2011/10/29

Presidentearen Teleprompterra

Larrepetit, 2011-10-29



          Politikariek beraien hitzaldiak jendaurrean irakurtzeko erabiltzen duten pantaila modukoa da teleprompterra. Barack Obamaren ezaugarrietako bat izan da teknologia hori asko erabiltzea: ezker-eskuin, begi parean ikusten diren kristal garden moduko horietatik irakurtzen ditu bere hitzaldi ezagunak. Horrela, jendearekin harreman zuzena lortuz.

         Presidentearen oratoria apartekoa dela diotenei kontra egiteko erabiltzen du askok makina horren erabileraren aitzakia: «Dena idatzita eraman beharra badarama, zer esan ez dakielako darama».

         Michele Bachman errepublikanoak esan du—beste batzuk bezala— sekula ez duela halako trasterik erabiliko. Eta Etxe Zurira iritsiz gero debekatu egingo lukeela.

         Duela hamabost egun, Virginian, lapurtu egin zituzten presidentearen teleprompterra eta atrila. Herman Cain eta Mitt Roomey presidentetzarako hautagai errepublikanoek ere ez dute txisterik egiteko aukera galdu: «Obama zer esanik gabe geratu da».

          Eta horixe da kontua: esan behar duena, edo esandakoa. Herritar askok ondo gogoan dute, egun batean, teleprompterrean irakurrita, milaka lanpostu, osasun zerbitzu, gizarte politika gehiago, erreforma fiskala, Guantanamo ixtea, agindu zituela Obama presidenteak. Eta promes horiek lapurtutako teleprompterrean eraman dituzte.

          Edukiari begiratu nahi ez, eta eduki hori nondik edo nola irakurriko duenari begira dagoena ez dabil ongi! Formetan geratu dira kateatuta. Eta hori, kasu honetan, ez da garrantzitsuena. Sutsuki defendatutakoa bete ez izanak boto-emaileengan izan dezakeen iritzi aldaketak gehiago kezkatzen du Obama, errepublikanoen eraso «telepromptikoak» baino.

         Makina berria erosi dute. Atrila ere bai. Eta herritarra, izan demokrata edo errepublikanoa, datozen hauteskundeetako hautagaiek zer esango (aginduko) duten zain dago. Teleprompterrarekin, edo gabe. Bost axola horrek.

2011/10/25

Juan Legarreta

BERRIAn argitaratua, 2011-10-23.




Juan Legarreta, bere etxean.

«Aberatsen maiordomoak gorrak,itsuak eta mutuak gara»


Besteak beste,Ramon de la Sota, Edmon de Rothschild,Kennedy eta Vanderbilt familientzat lan egin ostean, GeorgeSorosentzat ari da maiordomo gisa orain, munduko bost aberatsenetakoa denarentzat. Bilioiak kontatzen denborarik galdu gabe, fortuna jabeen etxeko ateak ireki dizkigu.

Gari Udabe New York

Aberats ezagunen maiordomoa izaki, bere bizipenen aberastasuna erakutsi digu 68 urteko mungiarrak.

G Zu Mungiako baserritarra zinen?

E Baserritarra naiz, ehuneko ehunean. Idazten eta irakurtzen ikasi aurretik behiak jezten ikasitakoa naiz. Gurean denetarik zegoen: behiak, oiloak, ardiak… eta horrela atera ginen aurrera.

G Haurtzaroaz zer-nolako oroitzapenak dituzu?

E Hamabi anai-arreba ginen, ni hamargarrena. Iskanbila asko izaten genuen, baina  familiartekoak, badakizu, dibertigarriak. Aita eta ama zorrotzak ziren, baina maitasun asko ematen ziguten.

G Hainbeste urte kanpoan pasata, ez duzu faltan sumatu giro hori?

E Orain, ordenagailuarekin eta telefonoarekin komunikazio gauzak asko aldatuta daude. Baina, hona etorri eta hiru urtetara, etxera bueltatu nintzen batean, amari baserrian telefonoa jarri nion, justu lotura hori falta zitzaidalako. Deitzen genionean telefonoa beti hartzen zuen, baina ez zuen inoiz deirik egin, berak zioen moduan, ez zeukalako ezer garrantzizkorik esateko!

G Beste garai bateko emakumea.

E 1899an jaio zen ama. 1936ko gerra bere gogorrean bizitakoa. Aita frontera joan, eta bi urte eta erdiz ez zuen haren berririk izan. Ama, berriz, ia fusilatu zuten, ez zutelako ulertzen emakume batek, gizonik etxean izan gabe, zazpi ume nola haz zitzakeen.

    Gerora, Paris eta Vatikanora eramandakoak gara. Parisko askatasuna ez zitzaion batere gustatu. Vatikanoan, berriz, gustura, oso kristaua zelako. Badakizu, jaungoikoa eta lege zaharrekoa.

G Zuk,berriz,gaztetan lorezain joan behar izan zenuen?

