2011/12/09

Legezko hilketen lurraldean

BERRIAN argitaratua, 2011-12-09



Gary Haugen asteon hil behar zuten presoa eta beste 36 heriotza zigorretik libratu dira AEBetan, Oregongo gobernadoreari esker

Estatubatuarren artean babes handia du presoak hiltzeak, baina gero eta gutxiago



Gari Udabe New York

          Oregongo gobernadorea da John Kitzhaber demokrata, eta bera izan da heriotza zigorra aldi baterako bertan behera utzi duen azkeneko agintaria. Erabaki horrek berehalako eragina izan du herenegun hil behar zuten Gary Haugen presoarengan —neska-lagun ohiaren ama hiltzeagatik dago kondenatua—. Heriotza zigorra moralki ez dela zuzena esan du Kitzhaber gobernadoreak, eta «Oregonen indarrean dagoen heriotza zigorra, berdintasunez ez erabiltzeaz gain, ez da inpartziala, ez bidezkoa, ezta azkarra eta arrazoizkoa ere».

          Horrela hitz egiteko, John Kitzhaber gobernadorea lasai ez dagoen seinale. Eta baditu zer pentsatua emateko moduko bi arrazoi. Izan ere, badaki zer den heriotza zigorra baimentzea: 1984. urteaz geroztik, Oregongo estatuan, heriotza zigorra berriro indarrean jarri zenez geroztik, bi preso hil dituzte, eta justu gobernadorearen aurreko agintaldietan: 1985 eta 1992, eta 1995 eta 2003 urteen artean. «Gobernadore modura hartu behar izan ditudan erabakirik zailenak izan dira. Azken hamalau urtean behin eta berriz gogoratu eta aztertu ditut».

          Oregongo gobernadorearen oraingo erabakiarekin, heriotzaren korridorean dauden 37 presoek heriotzari ihes egitea lortu dute. Baina ez betiko: oraingoz, John Kitzhaber gobernadorearen agintaldia 2015ean amaitu arte. Ondoren, ikusi egin beharko da nor jartzen den haren lekuan, baina batez ere jartzen denak zer pentsatzen duen gaiari buruz. 


Illinois, azkeneko estatua

          Oregongoaren aurretik, Illinoisek hartu zuen heriotza zigorra bertan behera uzteko erabakia, urtearen hasieran. Hutsegiteen ondorioz, hamahiru preso heriotza zigorrera kondenatu zituztelako susmoagatik abiatu zuten prozesua estatu horretan. George Ryanek 2003an, orduko gobernadoreak, boterea utzi aurretik, 167 presoren kondenak aldatu zituen: presoei epea luzatu, eta heriotzaren korridoreak hustu zituen. Orduan hasitako bideak, ordea, gorabehera handiak izan ditu.

          Hala eta guztiz ere, urte hasieran, Illinoisko Kapitolioak heriotza zigorra bertan behera uztea onartu ostean, gaur egungo gobernadore Pat Quinnen sinadura bi hilabete geroago etorri zen, eta uztailaren 1ean indarrean sartu. Hamabost presok jarraitzen zuten orain dela gutxi arte heriotzara kondenatuta, eta aldaketaren ostean, eta Quinn gobernadorearen aginduz, bizi guztirako kartzela zigorrera kondenatu dituzte, baldintzapeko askatasuna eskatzeko eskubiderik gabe. 1976tik, Illinoisen heriotza zigorra berrezarri zenetik, hamazazpi exekuzio izan dira. Azkenekoa Andrew Kokoraleisena, 1999an, 21 urteko emakume bat hil eta zatikatzeaz erruduna zela erabaki ondoren. 



Eraginkortasuna, zalantzan

          Balio al du jendea horrela hiltzeak? Betetzen al ditu bere helburuak? Radelet eta Lacock kriminologia elkarte garrantzitsuenetako presidenteek 2009an egindako ikerketan ondorioztatu zuten ez duela hilketen kopurua jaisteko balio, eta herritarrek ere hori uste dute (%88).

          Urte berean, poliziaburuen artean egindako beste galdeketa batek zioen indarkeria krimenak jaisteko azken metodo atzera-eragilea dela heriotza zigorra, eta diru publikoa alferrik gastatzeko modua dela.

