2011/03/16

Musika hiri azpian


Senegalgo kora, Andeetako txirulak,Koreako danborrak, didjeridua, txeloa, gitarra flamenkoa edo bateria. Banaka, binaka edo taldean. Era guztietako musika eskaintzen dute musikariek New York hirian, lur azpian
 
 


Garikoitz Udabe New York

Metrora sartzeko makinen hotsa, iritsi berria den trenaren txirrioa, ateak ireki direla adierazten duen deia, korrika presaka datorrenaren takoi soinua, aldamenekoen elkarrizketak, bakarrizketak, berandu dabilenaren ezinegon hasperena, iPoderako kantuak, jolasean dabiltzan arratoien barreak eta amoranteen musuak geltokietako ehunka musikarien doinuen bidaide dira egunero New Yorken.

             Askorentzat ez da ametsen hiria lehendabiziko geltokia. Luis Montalvo ekuadortarra, esate baterako, asko bidaiatutakoa da: «Frantzian, Alemanian, Herbehereetan ibilitakoa naiz. Gero, Asian, Japonian zehar bira bat egiteko aukera ere izan nuen. Eta Dubain, Arabiar Emirerri Batuetan ere egona naiz». Asko bidaiatu du Moltalvok, «eta beti musikagatik izan da». Horretarako manager bat dauka, eta hark lortzen dizkio batean eta bestean jotzeko emanaldiak.

 
Luis Montalvo bere emanaldi batean

Ekuadorren jaio zen, eta musikaria da jaiotzetik. Musika notak daramatza odolean, eta hori da han-hemen instrumentu desberdinak joz zabaltzea gustatzen zaiona.

«Azkeneko zazpi urteak AEBetara bidaiatuz pasatu ditut», dio bere bizitzako azkeneko mugimenduez hitz egitean. «Jaialdi askotan jo izan dut, eta gaur bezala, baita metroan ere».

Lur azpian jotzen aritzen da: «Jende askok musikariok metroan ikusi eta lanik ez daukagulako gaudela uste du, beste  aukerarik izango ez bagenu bezala, eta hori ez da horrela».

1987. urteaz geroztik, MTA Hiriko Garraiobide Elkarteak, bere sarean musika eta arte ikuskizunak eskaintzeko Music Under New York (Musika New York Azpian) programa du abian jarrita, eta hiritarren artean harrera ezin hobea izaten du. Bertan parte hartu eta metro sarean leku bat lortu nahi duenak urtean behin egiten den proba batera aurkeztu beharra dauka. Han aukeratzen dituzten 100 lagun inguruk metro sareko 25 lekutan aste osoan 150 emanaldi inguru egiten dituzte.

Metroan jotzen musikari oso onak daudela argitu nahi izan du Ekuadorko musikariak, «eta jendeak askotan ez daki hori».

            Bakarka ez bada, Espiritu Andino izeneko talde batean jotzen du Moltalvok: «Andeetako folklore tradizionala jotzen dugu». Emozio handikoa dela dio metroan jotzearen esperientzia, «jendea geratu egiten delako, begira, entzunez», eta hori asko gustatzen zaiola aitortu du Luis Montalvok.

Eta tonu bera erabiltzen du New Yorkeko publikoa ona den edo ez zehazteko: «Arrazakeria pixka bat dago, baina oro har jende ona da. Gainera, argazkia ateratzeko geratzen zaituzte, CDak erosten dizkigute eta propina eman. Hori da AEBetako errealitatea eta NYekoa», dio irribarrez.

Jasotako propina horiekin bizi litekeela dio: «Zenbat eta esperientzia gehiago izan, gainera, orduan eta gehiago irabazi dezakezu ». Etxeko doinu eta kantuak metroko estazioetan jotzen badituzte ere, «familia, herria asko maite dudanez, hara bueltatu beharra daukat», aitortu du Ekuadorko musikariak.

Keth Mitchel New Yorkeko musikaria metroan kantari

Keth etxeko musikaria

Lower East Siden hazitakoa da Keth Mitchel, Manhattango alde hori gaur egun baino askoz ere merkeagoa eta beste itxura batekoa zenean. Duela urte batzuetako kontuak dira horiek, baina garai haiek gogoratzea bezalaxe, 60ko eta 70eko hamarkadetako musikak eta kantuak abestea du gustuko Keth Mitchelek.

 Talde batean jotzen du, eta bizitza guztian aritu da musikaren munduan. «Kantatzea maite dut eta hori da egiten dudana», gaineratu du bere emanaldia 8. Etorbideko geltokietako batean hasi aurretik.

