztabaida bat eta pum, golpea atzetik alderdikideari, eta pam bestea ahalik eta azkarren, berehala politikoki odolustutzeko. Azkenean K.O. eta Mitt Romney konbatearen garaile.

          Hauteskunde giroan pasatu dugu urtea, pim, hau eta hura agindu, eta pum, hura eta hau gezurtatu. Eta azkenean, pum, pam, pim, etxafuegoak, afroamerikarraren bigarren garaipenean. Ez da aurrekoa adinako tsunamia izan, eta horren faltan, Sandy urakanak ekarritako haizearen txistuak, pam eta pum, milaka familia txikituta utzi ditu.

          Pim-pim-pim, Wall Streeteko kanpaia ere isildu zuen East Riverreko urak. Hiritarren patrikek, eskubideek bezala, freskatu aldi gutxi. Ekonomia, hobeto, baina pim-pam-pum ospatzeko aitzakiarik gabe.

          Pim-pam aipatzekoa, uniformea eta medailak erortzeraino eragin dion super jeneralaren ohe kontu eta kulebrin-kulebroiak.

          Pam, pam, pam, pam… 26 tiro lehor entzun berri dira Sandy Hook Elementary Schoolen. Eta gero, oihartzuna: su armak edukitzeko eskubidea aldatu behar da edo ez?

          Urtea pim, pam, pum pasatu da. Albisteen haria aztertuz gero, eta nahiz eta ez diren denak ezpal berekoak izan, good news, no news alkate dela ematen du. Mendian bide berria zabaldu beharrean, baietz lokatz berean hanka barruraino sartu datorren urtean ere?

          Urte berri on, osasuntsu eta zoritsua, irakurle.