2012/05/19

Delfinak, atunak eta marrazoak

BERRIA, Larrepetit, 2012-05-19



          Mexikoren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko borroka ez da lur lehorreko pasabidekoa bakarrik. Itsasoko ur sakonetan ere izan da tirabirarik azkeneko 20 urteetan. Eta bi herrialdeak busti dituen neurria ur epeletako atunaren harrapaketatik dator.

          Duela 20 urte, mobilizazio ekologista handi eta garrantzitsu bat egon zen AEBetan: atunaren harrapaketan sarean kateaturik geratzen ziren delfinak babesteko eskatu zuen mugimendu berdeak. Ondorioa honako hau izan zen: itsasontzietan ikuskatzaileek joan behar dute, eta arrantzarako hainbat sare debekatuta daude. Hori horrela betetzen duenak, delfinak salbu utzita arrantzatutako atuna dela bermatzen duen dolphin safe zigilua lortzen du. Atun latetan argi eta garbi irakur liteke.

          Hainbat herrialderen artean, Mexiko izan da urte hauetan guztietan berak harrapatutakoa AEBetara esportatu ezin izan duena. Besteak beste, bere atuna arrantzatzeko moduak delfinak kontuan hartzen ez dituelako. 426 milioi dolarren balioa zuten 131 mila tona atun ekoitzi zituen Mexikok 2010ean, eta horietatik 5.500 tona kanpora saldu. Diru kopuru handiegia ezer egin gabe geratzeko.

          2008an Mexikoko Gobernuak Kontsumorako Munduko Erakundean salaketa jarri zuen, eta orain etorri da sententzia: AEBek, ekologia babesteko aitzakiarekin, bidegabeak diren mugak jarri dizkie Mexikoko eta beste hainbat herrialdetako enpresei. Ondorioz, ezingo dituzte dolphin safe etiketa eramatera behartu.

          Beti bezala, kontsumitzaileon esku egongo da zer erosten dugun ondo irakurtzea. Baina presakako bizimodu honetan, nago, gehiengo handi batek ez duela horretarako denborarik hartuko.

          Ur epeletan delfina babestea lortu zuten ekologistek. Baina jakina da dolarren itsaso zabala marrazoz beteta dagoela. Eta marrazoa, bizirik irauteko, erasotzeko beti prest. Horregatik da marrazo.

2012/05/12

Armairuko gaya

BERRIA, Larrepetit, 2012-05-12



          Hara sekuentzia: igandean, etxe zuritik atera zen notizia; Joe Biden presidenteordeak publikoki defendatu zuen sexu berekoek ezkontzeko duten eskubidea. Adituek diote Obamak gizarteari pultsua hartzeko erabili zuela bere ondorengoa.

          Bi egun geroago, Ipar Karolina izan zen informazio iturria: «Ezkontza emakume eta gizonezko baten arteko lotura da», erabaki zuten, eta hori hala dela defendatzen duen 30. estatua bilakatu zen.

          Eta, azkenik, presidenteak hitz egin du: «Sexu bereko bikoteek ezkontzeko eskubidea izan beharko lukete», esan du ozen. Jarrerarik aurrerakoienerantz pausoa eman du. Edozein soldaduk homosexuala zela esatea debekatzen zuen «Don't ask, dont tell» legea ezabatzearekin eskua eman dio legegintzaldi honetan kolektibo honi, eta orain bizkarretik heldu.

          Mitt Rommeyk, hautagai errepublikanoak, segitutik hartu du kontrako postura: ezkontza gizon eta emakume baten artean ulertzen jarraitzen duela esan du. Bere ibilbide politikoaren hasieran berdintasuna defendatzen zuen, baina iritzia aldatu eta gaur egun kontra dagoela dio.

          2008ko hauteskundeetan Barac Obamak irabazi egin zuen Ipar Karolinan. Baina berari babesa emateko dauden askok, erlijio kontuagatik, eta sexu berekoen arteko ezkontzak defendatzeagatik, botoa alda dezakete. Horregatik, orain arte, gisa horretako estatuetan eskubide berdinak defendatu ditu, baina ez du sekula ezkontza eskubidea aipatu.