          Justizia Departamentuak emandako datuen arabera, heriotza zigorrera kondenatutako presoen kopuruak behera egin du 1994az geroztik. Urte hartan 313 izan ziren, eta 2010ean, 112. Oraindik, dena den, kezkagarriak dira datuak. Gainera, ez dira denak errudun izaten, eta 1973az geroztik, heriotza zigorra jasota zeukaten 120 pertsona utzi dituzte aske, errugabeak zirela frogatu ostean. Baina errugabetzat jotzen zituztenek ere egin dute kontrako bidea. Auzitegian hiltzeko erabakia hartu eta exekutatu arte agonia luzea dute presoek, hamabost bat urtekoa. Heriotzaren zain, 3.251 preso zeuden urtarrilean. gariudabe@hotmail.com



Datu esanguratsuak

AEBetako 34 estatutan. AEBetako 34 estatutan dago indarrean gaur egun heriotza zigorra. Hamaseik besterik ez daukate bertan behera utzita: Alaska, Hawaii, Illinois, Iowa, Maine, Massachusetts, Michigan, Minnesota, New Jersey, Mexiko Berria, New York, Ipar Dakota, Rhode Island, Vermont, Mendebalde Virginia, Wisconsin eta Columbiako distrituak.

Hildakoen kopurua. 1976az geroztik, 1.277 pertsona hil dituzte modu horretara. 2011. urteari dagokionez, 43ra iritsi da kopurua. Aurreko bi urteetako datuekin alderatuz gero, gutxiago: 2009an 52 izan ziren, eta iaz, 46. Estatuen mapari begiratuta, 1976az geroztik, Texas da legea gehien bete duena: 477 preso hil ditu. Aurten, 13. Atzetik dator Virginia, 109rekin. Oklahoman 96 izan dira; Floridan, 71; Missourin, 68, eta Alabaman, 55.

Presoen ezaugarriak. Death Penalty Information Center gobernuz kanpoko erakundearen azterketen arabera, 1.277 presoetatik %57 zuriak ziren, %34 afroamerikarrak, %8 hispanoak eta %2 beste etnia batzuetakoak. Gaur egun heriotzaren korridorean dauden presoen % 44 zuriak dira, %42 afroamerikarrak eta % 2 hispanoak.

Biktimen ezaugarriak. Kalifornian 2005ean egindako azterketa baten arabera, biktima zuria bada, gaizkileak hiru aldiz arrisku handiagoa du heriotza zigorra jasotzeko, biktima afroamerikar bat bada baino. Biktima latinoa bada, berriz, lau aldiz proabilitate gutxiago dute zigorrik gogorrena jasotzeko. Jack Boger eta Dr. Isaac Unah, Ipar Carolinako Unibertsitatean 2001ean egindako ikerketaren arabera, heriotza zigorra jasotzeko arrisku handiagoa du presoak biktima zuria denean. Generoari dagokionez, 12 emakumezko exekutatu dituzte 1976az geroztik. Gainontzekoak, gizonezkoak izan dira.

Herritarren babesa. Gallup-ek urrian egindako inkestaren arabera, herritarren %61ek babesten dute heriotza zigorra, babes txikia ez bada ere, 1972. urteaz gero izandako txikiena da. Esate baterako, iaz %64koa zen aldeko jarrera; 1994an, %80koa, alegia, joera beheranzkoa da, baina oraindik hamar lagunetik seik uste dute zigorrik egokiena dela odol delituentzat.

Babesleen ezaugarriak. Herrialdearen hegoaldean edo erdi-mendebaldean bizi denak babesten du batez ere, eta gizonezkoa eta zuria da gehienbat. Eta adinari erreparatuz gero, gutxiago dira gazteak: 30 urtez azpikoen artean bereziki jaisten da kopurua.

Aplikazioaren maiztasuna. Herritarren %40k uste dute ez dela behar beste ezartzen; %27k baietz diote, eta % 25ek gehiegitan ezartzen dela. Joera politikoak aztertuta, botoa Alderdi Errepublikanoari ematen diotenen hiru laurdenak daude alde. Demokraten artean, %46k dute zigorrarren aldeko jarrera.

Defentsarako abokatuak. Heriotza zigorra duten estatuetan gobernuak jarritako abokatuen %98 zuriak dira.

Hiltzeko metodoak. Egun, xiringa hilgarria erabiltzen dute 34 estatuetan. 1976az geroztik, 1.103 preso hil dituzte modu horretan. Baina baita beste era batzuetara ere: 157, elektrokutatuta; 11, gas kameran; 3, urkatuta, eta beste 3, tiroka.