«Musikaria izan naiz, eta horretatik bizi izan naiz zenbait garaitan, areto eta klubetan lan eginez », kontatu du abeslari afroamerikarrak, «baina hau aldikako lana izan da». Horregatik, beste ogibide batzuetan ere aritu behar izan du.

Hala ere, musikaren indarra handia da askorentzat, «maitatzeraino iristen garenez, ezin diot kantatzeari utzi», dio Keth Mitchelek. Baina argi dauka ez dela dirua egiteko negozioa: «Musika maite dudalako egiten dut, dibertitu beharra daukazu, ondo pasa, eta ez pentsatu diru pila egingo duzunik».

Bere hiritarrak, gehienak presaka alde batera eta bestera doazela dio, baina asko dira, hala ere, hura entzutera geratzen direnak. Turistak ere asko izaten dira, baina garai hauetan turismoa jaitsita omen dago New Yorken.

Neguaren ostean, etorriko da udaberria, bai eta  etorkizuna ere. «Musika egiten jarraitu nahi dut, eta neure abestiak egitea gustatuko litzaidake. Nire kantuak irratian entzun nahiko nituzke. Estudioko lana egin eta zerbait kaleratu. Inoiz ez dakizu etorkizunak zer emango dizun. Jaungoikoak ahots eder hau eman zidan, eta horregatik oso zoriontsu nago», erantzun du mikrofonoa eskuetan hartu eta kantatzeko prest dagoela.

3 hilabete daramatza lur azpian kantari Samuel Saffery-k

Baimenik gabeko kantuak

Justu Manhattango beste aldean, ekialdean, Grand Central tren geltokiak metroarekin bat egiten duen tokian, gitarra eskuan hartu eta kantuan ari da Samuel R. Saffery.
 
«Zeelanda Berrikoa naiz, Wellington hiriburukoa», esan du irribarretsu 30 urteko gazteak. Hiru hilabete besterik ez daramatza New Yorken, eta ahal duen tokietan jotzen du. Eta orain arteko esperientziaz ez da batere kexu: «Jendea oso atsegina da, eta horregatik nago hemen. Negu garai honetan jendea oso eskuzabala da, eta dirua ematen du. Uda partea askoz ere hobea izango dela iruditzen zait», dio baikortasunez hitz eginez.

Musika betidanik jo izan du bere herrian, baina «ofizioz, legegizon egin nintzen egun batean». «Hala ere, musika gero eta gehiago sortzen hasi nintzen, eta nire musikari bidea egitera New Yorkera etorri naiz». Bizimodua erabat aldatu eta ametsen hirira etorri berri da.

Etorkizunean bere bidea egin nahiko lukeen musikariak, folk, blues, country, rock estiloko doinuak jotzen ditu, bere gitarraz lagunduta. Mikrofono bat eta bozgorailu bat ditu berarekin, eta parean gitarraren kaxa, jendeak eskupekoa bertan utz dezan.

Ez dauka metroan jotzeko baimenik, baina ez du arazorik izan: «Interneten begiratu dut zein lege dituzten, baina ez dut uste hain gogor jartzen direnik…».

Trenetik trenera  ibiltzen dira Angel eta Jose Manuel mexikarrak

42. kalean, Times Squarreko geltoki handian bestelakoak kontatu dituzte: «Isunak jartzen dizkigute, eta atxilotu ere egin izan gaituzte», dio Angelek irribarre txiki bat eginez: «Gehienera, 75 dolarreko isunak dira, eta atxilo aldiak berriz 24  ordutakoak. Preso eramanez gero, ez digute isunik jartzen, eta, isuna jartzen badigute, ez gaituzte atxilotzen», zehaztu du. «Geltokietan jotzeko baimena daukatenak ez dituzte hainbeste  molestatzen», gaineratu du Jose Manuelek.

«Gogorra baina polita»

Guajaka estatukoak (Mexiko) dira Angel eta Jose Manuel. Duela hiru urte iritsi ziren New Yorkera. Ez ziren elkarrekin etorri, baina «gau batean elkar ezagutu genuen, elkarrekin kantu bat jo genuen, eta metrora etortzea erabaki genuen», aipatu du Angelek.

