2011/02/04

Alkatearen kanpainak


Michael Bloomberg da New Yorkeko alkatea, eta bere agintaldiko ezaugarrietako bat izango da, zalantzarik gabe, gizentasunari aurre egiteko eta tabakoaren kontrako kanpainak egitea.  Hiriko telebista kate, egunkari, aldizkari eta irratietan egindako kanpaina hauek  zuzenak eta zenbaitzuetan irudi gogorrekin osatu dituzte, erdi biderik gabe.  Hara hemen adibide bat.


Oso normalak ziren orain arte, parkeetara inguratu eta lasai patxadan eserita jendea habanoari tiraka ikustea, pipa erretzailearen tabakoa usaintzea, edo  lagun parea zigarreta batak besteari eskaintzen topatzea.  Laster,  horrelako irudiak akabo.  Hirian erretzaileren bat topatu nahi badugu, etxe pribatuetara jo beharko dugu.  Hantxe bakarrik gozatu ahal izango dute eta erretzearen plazeraz (antzematen da erretzaile ohia naizela ezta?).


New Yorkeko biztanle askok pentsatzen dute alkateari  eskua joan zaiola gai honetan eta urrunegi joan dela. Asko dira, sututa eta kea dariola dauden hiritarrak. Eta herrialde hau egunez egun gehiago ezagututa, ez nintzateke batere harrituko eztabaidak epaitegian bukatuko balu eta azkeneko hitza epaile batek izango balu. 

Momentuz erabakia hartuta dago. Sinatu eta 90 egunetara sartuko da indarrean.  

Edari freskagarrien azukre kopuruaren aurkako kanpaina eta erretzeari uzteko kanpaina  egin ditu.  Zer ote du hurrena jomugan alkateak? Kutsadura akustikoa? Argi kutsadura ? Aiiii, ameslaria ni!





 

2011/02/03

Aireportura bidean



Lagun baten bila joan naiz aireportura.  “Subway”-a (metroa) hartu dut Colombus Circle geltokian, Manhattango irlaren erdian.  Ordubeteko bidaia nuen aurretik, eta halakoetan hiru dira konpainia onak: gustuko norbait ondoan elkarrizketan joateko, musika edo eta liburu bat. Bakarrik joan naizenez lagunaren bila, musika eta liburuaren aukerak neuzkan. Liburuari heldu diot!

A metro linean nindoan, eta ez dira trenik modernoenak: zaharkituta daude eta ilun samarrak dira.Triste zaudenean ez hartzeko modukoak eta irakurketan joateko ere ez dira trenik atseginenak. Liburuan kontatzen denak  erakartzea bezalakorik ez dago, ordea.  Henning Mankel idazlea ari da hori lortzen azken aldian.  Wallander ikertzailearen abenturetan erabat sartuta nengoen. Kasik parean eta ondoan nor nuen ahaztuta, liburuak erabat harrapatuta. Baina bat-batean zerbaitek fikziotik mundura bueltatu nau. Usaina izan da, usain oso fuertea, kiratsa ere esango nuke. Etxerik gabeko bat sartu da trenean, whisky botila patrikan gordeta zuela, mozkorturik,  zapatilak erdi puskaturik,…  Berrogei bat urte izango zituen. Begirada tristea, isila. Aldamenekoari  galdetu dio trena nora zihoan. Mutil gazte bati. Honek erantzun ere ez. Hurrengo estazioan zenbait pertsonek tren bagoia aldatu dute. Egia, da, kiratsa  handia zen. 

Ez dizuet ukatuko: niri burutik pasa ere egin zait gauza bera egitea, baina une baten aldamenean nuen emakumeari begiratu diot, eta elkarri hitzez ezer esan gabe, ulertu egin gara. Ez gara geunden tokitik mugitu gure geltokira iritsi arte.  Etxerik gabekoak gure jarrera bere begirada triste batekin eskertu digu. Hori da behintzat iruditu zaidana, edo akaso, imajinatu nahi izan dudana.  