E 17 urte nituela hasi nintzen. Areetara, Eduardo Aznar ontzigilearen konektatutako familia batera, Saiz Agirre arkitekto ezagunarekin joan nintzen lanera. Kontua da beraien etxean lanean ari zen maiordomo gisakoa oso edadeko pertsona zela eta haren zereginak niri eskaini zizkidala. Bi urte egon nintzen familiarekin. Handik soldaduska egitera joan behar izan nuen arte.

G Ramon de la Sotarentzat hasi zinen lanean soldaduskatik bueltan.

E Bai, txofer eta baita zerbitzari ere. Biarritzen aritu nintzen. Aitak ez zuen arrazoi olitikoengatik muga pasatzen, baina semearekin ia hamabostean behin Bilbora joaten nintzen.

     Ramon de la Sota y Llanos zen aberastu zena. Frankok ia 26 etxebizitza kendu edo konfiskatu zizkion. Seme-alaba bakoitzarentzat bina eginak zeuzkan. Franco Española eta La Naviera beraien esku zeuden. Familia benetan garrantzitsua zen.

G Nolakoa izan zen etxetik kanpoko lehendabiziko esperientzia hura?

E Egia esan, ona. Egunkarian aurkitu nuen lana. Esperientzia gutxi nuela ikusi zuen nagusiak, eta entrenamendu modukoa eman zidan. Hiru urtez egon nintzen, 1968an Parisera joan arte.



G Zergatik alde egin zenuen?

E Mundua ezagutzeko gogoak bultzatu ninduen. Nire arrebetako bat ordurako han zegoen. Bere lehendabiziko senarra galdu berria zuen, eta horrek ere eragina izan zuen nire erabakian. Arriagan, Oviedo-Brusela bidea egiten zuen autobusa hartu nuen. Lo lekua hartu eta bi aste pasa ostean, lana aurkitu nuen. Agentzia baten bidez, Edmond de Rothschild baroiarentzat lanean hasi nintzen. Bost zerbitzari eta maiordomo bat zituen.

G Parisen ostean,Washington izan zen zure hurrengo geltokia.Kennedy presidentearen koinatu Robert Sargent Shriverek zerikusia izan zuen gainera AEBetako etorrera horretan.

E Bera AEBetako enbaxadore moduan lanean zegoen Frantzian (1968-1970). Beraiekin lanean frantziar batekin maiteminduta zegoen lagun bat nuen, eta emazte izango zenak ez zuen AEBez ezer jakin nahi. Horixe izan zen niretzat zortea. Haren ezezkoaren ostean, hona etortzeko interesaturik ote nengoen galdetu zidaten. Nik baietz erantzun nien.

G Atlantikoa gurutzatu,eta ondo sentitu zinen?

E Hau Frantziakoa baino gogorragoa egin zitzaidan. Biarritzetik Bilbora, hilabetean bitan joaten nintzen. Hizkuntza aldetik, frantsesa ikasi nuen arte euskararekin moldatu nintzen, eta horrek erraztu egin zidan hasiera hura. Hona etorri nintzenean ingelesez oso gutxi nekien.

     Atlantikoa gurutzatzeak berak ere orduan esanahi desberdina zuen. Gaur egun plazeragatik egiten duzue,eta orduan beharra zen. Lehenbiziko hiru hilabeteak bereziki hizkuntzarengatik oso gogorrak egin zitzaizkidan. Urtebetera hemen bizileku paperak edo Green Card deiturikoa eman zidaten. Nagusiek zeukaten boteretik lortuak.

 Kennedy familia Hyannis Port-en

G Garai horretan Kennedy familia ezagutuko zenuen noski?

E Urtean zehar toki desberdinetan sakabanatuta bizi baziren ere, familia osoa elkarrengandik oso gertu egoten zen Hyannis Port izenekoan zeukaten gunean. Bi uda pasa nituen han, eta familia osoa ezagutu nuen.

     Oso batuta zegoen familia zen. Umeak beti gustatu izan zaizkit niri, eta harreman berezia izan nuen John John Kennedy [presidentearen semea] eta bere lehengusu Anthonyrekin [Robert Sargent Shriver eta Eunice Mary Kennedyren semea]. Denbora asko pasatakoa naiz biekin. Neronek erakutsi nien itsasoan ibiltzen.

G Beraien langileekin ere tratu ona izaten omen zuten.

E Amak edo amonak, Rose Kennedyk, yatea zuen, eta astearte eta ostegunetan langileoi, eguna libre hartu, eta itsasora ateratzeko uzten zigun. Astean behin, asteazkenean edo larunbatean, berriz, amaren etxean barbakoa bat egiten zuten ehun lagunentzat edo, eta familiaren langileak ere gonbidatuta egoten ginen bertara.

G Askotan hitz egiten zuten presidenteaz?

E Oso gutxitan hitz egiten zuten John (beraiek Jack deitzen zioten) edo Robert anaiez. Telebistak zerbait esaten bazuen edo, akaso orduan. Oroitzapen txarrak eta gogorrak ziren, noski.

G Mantentzen al duzu harremana beraiekin?