2011/12/03

Ongi etorriak

Larrepetit, 2011-12-03



          New Yorken 700 hizkuntza inguru hitz egiten direla diote zenbait ikerketak. Batzuk, milioika askok hartzen dituzte ahotan. Beste batzuk, talde txikiagoek. Eta garifuna, zaghawa eta mamuju-a bezala galtzeko arriskuan daudenak ere badaude. Kalean zoazela belarria adi jartzea bezalakorik ez aberastasun honetaz jabetzeko.

          Manhattan erdi-erdian, 62 eta 65 kaleen artean, Columbus etorbideari begira daude Metropolitan opera eta Robertson Plaza ospetsuak. Justu hara sartzeko eskailera zabaletan zera irakur liteke: «Ongi Etorriak». Hainbat hizkuntzaren artean agertzen direnetako bat da euskara, baina irakurtzea tokatzen zaidan bakoitzean, «welcome» agertutakoan ez bezala mugitzen du zerbait nire barruan.

          700 horietatik bat da jatorria enigma europar bat den gure hizkuntza. Zenbait euskaldunon pasaerarekin batera, bizirik irautea bera misteriotzat jo duten euskara zaharra entzungarri eta hizpide da hiri honetako hainbat lekutan.

          Eta guztion osasunagatik, hala jarraituko ahal du! Mark Abley idazle eta poeta kanadarrak esaten duen moduan, biodibertsitatea ekosistemaren osasunerako beharrezkoa den bezala, hizkuntza dibertsitatea ezinbestekoa da gizateriaren kultur osasunerako.

          Hizkuntza bat galtzea bizitza ulertzeko eta interpretatzeko modu bat galtzea da. Eta gure herriko poetarena gogora ekarriz: hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek hitz egiten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Arrazoi, Joxanton! Eta oraindik, lehengo lepotik burua! Baina, atrebentzia handiz, gaur, eta gaur bakarrik, hauxe gehituko diot zuk sortutakoari: eta ez dakitenek, aukerak izan arren, ikasi nahi ez dutelako baizik.

          Inoiz ez da berandu, ordea. Datozela euskararen eskailerak igotzera, eta argitxo modernoekin esango diegu, New Yorkeko Metropolitan operara sartzerakoan bezala: Ongi Etorriak.

2011/11/28

Errepublikanoen plaza

BERRIAn argitaratua, 2011-11-24




Demokratek argi dute: Barack Obama izango da hautagaia; kontserbadoreek, berriz, bederatzi ordezkari dituzte, eta primarioen borrokan zein baino zein gogorrago ari dira.

Gari Udabe New York

           Telebistari gustua hartuta dabiltza AEBetako errepublikanoen primarioetarako hautagaiak; zein baino zein ogorrago, gehienak Tea Partykoen zaleak pozik uztea helburu, alderdiaren barruko hauteskundeetan eskuinaren muturrerago jartzen denak errazago duelako presidentetzarako lehian sartzea. Bederatzi hautagaien artean inork ez ditu bereziki erakartzen muturrekoak, oso zaila baita pozik uztea zeren kontra egin besterik ez dakien mugimendu hori. Beste kontu bat izango da zuzenean Barack Obamaren kontra aritu behar denaren diskurtsoa, baina gaurkoz, ikuskizuna da nagusi kontserbadoreen artean. Etorkinak dira errekurtsorik errazena, eta AEBen segurtasuna munduan duten nagusigoa adierazteko gaia. Azken saioak —herenegun— segurtasuna zuen ardatz. 



          Eztabaidan ikusi bezala,  presidentearen aurrean lehiatzeko aukera gehien duenaren dantza etengabekoa izaten ari da inkestetan ere. Reuters-Ipsos-ek azaroaren 10ean eta 11n egindako azkeneko ikerketaren arabera, Mitt Romney zen aukera gehien zuen politikaria. John McCainek 2008ko hauteskundeak Barack Obamaren aurka galdu zituenetik bera izan da 2012ko hauteskundeetarako faborito nagusia. Harvarden ikasitako gizonak negozioetarako ahalmen handia erakutsi du. Baina haren pentsaerak —batzuen ustez, liberalegia— eta mormoi izateak arazo bat baino gehiago ekarri dizkio, eta eztabaida publiko bat baino gehiago eragin, errepublikanoetan kontserbadoreenak oso kritikoak baitira sinesmen mormoiarekin. Seguru dagoenaren plantak, ordea, ematen dio aldeko botorik, eta azken eztabaida saioan ere gehien konbentzitu dutenetako bat izan da.