Bost minutu lehenagora arte irakurtzen ari nintzen liburuari beste erabilpen bat aurkitu diot: sudurrera gerturatu eta usaindu egin dut. Ustez disimuluan. Baina ikusi nauten guztiek dakite kiratsari aurre egiteko modua izan dela. 

Aireporturako “Air Train”-a hartzen den geltokira iritsi gara. Trenetik atera naiz. Haizea usaindu dut. Haize hotza.  Sekulan baino gozagarriagoa iruditu zait sentsazioa!  Laguna On Time iritsi da!



2011/02/02

iPad-erako lehen egunkaria

        
           Informazioa kontsumitzeko moduak izugarri aldatzen ari dira azken urteetan. Hori bistakoa da New York bezalako hirietako eguneroko bizimoduan: prentsa telefonoan irakurtzen da, gustuko telebista edo irrati programak metroan zoazela ikusi edo entzun...  Gaur New Yorkeko Guggenheimen, Rupert Murdochen News Corporation-ek I-Pad eta Tabet-etarako "The Daily" egunkaria aurkeztu du. BERRIAk bere on-line edizioan jaso du aslbistea.

http://www.berria.info/hara/529/ipaderako_aurreneko_egunkaria.htm

Marmotaren Eguna


Gaur groundhog day da AEBn eta Kanadan, alegia MARMOTAREN EGUNA.  Tradizioaren arabera, bi herrialdetako nekazariek gaurko eguna erabiltzen dute neguaren bukaera iragartzeko. Nola? Marmota animaliaren jokaera aztertuz. Lotiak bere babeslekutik atera eta egun lainotua delako bere itzala ez badu ikusten, babeslekua utziko du eta negua azkar bukatuko dela esan nahi du. Alderantziz, ordea, egun eguzkitsua bada eta bere itzala ikusten badu, neguak beste sei aste iraungo dituela esan nahi du. 

Gaur New York erabat lainotuta dago. Elur bustia egiten du eta hotz dago kanpoan.

Eskanerretarako software berria frogatzen





Aireportuetako segurtasunaz asko hitz egin dugu azkeneko hilabete luzeetan. Gorputz osoko eskanerrak jarri zituztenean, hemen AEBn, horren aurkako mugimenduak sortu ziren. Batez ere pertsonen pribatutasunaren erasotzat hartu zuten askok eta askok. Epaitegi bateko eskanerretatik pasatako jendearen irudiak web orri batek publiko egin eta gero, eztabaida tonuz igo ere egin zen azaroa abendu aldera.  

Horri irtenbidea emate aldera edo, software berri bat probatzen ari dira hemengo hiru aireportutan: Reagan Washington National Airport, Hartsfield-Jackson Atlanta International Airport eta McCarran International Airport-en,  Las Vegas-en.  Software honen bidez, eskanerretik pasatzen den pertsona horren gorputzaren detaileak ez dira hain garbi ikusten, baina bai gorputzean eraman ditzakeen objektuena.  Hori da behintzat frogatu nahian dabiltzana: horrela ikusita ere norbaitek lehergailu edo armaren bat eraman ez gero ikusiko luketela.  Emaitzak onak badira, AEBn zehar dauden eskanerretan jarriko lukete software hau.

Beste eztabaida bat izango da, ea eskaner horiek osasuntsuak ote diren edo ez.

2011/02/01

Gym-ean




Urtea abiatzen denean askok egiten duten promesa da ariketa fisiko gehiago egitearena. Eta AEBn ez da gutxiagorako. Antzematen da  jendeak urteko lehendabiziko asteak saiakerarako izaten dituela, eta zin egindakoa betetzen saiatzen dela. Behin aspertuta zer? Hori beste kontu bat da. Eta zenbat denbora behar izaten duten aspertzeko ere bai. 