E Bai. Maria, Thimothy eta Anthonyrekin badut, Robert eta Eunice Maryren seme-alabekin. Aita eta ama hil zirenean ere hiletara joateko gonbita bidali zidaten.



G New Yorken zuten bulego handia, ezta?

E Robert Sargent Shriver abokatu oso garrantzitsua zen: New Yorkeko MetLife eraikuntzan bulego bat zeukan 86 abokaturekin. Washingtonera iritsi eta bi hilabetera etorri nintzen lehen aldiz New Yorkera, hainbat langilerekin eta sukaldariarekin jai bat antolatzera.

     Hura bukatu ostean, bi egun libre hartzeko baimena eman zigun. Eta erabat maiteminduta geratu nintzen hiriarekin. Hala ere, asko lagundu ninduten, eta ez nituen berehala utzi. Bi urte eta erdi egon nintzen beraiekin lanean.

G Pena emango zien alde egiteak?

E Bai, baina gomendio gutun izugarri on bat egin zidaten, festa bat antolatu zuten nire omenez, opariak egin zizkidaten (urrezko mahuka biki parea, presidentearen argazki bat…).

G Lanak utzi eta berriak aurkitzean zorteduna izan zarela esango nuke.

E Maila honetan, bilioi bat dolarretik gora dauzkatenek alegia, ni bezalakoen lanpostua izugarri baloratzen dute. Beraien lanean eta bizitza sozialean izugarri murgilduta daude, eta ez daukate beste ezertarako denborarik.

G Personal assistant modura zarete ezagunak.Zer da hori?

E Zenbait gauza batera egiten dituzu: maiordomoa eta idazkaria naiz. Ez ditut bere eskutitzak idazten, baina bidaiatzen dugunean esate baterako, guztiaz arduratzen naiz. Horrezaz gain, dauzkaten etxebizitzez arduratzen naiz, eta horietan ematen dituen jaiak antolatu behar izaten ditut.

G Zerbitzaria izatearekin lotzen du jendeak zuena.

E Bai, hori da egiten den lotura. Egun batean, Kennedy presidentearen koinatu Robert Sargent Shriverek esan zidan bezala: «Denak gara zerbaiten eta norbaiten zerbitzari». Presidenteak, bere lana ondo egiten badu, herria zerbitzatzen du. Zu eta nire artean desberdintasun bakarra dago: jaiotzerakoan izan dugun zirkunstantzia. Herrialde batek president edo erregea behar ditu, baina baita zabor biltzailea ere.

     Horregatik, hemen, uste dut ikuspegi desberdinarekin begiratzen gaituztela. Eta estimatu ere hala egiten gaituzte. Hainbat aberats jenderekin lanean egon naiz, eta beraien makina bat jaietara gonbidatu naute: ez langile modura, bestela.

G Zer dohain izan behar ditu maiordomo batek?

E Gauza garrantzitsuenetako bat pribatutasuna da: entzun, ikusi eta isilik geratzea. Aberatsen maiordomoak gorrak, itsuak eta mutuak gara. Dena ikusten dugu, eta ezer ere ez. Diskrezioa, beraz, gauzarik garrantzitsuenetakoa da.

     Etxe bat eramaten jakitea, jaiak antolatzen jakitea eta langileak kontratatzen jakitea ere oso garrantzitsua da. Hori denborarekin ikasten joaten da, baina antolaketa oso garrantzitsua da, eta horrekin arduratsua izatea. Sentsibilitate handia izan behar duzu. Lehentasunak ikusi, eta zure nagusien beharrak aurreikusteko gai izan, eta beti pauso bat aurretik joan.


G Kennedytarrak utzi, eta garai hartako New Yorkeko familiarik aberatsenarentzat hasi zinen lanean, Vanderbilt familiarentzat...

E Oso pertsona garrantzitsua eta eragin handikoa zen, baina ez zitzaion publikoki askorik azaltzea gustatzen. Oso azkarra zen, hiru doktoretza zeuzkan, eta, gainera, epaitegi gorenaren kontseilaria zen, Etxe Zuriaren kontseilarietako bat, Bruselas, Paris eta Londresen bulegoak zituen, Japoniarekin ere harremanetan zegoen, astrofisikaria zen aldetik hamabost urtean egon zen NASArekin lanean, Munduko Diru Funtsean eta Atlantic Institut deiturikoetan ere sartuta egon zen...

G Etxe Zuria berarekin ezagutu duzu orduan?

E Nixon eta Reaganen kargu hartzearen aurretik eta ondoren Etxe Zurian egon nintzen berarekin bai. Beti atzeko aldetik, lorategitik sartzen ginen, sotoa dirudien horretara. Ez da, ordea, sotoa. Hor sala eta gelak daude, bilera intimoagoak-eta egiteko.

G Hamabost urte egon zinen familia berarekin.

