2012/10/29

Arrantzan

Larrepetit, 2012-10-27





          New York milioika lagun batera biltzen dituen merkatu handi eta desiragarria dela itsuak ere ikusten du. Eta negozioak, bezeroak erakartzeko asmotan, kalera ateratzen dira, beraien produktuen propaganda modu desberdinetara egitera.

          Apenas egiten duten irribarrerik janari lasterreko jatetxea zein noranzkotan dagoen adierazten duten geziak edo txartel handiak eskuekin heltzen egoten direnek. Urrutitik, gosea duenari azkar eta merke non jan dezakeen erakustea da helburua. Eta goserik ez duenari, ahal bada, tripa zorriak piztea.

          Eskuz iragarki paperak banatzen dituztenak daude gero. Espaloi erdian jarri, eta paretik datorrenari ile apaindegi, arropa denda edo masaje lekuetako iragarki paperak ematen dizkiote. Hirian bizi garenok, nazkatuta, ez diegu esku orririk hartzen. Beraz, kanpotarrek eskua luzatzeko esperantzatan ematen dituzte orduak eta orduak, hotz ala bero.

          Izozki denda eta kafetegi askok produktuaren erakusgaiak beraien negozio atarietan banatzen dituzte amu gisara.

          Eta, azkenik, saltzailerik irribarretsuenak geratzen dira: urrunetik ikusten dituzu beraien elkarte edo GKEaren kamiseta koloretsuak jantzita (Greenpeace, Unicef eta abar…). Inguratzen zoazen heinean, parean jarriko zaizkizu zure bidea oztopatuz. «Kaixo, Natalie naiz, minutu bat baduzu?», galdetuko dizute munduko irribarrerik handienarekin. «Bai» erantzunez gero, minutua luze egingo zaizu. «Ez» erantzunez gero, kontuz, handik hamar metrotara atzean utzi duzunaren beste kide batekin topo egingo duzu, eta «kaixo, Geremy naiz, minutu bat baduzu?», galdetuko dizu.

          Ez dago zalantzarik. Interneten erreinuan, aurrez aurreko marketin humanoak ere oraindik saltzen du. Eta asko gainera. Izan ere, hiritarra beraien sarean erortzeko, pelagikoa kaleraino ateratzen dute. Onak dira kontsumitzailearen arrantzan.

2012/10/20

Halloween goiztiarra

Larrepetit, 2012-10-20



          Hilabete izango da, gutxienez, lehendabiziko kalabazak agertu zirela. Eta gaur da eguna supermerkatu, denda, antzoki, lorategi , komun publiko, etxe atari eta gutxien imajinatuko zenukeen tokian buru-hezurrak, mamuak, zonbiak, sagu zaharrak edo armiarma sareak aurkituko dituzuna. 2012ko Halloween denboraldia betez-bete iritsi da hirira. Nago gero eta goizago hasten direla negozioarekin.

          Sortze zelta duen ohitura hori 1840 inguruan iritsi omen zen Ameriketako Estatu Batuetara, Irlandako etorkinen eskutik. Berehala bota zituen sustraiak, eta XX. mende hasieran, dagoeneko lurralde osoan ospatzen omen zen. Gerora etorri dira ohitura horren indartzea, eta baita nazioartean zabaltzea ere: Euskal Herriak ere ez dio kalabazarik ematen jai horri (globalizazioaren eragin nabarmen bat gehiago).

          Egun handia, ordea, urriaren 31 izango da, Santu Guztien bezpera gaua. Baina askoz ere lehenagotik, New Yorkeko kale eta tabernetan, mozorroak eta mozorrotuak izango dira nagusi. Norberaren beldurrak maskara, soineko, kapa eta makillajearen atzean ezkutatuz, jai giroan inoiz baino askeago sentituko dira milaka lagun. Sanba erritmorik gabeko AEBko inauteriak dira.

          Bizidunon eta hilda daudenen arteko atea zabaltzen dela eta espirituek prozesioa egiten dutela beraien herrietan diote. Familiartekoen etxeetara joan eta beraien omenez kandelaren bat piztuta ez badago, amesgaiztorik handienetan sartu arazten omen dituzte.

          Politikarien eta herritarron arteko atea zabalduko da bihar EAEn, eta azaroaren 6an AEBn. Nik ez daukat zalantzarik: badaezpada, kandelak piztuko ditut! Bat baino gehiago. Izan ere, ez dut amesgaizto gehiagorik izaterik nahi. Politikoengandik eta beraien erabakietatik salbu ote gara horrekin? Hala bada, ez ahaztu, kandelaren babesak egun bakarrerako balio duela. Hori pentsatzea bai dela beldurgarria!

