2012/06/09

Irudiak zintzilik

 BERRIA, Larrepetit, 2012-06-09



          George W. Bush berriro etxe zurira iritsi berri da. Zorionez, koadro batean sartuta, handik pasatako presidenteen horman zintzilik betirako geratzeko. Bere aginte urteak ez ahazteko, ondo etorriko zaio etxe zuriko agintari beltzari noizean behin irudiari begiratu eta bizkarra ematea.

          Barak Obamak ere izango du bere tokia horman. Momentuz, presidenteen ilara horretan ez dago bererik, eta, kasu honetan, presentzia eza ez da seinale txarra: agintean jarraitzen duen presidentea bera dela esan nahi baitu.

          Etxe zuriko korridore guztiek nora eramaten duten ikasi berri duen honetan, ez du oraindik bere burua Bushen ondoren zintzilik ikusi nahi. Horregatik, ez dizkio etxeko giltzak Mitt Romneyri eman nahi. Baina errentarik ordaindu gabe bizitzen jarraitzeko, laguntza dezente jaso beharko du.

         Horman dagoen Bill Clintonena, esate baterako. Alderdi berekoak izanagatik ere, barru-barruan, bere irudiaren ilaran Hillary emaztea ikusi nahi du, eta hori 2016. urtera arte ezin jakin. Eta Hillaryk errazago luke tontorra lortzea, hurrengo lau urteetarako alderdien arteko testigu aldaketa egongo balitz.

          Michele emaztearen irudia ere lehendabiziko damen ondoan dago jarrita. Elikadura osasuntsuaren alde, janari hiperkalorikoen kontra, naturaren alde ari da kanpaina berdeak etenik gabe egiten, senarrari haize freskoa helarazi nahian.

          Obamak badaki, ordea, etxe zuriko hormetako irudiek adina indar edo gehiago dutela Broadway edo Hollywoodekoek ere. Horregatik bihurtu dira, George Clooney edo Sarah Jessica Parker bere kanpainako zeluloidezko irribarre eta diru biltzaile: Sarah-ren New Yorkeko etxean da afaria datorren ostegunean.

          Roomey-ren itzala gero eta gertuago sumatzen hasita dagoen honetan, ikusi egin beharko da, besteen irudien laguntzarekin, berea nabarmentzea lortzen duen.

2012/06/04

Kaleko alde banatan

BERRIA, Larrepetit, 2012-06-02




          Sarak e letra daraman metroa hartu nahi du. Lurrean aurkitu duen metrocard txartelak dirurik baduen frogatu du. Txartela pasa, eta piiiiiiiii entzun du. Zorionekoa gaur. Atea ireki da. Christie atzetik dator, presaka. Poltsatik txartela atera du, eta horrek ere piiiii seinalearekin batera aurrera egin du.

         Bagoi berean, elkarren parean eseri dira. Arropa erosi berriak estreinakoz jantzita dago Christie. Sarak aspaldi samarrekoak daramatza soinean. Elkarri begiratu diote. Goitik behera. Disimuluan bezala. Baina begiradak gurutzatu dituztenean, Christie bere iPhonean babestu da, eta hura ukitzen hasi da. Sarak, berriz, begiradarekin ukitu du gailua.

          «This is Lexington avenue, 53rd street», dio emakume ahots batek. Jaitsi egin dira. Christie pauso arinean doa. Sarak lasaiago hartu du. Kalea zanpatu, eta Christiek behatzarekin iPhonari galdetu dio: Park etorbidea? Eta gailuak bidea erakutsi dio. Sarak alde batera eta bestera begiratu du. Ez daki non dagoen. Pasaeran zihoan bati galdetu dio, eta horrek behatzarekin erakutsi dio norabidea.

          Bidalitako tokira iritsi da Christie. Ufff, ilara dago; itxaron egin behar du. Amorrazioa sentitu du. Sara, berriz, azkeneko tokian jarri da. Ez du ezer esan, eta gutxiago sentitu.