E Urtean bitan Concordean bidaiatuz. Parisera edo New Yorkera iristen ginen bakoitzean ez genuen aduanarik pasatzen. Hortik atera kontuak gizon honen boterea zenbaterainokoa zen. Bera hil ostean, emaztea ere kasik bizitzeko gogorik gabe geratu zen. Ahal nuenean lagundu nion. Kontua da ez zuela inor etxean hartzen, ez zegoela apenas aktibitaterik, eta pixka bat aspertu egin nintzen. Azkenean, alde egin nuen etxe hartatik 1985ean.

 George Soros bilionarioa

G Eta horrela zeure bidea egiten jarraitu duzu,joan den urtean George Sorosentzat lanean hasi aurretik?

E Aurretik, Wildenstein familiarentzat lan egin nuen: 21 langile nituen bi familientzat koordinatzeko, eta garai gogorra izan zen. George Sorosekin duela urtebete hasi nintzen. Bera da munduko bost aberatsenetako bat.

G Sorosen etxetik jende asko pasako da,ezta?

E Bera demokrata da, eta Clinton presidente zenean hiru aldiz etorritakoa omen da, ezkutuan. Obama ez dut oraindik ikusi. Diru asko jarri zuen bere alde, eta akaso pixka bat haserreturik egongo da [kar, kar].

G Zein da aberatsa hemen?

E 100 milioi dolarretik gora behar duzu aberatsa zarela esateko. Edmon de Rothschild baroiak esaten zuen berak lau mila milioiraino konta zezakeela bere jabetza, eta handik aurrera imajinatu egiten zuela.

G Erdi mailako klasea desagertzen ari dela diote; hala da?

E Galtzen ari da. Gero eta aberatsagoak daude, eta gero eta txiroagoak. Manhattandik, esate baterako, desagertzen ari da erdi mailako klasea.

G Hiri honetan jende oso aberatsa, aberatsa eta ezer ez daukana dago. Nola ikusten da egoera hori aberatsen begietatik? Zer ikuspegi dute?

E Oso galdera interesgarria. Sorosek, esate baterako, kontinente guztietan fundazioak dauzka. AEBetan, batez ere edadeko jendearentzat, kartzeletatik ateratakoentzat eta etxerik gabekoentzat lan egiten dute. Zentro bereziak dauzka. Urtean 50 milioi dolar emango ditu horretarako bakarrik AEBetan. Eta atzerrian, berriz, beste horrenbeste edo gehiago.

G Orain ematen ari diren protesta sozial hauek gustuko al dituzte?

E Ez egotea gustatuko litzaieke. Baina nik uste oso ongi daudela. Ni demokrata naiz, eta Obamari eman nion botoa. Jabetzen naiz ez dituela agindutako gauza asko egin. Baina hamaika trilioiko zorrarekin hartu zuen nazioa, Bushek egindako zorra.

     Benetako finantza krisiaz gain, propio sortutako asko egon da. Eta horren aurka dira protesta hauek. Ni ados nago bankuei-eta laguntza ematean, nahiz eta gure dirua izan. Jende asko langabeziara ez eramateko balio izan badu, ondo.

G Zure ofizioko pertsona asko ezagutzen dituzu?

E Azkoitiko eta Meñakako bi bai gure ingurukoak. Bestela, New Yorken, maiordomo gisara lan egiten duten bost bat-edo ezagutzen ditut, eta guztira beste hogei inguru egongo dira.

G Ez dira hainbeste.

E Ez. Ofizio hau ekonomia maila oso-oso altuko jendearekin doa, eta ez dira hainbeste.

Juan Legarreta


2011/10/22

19 kale beherago

Larrepetit, 2011-10-22



          Distantzia horretara, The New York Times egunkariaren egoitza nagusian zegoen albistea, ez dakit noiztik, erretenituta, geldirik, lau haizeetara zabaltzeko hitzartutako ordua noiz iritsiko. Eta gu, asko, horren zain, gertutasun horretaz batere jabetu gabe.

          Hainbeste esperotakoa, ordea, Atlantikoaren beste aldetik jaso dut, etxetik, BERRIAren online edizioan hizki handiz jarrita: «ETAk borroka armatua bukatu du». Bi aldiz irakurri behar izan dut titulua. Edo hirutan? Ez dakit. Eta salto batean, etxera deitu baino lehen, New Yorkeko euskaldun lagunei hots egin diet, ileak tente.

          Kanpoan gaude, kilometro askotara, eta maila honetako albisteak beste modu batean bizi behar izaten ditugu. Akaso, horregatik, atzerrian gertuen sentitzen dituzun eta ongi ulertuko zaituztenekin momentua konpartitzeak berebiziko garrantzia du niretzat. Familia eta lagunekin iritzi trukaketa etorri da gerora.

          Arratsaldean, Euskadi Ameriketako Estatu Batuetan saltzeko eta bultzatzeko ekitaldia zegoen prestatua New Yorken. Enpresari, kazetari, sukaldari eta politikariz osatutako taldea ibili da egun hauetan zenbait hiritan barrena.