2012/10/17

Francoise eta lan baimena

Larrepetit, 2012-10-13

 

          François (Frantzia) ikasle moduan dago New Yorken. Legez ezin du lanik egin. Horretarako, Sotial Security deituriko txartel zenbakiduna beharko luke. Eta hari ez dagokio halakorik.

          Anjel lagun mexikarrari eskatu dio faborea: «Lagunduko didazu lortzen?». Astelehen arratsaldean joan dira Queens-era. Jaitsi dira beharrezko metro geltokian. Oinez abiatu dira denda, latinoamerikar taberna, jatetxe eta masaje lekuz josita dagoen Roosevelt etorbidean. Françoisek ez daki zein lekutara doazen, ez eta nora begiratu ere. Anjel isilik dago, norbaiten bila balebil bezala. Halako batean, barrez hasi da. «Zer gertatzen da?», galdetu dio Françoisek. «Zu gabe etorri banintz, honezkero ziento bat lagunek eskaini zidaten Sotial-a. Baina daukazun europar aurpegi horrekin, ez da inor gerturatzen», erantzun dio Anjelek.

          Azkenean, iritsi dira Anjelek ezagutzen duen lagunarengana. Kalean dago, bistan, metro geltoki baten sarreran. Bere lagun-min europarrarentzat zenbakia eskuratu, erosi nahi duela esan dio. Saltzailea ez da fio. Agente Federalaren antza hartzen dio Françoiseri, eta beldur da. Anjelek lasaitu egin du. Prezioa negoziatu dute, eta papertxo batean idatzita eman zeinen izenean ateratzea nahi duten txartel zenbakiduna. Nortasun Agiri faltsua ere eskaini die saltzaileak, baina Françoisek ez du horren beharrik. Saltzailea kaleetan barrena galdu da.

          40 minutu geroago azaldu da. Disimuluan ordaindu eta txartela sakelan sartuta, Françoisek eta Anjelek alde egin dute.

          Lan bila hasterakoan, gaur eskuratu duen zenbaki hori emango dio Françoisek bere ugazabari. Hilda dagoen edo jaio berri den norbaitena izango da, edo identitate lapurreta egin dioten edonorena.

          Gobernuak badu merkatu beltz honen berri. Baina modu honetara, Françoisek zergak ordaintzen ditu, eta bestela lortuko ez lukeen dirua eskuratzen du gobernuak.


Johnnie "Spider", taxi

Larrepetit, 2012-10-06

 


          Harlemen auzo historikoan jaio zen Johnnie Footman. Eskulanetan artetsua ikusi zuen amak, eta osabaren tailerrera bidali zuen berehala lanera. Etxetik lantokira joateko erabiltzen zuen Harley Davidson modelotik hartu zuen Spider ezizena.

          Gerora, Franklin Roosevelt Etxe Zurian zenean hasi zen New York-eko bereizgarri diren taxi horiak gidatzen. Koloreak kolore ziren urte haietan, kafetegian eserita egon eta afroamerikarra zelako mespretxuz zuria beste aldean esertzen zen garaia bere azalean bizitakoa, arrazen arteko desberdintasunak ezabatuz nola joan diren ikusiz joan da bere gurpil gaineko etxetik.

          Garai hartako bidaiariak eskatutako lekuraino eramaten zituen eta ekipajea etxeraino igotzen laguntzen zien, taxia lasai kalean utzita. Gaur egun, halakorik ezin egin.

          Auto barruko ispilutik begiratuz gero, milaka lagun eraman ditu atzeko eserlekuetan hirian barrena. New Yorkera joan eta taxi haietako bat hartu gabe itzultzea New Yorken ez egotea bezalakoa zen urte haietatik hasita, bidaiari gehienak anonimoak izan badira ere, ondo gogoratzen da John Wayne altu eta edukazio onekoa edo Rock Hudson aktorea eraman zituenekoaz.

          Errepideak askorik aldatu ez badira ere, eraikin mordoxka desberdinak dira ametsen hirian, janzkerak, gailuak, mundua, bizitza eta bizimodua bera aldatu dira urte hauetan guztietan. Baina bada gauza bat, momentuz, berdin-berdin jarraitzen duena: eskua altxata «taxi» oihukatu eta Spider jauna parean geratzea.

          Hasi zenetik, 75 urte pasatu dira (2014ra arte berritu zioten lizentzia iaz).

          Milioika kilometro egin ditu eta beste horrenbeste istorio kontatuko lituzke kea darion puruari tiraka, 92 urteko Johnnie Spider Footman-ek, hiriko taxi gidari zaharrenak.

          Auto barrutik munduari begiratzera ohitu da, eta uzten dioten artean, hala jarraitu nahi du.

