Lagun baten bila joan naiz aireportura. “Subway”-a (metroa) hartu dut Colombus Circle geltokian, Manhattango irlaren erdian. Ordubeteko bidaia nuen aurretik, eta halakoetan hiru dira konpainia onak: gustuko norbait ondoan elkarrizketan joateko, musika edo eta liburu bat. Bakarrik joan naizenez lagunaren bila, musika eta liburuaren aukerak neuzkan. Liburuari heldu diot!
A metro linean nindoan, eta ez dira trenik modernoenak: zaharkituta daude eta ilun samarrak dira.Triste zaudenean ez hartzeko modukoak eta irakurketan joateko ere ez dira trenik atseginenak. Liburuan kontatzen denak erakartzea bezalakorik ez dago, ordea. Henning Mankel idazlea ari da hori lortzen azken aldian. Wallander ikertzailearen abenturetan erabat sartuta nengoen. Kasik parean eta ondoan nor nuen ahaztuta, liburuak erabat harrapatuta. Baina bat-batean zerbaitek fikziotik mundura bueltatu nau. Usaina izan da, usain oso fuertea, kiratsa ere esango nuke. Etxerik gabeko bat sartu da trenean, whisky botila patrikan gordeta zuela, mozkorturik, zapatilak erdi puskaturik,… Berrogei bat urte izango zituen. Begirada tristea, isila. Aldamenekoari galdetu dio trena nora zihoan. Mutil gazte bati. Honek erantzun ere ez. Hurrengo estazioan zenbait pertsonek tren bagoia aldatu dute. Egia, da, kiratsa handia zen.
Ez dizuet ukatuko: niri burutik pasa ere egin zait gauza bera egitea, baina une baten aldamenean nuen emakumeari begiratu diot, eta elkarri hitzez ezer esan gabe, ulertu egin gara. Ez gara geunden tokitik mugitu gure geltokira iritsi arte. Etxerik gabekoak gure jarrera bere begirada triste batekin eskertu digu. Hori da behintzat iruditu zaidana, edo akaso, imajinatu nahi izan dudana.
Bost minutu lehenagora arte irakurtzen ari nintzen liburuari beste erabilpen bat aurkitu diot: sudurrera gerturatu eta usaindu egin dut. Ustez disimuluan. Baina ikusi nauten guztiek dakite kiratsari aurre egiteko modua izan dela.
Aireporturako “Air Train”-a hartzen den geltokira iritsi gara. Trenetik atera naiz. Haizea usaindu dut. Haize hotza. Sekulan baino gozagarriagoa iruditu zait sentsazioa! Laguna On Time iritsi da!
No hay comentarios:
Publicar un comentario