          Buruan, Patxi. Eta oraingoan, ez du asmatu. Asteleheneko bake konferentziarena, aurretik jakina zen, eta ez zuela bidaia bertan behera utziko esana zuen. Atzoko bat-bateko albisteak urrun harrapatu du. Eta gertutik jarraitzeko, korrika hegazkina hartu behar izan du.

          Bere neurrian, baina gai izarretakoa izan zen, eta norberak taldean, bere inpresioak elkarbanatu zituen, euskarak batere presentziarik izan ez zuen ekitaldian.

          Egun desberdina izan zen, berezia, historikoa, askotan gogoratuko duguna. Baina pasa da. Bukatu da. Joan da.

          Orain, zuen txanda da. Aitzakiarik gabe, egin keinu, egin politika, hitz egin… eta bizi ditzagula egun berezi, desberdin eta historiko gehiago.

2011/10/15

Ezkondu gaitezen


Larrepetit, 2011-10-15



Horrelaxe eskatu zion Anya-k Mark-i duela hilabete inguru. Ez irudikatu eszena erromantikorik, ez zen eta halakorik egon. Bezeroei jatekoa zerbitzatzen ari ziren bitartean, sukaldeko sartu-irtenetako batean, hiruna platera eskuan proposatutakoa da.

Markek pentsatzen uzteko eskatu zion. Amerikarra da, eta gay-a. Steven bere bikotearekin bizi da 168. kalean. Anya errusiarra da, eta heterosexuala. Hiru urte daramatza New Yorken ikasle gisa.

Jatetxe berean lan egiten dute biek, eta izugarri ondo konpontzen dira. Elkarri estimu handia diote. Eta Markek ondo daki Anyak Ameriketako Estatu Batuetan legez egoteko arazoak dituela, eta irtenbideetako bat estatubatuar batekin ezkontzea dela.

Bikotekidearekin hitz egin ondoren, hori adina egiteko prest dagoela erantzun dio Anya lagun maiteari.

Herenegun joan ziren udaletxera. Jendea izugarri egoten da ezkontzeko zain. Harategira joaten garenean bezala zenbakia hartu beharra dago, eta txanda itxaron. Ordu erdiko ilara egin ostean, minutu batean ezkonduta zegoen lankide-bikotea. Aitzakia probestuz, bazkari moduko batekin ospatu zuten iruzur ezkontza. Argazkiak ateratze aldera, gero ezkontza albumean jartzeko. Garrantzitsua.

Orain, Anyak bizileku baimena edo hiritartasuna eskatu ahal izango ditu. Baina kontuz ibili beharko dute, delitua egin dutelako. Immigraziokoak edozein egunetan sar daitezke etxeko sukaldera, eta galderak egiten hasi: zein koloretakoa da zure emaztearen hortzetako zepiloa? Tatuajerik badu zure senarrak? Non? Noiz izan zenuen azkeneko sexu harremana zure emaztearekin? Erantzunak bera izan behar du, eta prestatuta dauzkate.

Gaur egun, Markek bere bikotekidea den Stevenekin bizitzen jarraitzen du, eta Anya, emaztea, egunero ikusten du sukaldera sartu-irtenean. Jatetxekoan, noski.

Ez da fikzioa. Paperak lortzeko jendeak egiten dituen benetako milaka historietako bat kontatu dizuet.

2011/10/13

Sweet home Alabama










Alabamakoa da paperik gabeko etorkinen aurka indarrean dagoen legerik gogorrena. Arizona, Utah, Georgia, Hego Karolina eta Indianako legeekin batera, auzitegian dago.

Gari Udabe New York
gariudabe@hotmail.com

          Etxea eroso, babestuta, lasai eta bero egoteko lekua izan ohi da gehienetan. Errealitatean, Alabaman, etxeko goxotasun gutxi. Etxea amets gaizto bilakatu da milaka paperik gabeko etorkinentzat.

          Henao eta Carmen Alabama estatuko Montgomeryn bizi dira, 11 urteko seme Carlos eta 6ko Guadaluperekin batera. Mexikotik paperik gabe pasa ziren, duela bederatzi urte, eta, orduz geroztik, hura dute bizileku eta etxe. Jatetxe batean lan egiten du Henaok, eta familia bateko umezain moduan Carmenek. Carlos eta Guadalupe beraien ikasketak egiten ari dira herriko ikastetxean. Ordu asko lan egiten badituzte ere, bizimodu lasaia eramatea gustatzen zaie, eta familia girokoa. Gaurdaino, ez dute inorekin arazorik izan.

          Duela astebetetik, ordea, kalera nortasun agiririk gabe ateratzea delitua da Alabaman. Atxilo eraman ditzakete Henao, Carmen eta familia osoa. Segurtasun indarrek, poliziek, norbait paperik gabekoa dela edo AEB Ameriketako Estatu Batuetan legez kanpoko egoeran egon litekeela uste edo susmatzen badute, dokumentazioa eskatuz, eta hala behar balitz atxilotuz, edonoren immigrazio egoera aztertu ahal izango dute nahi dutenean.