          Azkeneko hamar egunetan, baina, Newton Leroy Gingrichek hartu dio aurrea inkestetan, CNN/ORC International Pollen arabera. Osasun esparruan Obamak egin nahi zituen aldaketen aurkako jarrera sutsua erakutsi dutenetako bat da. Ikusi egin beharko da hautagai gogokoenen artean jarraitzeko modua duen.

          Herman Cain, Godfather’s Pizza enpresako presidente ohia da. 9-9-9 plan fiskalekin egin da ezaguna: enpresei eta aberatsenei zergak jaistea, eta kontsumitzaileei eta behartsuenei igotzea proposatzen du hautagai afroamerikar bakarrak. Fama handia lortu du gizonak plan horrekin, baina baita zenbait emakumek Cainen aurka egin duten sexu eraso salaketekin ere. Ikusteko dago salaketa horiek zer eragin izango duten. Azken eztabaidan, behintzat, isilena izan da, salaketa horiek bizibizi daudelako.



          George Bushek presidente izateko haren eserlekua 2001ean utzi ostean Texasko historian denbora gehien daraman gobernadorea da Rick Perry. Ebanjelaria da, eta errepublikanoen artean halako sinesmena duten askoren babesa du. Inkestetan hortxe goian ibili bada ere, egiten ari diren eztabaidetako batean, presidente izatera iritsiko balitz kenduko lituzkeen hiru agentzietatik biren izenak bakarrik gogoratzeak, edota ekitaldi batean gehitxo edanda agertu izanak aukera asko murriztu dizkio. Milaka lanpostu sortzea du helburu, azkenaldian jarraitu duen bide beretik, immigranteei soldata baxuak ezartzearen kontura, besteak beste. Tea Partykoek maite dute haren solasaldi populista. Norbanakoaren askatasunaren defendatzaile sutsua da, heterosexuala izanez gero, eta aborturik behar ez duenarentzat.

          Michele Bachmann da emakume hautagai bakarra: Minnesotatik hiru aldiz kongresista izan da, eta Tea Party kontserbadorearekin loturarik handiena berak du; Sarah Palinen ordezkoa. Demokrata gisa abiatu bazuen ere bere ibilbide politikoa, errepublikanoen aldera pasatu zen unibertsitateko azkeneko urtean.

          Jon Huntsman kimika-enpresa inperio handi bateko sozioa; Ron Paul, askatasuna, giza eskubideak eta finantza merkatuen erreformak defendatzen dituen 75 urteko medikua; gay agendaren aurka agertu izan den Rick Santorum, eta azkenik, eztabaidetara gonbidatu ere egiten ez duten Gary Johnson dira hautagaien zerrenda osatzen dutenak.

          Dagoeneko 11 saio egin dituzte, zein baino zein entretenigarriago, eta abenduaren 10ean, 15ean eta 19an izango dituzte aurtengo azkeneko hiru eztabaidak hautagaiek.Hauteskunde primarioak urtarrilean hasiko dira.



Gai izarrak

          Ekonomiaren egoera ahula herritarren ahotan egon da azkeneko hilabeteetan, eta, zalantzarik gabe, kanpainako gai izarretako bat izango da. Langabezia tasa altuari —% 9,1ekoa, 14 milioi langaberekin—nola aurre egin izango da kontua, eta Etxe Zurian geratu behar duen hautagaiak arazo horri irtenbidea emateko proposamen zehatzak jarri beharko ditu mahai gainean.

          Horrekin batera, beti-betiko gaiaz ere hitz egin beharko dute: etorkinen egoeraz, eta immigrazio legearen erreformaz. 11 milioi etorkin paperik gabekori nolabaiteko irtenbide bat eman beharko die gobernu berriak. Askok bigarren mailako gaia dela uste badute ere, presidentetzarako hautagaiek ondo dakite etorkinen botoak beharrezkoak izango direla beraien helburua lortzeko. Horregatik, horien familiarteko eta lagunen egoera konpontzeko proposamenek izan dezakete giltza. 2012ko hauteskundeetan ere, 2008koan bezala, boto hispanoak pisu handia izango du. Orain, baina, haiek botatzeko purrustadak dira nagusi. Berriena Gingrichek esandakoa azken saioan. Jasango lituzke legez kanpoko hainbat immigrante, baldin eta hamarkadak igaro badituzte AEBetan, zergak ordaindu badituzte eta familia badute.