          Hautagaiak alde banatan bezala, gizartearen % 50ak defendatzen du sexu berekoek ezkontzeko duten eskubidea. Kontra, % 48a agertzen da.

          Hasi dira boto-emaileei, talde desberdinei, erlijioei keinuka. Es-kubide izan beharko lukeena, ordea, estrategia politiko hutsean gera liteke. Edo promesa galduetan. Akordatzen aurreko kanpainaz?

          Armairutik atera dute kanpora gaya. Laster, ondoen nori datorkion ikusteko garaia izango da.

2012/05/11

Simon

BERRIA, Larrepetit 2012-05-05




          Egun argitan lo egiten du Simonek. Eguzkia ezkutatzen hasten denean zabaltzen ditu begiak, eta orduan hasten da beretzat egun berria. Ilunpetan pasatzen dituenez ordurik gehienak, horretara ohituta dauka bista.

          Lur azalean dagoenean, hiriko argi emana ikus dezake, zirkulazioa sentitu, jendea pasaeran ukitu.

          Baina lur azpian sartzearekin batera, isolatu egingo da: mundu berri batean sartuko da, arau propioak dauzkan gizarte txiki batean murgilduko da, eta bertako partaide izango da ordu batzuetan.

          Ilun dago behea. Ez da argirik ikusten beste aldean. Eta horrek nahigabea eragiten dio zenbait egunetan Simoni. Baina aurkitu du aurre egiteko modua ere: umorea da botikarik eraginkorrena. Ahal duen guztietan, barre egiten du ondokoekin, ondokoez, bere buruaz. Horrela, iluna ez du hain beltz ikusten. Eta berriro ere lurrazalera ateratzen diren arteko orduek 60 minutu izan beharrean, 50 dituztela pentsatzen du, berez luze egiten zaiona laburrago sentituz.

          Arratoiak lagun ditu, eta haiek Simon ere ezagutzen dute. Ez dituzte alferrik elkarren ondoan hainbeste eurite, elurte eta haizete pasatu. Eta ondo ikasia daukate, burdinazko sugea, urrutian, bi begiak zabalduta datorrela ikustean, alde batera egin behar dutela.

          Gauez, mantsoago etorri ohi da, urrundik orroa boteaz, badatorrela adieraziz.

          New Yorkeko lur azpiko pasabideetan egonagatik, burua gora jiratzen du zenbaitzuetan: han dauzka maite dituen guztiak, eta pentsamenduak handik jaso nahi izaten ditu.

          Eguna argitzen hasten denean, Simon lurrazalera igotzen da. Eta milioika hiritarrei uzten die lekua behean. Dena prest dago: burdinbidea segurua da.

          24 orduan etenik gabe dabilen munduko metro bakarrari bidea garbitzen eta konpontzen dien langileak dira. Hiriko meatzariak. Eta meatzari guztiek bezala, nire miresmenik handiena dute horiek ere.

2012/04/29

Kea

BERRIA, Larrepetit 2012-04-28


          Zenbait datu irakurtzean, hainbat testigantza entzutean sortutakoa da gorputz osoan barrena sentitzen dudan hotzikara hau.

          Ameriketako Estatu Batuetako indiar erreserbetan bizi diren emakumeen errealitate gordinaz ari naiz hizketan. Datuak, bere hoztasunean emanda, hauek dira: AEBetan bizi diren sei emakumetik bat bortxatu egiten dute. Indiar erreserbetan, egoera okerragoa da: hiru indiar emakumetik batek bortxaketaren bat jasango du, gutxienez behin, bizitzan.