Treneko bagoietan ibiltzen dira. Geltokitik geltokira Mexikoko musika joz, rantxerak joz, txapela pasatuz eta, trena geratzean, hurrengo bagoira korrika joanez. «Ongi funtzionatzen dute, estatu batuar askok ezagutzen dutelako musika hau eta gustuko dutelako», zehaztu du Jose Manuelek.

Jendearen artean denetatik dagoela diote. Ia jende gehiena adeitsua dela, babesa adierazten dietela, baina era berean gustuko ez dituztenekin ere topo egiten omen dute.

«Amerikar zuritxoak dira ondoena portatzen direnak», gaineratu du Angelek; izan ere, beren herrikideek, latinamerikarrek apenas ematen duten ezer».

Zailtasunak zailtasun, ordea, esperientzia polita dela diote: «Gogorra da, baina jende asko ezagutzen duzu, eta polita da». Gustatzen zaien lan bat da, eta «horretatik bizibidea ateratzen dugu», dio Jose Manuelek.

Jatetxe eta jai pribatuetara ere joaten dira. Horietarako boskotea osatzen dute, eta trenerako berriz talde txikiagoak egiten dituzte.
 
«Estu- estu ikusten dugu etorkizuna, kar-kar-kar», dio Jose Manuelek, baina argi dute horrela jarraituko dutela bizibidea ateratzen.

 New Yorken bizi direnek ere argi daukate artista horien eskaintzaz gozatzen jarraituko dutela, hirian lur azpitik mugitu nahi eta trenaren zain dauden bakoitzean.

2011/03/11

Gasteiz,New Yorken





Garapen iraunkorrari buruzko mahai-inguru batean parte hartu du Patxi Lazkozek Nazio
Batuen Erakundean

Garikoitz Udabe New York

New Yorken izan da aste honetan Patxi Lazkoz Gasteizko alkatea, Nazio Batuen Erakundeak gonbidatuta, hiru egunez. 2012ko maiatzean Rio de Janeiron egingo den Rio+20 garapen iraunkorrari buruzko bilera prestatzeko lanen barruan antolatu den mahai-inguruan hartu du parte Gasteiz hiriak, beste hainbatekin batera.

Alkateak zehaztu du hurrengo urtean Green Capital, hau da, Hiriburu Berdea izendapena ematerakoan Europako Batasunak kontuan gehien hartu dituen ezaugarri berberegatik gonbidatu dutela orain Gasteiz New Yorkera: «Gasteizko mugikortasun iraunkorrarengatik eta espazio publikoen alorrean eramandako politikengatik izan da, batik bat».

2009ko urrian Gasteizen egindako aldaketa handiei buruz hitz egin du Lazkozek Nazio Batuen Erankundeak New Yorken duen egoitzan: «Garraio publikoan egindako aldaketa haiek erabiltzaileen kopurua %40 igo dute», eta horregatik pozik agertu da Lazkoz.

Horrekin batera, energia berriztagarriekiko konpromisoaz aritu da mahai-inguruan; eguzki energiaz, geometrikoaz eta biomasaz, eta horiek gauzatzeko, garatzeko eta erabiltzeko hiriak hartutako kompromisoez.

Azkenik, alkatea «ilusio handiz » aurrera eramaten ari den ibilgailu elektrikoaren hiriburu izateari buruz: «Eusko Jaurlaritza eta Mercedes Benzekin elkarlanean ari gara, eta haiekin  arraio publiko elektrikoa gauzatu nahi dugu», zehaztu du. «Horixe da une honetan esparru honetan gogobetez lantzen ari garen proiektua».



«Barrura hazi»

Etorkizuna tamaina ertaineko hirietan dagoela zehaztu nahi izan du Gasteizko alkateak: «Hiriok barrura hazi behar dugu, espazioa ahalik eta gehien aprobetxatuz, eta edozein ikuspuntutatik gobernaezinak izango diren gauzak egin gabe». Gero eta hiri handiagoak egiteak, energia  gehiago erabili behar izateak, garraio gehiago erabiltzeak eta kutsadura gehiago sortzeak «ez dauka zentzurik», Lazkozen iritziz.

Gasteiz adibidetzat jarrita, autobusa eta tranbia erabilita hiri batean garraio pubikoa antolatzea posible dela eta egin litekeela defendatu du Nazio Batuen Erakundeko aretoan bildu direnen aurrean.

Gustura egon da alkatea zeregin horietan, «nahiz eta urduritasun pixka bat» izan duela aitortu duen. Izan ere, «Gasteizen bizi garenontzat harro egoteko arrazoia da Euskadiko hiriburua garapen iraunkorraz hitz egiterakoan alde batera utzi ezin den hiria izatea», zehaztu du.