           Gizarte segurantza eta osasun erreformaren gaia ere hor egongo da. Bereziki adineko jendearen intereseko gaia izanik, haien ahotsa ozen entzungo da kanpaina honetan ere. Hautagaiek zer egin nahi duten argitu beharko dute. Gogoratu beharra dago, iazko martxoan Obamaren gobernuak onartutako osasun erreforma AEBetako Auzitegi Gorenak aztertuko duela, eta behin betiko epaia datorren urteko ekaina aldera jakitea espero dute. Alegia, kanpaina bete-betean.

          Segurtasun nazionalaren gaiak ere, terrorismoarenak, kezkatzen  ditu, noski, herritarrak. Iraketik eta Afganistandik soldaduak etxerako bidean jartzeak pisua kendu badio ere gaiari, AEBetan barruko segurtasunak, Iranekiko jarrerak eta Etxe Zurira iritsi edo geratuko denak nazioartean eraman nahi duen politikari ere erreparatuko dio boto-emaileak. Gingrichentzat, segurtasun neurriak gogortu behar dira, eta Mitt Romneyren ustez, Obamaren atzerri politika «porrot hutsa» da, «etsaiekin lagun izaten saiatzeagatik, eta lagunei errespetu falta izateagatik ». Rommeyk, presidente izanez gero, lehen bidaia Israelera egingo luke. Afganistandik tropak ateratzearen aldeko eta kontrako iritziak eman dituzte, eta Iranen kontrako jarreran, berriz, zertzelada bitxiak, baina denak ados: Iran urtebetean mendean har dezakete AEBek, eta han sartuz gero, erregimenez aldatzeko egin behar da.

Kanpaina sarean

          Errepublikanoek dagoeneko Internet sareari eman dioten garrantzia begi bistakoa da. Primarioetarako hautagaiak bila ari diren babesa lortzeko bidean, orain arte estatuz estatu bidaiak egiten, kilometroak eginez, pasatzen zituzten orduak kopuruz jaitsi, eta kanpaina sarean egiteari eman diote garrantzia. Horren adibide National Journal-ek bere webgunean argitaratutako konparazioa: duela lau urte, Romneyk, Huckabeek eta McCainek, uztailaren 1etik azaroaren 1era, 66 egun pasatu zituzten Iowan eta 48 egun New Hampshiren. Aurten, 23 eta 37 pasatu dituzte.

          George Washington Unibertsitateko Kudeaketa Politikoaren Graduondoko zuzendari Michael Cornfieldek dioen bezala, «politikagintzan eztabaida asko izan ditugu dagoeneko; webguneak dauzkagu nazioartera iristeko; baina hitzaldiak eta mezuak on line baliabideetara bideratu dituzte gehiago».

          Hautagaiak iragarkiak jartzeko orduan ere selektiboagoak izan dira: euskarri elektronikoetarako hedabideetan gehiago jarri dituzte. Telebista, irrati eta egunkarietan errepublikanoek egindako gastua 2008an egindakoaren hamarretik bat izan da. Eta zenbait hautagaik ez du dolar bakar bat ere gastatu komunikabide tradizionaletan.

         Sare sozialak erabiltzeak, baina, fama eta ospe aldaketa handiak sor ditzake. Herman Cain eta Rick Perry hautagaiak, esaterako, biak izan dira sare sozialen bidez ospea handitzen eta erortzen ikusi dutenak, eragin positibo eta negatiboak jasan dituztenak.



Obama lehen eta orain

         2008ko hauteskundeetan Obamaren hautagaitzak izugarrizko gogoa, sua eta ilusioa piztu zuen. Horregatik, jende askok ez zuen erreparorik izan diru laguntza txekeak sinatzeko. Ez zen, ordea, herritarren babes soilarekin geratu: hainbat eta hainbat enpresa ere oso borondate onekoak izan ziren hautagaiarekin. Kanpaina dagoeneko abiatu dute oraingo honetan ere: bai, behintzat, diru bilketarena. Eta Obamaren hautagaitza bultzatu eta antolatzen ari direnak hasita daude duela hiru urte babesa emandakoei mezu elektroniko bidez dirua eskatzen. Ez da, baina, gauza bera: orduko sua, indarra ez dauka presidenteak. Ez herritarrentzat eta ez enpresarientzat. Kanpainan agindutakoa bete ez izanak itzali egin ditu herritar asko.