          Erreserbetan bizi diren emakumeen testigantzak dira egia horren begirada tristea: gizonezko talde batek 20 urteko neska gaztea bortxatu ostean erdi hilik, eriturik, komunean itxita utzi zuenaren bizipena, ezaguna zuen emakumearen etxean ostatu hartu eta senarrak eta haren bost lagunek bortxatu zuten 14 urteko neskatxaren herioa edo oinez etxera zihoan eta bahitu eta bortxatu ostean bide bazterrean botata utzi zuten nerabearen nahigabeak dira eguneroko bizimoduaren ispilu. Eta egoeraren krudeltasuna areagotzera datoz beste hauek: erreserba hauetan dauden osasun zentroek ez daukate bortxaketetarako prestatutako profesionalik, ezta DNA jasotzeko beharrezko tresneria ere. Connecticut bezalako estatu baten tamainako erreserba batean —14.000 km karratu— bost polizia bakarrik daude. Eta bertako agintariek ezer gutxi egin dezakete, legez, fiskal federalek bakarrik hartu baititzake krimen hauen aurkako neurriak.

          Sitting Bull (Zezen Eseri) indiar buruzagia zuriak beren lurraldetik bidaltzeko dantzan hasi zen egun batean. Mehatxu handitzat hartuta, polizia bidali zuen gobernuak bera atxilotzera, eta iskanbiletan buruzagia eta semea hil zituzten. 120 urte geroago, neurriak eskatuz, suaren inguruan dantzan ari dira hainbat belaunalditako ehunka emakume. Baina urrutira begiratuta, momentuz, inor ez dator justiziarik ezaren keak erakusten duen lekura.

2012/04/24

Esaldi Magikoa

Berria, Larrepetit 2012-04-21




          Azkenean topatu dut esaldi magikoa. «Asko sentitzen dut, ez da berriro gertatuko» esatea magikoa da, eta estutasunetik atera zaitzake, nonbait, Espainian. Esaldia zein tonutan esaten den ez du inporta, edo esaten denean benetako damurik sentitzen den, edo esate hutsagatik esaten den, ez du axola. Kontua, serio plantan, ahotan hartzea da, eta kito!

          Demagun errege titulua dudala eta, milaka familia hilabete amaierara iritsi ezinik dauden garai honetan, hezkuntzan, osasunean, ziento bat murrizketa neurri hartu dituzten honetan, hiritarren diruarekin, inolako lotsarik gabe, Botswanara elefanteei tiroak botatzera joatea erabakitzen dudala luxuzko safarian. «Upsss, asko sentitzen dut, hanka sartu nuen, ez da berriro gertatuko» esan, eta kito. Erantzukizunak eskatu beharko lizkidaketenek, «lasai hartu, kritikak hoztuko dira» esanez babestuko dute nire moneyrkia.

          Demagun, Espainiako ogasunari izugarrizko iruzur fiskala egin diodala zenbait urtetan. Dirua barra-barra beltzean niretzat gorde ostean: «Hanka sartu nuen, asko sentitzen dut» esanez gero, «amnistia» bedeinkapena emango didate, eta, akaso, «ez berriro egin e?» esanez eskutitza bidaliko didate milioi asko kosta zitzaidan nire luxuzko etxebizitzako postontzira.

          Baina, benetan, sentitzen hasi besterik egin ez garena da, eta asko eta azkar esango nuke, urtetan hiritarrok, langileok, lortutako oinarrizko eskubideak nola lotsarik gabe murrizten, zapaltzen, kentzen eta deuseztatzen ari diren. Irabaztea, eskuratzea hainbeste kosta zena, egun batetik bestera galtzen ari gara. Baina, lasai, norbaitek «asko sentitzen dugu, ez da berriro gertatuko» esango baitu. Eta esaldi magikoa erabilita, orain arte bezala, harrotuta zegoen itsasoa baretu egingo da. Ba, niri, kasu hauetan, asko sentitzeak ez dit ezertarako balio.

2012/04/14

Begia

BERRIA, Larrepetit, 2012-04-14



          Bi dauzkagu. Handiak, txikiak, atereak, zapalagoak, luzexkak, urdinak, marroiak, beltzak, berdeak izan litezke, eta ikusteko erabiltzen ditugu: mundua, geure burua, pertsonak, gauzak, koloreak, formak. Baina hori baino askoz gehiago dira: begiaren atzean, intentzioak, sentimenduak, pentsatzeko moduak, ideiak, maitasuna, gorrotoa, mina, poza, historia aurki litezke. Egia da ez dela erraza izaten, batzuetan, begietara begiratu eta hori guztia sumatzea, ikustea. Baina begiradek, dena ez bada ere, ia dena esaten dute, eta atzean dagoena salatu edo agerian jar dezakete. Begiak ispilua bezalakoak direla esan zuenak, arrazoi.