          Halaxe irakur liteke ur hornidura ematen duen konpainiak etxeetara bidali dituen oharretan: «Immigrazio lege berria dela eta, Alabamako Nortasun Agiria edo gidatzeko baimena ekarri beharko diguzue. Hala egin ezean, ura moztuko dizuegu».

          Izan ere, konpainia pribatuek, enpresari txikiek, argindarra eta ura emateaz arduratzen direnek, eta zabor biltzaileek duela astebetez gero debekatuta daukate Henao eta Carmenen moduko paperik gabekoekin inolako kontraturik sinatzea.

          Carlos eta Guadalupe umeak ere bete-betean harrapatu ditu erabaki honek. Lehendabiziko aldiz, immigrazio lege batek adingabeak jo puntuan hartu ditu. Horren arabera, ikastetxeek beraien ikasleen egoera aztertu beharko dute.

          Legearen arabera, dagoeneko onartu diren ikasleek ez dute paperik entregatu beharko. Eta azkeneko hamar urteetan ikastetxe berera joan den ikasleak, berriz, bere datuak eman beharko ditu, baldin eta beste zentro batera joan nahi badu. Hala eta guztiz ere, Alabamako zenbait ikastetxek, dagoeneko, jaso dute ikasle guztien inguruko informazioa. Bizitza aldaketa horren guztiaren errua aspaldian ondo ikasita zeukaten HB56 legeak ekarri die Henao eta Carmenen moduko milaka etorkin paperik gabekori. 



Epaitegien erabakien zain

          Alabamako gobernadoreak ekainaren 9an sinatu ostean, Barack Obama presidenteak eta haren administrazioak hala aginduta, Justizia Departamentua izan zen legea auzitara eraman zuenetako bat. Duela egun batzuk etorri da Blackburn epailearen ebazpena: legea balekoa da. Hala eta guztiz ere, ezabatu egin ditu paperik gabeko edonor autoan eramateko debekuaren atala eta paperik gabekoei lana eskatzea debekatzen ziena.

          Obamaren hitzetan, «estatu mailan aurrera ateratzen diren immigrazio legeak saihestu egin behar dira, horiek onartzea arazo handi bati petatxu bat jartzea bezala delako». Horregatik, nazio mailako immigrazio erreforma baten beharra ikusten du presidenteak. Errepublikanoak, ordea, ez daude ados, eta Kongresuan antzeko proposamenei trabak jartzen jarraitzen dute.

          Alabamako kasuan, eta nahiz eta legea indarrean sartuta egon, Blackburn epailearen erabakiaren aurkako helegitea jarri du Obamaren gobernuak. Baina ez da justiziara jo duen lehen aldia izan, beste zenbait estatutan ere indarrean jarri nahi baitituzte antzeko legeak.

          Arizonako SB1070 legea izan da sonatuena, eta seguruena protestarik gehiena eragin duena. Bereziki, Poliziak edonori, edonon paperak eskatzeko eskubidea izateak piztu zuen sua, arrazagatik jende asko susmagarritzat jotzeko arriskua ikusten dutelako etorkinen aldeko hainbat elkartek.

          2010eko apirilaren 23an Jan Brewer gobernadoreak proposamena sinatu ondoren, urte bereko uztailaren 29an zen indarrean sartzekoa lege gisa. 24 ordu lehenago, ordea, Susan Bolton epaileak bertan behera utzi zituen legeak biltzen zituen atalik eztabaidagarrienak.

          2011ko apirilaren 11n, berriz, Obama presidenteak hala eskatuta, Apelazio Epaitegiak atal horiek bertan behera uzteko erabakia berretsi zuen. Une honetan Epaitegi Gorenean dago kontua. Kasua aztertzea erabakiz gero, 2012ko erdi alderako erabakita egon liteke. Hauteskunde kanpaina bete-betean dagoenerako, beraz.

          Arizonan eta Alabaman bezala, Utah, Indiana, Hego Karolina eta Georgian indarrean jarri nahi dituzten antzeko legeen aurka ere egin du gobernuak. Batzuetan osotasunean, eta beste batzuetan zenbait artikuluren aurka. Kasu horietan ere epaitegien esku dago legez kanpoko egoeran dauden milaka etorkinengan eragin zuzena duen erabakia hartzea. 



Eraginak eta erreakzioak

          Alabaman indarrean sartu den legearen ondorioak zeintzuk diren astebeteko epean ikusi da: umeak ikastetxera eta helduak lantokietara joateko beldur dira, eta asko eta asko, maletak egin, eta urteetan beraien bizileku izan diren herri eta hirietatik alde egiten ari dira. Latinoamerikarrak —nahiz eta AEBetako herritartasuna izan— ofizialki susmagarriak dira Alabaman, nortasun agiria soinean eramaten ez duen edonor atxilotu daitekeen estatu bakarra da AEBetan.

          Mac Higginbotham Alabamako Nekazari Federazioko salgaietarako zuzendaria da Montgomeryn. Haren ustetan, «Ameriketako estatubatuar askok ez dituzte beraientzat nahi eguzkipean egin beharreko lan gogor hauek. Nekazari guztiongan eragina izango du». «Uzta lantzen jarraitu beharra daukagu. Baina nork egingo ditu lan horiek?», galdera egiten du sektoreko Jay Reed ordezkariak.