          Botere ekonomikoen artean, berriz, etsaien zerrenda luze samarra egin du Barack Obamak: Merkataritza Ganberak, AEBetako lobby-rik handienak, behin baino gehiagotan esan izan du ez dagoela ados gobernu honen politika ekonomikoarekin. Osasun esparruan egin nahi izan duen erreformagatik, erietxe, farmazia industria eta aseguru etxeen artean lagun gutxi ditu presidenteak. Egindako finantza erreformarekin Wall Streeteko hainbat ere gustura ez, eta diru gehien dutenek zerga gehiago ordaintzeko proposamenak ere ez ditu txekeak sinatzera bultzatuko.

          AEBetako presidente bihurtu nahi duenak milioi asko lortu beharra dauka, eta lan talde on batez inguratua egon behar du. 2008an Obama Etxe Zurira eraman zuten hauteskundeak historiako garestienak izan ziren: ia bost mila milioi dolar gastatu zituzten. Kopururik handiena Obama babesten zuten demokratek jarri zuten, eta berebiziko garrantzia izan zuten lehendabiziko aldiz erabili ziren sare sozialek ere: gazte askorengana iristea lortu zuten, eta horiek diru gutxi jarri arren, milioi asko pilatzea lortu zuten. AEBetako kanpainak, gehienetan, herritarrek eta enpresek ordaintzen dituzte.

 
Obamari aurre, nork, nola eta noiz

          Datozen hilabeteetako agenda politikoa zehaztua dago: AEBetako estatu guztietan egiten dira primarioak.Errepublikanoei dagokienez,datorren urteko urtarrilaren 3an hasiko dituzte primarioak Des Moinesen (Iowan).Hurrena iragarrita dagoen data urtarrilaren 10ekoa da,New Hampshiren,eta etenik gabe jarraituko dute ekainaren 26an Utahn azkenekoak aukeratu arte.

          Demokratei dagokienez,berriz, ez dituzte primarioak egingo, Barack Obama izango delako haien hautagaia.Salbu,azkeneko momentuan beste norbaitek aurkeztea erabakitzen ez badu
behintzat. Irailaren 3an,Charlotten (Ipar Carolina) egingo duten konbentzio edo batzar nagusira Obama buru dutela joango dira demokratak.

          Abuztuaren 27a daukate gorriz idatzita errepublikanoek.Egun horretan egingo dute batzarra,eta bertan aukeratuko dute nor izango den Obamari aurre egingo dion gizon edo emakumea.

         Azaroaren 6an izango dira auteskundeak,eta orduan jakingo da nork irabazi duen Etxe Zurirako lasterketa luzea.



Newton Leroy Gingrich. Pennsylvania, 1943.Ordezkarien Ganberako presidentea izan zen 1995etik 1999ra; urte askoan Bill Clintonen oposizioaren bozeramailea izan zen.

Mitt Romney.Detroit, 1947. Massachussetsko gobernadore izan da 2003tik 2007ra.

Herman Cain.Tennessee, 1945.Godfather’s Pizza empresako presidente ohia a,hautagaietan
esperientzia gutxien duena da.

Rick Perry.Texas, 1950.Texasko gobernadorea da, historian kargu horretan denbora gehien egin duena estatu horretan.

Michele Bachmann.Iowa,1956.Minnesotako kongresista izan da hiru aldiz,eta Tea Partyrekin loturak ditu.Emakume hautagai bakarra da.

Jon Huntsman.Kalifornia, 1960.Utahko gobernadore ohia da,eta Etxe Zurian lan egin du Ronald Reagan,George H.W. Bush eta Geroge W.Bush presidenteekin.

Ron Paul.Pittsburgh,1935.Medikua da,eta Texasko kongresista izan da.Tea Partyren «pentsamoldearen aita pontekoa » ezizena jarri diote.

Rick Santorum.Virginia, 1958.Pennsylvaniako senataria izan da.Homosexualen eskubideen aurka dago.

Gary Johnson.Dakota iparraldea,1953.New Mexikoko gobernadorea da. Ironman probetan
parte hartu du,eta Everest igo zuen 2003an.Eztabaidetara ez dute gonbidatzen maiz.

2011/11/26

Bakardadean lagun

Larrepetit, 2011-11-26





          Etxera iritsi naiz. Igogailura inguratu eta botoiari eman diot. Halako batean, sototik etorri da. Atea ireki eta han daude biak, Jessica eta Lukas.

          «Kaixo», esan dit Jessicak. «Gabon», erantzun diot irribarre txiki batekin. Jessicak Lukasi begiratu dio, eta «zenbat denbora geunden Gari ikusi gabe, e?», esan dio. Lukas Jessicari begira geratu da. Ni, biei. «Lehen askotan egiten genuen topo berarekin, e?», jarraitu du Lukasi hizketan. Honek, ezer ez dio. Eta niri, ez zait berari esateko ezer bururatzen.