Bidaia probestuz, New Yorken ingurumen politikak  koordinatzen dituen alkatetzako arduradunarekin egoteko aukera ere izan du Gasteiztik etorritako ordezkaritzak.

Lazkozekin batera, mahai-inguruan izan dira 2013an Hiriburu Berdea izango den Naoned (Britainia) hiriko Ronan Dantec alkatea, Joan Clos UN-Habitateko zuzendaria eta Matt Delnick Greenstar Recycling AEBetako birziklatze zerbitzuetako enpresako zuzendaria.

2011/03/10

Egiptoz gogoetan




Tahrir plazara begira egon dira herritartasun estatubatuarra eskuratutako egiptoarrak; Mubarakek boterea utzi eta hilabetera jaioterrira itzuli edo etorkizun oparoagoa eman dien herrialdean geratu dute hizpide askok.

Sorterriaz gogoetan

Garikoitz Udabe New York

          New Yorkeko Queensen, Steinway Street hartuz gero, 28. Etorbidearen eta Astoria Boulevard artean, huka piparekin erretako tabako gozo usaina sumatu liteke oinez zoazela. Bertan dauden coffee shop-etatik dator usaina. Gizonezkoz betetako aretoak dira, eta tabakoa errez eta tea edanez egoten dira hizketaldi lasaian. Little Egypt (Egipto Txikia) deitzen zaio hiriko eremu honi, eta bertan bizi dira jaioterria utzi eta AEB Ameriketako Estatu Batuetara bizitzera  etorritako egiptoar asko eta asko. Azkeneko erroldaren arabera, 300.000 egiptoar bizi dira AEBetan; baina bertan jaiotako belaunaldi berriak kontuan hartuz gero, bi milioi inguru direla diote. New Yorken eta Hego Karolinan bizi dira gehienak.

Azken asteetan adi-adi jarraitu dituzte beren sorterrian gertatutako aldaketa guztiak. Tahrir plazako iraultzaileekin egon dira gehienen bihotzak, eta oso pozik daude lortutakoarekin, ezen hemezortzi eguneko protesten ondoren diktadoreak boterea uztea lortu dute. Hosni Mubarakek gaur hilabete egin zuen ihes bere urrezko kaiolara, eta hori garaipentzat jotzen badute ere, orain, beste galdera batzuei erantzuteko beharra dute: etxera bueltatzeko garaia ote dut? Hemen ikasitakoa sorterrian erakustera joan behar ote dut? Egiptoko ekonomia sustatzera joan beharko nuke, edo hemendik lagun dezaket horretan?

Sami el Sharkaui Alexandrian jaio zen, duela 58 urte, eta orain artean ahoa itxita egon behar izan duela dio: «Ezin zen ezer kritikatu, ez zegoen askatasunik… eta horrela 30 urte egon gara. Horregatik etorri nintzen AEBetara». 17 urte daramatza bertan. «Zergatik alde egiten du batek bere sorterritik, familia, lagunak eta dena utzita? Ez daukalako arnasa hartzerik. Hilabete gutxian, ordea, benetako demokrazian egongo gara, haize berria hartzeko aukera izango dugu. Hemendik aurrera ez da sorterritik alde egiteko aitzakiarik izango. Eta nik ere bueltatu egin nahi dut etxera», dio esaten duenaz oso konbentzituta.



Gazteen indarra

Iraultza hau mundu guztiarentzat lezio bat izan dela pentsatzen du El Sharkauik: «Egiptoko gazteak hezkuntzarik onena izan duten gazteak dira, eta, hala ere jaioterritik ihes egin behar izan dute. AEBetan daude mediku egiptoar onenetakoak, NASAn lanean ari diren ingeniariak… Zer egin dute gazte hauek? Internet, Twitter eta Facebook bidez mezuak zabaldu eta aldaketa lortu. Hor dago gaztearen indarra».

El Sharkaui ez da boterean gaur egun diren militarren beldur, esaten duenez, «haien semealabak direlako iraultza egin dutenak », eta haiek babesteko erabakia hartu zutelako protestetan. «Orain, kontua da diktadore horrek lapurtu duen diru guztia bueltatu beharko diola herriari».