          Esperoan, zain, Christiek, parean, kalearen beste aldean duen jende ilarari begiratu dio. Beharra dutenei janari poltsak banatzen ari dira. Sarak oraindik ez du berea jaso. Justu kalearen kontrako aldean dagoen ilarari begiratu dio: moda-modako areto garestienera sartzeko itxaroten ari da jende hori guztia. Trenean bezala, biek elkarri begiratu diote. Kale bereko alde banatatik gurutzatu dituzte begiradak.

          Nago gure herriko etxepeetan hasi dela jendea kaleko alde banatan biltzen. Ilarak luze eta bistako direnean errealitateaz jabetzea izaten da, ordea, errazena.

2012/05/29

Puerto Ricoko estilora

BERRIA, Larrepetit, 2012-05-26



          Urtebetetze jaira iritsi gara. Hiru solairuko etxe eder batean bizi da, eta atzealdean aparteko lekua dauka barbakoa eta jaia egiteko. «Kaixo», agurtu dut bera. «Ni Arnando naiz», esan dit, «baina jende guztiak Bebe deitzen dit».

          Salsa musika ozenak erakutsi digu bidea. Urte askotarako esanez eman diot bostekoa Santiagori. «Beberen aita zara, orduan?», galdetu diot. «Ez eta bai», erantzun dit. «Maira haren amaren bikotekidea, baina hauek seme-alabatzat dauzkat». «Aaa» atera zait. «Hala ere», jarraitu du, «Puerto Ricon bi alaba eta bi biloba ditut». «Zer?» atera zait. «Baina zenbat urte dituzu?». 38, erantzun dit. «Joder, nire jirakoa da, eta dagoeneko aitondua», pentsatu dut. Whiski txupitoarekin irentsi dut errealitatea.

          Arroza, babarrunak eta haragia dago jateko. Nahasketa gustuko dut. Bi neska gazte inguratu zaizkigu, eta Santiagok aurkeztu dizkigu: «Hau Beberen arreba Janisse da, eta ondokoa, haren lagun bat». «Aita, ez da nire laguna; nire neska-laguna da», zuzendu dio alabak. «Bueno, hori», gaineratu du berak.

          Garagardoa freskoa dago, eta iluntzea, ederra. Ondoko bizilaguna ere hesira inguratu da, alkohol usainean. Zaunka egin dio Jack etxeko zakur itsusi gazteak, eta ondoren beldurrez oihuka ihesi dabilen bisitariaren atzetik abiatu da. Mahaiak jarri dituzte. Eta launaka dominoan jokatzen hasi dira festakideak. Salsa eta bachataren erritmora dantzan, berriz, 42 urteko ama amondua, biloba erdi-lokartua eta osaba mozkortua.

          Happy birthday jartzen duen tarta handi bat atera dute, kandela eta guzti. Putz egitea eta argazki kameren flashak batera etorri dira.

          Barrea, algara, umorea ez dira falta. Goizeko ordu biak dira eta haragia bota dute barbakoara. Chicharron deiturikoa, ze goxoa. Presa han ez da existitzen. Baina egun argia bai. Iritsi aurretik, gu bagoaz.

2012/05/19

Delfinak, atunak eta marrazoak

BERRIA, Larrepetit, 2012-05-19



          Mexikoren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko borroka ez da lur lehorreko pasabidekoa bakarrik. Itsasoko ur sakonetan ere izan da tirabirarik azkeneko 20 urteetan. Eta bi herrialdeak busti dituen neurria ur epeletako atunaren harrapaketatik dator.

          Duela 20 urte, mobilizazio ekologista handi eta garrantzitsu bat egon zen AEBetan: atunaren harrapaketan sarean kateaturik geratzen ziren delfinak babesteko eskatu zuen mugimendu berdeak. Ondorioa honako hau izan zen: itsasontzietan ikuskatzaileek joan behar dute, eta arrantzarako hainbat sare debekatuta daude. Hori horrela betetzen duenak, delfinak salbu utzita arrantzatutako atuna dela bermatzen duen dolphin safe zigilua lortzen du. Atun latetan argi eta garbi irakur liteke.

          Hainbat herrialderen artean, Mexiko izan da urte hauetan guztietan berak harrapatutakoa AEBetara esportatu ezin izan duena. Besteak beste, bere atuna arrantzatzeko moduak delfinak kontuan hartzen ez dituelako. 426 milioi dolarren balioa zuten 131 mila tona atun ekoitzi zituen Mexikok 2010ean, eta horietatik 5.500 tona kanpora saldu. Diru kopuru handiegia ezer egin gabe geratzeko.

          2008an Mexikoko Gobernuak Kontsumorako Munduko Erakundean salaketa jarri zuen, eta orain etorri da sententzia: AEBek, ekologia babesteko aitzakiarekin, bidegabeak diren mugak jarri dizkie Mexikoko eta beste hainbat herrialdetako enpresei. Ondorioz, ezingo dituzte dolphin safe etiketa eramatera behartu.

          Beti bezala, kontsumitzaileon esku egongo da zer erosten dugun ondo irakurtzea. Baina presakako bizimodu honetan, nago, gehiengo handi batek ez duela horretarako denborarik hartuko.

          Ur epeletan delfina babestea lortu zuten ekologistek. Baina jakina da dolarren itsaso zabala marrazoz beteta dagoela. Eta marrazoa, bizirik irauteko, erasotzeko beti prest. Horregatik da marrazo.

2012/05/12

Armairuko gaya

BERRIA, Larrepetit, 2012-05-12



          Hara sekuentzia: igandean, etxe zuritik atera zen notizia; Joe Biden presidenteordeak publikoki defendatu zuen sexu berekoek ezkontzeko duten eskubidea. Adituek diote Obamak gizarteari pultsua hartzeko erabili zuela bere ondorengoa.

          Bi egun geroago, Ipar Karolina izan zen informazio iturria: «Ezkontza emakume eta gizonezko baten arteko lotura da», erabaki zuten, eta hori hala dela defendatzen duen 30. estatua bilakatu zen.

          Eta, azkenik, presidenteak hitz egin du: «Sexu bereko bikoteek ezkontzeko eskubidea izan beharko lukete», esan du ozen. Jarrerarik aurrerakoienerantz pausoa eman du. Edozein soldaduk homosexuala zela esatea debekatzen zuen «Don't ask, dont tell» legea ezabatzearekin eskua eman dio legegintzaldi honetan kolektibo honi, eta orain bizkarretik heldu.

          Mitt Rommeyk, hautagai errepublikanoak, segitutik hartu du kontrako postura: ezkontza gizon eta emakume baten artean ulertzen jarraitzen duela esan du. Bere ibilbide politikoaren hasieran berdintasuna defendatzen zuen, baina iritzia aldatu eta gaur egun kontra dagoela dio.

          2008ko hauteskundeetan Barac Obamak irabazi egin zuen Ipar Karolinan. Baina berari babesa emateko dauden askok, erlijio kontuagatik, eta sexu berekoen arteko ezkontzak defendatzeagatik, botoa alda dezakete. Horregatik, orain arte, gisa horretako estatuetan eskubide berdinak defendatu ditu, baina ez du sekula ezkontza eskubidea aipatu.

          Hautagaiak alde banatan bezala, gizartearen % 50ak defendatzen du sexu berekoek ezkontzeko duten eskubidea. Kontra, % 48a agertzen da.

          Hasi dira boto-emaileei, talde desberdinei, erlijioei keinuka. Es-kubide izan beharko lukeena, ordea, estrategia politiko hutsean gera liteke. Edo promesa galduetan. Akordatzen aurreko kanpainaz?

          Armairutik atera dute kanpora gaya. Laster, ondoen nori datorkion ikusteko garaia izango da.

2012/05/11

Simon

BERRIA, Larrepetit 2012-05-05




          Egun argitan lo egiten du Simonek. Eguzkia ezkutatzen hasten denean zabaltzen ditu begiak, eta orduan hasten da beretzat egun berria. Ilunpetan pasatzen dituenez ordurik gehienak, horretara ohituta dauka bista.

          Lur azalean dagoenean, hiriko argi emana ikus dezake, zirkulazioa sentitu, jendea pasaeran ukitu.

          Baina lur azpian sartzearekin batera, isolatu egingo da: mundu berri batean sartuko da, arau propioak dauzkan gizarte txiki batean murgilduko da, eta bertako partaide izango da ordu batzuetan.

          Ilun dago behea. Ez da argirik ikusten beste aldean. Eta horrek nahigabea eragiten dio zenbait egunetan Simoni. Baina aurkitu du aurre egiteko modua ere: umorea da botikarik eraginkorrena. Ahal duen guztietan, barre egiten du ondokoekin, ondokoez, bere buruaz. Horrela, iluna ez du hain beltz ikusten. Eta berriro ere lurrazalera ateratzen diren arteko orduek 60 minutu izan beharrean, 50 dituztela pentsatzen du, berez luze egiten zaiona laburrago sentituz.

          Arratoiak lagun ditu, eta haiek Simon ere ezagutzen dute. Ez dituzte alferrik elkarren ondoan hainbeste eurite, elurte eta haizete pasatu. Eta ondo ikasia daukate, burdinazko sugea, urrutian, bi begiak zabalduta datorrela ikustean, alde batera egin behar dutela.

          Gauez, mantsoago etorri ohi da, urrundik orroa boteaz, badatorrela adieraziz.

          New Yorkeko lur azpiko pasabideetan egonagatik, burua gora jiratzen du zenbaitzuetan: han dauzka maite dituen guztiak, eta pentsamenduak handik jaso nahi izaten ditu.

          Eguna argitzen hasten denean, Simon lurrazalera igotzen da. Eta milioika hiritarrei uzten die lekua behean. Dena prest dago: burdinbidea segurua da.

          24 orduan etenik gabe dabilen munduko metro bakarrari bidea garbitzen eta konpontzen dien langileak dira. Hiriko meatzariak. Eta meatzari guztiek bezala, nire miresmenik handiena dute horiek ere.

2012/04/29

Kea

BERRIA, Larrepetit 2012-04-28


          Zenbait datu irakurtzean, hainbat testigantza entzutean sortutakoa da gorputz osoan barrena sentitzen dudan hotzikara hau.

          Ameriketako Estatu Batuetako indiar erreserbetan bizi diren emakumeen errealitate gordinaz ari naiz hizketan. Datuak, bere hoztasunean emanda, hauek dira: AEBetan bizi diren sei emakumetik bat bortxatu egiten dute. Indiar erreserbetan, egoera okerragoa da: hiru indiar emakumetik batek bortxaketaren bat jasango du, gutxienez behin, bizitzan.

          Erreserbetan bizi diren emakumeen testigantzak dira egia horren begirada tristea: gizonezko talde batek 20 urteko neska gaztea bortxatu ostean erdi hilik, eriturik, komunean itxita utzi zuenaren bizipena, ezaguna zuen emakumearen etxean ostatu hartu eta senarrak eta haren bost lagunek bortxatu zuten 14 urteko neskatxaren herioa edo oinez etxera zihoan eta bahitu eta bortxatu ostean bide bazterrean botata utzi zuten nerabearen nahigabeak dira eguneroko bizimoduaren ispilu. Eta egoeraren krudeltasuna areagotzera datoz beste hauek: erreserba hauetan dauden osasun zentroek ez daukate bortxaketetarako prestatutako profesionalik, ezta DNA jasotzeko beharrezko tresneria ere. Connecticut bezalako estatu baten tamainako erreserba batean —14.000 km karratu— bost polizia bakarrik daude. Eta bertako agintariek ezer gutxi egin dezakete, legez, fiskal federalek bakarrik hartu baititzake krimen hauen aurkako neurriak.

          Sitting Bull (Zezen Eseri) indiar buruzagia zuriak beren lurraldetik bidaltzeko dantzan hasi zen egun batean. Mehatxu handitzat hartuta, polizia bidali zuen gobernuak bera atxilotzera, eta iskanbiletan buruzagia eta semea hil zituzten. 120 urte geroago, neurriak eskatuz, suaren inguruan dantzan ari dira hainbat belaunalditako ehunka emakume. Baina urrutira begiratuta, momentuz, inor ez dator justiziarik ezaren keak erakusten duen lekura.