          «Eguraldi freskoa baina ederra egiten du», atera zait egoera batzuetarako gai izugarri ona dela beste behin ere frogatuz. Jessicak erantzun dit: «Bai horixe. Lukas eta biok parkean izan gara paseoan. Zein ongi ibili garen, e Lukas?», galdetu dio. Lukas isil- isilik begira daukat. Jessicak esan duena baieztatzeko bere modua izango dela pentsatu dut.

          «Biok jakin nahi dugu zer moduz zauden. Ezta Lukas?» jarraitu du isildu ere egin gabe Jessicak. «Ondo… ondo», pausatu, mantso eta nagi bat atera zait. Ezin diot Lukasi begirik kendu. Ahoa noiz irekiko duen zain jarrita bezala nago.

          Klink, entzun da bat-batean. Nire solairura iritsi gara. Atea ireki da. «Esango diogu agur?», galde egin dio Jessicak Lukasi. Horrek burua mugitu eta begiratu egin dio. Segidan, niri. Ahoa ireki du. «Agur» esatera zihoala imajinatu dut momentu batean, baina ez. Neronek agurtu dut. Edo agurtu ditut, biak… Ez dakit. Nahastu samar nago.

          Jessicak 72 urte ditu. Bakarrik bizi da 9 milioi biztanleko hirian. Baina ez zaio bakardadea gustatzen. Horregatik erabaki zuen Lukas zakurra etxera ekartzea. Hura du lagunik onena. Ordurik gehienetan, lagun bakarra. Eta harekin izaten ditu elkarrizketarik gehienak. Nik, ez dut bien arteko hizkuntza ulertzen. Baina uler dezaket biek elkarren beharra izatea.

2011/11/19

Ezin dut bozkatu

Larrepetit, 2011-11-19



          Bihar da hauteskunde eguna, eta ezin izan dut bozkatu. U. Iturriaga, ezin diot nire botorik eman kolorge urdin tristekoari, ez eta berdez Euskadiren alde datozenei ere, garbikari iragarkikoari, trajearen mahukak luzeegi geratzen zaizkionari, produktuak egileak baino hizki gehiago dauzkan alderdiari, hibridoari, edo Axularrek egundo emango ez liokeenari.

          Legeak agintzen duen moduan bete dut nire partea: Kontsulatura joan, izena eman, eta posta bidez botoa ematea eskatu nuen. Orduz geroztik, botopaperak noiz iritsiko zain egon naiz. Ez dira iritsi.

          Ez dizut gezurrik esango; haserre nago.

          Urtarrilean egin zen hauteskunde legearen azkeneko erreformak burokrazia gehitu dio botoa emateko prozesuari. Eta ondorioa, argia: atzerrian bizi diren boto-emaileen kopurua %65 jaitsi da. 2008ko hauteskundeetan atzerrian bizi zirenen %31k eskatu zuten botoa ematea. Oraingo honetan, %9k.

          Itsaso, Olga eta ni neu gara horietako hiru, eta ez zaizkigu iritsi botopaperak.

          Erreklamazioa jar omen liteke! Baina botoa galdutzat eman behar da. Zakurraren putza! Nik botoa eman eta nire iritzia kontuan hartzea nahi dut! Eskubide bat ukatu zait. Herritar guztiak berdinak ez garen adibide bat gehiago.

          Hauteskunde Batzordeak dio gauzak normal joan direla. Lurralde bakoitzean hautagaitzak ixten ez diren arte ezin omen dira botopaperak bidali. Ba, txo, aldatu zerrendak onartu edo ez erabakitzeko epeak.

          Bestela, bizi garen herrialdeko posta zerbitzuak izango omen du errua (harrapazank).

          Sufragio unibertsalak bermatua egon behar luke denontzat demokrazia osasuntsu batean. XXI. mendean, Europan, teknologia berriez inguratuta, eta horrela?

          H. Gorostiaga, kirats usaina hartu diozu atzerrian bozkatzeko lege berriari. Neronek ere bai, horrek boto eskubidea bermatzen duen usteari.

2011/11/12

Nortasuna lapurtuko dizut

Larrepetit, 2011-11-12




          Nortasun lapurretak eta kreditu txartelarekin egindako iruzurrak dira Ameriketako Estatu Batuetan gehien eta azkarren gora egin duten krimenak azken urteetan.