2012/10/01

Mark eta Alejandra, deskontua

Larrepetit, 2012-09-29

 

          Kalean oinez doa emakume hura. Parez pare beregana zein datorren ikusteko adina atentziorik ez da jartzen ari. Eta hiruzpalau eskapaden ondoren, bosgarrenean danba jo du beste emakume bat. Oraingoan ez du inork minik hartu. Telefonoan SMS mezu bat idazten ari zen oinez zihoan bitartean.

          Komertzial lanak egiten ditu gizonezko horrek. Autoarekin ibili ohi da hirian barrena. Bi segundoz (hori iruditu zaio berari) begiak errepidetik kendu ditu eskuko telefonoari begiratzeko. Gaztetxo kuadrilla bat eskola parean errepidea gurutzatzen hasteko nahikoa denbora. Sustoa, handia. Denentzat.

          Bikotea kafetegian. Kafe hutsa izotzarekin eta kaputxinoa eskatu dute. Elkarrekin eseri dira. Egun osoa ikusi gabe egon ostean ez daukate zer esan handirik. Blackberry eta iPhone-an mezu berririk jaso ote duten, ordea, duela bi minutuz geroztik ez dute begiratu. Eta horretara jarri dira.

            Igogailura bi bizilagun sartu dira. Norbera bere Facebook-ari begira jarri da. Ez dago egun onik, ezta adiorik ere.

           Egunero hiri handiko bizimoduan bizi litezkeen morrontza egoerak dira denak. Mark eta Alejandrak etxean ikusi zuten hori: beren seme-alabekin otorduan mahaian zeuden batean, norbera bere gailuarekin jolasean ari zela eta inork ez zuela ezer esaten konturatu ziren egunera arte. Hura izan zen azkeneko aldia. Eta denboraldi bat bada, komunikazioa bultzatze aldera, edo ez oztopatze aldera, Los Angelesko beren jatetxean sakelakoa harreran uzten dutenei %5eko deskontua eskaintzen hasi zirela. Bezeroen erdiak dauzkate interferentziarik gabeko elkarrizketa-otorduak.

          Sekula baino komunikatuago egoteko aukera dugun honetan, nahi izatera, inoiz baino inkomunikazio handiago sor dezakegu gure inguruan. Teknologiak gu mendean ez hartzean dago sekretua. Neurria hartzea norberaren esku dago.

2012/09/25

Kimberly, ezer ez da berdin

Larrepetit, 2012-09-22



          Urtebete geroago, ezer ez da berdin. Orduko jendetza, orduko indarra, oihartzuna eta ikusmina ez dira neurri berean etorri. Eta urteurrenean, okupazioa giza katean, giza itxituran, bilakatu nahi izan dute.

         Kimberlyk mundua aldatu nahi du, mugimendu honek bera aldatu duen bezala. Izan ere, duela urtebetez geroztik, ezer ez da berdin. Politika gaietan beti interesa izan badu ere, Zucotti parkean sustraiak botatako Occupy mugimenduak gauzak aldatzeko ahaleginean aktiboki parte hartzera eraman du Kimberly. Ez du etenik izan orduz geroztik, eta sekulan baino indartsuago sentitzen da sinesten duen ekonomia sistema eta gizarte ereduak lortzeko bidean urratsak egiten jarraitzeko.

          Wall Streeteko egoitza eta hainbat banku ezagunetako eraikinak inguratzea zen helburuetako bat, baina poliziez osatutako hormak, oraingo honetan ere, sendo New Yorken. Zenbait musika taldek eskainitako happy birthday-ren musika notek eta Kimberlyk eta beste kideen oihuek bakarrik lortu dute horma hori gainditzea.

          Uniformedunena hausten eta hura pasatzen saiatu direnean, Donald aurkitu du parean. Elkarri begiratu diote, Kimberly polizia hesia pasatzen saiatu da bultza eginez. Ez da isildu, eta gero eta ozenago oihu egin du. Berehala, eskuburdinak jarri dizkio Donaldek eta atxilo eraman dute beste ehunetik gora lagunekin batera.

          Polizia etxetik atera ondoren, telefonoak jo dio. Donald anaia da, eskuburdinak jarri dizkion berbera. Kimberlyk erantzun egin du telefonoa. Bai baitaki beste gizarte eta ekonomia eredu batzuk posible direla jabetu araztea dela bere helburuetako bat. Etorkizunean zerbait ez dela berdin izango sinesten jarraitu nahi du, eta hori lortzeko, guztioi jarri dizkiguten eskuburdinak askatu nahi ditu. Ahalik eta azkarren, gauza askok ez baitute berdin izan behar.