          Izan ere, horrek guztiak ekonomian duen eragina ere kontuan hartzekoa da. Itsas ertzean dagoen Foley herri turistikoan milaka hispanok lan egin izan dute bertako jatetxeetan, itsaski enpresetan eta baserri eta landetxeetan. Joan den asteaz geroztik, beraien haurrak ikastetxeetatik atera dituzte, dauzkaten jabetza guztiak kamioietan sartu dituzte, eta agur esan diete agian sekula berriro ikusiko ez dituzten bizilagun eta lankideei.

          Linda Harris Ingeles irakaslea da Foley Elementary ikastetxean: alde egite horren lekukoa izan da. «Epailearen erabakiaren berri izan eta nire ikasleak atetik ateratzen ikusi ditudanean bihotza hautsi zait. Pentsatu dut agian sekula gehiago ez ditudala ikusiko».

          American Federation of Teachers irakasleen elkarteko lehendakaria da Randi Weingarten. Azaldu du gurasoak kezkatuta daudela beraien haurrei ikastetxeetan zerbait gertatuko ote zaien, eta pentsatzen du «irakasleek haurren zaintzaileak izan behar dutela eta ez poliziak».

          Southern Poverty Law Centerreko zuzendaria da Mary Bauer, eta, haren ustez, «eskoletako eta gobernuko hainbat langile immigrazio agente moduko bilakatuko dira, eta hori haur eta familientzat ez da batere mezu ona».

          Egoera hori ikusita, Vianey Garcia Alabamako paperik gabeko etorkinak alde egin beharra sentitzen du. Baina, aldi berean, «traste guztiak hartu eta poliziak geratuko nauen beldurra dut», gaineratu du.

          St. Joseph's Catholic Churcheko Paul Williams apaizak dio «jendea elizara joateko ere arduratuta» dagoela. Komunitatearen %20 galdu dute azkeneko asteetan Hispanic flock at St. Margaret of Scotland Church elizan, eta «gehiagok alde egingo dute hurrengo asteetan ere. Giza tragedia da hau», dio kezkaturik Paul Zoghby bertako apaizak. «Hemezortzi urteotan bizi izan dudan gertakaririk tristeena da honako hau».

          Jose Perez 15 urteko gaztea da. 2 urte zituenetik Alabamako estatuan bizi da: «Ez daukat ideiarik ere nire Mexiko jaioterriaz. Nire gurasoek bizitza hobe bat izateko ekarri ninduten hona. Hemen geratu, eta sinesten dudanaren alde borrokatzea besterik ezin dut egin».

          Legearen aurka epaitegietan aurrera egiten jarraitzeko prest egoteaz gain, «Alabamako biztanleak mobilizatzeko, lege honen aurka eta etorkinen aldeko justizia bultzatzeko prest» daudela dio Isabel Rubiok, Hispanic Interest Coalition of Alabamako zuzendariak.

          Alabamako biztanleriaren %3 besterik ez da komunitate hispanoa. Txikia, beste estatu batzuetako %12arekin konparatuz gero. Baina kontuan hartu behar da azken hamar urteetan komunitate hau gehien hazi diren estatuen artean bigarrena dela (%145 inguru). Horixe izan da legea aurrera atera nahi izanaren arrazoi nagusietako bat. 



Gai beroa politikarientzat

          Boterean dagoen Obama presidentearentzat eta haren gobernuarentzat gai beroa izan da etorkinena legegintzaldi honetan, eta gaiak ez du indarrik galduko, ez abiatzear dagoen kanpainan, ezta hurrengo gobernuaren erabakietan ere.

          Azken urteetan atxilotutako etorkin kopuru handiena ematen ari dira azkenaldian AEBak: atxiloketak %25 igo dira, eta Obama presidente denetik 400.000 baino deportazio gehiago izan dira —hirutik bi muga legez kanpo pasatzeko saioan harrapatutakoak dira—.

          2012ko hauteskundeak ate joka datoz, eta duela hiru urtekoetan bezala, inor gutxik jartzen du zalantzan orain ere hispanoek garrantzi izugarria izango dutela hurrengo presidentea nor izango den erabakitzerakoan.

          America's Voicek egindako ikerketa baten arabera, Etxe Zurian aginte makila eskuratu nahi duenak hispanoen botoen %40 jaso beharko ditu gutxienez. Eta horretaz errepublikanoak eta demokratak ondo jabetuta badaude ere, norabide nahikoa desberdina eraman nahi dute.

          New Mexico eta Texas estatuekin batera, orain Kalifornian, Dream Act deituriko legea indarrean dago: haren arabera, paperik gabeko unibertsitarioek bekak eta diru laguntzak eskatzeko aukera dute hiru estatu horietan. Alderdi Demokratako Jerry Brown Kaliforniako gobernadorea izan da eskubide hori aitortzen azkenekoa.