          Informazioa momentuan bertan partekatzen eta trukatzen dugun aroan bizi gara, eta, horregatik, hamar aldiz aukera gehiago dauzkagu gure nortasuna beste batek erabiltzeko, inork guri autoa lapurtzeko baino.

          Alferrikakoa da «hori niri ez zait gertatuko» pentsatzea. 2010eko datuen arabera, 8,1 milioi pertsonak jasan zuten iruzur mota hau. Izan ere, milioika ez-legezko etorkinez betetako lurralde handi honetan, legez egon baina lan baimenik ez duten milioika atzerritar dauden lurraldean, ezagutzen ez duzun baten nortasuna hartzea eguneroko ogia da: lana lortzeko erabiltzen da, bankuetan kontu korronteak irekitzeko, tratamendu medikuak bilatzeko…

          New York bezalako hiri batera iritsi eta beste baten nortasuna behar izatera, berehala aurkituko duzu nortasun saltzaileak non dauden erakutsiko dizun norbait.

          Florida, Arizona, Kalifornia, Texas eta Georgia dira iruzur horiek gehien egiten diren estatuak. Eta guztiek dituzte ezaugarri berak: etorkinekin arazo handiak dituzten estatuak dira, turista asko hartzen dituzten lekuak, eta adineko pertsona asko bizi diren estatuak (nortasun lapurren gustukoenak haurrekin batera).

          Laster, Black Friday (azaroaren 25ean) eta Cyber Monday (azaroaren 28an) egunak datoz: super eskaintzen atzetik, Internet bidez milioika erosketa eta milioika datu trukaketa egingo diren egunak. A ze pagotxa!

          Baina gauza bat da paperekoa, txartelekoa, ordenagailukoa, jarri edo eman diguten zenbakia edo izena lapurtzea eta gero hori saldu eta erabiltzea. Erraza agidanean.

          Eta beste bat benetakoa, balio duena, barrukoa, sentitzen duguna, garena lapurtzea. Eta hori ez da ordenagailuaren klik batekin lortzen! Ez eta lege, muga eta zigorrekin ere.

2011/11/07

Lebowitz jauna

Larrepetit, 2011-10-05



Bihar da egitekoa New Yorkeko maratoia, eta dagoeneko, inor baino lehenago, helmuga gurutzatu eta zain jarrita dago Fischel Lebowitz jauna (Mr Lebow).

New York Road Runner (New Yorkeko Errepideko Korrikalariak) elkarteko presidentea izan zen urte askoan, eta berea da gaur egun maratoiak duen arrakastaren meritua: ibilbidea New Yorkeko bost auzotatik pasatzearen, 47.000 parte hartzaile eta bi milioi eta erdi ikusle kalera ateratzearen meritua. Alde ederra, 1970. urtean Central Parken egin zen lehendabizikoak 127 korrikalari izan zituela kontuan hartuz gero (55ek bukatu zuten).

Behin bakarrik parte hartu zuen lasterkari moduan,1992an, eta, kantzerraren ondorioz bizitzaren azken txanpan zegoela jakitun, 5 ordu 32 minutu eta 34 segundo behar izan zituen bukatzeko. Bidelagun, ondoan, 9 aldiz maratoiko irabazle handia izandako Grete Waitz Norvegiako emakumea joan zen (aurten hil da, bera ere minbiziarekin, 57 urterekin).

Biak eskuak altxatata helmugara sartu zireneko momentua da askorentzat New Yorkeko maratoiko unerik hunkigarrienetakoa, eta erreferentzia hiri honetako kirol munduarentzat. Handik bi urtera iritsi zen bizitzaren helmugara Lebow jauna!

Hil eta aste batzuetara jokatu zen maratoian, bere omenezko brontzezko estatua inauguratu zuten, eta aldi baterako izendapena jaso zuen. Horregatik, parkeko araudiaren arabera, urtean behin gutxienez, mugitu beharra daukate. Zer hoberik korrikalari izandako batentzat, ezta?

272 kiloko brontzezko estatua, parkearen ekialdetik maratoia bukatzen den tokira, mendebaldera, eraman dute.

Han dago, hainbat elizatako santuen batere inbidiarik gabe, korrikalarien lore eskaintzaz inguratuta, eta zorte ona izan dezaten, maratoian parte hartzera doazenek noiz bera igurtziko zain. Fedea baino zerbait gehixeago beharko dute helmugara iristeko.