New Yorken oso modan dago Gym-era joatea. Ez da oraingo kontua. Aspaldikoa da. Kiloak kentzera joaten dira batzuk, osasuntsuago sentitzera besteak, “ligoteora” ere bai (hau omen da horretarako plaza berria azken aldian), eta hainbeste kostatako “muskulitoak  tonifikatzera” beste batzuk! 

Hiri kirol zalea da honako hau. Udaberritik aurrera Central Parkera, Hudson ibai ertzera edo hiriko beste zenbait gune berdeetara inguratu besterik ez dago jendea oinez eta korrika ikusteko. Gustuko dute, eta gustagarria ere bada halako guneetan haize freskoa hartuz kirol pixka bat egitea. 

Freskoa hotz bilakatzen da, ordea, neguan.  Eta galtza motzak jantzi eta korrika ateratzea ez da erraza.  Hemen, negua hotza eta haizetsua da, eta nik behintzat nahiago dut barru giroa sasoi honetan.

Eta egia esan, esperientzia izerditsua izateaz gain, dibertigarria ere izaten ari da.  Gauza asko konta nitzake hemen, baina nonbaitetik hasteko, gaurko pare bat irudi: hara zintan korrika ari nintzela ezker eskuin zer aurkitu dudan: ezkerretara, izugarri txiki sentitu arazi nauen gizona! Ni ezagutzen nautenek badakite ez naizela  txiki-txikia ere, baina alajaina, ondoan neukan gizasemeak 2:15eko garaiera izango zuen. Zabalean berriz, zenbat?  Ooooooso zabal. Eskuen eta hanken tamaina beldurgarria! “Non lortuko ote ditu halako zapatilatzarrak?” pentsatu dut nire baitan, Eta zintaren gaineko pausajea berriz, “tapa-tapa”.  Txiki sentitu naiz. 

Eskuinetara neukan neskatxa berriz biziago zihoan. Izerdi tantaren bat edo beste ikusten zitzaion kopetatik behera. Baina lasai, ze gehiegi deshidratatzen bazen kit-a prest zeukan: litro eta erdiko botila bat ur alde batera, eta arrosa koloreko batido baten tankerako basokada handi bat beste aldera! Txandaka ematen zion “txurrutara” orain bati eta gero besteari!  Egia esango dizuet: zer demontre zen edari lodi hura jakiteko gogoz geratu naiz, eta bai eta zertarako behar zuen hainbesteko “minibarra” makinaren gainean galdetzeko  gogoz. Orain ez dauka erremediorik. Baina hurrengoan galdera luzatuko diot, eta aizue, badaezpada errezeta eskatu. Igual goxoa egongo da.  Baina nago, kirola egin ostean hartzeko hobea izango dela. 



2011/01/31

Grisom bueltan...




          CSI: LAS VEGAS zaleentzat albistea, bereziki Grisom zaleentzat: berriro agertzekoa da ikertzaile ezaguna kapitulu batean. Grisom-en ama aitzakitzat hartuta egituratu duten kapitulua izango da, eta Sarah eta bere "amaginarrebak" topo egingo duten lehen aldia. Zer gertatuko ote da bien artean? Ama eta Sarah, Grisom eta Sarah, Grisom eta ama... AEBn Euska Herrian baino lehenago eskainiko dute kapitulua. Ikustea tokatu ez gero, lasai CSI zaleok, ez dizuet eta ezer kontatuko.  

         2009 an William Petersenek (Grisom) telesaila uztea erabaki zuenean, noizean behin agertu zitekeela aipatu zuten. Hara hemen horietako bat. Alde egin zuenetik, toki batetik bestera dabilela pertsonaia ulertu liteke telesaila ikusita, eta Sarah eta biek distantziara bada ere, erlazioa mantentzen jarraitzen dutela. Ea ba zerbait gehiago argitzen duen kapitulu honek.