          Badira, ordea, begirik ez dutenak ere: umetan gure aitonak behin baino gehiagotan gogoratzen edo oihukatzen zigun moduan, harriek eta makilek ez dute halakorik. Eta nago denok jabetu garela haurtzaroan noiz edo noiz horretaz. Baina bai haiek eskuetan hartzen dituenak eta haiekin zer egin erabakitzen duenak. Eta, kasu honetan ere, begi horien atzean, intentzioak, sentimenduak, pentsatzeko moduak, ideiak, mina, poza, historia daude.

          Borrek eta gomazko pilotek ere ez dute begirik. Baina bai haiek dantzan jarri eta zer egin erabakitzen duenak. Eta aurpegia estalita eraman arren, bi begiak beti geratzen dira agerian. Eta horrekin, intentzioak, sentimenduak, ideiak…

          Bistakoa da bai borrek eta bai pilotek min handia eragin dezaketela. Errekuperatu ezin ahalakoa. Iñigo Cabacasekin bezala, pozik, ilusioz, bizi zeuden begiak betiko itzal eta itxi ditzakete. Eta familiakoengan, lagunengan negar malkoak eragin, begiradak tristatu, lausotu.

          Ezin da ezikusiarena egin eta itsu geratu. Borrak eta pilotak dantzatzen dituzten zenbaitzuen begien atzean dagoenaz jabetzeko ordua da. Begiek eta begiradek bezala, zenbait ekintza eta jokamoldek, askotan, ezkutuan gorde nahi dena agerian jartzeko balio baitute.


2012/03/31

Obamaren Brokolia

BERRIA, Larrepetit, 2012-03-31



          Goxoa da. Eta, gainera, osasuntsua. Jateko barazki gomendagarrienetako bat omen da brokolia. Hori esan digute, behintzat, azkeneko urteetan. Eta ni sinistuta nago.

          Nonbait, Antonin Scalia, Auzitegi Goreneko epailea, ere bai. Horregatik, Obamaren osasun erreformaren alderik garrantzitsuena eta eztabaidagarriena herritarrak brokolia jatera behartzearekin konparatu berri du. Herritarrak zerbait erostera behartzea ez baita zilegi, epailearen ustez.

          Obamak aseguru medikua derrigorrezkoa izatea nahi du. Eta halakorik kontratatzen ez duenak isun ekonomikoa jasoko luke. Horrela, aseguru etxeek ezingo liokete zerbitzurik ukatu egoera larrian dagoen inori. Eta, aldi berean, gazteen solidaritateak edadetuen polizen prezioak jaistea ekarriko luke. Baina, horren aurrean jartzen da norberak, herritarrak, asegurua kontratatzeko duen askatasuna. Hortxe dago irakiten eztabaida brokolikoa.

          Baina badago gizarteko hainbat sektoreri aurrekoak baino min handiagoa eragiten dion beste zerbait: asegururik ordaindu ezin duenari gobernuak laguntzak ematea. Hori ez zaie gustatzen, eta pentsatze hutsak ezinegona sorrarazten die. Oraingo gobernuarentzat, berriz, bide horretatik, inor ez litzateke asegururik gabe geratuko, eta osasun zerbitzu unibertsala, denentzako, bermatua geratuko litzateke —bertsio estatubatuarrean, noski—.

          Epaile kontserbadoreenen ustez, gobernuari orain osasun aseguru bat ezartzea uzten bazaio, gerora beste edozer ezartzen utzi beharko zaio. Ekain-uztail aldera, presidentetzarako hauteskundeak gainean direnean, iritsiko da epaitegietatik sententzia. Balekoa edo ezinezkoa ote den sistema hori ezartzea erabakiko dute.

          Scalia epaileak bai asmatu brokoliaren adibidearekin. Osasun erreforma hori batzuengan haizeak sortzen ari baita! Izan ere, urdail guztiak ez dira berdinak.