          Ali Ahmed Kairon jaio zen, duela 52 urte, baina «bizitza hobe baten bila, aukeren bila» gazte etorri zen New Yorkera. Dagoeneko 31 urte dira sorterria utzi zuela, baina estatubatuarra baino gehiago, egiptoarra sentitzen da. Iraultzaren ostean izan zuen lehendabiziko pentsamendua etxera bueltatzea izan zela dio, baina oraindik ez dakiela hori egingo ote duen: «Nire herrian inbertitzea oso garrantzitsua da, eta denon artean lagundu beharko diogu ekonomikoki aurrera ateratzen ». Diktadurako 30 urteetan «sufritzen» egon ostean, orain «oso pozik» dago aldaketekin: «Datorrena datorrela, orain artekoa baino hobea izango da, seguru».

Bizimodu hobe baten bila

Labin Salama ere negozio gizona da. Egyptian Coffee Shop baten jabea da, eta bere negozioan sartu eta berehala irakur liteke hau dioen kartela: «Aldaketa. Demokrazia behar dugu, eta ez monarkia; presidentea izateko garaia dugu». Salama, ametsa egia bihurtuta ere, ez da sorterrira bueltatuko: «Bisitan bakarrik joango naiz; bizimodua, legeak, ohiturak oso desberdinak dira han, eta ez naiz bueltatuko, niretzat handiegiak lirateke aldaketak».

Kairon jaio zen, 1953an, 31 urte daramatza AEBetan: «Dirua egitera etorri nintzen, han hori egiteko modurik ez nuelako, ez zegoelako ez lanik eta ez dirurik ezertarako, eta hona etorri banintzen herrialde hobe eta bizitza hobe bat aurkitzeko izan zen». New Yorkeko bizimodura ohitu da eta bere negozioak aurrera doaz; hala ere, sorterriaren etorkizunari begira, baikor dago: «Militarrek zuzen jokatu beharko dute, ez badute beste iraultza bat nahi. Inork ez die estelakorik onartuko». 



Afifik (68 urte) jada 20 urte daramatza AEBetan. «Nire hiru semeak ikasketak egitera ekarri nahi izan nituen, hezkuntza onena hemen dagoelako». Afifirentzat jada galdera ez da etxera joan edo hemen geratu; «herrialde hau ere badelakoa nire etxea», dio. Alaba eta bilobak jaioterrian dituela kontatzen du, eta bisitatzera joango direla dio, baina hara bizitzera joatea bere buruari planteatu ere ez dio egiten. Gazteek, ordea, hori egin beharko luketela uste du: «14 eta 25 urte arteko adina duten gazteen %65en iritziz jaioterrira bueltatzeko garaia dela irakurri dut, eta herria eraikitzen laguntzekoa», eta horrekin erabat ados dago Afifi.

Huka erretzera biltzen diren hurrengo batean, airean dauden galderei erantzuna aurkitzen saiatuko dira, eta, akaso, sorterrira bueltatu edo ez, hartutako erabakiaren berri kontatuko diote elkarri.

2011/03/09

Hori bai arratoitzarra!

Behin urtebete hiri honetan pasa ondoren, New Yorkeko arratoiak jolasean ari direnean elkarri egiten dizkioten barreak bereizten hasten zara! Ez, lasai, ez nago “abittua”.  Hiri honetako elkarbizitzaren parte garrantzitsu dira arratoiak. Batez ere metro zuloetan!

Urte askotako esperientzia dute. Eta gizakietan bezala, belaunaldi berriak aurrekoak baino prestatuagoak datoz arratoietan ere. Horregatik izango dira egunetik egunera lotsagabeagoak (gizakietan bezala?). 

Trenbidean burdinazko sugea noiz etorriko zain egon izan dira urteetan goiko plataformetatik jendeak botatako zerrikeriak janez (halaxe daude hemengo arratoiak inon baino mejoratuago, Mc Donaldseko hamburgerrak jan ostean). Gaur egun, ordea, trenaren zain zaudela edozein txokotatik atera ohi zaizu arratoi lotsagaberen bat. Hankarekin “uxa” egiteko kolpe bat emanda ere zuri begira geratzen dira “demonio tontoa, ez nauk izutuko” esanez bezala. Eta egia esan, kolpea jo eta izutzen ez direla ikusita “mozolo” aurpegia geratzen zaio norberari. 

Baina tira, zer egingo diogu, hori ere New Yorkeko bizimoduaren parte da, eta horrekin bizitzen ere ikasi egiten da. Eta denbora batera, arratoi eta gizakien arteko elkarbizitza izugarri normala da. Ikusi bestela subway  (metro) sarrera batean hartutako irudia.