          Obama Dream Act deiturikoaren alde badago ere, bere alderdi barrutik jarri dizkiote oztopoak: joan den abenduan, alderdi demokratako bost kideren kontrako botoengatik Kongresuan ez zuen aurrera egin oso antzeko lege batek.

          Errepublikanoen artean, berriz, ez du onarpenik lege horrek, besteak beste, uste dutelako etorkinak legez kanpo herrialdera sartzera bultzatzen dituela. Zorrotz daude haren kontra, baita lege horren edo antzekoen defentsan agertzen den edonoren kontra ere.

          Adibidetarako, Rick Perry Texasko gobernadore errepublikanoa eta presidentetzarako hautagaia: paperik gabekoen seme-alaba ikasleei laguntzak ukatzea «bihotzik ez izatea» zela esan zuen Floridan, duela aste gutxi, bere alderdikideen aurrean. Esan bazuen, esan zuen. Hautagai moduan aukeratzeko inkestetan izaten ari zen beherakada gerarazteko, barkamena eskatu behar izan zuen.

          Erdi bideko erabakiak hartuta geratu direnak Illinois, Kansas, Maryland, Nebraska, New York, Utah, Washington eta Wisconsin estatuak izan dira: paperik gabeko pertsonek ikasketak egiteko aukerak izan ditzaten, lege bereziak onartu dituzte, baina ez Dream Act deiturikoa. Colorado, Connecticut, Florida, Iowa, Massachusetts, Mississippi, Missouri, Oregon eta Rhode Islanden bide bera hartu nahiko lukete 2011. urtea amaitu baino lehen.

          Politikarien arteko hika-mikak aurrera jarraitzen duen bitartean, nork bere alderdi barruan gai honekiko mugak definitzen edo aldatzen jarraitzen duen bitartean, Alabama, Arizona, Utah, Indiana, Hego Karolina eta Georgia estatuetan, gorriak pasatzen etorkinek jarraitzen dute.

          Ametsak betetzen ziren herrialdera etorri ziren milaka lagun. Familiak osatuz, lan eginez eta herri bizitzan parte hartuz, egun batean etxean bezala sentitzea lortu zuten. Baina orain, ametsak zapuztuta, sorterrirako bidean jarriko dira berriro asko eta asko.

2011/10/08

Harresiak eta hormak

 Larrepetit, 2011-10-08




          Irakeko gerraren aurka egindako protesten ondotik, 2003an, egun hauetakoak dira New Yorken ikusi diren antzeko mugimendurik jendetsuenak. Milaka pertsona dira Broadway etorbidean barrena «aski da» oihukatu dutenak, eta Wall Street-en botere ekonomikoarekin haserre, suminduta (modako hitza) daudela adierazi dutenak.

          Ehunka gaztek eragindako txinparta su bilakatu da milaka herritarrentzat. Telebista aurreko besaulkitik altxarazi dituzte, eta kasik egunero parte hartzen dute Zuccotti enparantzan, askatasunaren plaza gisa ezaguna orain, edo kalean antolatzen diren protestetan. Gizarte eragileek, sindikatuek, elkarteek eta herritarrek ozen egiten dute oihu aldaketa eskatuz, ardurak eta eskubideak exijituz.

           Kutsakorra gertatzen ari da mugimendua. Boston, Los Angeles, Saint Louis, Chicago, Kansas eta halako tokietaraino ere iritsi omen da. Eta, noski, agintariek neurriak hartu dituzte harresiak, hormak eraikiz.

          Harresi fisikoa aspaldi bota zutenez, poliziek egindakoak jartzen dituzte han eta hemen. Wall street izenak, harresiaren kaleak, aspaldi honetako zentzurik handiena du irailaren 17a ez geroztik.

           Oztopatzea, isolatzea du helburu. Eta horretarako badute hemen ere ondo ikasitako dantza bat: borrarena.

          Ubelduak eta zauriak eragingo dituzte, egun bakarrean 700 atxilotuz beteko dira komisariak, eta protestan ari direnak ez dira pastuako beraiek jarritako mugatik harago. Baina bada kolpez zaurituko ez duten eta helikoptero soinuz isilaraziko ez duten zerbait: herritarren oihua.

          Ez dago hori geraraziko duen hormarik. Ez Wall Street-en, eta ezta Kukutzan ere. Hor eta hemen, borrek baino min handiagoa eragiten dute gizartearen mugimendu hauek. Aginte makiladunen eta botere ekonomikodunen harresiak eraikitzeko joerari erreparatu besterik ez dago. Harresiek eta hormek erasotik babesteko ere balio baitute.

2011/10/06

Steve Jobs-en heriotza dela eta.

          Steve Jobs, Apple konpainiako sortzailea atzo hil zela jakin genuen minbiziarekin burrukan denbora luzean egon ostean. Hauxe da Fifth Avenue ezagunean (boskarren etorbidean) dagoen Apple denda ezagunaren sarreran grabatu dudan bideoa.