Aireportuetako segurtasunaz asko hitz egin dugu azkeneko hilabete luzeetan. Gorputz osoko eskanerrak jarri zituztenean, hemen AEBn, horren aurkako mugimenduak sortu ziren. Batez ere pertsonen pribatutasunaren erasotzat hartu zuten askok eta askok. Epaitegi bateko eskanerretatik pasatako jendearen irudiak web orri batek publiko egin eta gero, eztabaida tonuz igo ere egin zen azaroa abendu aldera.
Horri irtenbidea emate aldera edo, software berri bat probatzen ari dira hemengo hiru aireportutan: Reagan Washington National Airport, Hartsfield-Jackson Atlanta International Airport eta McCarran International Airport-en, Las Vegas-en. Software honen bidez, eskanerretik pasatzen den pertsona horren gorputzaren detaileak ez dira hain garbi ikusten, baina bai gorputzean eraman ditzakeen objektuena. Hori da behintzat frogatu nahian dabiltzana: horrela ikusita ere norbaitek lehergailu edo armaren bat eraman ez gero ikusiko luketela. Emaitzak onak badira, AEBn zehar dauden eskanerretan jarriko lukete software hau.
Beste eztabaida bat izango da, ea eskaner horiek osasuntsuak ote diren edo ez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario