2011/02/02

Eskanerretarako software berria frogatzen





Aireportuetako segurtasunaz asko hitz egin dugu azkeneko hilabete luzeetan. Gorputz osoko eskanerrak jarri zituztenean, hemen AEBn, horren aurkako mugimenduak sortu ziren. Batez ere pertsonen pribatutasunaren erasotzat hartu zuten askok eta askok. Epaitegi bateko eskanerretatik pasatako jendearen irudiak web orri batek publiko egin eta gero, eztabaida tonuz igo ere egin zen azaroa abendu aldera.  

Horri irtenbidea emate aldera edo, software berri bat probatzen ari dira hemengo hiru aireportutan: Reagan Washington National Airport, Hartsfield-Jackson Atlanta International Airport eta McCarran International Airport-en,  Las Vegas-en.  Software honen bidez, eskanerretik pasatzen den pertsona horren gorputzaren detaileak ez dira hain garbi ikusten, baina bai gorputzean eraman ditzakeen objektuena.  Hori da behintzat frogatu nahian dabiltzana: horrela ikusita ere norbaitek lehergailu edo armaren bat eraman ez gero ikusiko luketela.  Emaitzak onak badira, AEBn zehar dauden eskanerretan jarriko lukete software hau.

Beste eztabaida bat izango da, ea eskaner horiek osasuntsuak ote diren edo ez.

2011/02/01

Gym-ean




Urtea abiatzen denean askok egiten duten promesa da ariketa fisiko gehiago egitearena. Eta AEBn ez da gutxiagorako. Antzematen da  jendeak urteko lehendabiziko asteak saiakerarako izaten dituela, eta zin egindakoa betetzen saiatzen dela. Behin aspertuta zer? Hori beste kontu bat da. Eta zenbat denbora behar izaten duten aspertzeko ere bai. 

New Yorken oso modan dago Gym-era joatea. Ez da oraingo kontua. Aspaldikoa da. Kiloak kentzera joaten dira batzuk, osasuntsuago sentitzera besteak, “ligoteora” ere bai (hau omen da horretarako plaza berria azken aldian), eta hainbeste kostatako “muskulitoak  tonifikatzera” beste batzuk! 

Hiri kirol zalea da honako hau. Udaberritik aurrera Central Parkera, Hudson ibai ertzera edo hiriko beste zenbait gune berdeetara inguratu besterik ez dago jendea oinez eta korrika ikusteko. Gustuko dute, eta gustagarria ere bada halako guneetan haize freskoa hartuz kirol pixka bat egitea. 

Freskoa hotz bilakatzen da, ordea, neguan.  Eta galtza motzak jantzi eta korrika ateratzea ez da erraza.  Hemen, negua hotza eta haizetsua da, eta nik behintzat nahiago dut barru giroa sasoi honetan.

Eta egia esan, esperientzia izerditsua izateaz gain, dibertigarria ere izaten ari da.  Gauza asko konta nitzake hemen, baina nonbaitetik hasteko, gaurko pare bat irudi: hara zintan korrika ari nintzela ezker eskuin zer aurkitu dudan: ezkerretara, izugarri txiki sentitu arazi nauen gizona! Ni ezagutzen nautenek badakite ez naizela  txiki-txikia ere, baina alajaina, ondoan neukan gizasemeak 2:15eko garaiera izango zuen. Zabalean berriz, zenbat?  Ooooooso zabal. Eskuen eta hanken tamaina beldurgarria! “Non lortuko ote ditu halako zapatilatzarrak?” pentsatu dut nire baitan, Eta zintaren gaineko pausajea berriz, “tapa-tapa”.  Txiki sentitu naiz. 

Eskuinetara neukan neskatxa berriz biziago zihoan. Izerdi tantaren bat edo beste ikusten zitzaion kopetatik behera. Baina lasai, ze gehiegi deshidratatzen bazen kit-a prest zeukan: litro eta erdiko botila bat ur alde batera, eta arrosa koloreko batido baten tankerako basokada handi bat beste aldera! Txandaka ematen zion “txurrutara” orain bati eta gero besteari!  Egia esango dizuet: zer demontre zen edari lodi hura jakiteko gogoz geratu naiz, eta bai eta zertarako behar zuen hainbesteko “minibarra” makinaren gainean galdetzeko  gogoz. Orain ez dauka erremediorik. Baina hurrengoan galdera luzatuko diot, eta aizue, badaezpada errezeta eskatu. Igual goxoa egongo da.  Baina nago, kirola egin ostean hartzeko hobea izango dela. 



2011/01/31

Grisom bueltan...




          CSI: LAS VEGAS zaleentzat albistea, bereziki Grisom zaleentzat: berriro agertzekoa da ikertzaile ezaguna kapitulu batean. Grisom-en ama aitzakitzat hartuta egituratu duten kapitulua izango da, eta Sarah eta bere "amaginarrebak" topo egingo duten lehen aldia. Zer gertatuko ote da bien artean? Ama eta Sarah, Grisom eta Sarah, Grisom eta ama... AEBn Euska Herrian baino lehenago eskainiko dute kapitulua. Ikustea tokatu ez gero, lasai CSI zaleok, ez dizuet eta ezer kontatuko.  

         2009 an William Petersenek (Grisom) telesaila uztea erabaki zuenean, noizean behin agertu zitekeela aipatu zuten. Hara hemen horietako bat. Alde egin zuenetik, toki batetik bestera dabilela pertsonaia ulertu liteke telesaila ikusita, eta Sarah eta biek distantziara bada ere, erlazioa mantentzen jarraitzen dutela. Ea ba zerbait gehiago argitzen duen kapitulu honek.

2011/01/30

Elurra

          Hotz egin du, eta elur asko bota du aurten New Yorken eta ekialdeko kostaldean. Ia-ia astero izan dugu elurteren bat eguberriak ez geroztik.


          Ekaitzaren ostean barealdia etorri ohi den arren, beti geratzen dira zenbait ondorio: Manhattango irla ahalik eta azkarren garbitzen saiatzen diren bitartean, Brooklyn, Queens, Bronx edo Staten Island auzoetako biztanleak kexu dira: "guk ere zergak berdin ordaintzen ditugu, eta gure kaleak ez dituzte hain azkar garbitzen" diote. Biztanle hauetako asko geratu dira, esate baterako, beraien autoak ezin mugitu. Eta horren testigu, argazki hauek.  







          Hala ere, elurte bakoitzak utzi ohi dizkigu irudi  bereziak. Izan ere, New Yorkek, manta zuri batean estalita ere, egunez eta gauez, eder izaten jarraiten du (nahiz eta eguneroko bizimodurako gogaikarria samarra dela onartu, eta pazientzia dosi handixeagorekin etxetik atera behar izaten dugun).



          Irudi gehiago hurrengo batean.


2011/01/28

Trenik gabeko trenbidea

New Yorkera datorren edonork ikusi, paseatu eta gozatu beharreko tokietako bat da honako hau. Aurten zabalduko dute proiekturaren bigarren zatia. Argibide gehiago dituzue azpiko erreportaian.







(BERRIAn argitaratua 2010-09-20)

  
New Yorkeko Manhattango barrutiaren mendebaldean dagoen High Line trenbidetik 1980. urtean pasa zen azkeneko trena. Gaur egun parke bihurtu dute, baina trenbide itxura galdu gabe. Kultur eta ekitaldi eskaintza zabala egiten da bertan.
 
Garikoitz Udabe New York

Bada New Yorken trena noiz etorriko zain egon gabe lasai errailen artean ibil daitekeen lekubat. High Line (trenbide garaia) du izena, eta garai batean tentuz burdinazko lokomotora noiz etorriko ibili behar izaten bazen ere, egun, erlaxatzeko, eguzkia hartzeko, irakurtzeko, lagunekin elkartzeko, paseatzeko, izarrei begiratzeko eta musikaz eta arteaz gozatzeko tokia da.

Manhattango hamargarren eta hamaikagarren etorbideen artean, altueran eraiki zen trenbidea da High Line deiturikoa. Egun, bere izaeraren parte handi bat galdu gabe, parke bihurtu dute.

Argi ikus daiteke garai batean trena nondik pasatzen zen. Zenbait zatitan, errailen artean landare, belar eta zuhaixkak daude pasako ez den tren horri bidea oztopatu nahiko baliote bezala. Ez dira norbaiten utzikeriaz hazitakoak, propio jarritakoak baizik. Bisita gidatuak egiten dira bertan dagoen landaredia hobeto ezagutze aldera. 

Ibilbideko zati jakin batean, trenbideko errailen artean etzanda jartzeko egurrezko hamaka erosoak daude jarrita. 

Trenbideak hamargarren etorbidea gurutzatzen duen unean, berriz, egurrezko terraza handi bat du parkeak. Beheko etengabeko zirkulazioa hankapean hartuta lasai ikus daitezke familiak, lagunak, ikaskideak, maitaleak eta bakartiak paisaia eta sentsazio bereziaz gozatzen.

Parkeak ez du adinik, eta hori bistakoa da ibilbidean jarrita dauden burdinazko aulkietan eserita daudenei begiratuta. Paseatzera bakarrik joan denak ere bidean aurkituko dituen artelanei begiratzeko edo une horretan musika jartzen ari den DJaren nahasketez gozatzeko geratu beharra izaten du. Izan ere, garai bateko trenbidean kultur eta ekitaldi eskaintza zabala aurki daiteke: doako gimnasia eta pilates eskolak, manbo, salsa eta musika estilo desberdinen emanaldiak, haurrentzako propio prestatutako ekitaldiak, astronomiari buruzko lezioak iluntzetan…



Historia berezia

Meatpacking District, West Chelsea eta Hell’s Kitchen-Clinton auzoak gurutzatzen ditu trenbideak. Garai batean, industria eta garraiobide erabilpena zuten auzo horiek. Gaur egun, fabrika eta almazen asko arte galeria, diseinu estudio, jatetxe, museo edo etxebizitza bihurtuta daude.

 Fabrika eta almazen zaharberrituei begira, errailen artean pauso lasaian doanak, ordea, garai bateko trena irudikatzen du, eta Manhattango historiaren parte bat ezagutzen ari den sentipena du.

1847. urtean eman zuen New Yorkeko hiriak mendebaldean trenbidea eraikitzeko baimena. Lurraren mailan eraiki zuten, hamargarren etorbidearen inguruan. Baina berehala zorigaiztoko hainbat istripu izan ziren trenaren eta bertatik pasatzen zen zirkulazioaren artean. Hamargarrena heriotzaren etorbidea gisa bataiatu zuten garai hartan. Konponbidea ere berehalakoa izan zen: trenaren aurretik West Side Cowboy deituriko zalduna joaten zen gorri koloreko bandera batekin burdinazko zaldiaren etorrera iragarriz. 

Urte askotako eztabaidaren ondoren, oraindik ere presente zegoen arriskua saihesteko, eta hiriaren mendebaldea garatzeko, New Yorkeko hiriak eta estatuak, New Yorkeko Trenbide Zentroarekin batera High Line deiturikoa eraikitzea erabaki zuten 1929. urtean: lurretik bederatzi metro pasatako altueran eraikitako 21 kilometrotako trenbideak kale asko gurutzatu beharra saihesten zuen. 

1934. urtean zabaldu zuten trenbidea. 34.etik Spring kalerainoko bidea egiten zuen High Line deiturikoak, eta zenbait eraikin erditik gurutzatzeko diseinatu zuten. Bideko hainbat fabrika eta almazen barruetatik, erdi-erditik pasatzen zen trena. Horrela, esnea, haragia eta hainbat produktu zirkulazioan inolako arazorik sortu gabe garraia zitzaketen. 

Urte batzuk geroago, XX. Mendearen erdialdera, hainbat produkturen garraioa kamioien bidez egiteak tren garraioa ikaragarri jaitsarazi zuen. Horrek zuzenean eragin zion trenbideari, eta 1950ean hegoaldeko partea behera bota zuten. 1980an pasa zen bertatik,  zoztutako indioilarrez beteta, azkeneko trena. 

80ko hamarkada erdian, Chelsea auzoan bizi zen Peter Obletz izeneko trenbidearen zaleak auzitara eraman zuen jabeek trenbidea saldu edo behera botatzeko zuten asmoa, eta, bide batez, berriro tren zerbitzua has zedila ere eskatu zuen. 

1999. urtera arte, ordea, ez zen High Line-aren lagunak elkartea sortu. Trenbidea berreskuratu eta zertarako erabili erabakitzeko, 36 herrialdetako 720 proiektu aurkeztu ziren. 2006an hasi ziren eraikitzen lehenengo atala, Gansevoort Street-etik 20th Streetera. Lanak bukatu ostean, 2009an zabaldu zuten. Bigarren atala, 30. Kalera artekoa, 2011n erabilgarri egotea espero dute.


2011/01/26

Pobrezia aberastasunean


(BERRIAn argitaratua 2011-01-26)

Amets amerikarretik at

Munduko herrialde aberatsenean zazpi lagunetik bat pobreziaren mugaren azpitik bizi da; krisiak kale gorrira eraman ditu estatubatuar asko. New Yorken, esaterako, 37.000 lagun daude etxerik gabe, tartean 14.000 haur. 

 Garikoitz Udabe. New York.

Barack Obama bart ematekoa zen hitzaldian litekeena da hitz bakar bat ere esan ez izana kale bazterrean bizi diren edo ahora zer eraman ez duten herritarrei. Amets amerikarretik at dauden estatubatuarrek estatuaren egoeran lekurik ez balute bezala. Munduko herrialde aberatsenean, baina, 2009ko erroldako datuek erakutsi dutenez, zazpi estatubatuarretatik bat pobreziaren mugaren azpitik bizi da; 305 milioi biztanletik %14. 1965. urteaz geroztik ez zen halakorik gertatu Ameriketako Estatu Batuetan. Ia 50 milioi lagunek ez zuten elikadura egokia izan, tartean hamazazpi milioi haur. Datu ofizialen arabera, pobreziaren muga pertsona bakarrarentzat urteko 10.830 dolarretan dago ezarria. Elkarrekin bizi diren bi pertsonen kasuan 14.570 dolarretan, hiru pertsonako familia batentzat 18.310 dolarretan eta lau lagunekoentzat 22.050 dolarretan. Herrialdeko batez besteko per capita errenta 47.240 dolar da.

Obama, hala ere, langabeziaren hazkundearekin arduratuta dago; hamalau milioi lagun baitaude egun lanik gabe. Troy (48 urte) Montanan dago. Abuztuan galdu zuen lana. Egun ezin du etxerik ere ordaindu, eta kalea du bizileku. «Bizitza osoan lan egin dut, eta ez daukat ezer», dio negar batean. Egunkariak banatzen hasi zen gaztetxotan, geroztik lanean aritu da, eta «ikusi zein egoeratan nagoen adin honekin, kalean eta ezer gabe», gaineratu du.

Inori ez zaio iruditzen egoera horretan egon litekeenik, baina Troyk ondo daki inor ez dagoela salbu: «47 gelatako etxea, jacuzziarekin , igerilekuarekin, limusinarekin izan dezazuela desio dizuet, baina nahiz eta hori guztia eduki, ez litzateke nahikoa izango. Niri gertatu zait…».

Sekula eman gabeko datuak

Iazko hirugarren hiruhilekoan, 288.345 etxebizitza kaleratze egin ziren eta 372.445 jabego atera ziren enkantera. Sekula eman gabeko datuak. Mike eta Taren Oregonen bizi dira, eta bikote dira. Mikek ekonomiaren egoera txarraren ondorioz lana galdu du, eta, ondorioz, «egunez egun pentsatu beharra daukagu zer egin». Taren haurdun dago, eta egun batzuetan ez duela ezer ahora eramateko esan du: «Ez nuen sekula neure burua egoera honetan imajinatu, baina bizitzak hau eman dit». Autoan lo egiten dute. Etorkizunaz hitz egiterakoan, «lana aurkitzea, bizitzeko lekua eta familia haztea» dira bien desio eta nahiak.

Jimek bost haur ditu, eta Missourin bizi da. «Dena geneukan, etxea, autoa… Baina egun batean lana galdu, eta ezin izan nuen beste bat aurkitu. Aurreztutakotik bizitzen hasi ginen, baina ez zen nahikoa». Etxea galdu zuten, eta egun hoteltxo batean bizi dira.

Jimek McDonaldsen egiten du lan, baina gutxieneko soldata irabazten duenez —7,25 dolar orduko— ezin du errenta ordaindu. «Gelatxo batean gaude, eta zorionekoa naiz jendea zubi azpian ari delako lo egiten», dio amak negar malkoak lehortzen dituen bitartean. Paul Kruse izeneko borondate oneko gizon batek emandako diru laguntzarekin iristen zaie hotel txukun bateko gela bat adina ordaintzeko.

Etxerik gabe kalean bizi direnen historiak ez dira gaur egungoak. Terry da horren adibide: 33 urte daramatza kalean bizitzen. Bi alaba eta seme bateko familia osatu zuten. Lorezain gisa lan egin zuen, eta urtean 125.000 dolar ere irabazita dago. Banandu egin zen, ordea, eta, prozesu gogor baten ondoren, dirurik gabe geratu zen. Vietnamgo marine beteranoa izandakoa, iragana eta oraina ahaztu nahi dituen gizona da. Eta, horretarako, alkohola du bere bidaide onena. Etxerik gabeko beste askok bezala.

1930eko Depresio Handiaz geroztik sekula ikusi gabeko datuak ematen ari dira azken aldi honetan: New York bezalako hiri batean 37.000 etxerik gabeko daudela diote azkeneko datuek. Horietatik 14.000 inguru haurrak dira eta 9.500 familia. 

 
Drogen mundua

Susanek 16 urte zituela alde egin zuen etxetik. Bost urte pasatu ditu etxerik gabe: «Alde batetik, gustuko dut etxerik gabekoa izateak ematen dizun askatasuna, baina, beste aldetik, inoiz ez dakizu non eskuratuko duzun zure hurrengo otordua». Kalean bizi izan da, baita aterpetxeetan ere. Egun batean, «zer egin behar dut eta zer egin nahi dut» pentsatzen jarri zela dio, eta nahiz eta orduan babes hartuta zegoen aterpetxeko jendeak zenbait erabaki hartzera bultzatu nahi izan zuten, «ni nintzen hartu nintzakeen bakarra». Eta hartu zituen: bere lehendabiziko lana eta baita apartamentu batean gelatxo bat ere lortu zituen Susanek. «Ikasketei berriro heltzea gustatuko litzaidake, eta erdi mailako diploma ateratzea».

Angelak Susanen adina zuen, 20 urte, drogaren munduan sartu zenean. Zeukan diru guztia drogan gastatzen hasi zen, baita etxeko errenta ordaintzeko erabili beharrekoa ere. Kalean geratu zen, eta ahal zuen tokian lo eginez ibili zen. Kale kantoietan, pasilloetan, hozkailu baten tamainako kartoizko kaxetan babesa hartuta… Zortzi urte eman ditu atzera eta aurrera hainbat aterpetxetan babesa noizean behin hartuz. «Benetan gogorra da. Kalean lo egin beharra eta inork ezer ez dizula egingo desio behar izatea da okerrena. Begi bat irekita eta bestea itxita lo egin behar izaten da horrelakoetan». Egoera are eta zailagoa izan da, alaba ere etxerik gabekoa baita eta kalea baitu hark ere bizileku.

Brucek (54) ederki daki drogek sortzen duten morrontza zenbatekoa den. «Erabat obsesionatua nengoen, nire arimaraino sartu ziren drogak, eta neukan guztia galdu nuen». Kartzelara joan behar izan zuen oso gaztetan, eta handik ateratakoan bere lagun batek heroinaren munduan sartu zuen. «Dirua irabazteko modu egokia zirudien. Horregatik erabaki nuen lanaldi osoa uztea eta gamelu gisa lan egiten hastea». Handik aurrera kartzelarako sartu-irtenak ugariak izan ziren, eta heroinatik crack-erako pausoa ere eman zuen. «Kalean aurkitu nintzen arte, tokirik gabe, jendeari min eginez dirua irabaziz». Kartzelatu egin zuten urtebeterako, eta han «adineko pertsona bat ikusi nuen drogengatik erabat joana, sufritzen» , eta orduan erabaki zuen ez zuela berak horrela bukatu nahi. Laguntza bila hasi zen.

Susan, Angela eta Bruce bezala asko dira kale gorrian alde batera eta bestera dabiltzanak. 



Patrick Markee. Etxerik Gabekoen Koalizio Nazionaleko analista

«Etxerik gabe daudenen kopuruak gora egingo du datozen hilabeteotan»

Markee analistaren ustez, hiru dira etxerik gabekoen kopurua haztea eragin duten arrazoiak: etxebizitzen garestitzea, administrazioen politika txarra eta gero eta latzagoa den krisi ekonomikoa.


Patrick Markeek Etxerik Gabekoen Koalizio Nazionaleko analista da, eta hamabost urte daramatza arlo horretako politiken inguruko ikerketak egiten. AEBetan etxerik gabe dauden lagunen errealitateaz eta etorkizunaz mintzatu da BERRIArekin.

2002tik etxerik gabekoen kopuruak gora egin du AEBetan. Zeintzuk dira arrazoi nagusiak?

New Yorken etxebizitza oso garestia da jendearentzat. Asko igo dira errentak azkeneko 30 urteetan, eta askoz gehiago azkeneko hamarkadan. Aldi berean, zenbait gobernuren politikek ere eragin dute etxerik gabekoen kopurua handitzea; George Bushen administrazioaren etxebizitza politikak, edota tokian tokiko gobernuena; Michael Bloomberg New Yorkeko alkatearena, esaterako. Eta krisi ekonomikoak ere, noski, lagundu du errealitate horretan guztian. New Yorkeko biztanle askok jo behar izan dute laguntza eskatzera errenta ordaindu ezin dutelako.

Zer-nolako jendea dago etxerik gabekoen artean? Ezaugarri berdinak al dituzte?

Ezpal askotako jendea dago. New Yorkeko aterpetxeetan daudenen %75 baino gehiago umeak eta familiak dira: amak umeekin dira gehienak, txiroak, eta benetan laguntza behar dutenak. Batzuk langabezian daude. Beste asko, berriz, lanean, baina ez dute apartamentu bat alokatzeko adina diru irabazten. Gero, kalean dabiltzan etxerik gabekoak daude. Horiek normalean bakarkakoak izaten dira, eta buruko edo bestelako gaixotasun oso serioak dituztenak dira.

Haurren egoera bereziki kezkagarria izango da; hunkigarria ere...

Bai, noski! Kontuan izan, gainera, haurrengan izugarrizko eragina duela etxerik gabe egoteak. Emozionalki ere. 16.000 haurrek bizi duten egoera benetan da gogorra; New Yorkeko zerbitzuetan gauero kopuru horrek egiten du lo.

Eta arrazari buruz zer diozu?

Afrikar amerikarrak eta latinoak dira gehienak. Etxerik gabekoen %53 afrikar amerikarra da. Eta %32 latinoak dira.

Oro har, zenbat jendek erabiltzen ditu eta zer-nolako zerbitzuak jasotzen dituzte bertan?

Gauero 37.000 lagunek erabiltzen dituzte zerbitzu horiek. Batzuk bakarkako pertsonentzako prestatuak daude, eta beste batzuk familientzat. Eta ematen diren zerbitzuak askotarikoak dira: baita lana aurkitzeko ikastaroak ere.

Badute bertan egoteko denbora mugarik?

Zorionez, ez. Batez bestekoa familietan bederatzi hilabete izaten da. Eta banakakoetan ere antzekoa.

Zein da etorkizunerako egiten duzuen aurreikuspena?

Hurrengo hilabeteetan etxerik gabekoen kopuruak gora egingo duela aurreikusten dugu. New Yorken langabezia handia daukagu, eta horrek eragin zuzena du. Eta alkateak eta bere administrazioak politika horiekin jarraitzen badute, zoritxarrez, oraindik ere gehiago igoko da.

Aurreikuspen horien aurrean politikariei ikusten al diezue laguntzeko jarrerarik?

Dirua banatu beharra dago, eta argi dago gehiago beharko dugula etxerik gabekoei zerbitzuak emateko, kalean ezer gabe daudenei laguntza eskaintzeko. Baina ez dugu politikariengan horretarako jarrerarik ikusten.

Etxerik gabeko asko dago bestela AEBetan?

New York eta Los Angeles dira etxerik gabeko gehien dauzkaten hiriak. Baina hiri handi edo txiki guztietan dago kopuru esanguratsua. Esku artean ditudan azkeneko datu ofizialen arabera, guztira 700.000 lagun inguru.

Nola egiten du lan Etxerik Gabekoen Koalizio Nazionalak?

70eko hamarkada bukaeran eta 80ko hasieran sortutakoak gara. Etxerik gabe daudenei edo egoera horretan geratu direnen arazoak konpontzen ahalegintzen gara. Horretarako zenbait politika dauzkagu: guztira hamabi programa etxerik gabekoen arazoak konpontzeko: jatekoa kalean banatzeko programa, umeentzako programa berezia, etxea aurkitzekoa…

Zein da garrantzitsuena?

Lehenengo programak, krisia eta onurak deiturikoak, berebiziko garrantzia du. Hitzordurik gabe, beharra duzunean, nahi duzunean, egunean bertan etorri zaitezke eta laguntza eskatu: arropa, janaria edo lotarako tokia eskuratu ditzakezu. Zerbitzu asko aurkitu ditzake edonork bertan.

Horrelako laguntza eskaintzen duen elkarte asko al dago New Yorken?

Bai, badira elkarte asko. Batzuk erlijiosoak dira.