2013/04/06

Keinuak

Larrepetit, 2013-04-06



          Momentu zailetan, gogorretan keinuek, txikiak izan arren, esanahi eta pisu handia har dezakete. Gertutasuna, konplizitatea, zurekin nago, elkarrekin gaude adieraz dezakete. Baina, aldi berean, keinuek, berez, naturalki atera beharko lukete. Estrategiarik gabe, eskatu edo bortxatu gabe.

          Pasa den martxoaren 1ean indarrean sartu ziren murrizketen haritik hartu du erabakia Barack Obama presidenteak: bere soldataren %5 bueltatu egingo du. Hainbat funtzionariori automatikoki egin zaien beherapenarekin solidario izan nahi du proportzio berean. Eta erabakiak, atzerako eragina izango du, eta murrizketak indarrean sartutako egunetik egingo du.

          Presidentearen soldata legez onartzen da, eta ezin izaten da agintaldian zehar aldatu. Eta «bahiketa» modura ezagunak egin diren murrizketek ere ez diote bere diru sarrerei eragin. Horregatik, txeke bidez bueltatuko du dirua. 400.000 dolar irabazten ditu urtean. 16.600 inguru bueltatuko ditu.

          Chuck Hagel Estatu idazkariak eta bere ondorengoak, Ashton Carter-ek, edo John Kerry Estatu idazkariak ere Obamaren bide bera jarraituko dutela iragarri dute. Gehiago ere etorriko dira, seguruenera.

          Keinuak dira. Keinu txikiak seguruenera. Txikiegiak? Arazoa konponduko ez duten keinuak. Baina ezer ez egitea baino, hobe keinu txikiak egitea ezta? Handiak txikien ondoren etor litezke. Edo inoiz ez.

          Bai, arrazoi: esfortzu ekonomiko izugarririk ez die eskatuko hori egiteak. Soldata oso onak eta aberastasun ugari dauzkate. Eta askok keinu handiagoak esperoko dituzte! Edo, sikiera, halako keinuak kutsakorrak izatea.

          Ondo aztertua izango dute Etxe Zurian keinu horrek presidenteari ekar diezaiokeen errentagarritasuna, onura. Horrexegatik, ez dela naturalki ateratakoa usaindu liteke.

          Hara zergatik keinuek sinesgarritasun gutxi ere izaten duten batzuetan.

2013/03/23

Alkate umezaina

BERRIA, Larrepetit, 2013-03-23



          Egunkari honek «umezain estatua» du izena. Eta hara New Yorkeko edizioan zer titular dakartzan gaur: «Bloomberg-ek zigarroak ez ditu bistan nahi». «Alkateak autobus eta metro zerbitzuak eten ditu. Oinez ibili. Ona da zuretzat». «Broadwayko ikuskizunetako atsedenaldietan saltoka egotea derrigorrezkoa izango da». «Igogailuak, legez kanpokoak. Eskailerak igo, eta bizi luzeago». «Pazko arrautzek gorringorik gabekoak izan beharko dute, kolesterolari aurre egiteko». «New Yorkeko maratoia, orain derrigorrezkoa da». «New Yorkeko leloa aldatu du alkateak: lo egiten duen hiria izango da hemendik aurrera».

          Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak urte hauetan guztietan «hiritarren osasunaren alde» hartu dituen neurriak gehiegizkoak direla salatzeko ikusi dudan fikziozko egunkari baten azala da honako hau.

          Alkatetza hartu zuenetik, tabakoaren aurkako neurriak hartzeari ekin zion: toki publikoetan erretzea debekatu zuen, prezioak izugarri garestitu ditu. Jakiek zenbat kaloria dituzten erakutsi beharra daukate. Tabakoaren edo edari azukredunen kalteez ohartarazteko kanpaina gogor eta zuzenak egin ditu. Litro erditik gorako edari azukredunak debekatu nahi izan ditu (epaile batek geldiarazi du neurria). Eta aste honetan, tabako paketeak saltokietan begi bistatik kendu nahi dituela iragarri du.

          «Alkate umezain» bataiatu dute batzuek hemen. Hiritarrei zer komeni zaien eta zer ez esateko joera izan du. Eta gauza bat da legea eta arautegia osasun politika publiko onak egiteko erabiltzea. Eta beste bat da pertsonalki gustatzen ez zaizkion eta legezkoak diren aktibitateak mugatzeko erabiltzea bere boterea.

          Debekuetan baino gehiago sinesten dut hezkuntzaren eraginkortasunean. Denbora gehiago behar izaten du, baina, luzera, eraginkorragoa dela uste dut. Eta norbanakook erabakitzeko dugun askatasuna babestuago ikusten dut.

2013/03/20

Korrika

BERRIA, Larrepetit, 2013-03-16



          Behin denboraldi bat New York bezalako hiri batean pasatzean, bertako erritmoa sartzen da barruan, eta eraman egiten zaitu. Badira zerorren ibilera azkarraz konturatzen zaren egunak. Baina, normalean, kanpotik bisita egitera etortzen den norbaitek gogorarazten dizu, batere beharrik gabe ere, azkar ibiltzeko joera hartu duzula, edo pausaje bizian joan ohi zarela.

          Semaforoa, trafikoa edo aurrean duzun jende multzoaz gain, badago bat-batean erritmo hori hautsi eta gerarazten nauen zerbait: Manhattango etorbide handietan euskara entzuteak. Ez da eguneroko kontua, baina bi eskuekin kontatzeko adina aldiz gertatu izan zait. Munduko ehunka hizkuntza entzun litezkeen hirian, eta geu zenbat garen kontuan izanda, ez gabiltza proportzio batere txarretan.

          Nondik natorren, zer naizen eta zein den nire ama hizkuntza ehunka aldiz argitu behar izan diet hemen ezagutu ditudan askori. Eta nire hizkuntzan bizitzea, ikastea, lan egitea erabaki dudala, edo hori egiteko eskubidea dudala defendatzea ere tokatu zait. Dakizkidan hizkuntza guztiak buruan dauzkadala baina bihotzean bakarra sentitzen dudala kontatu izan diet. Batzuek ulertu naute. Beste batzuentzat, milioi askoko talde batean ez bazaude, ez zara existitzen eta denbora galtzen ari zara halako hizkuntza txiki batekin. Ze mozkeria, alajaina!

          Gaur, beste behin korrika ibiltzea egokituko zaigu. Central Parken, gainera. Eta oraingo honetan, euskara entzunda, ez naiz bat-batean geratuko. Euskara gaur Manhattango plazan ozen entzunaraztea izango da helburua. Eta geratzekotan, txalo zaparrada bat emateko izango da: presarik gabe, pazientzia handiz, Brooklyngo Euskal Etxean euskara ikasten ari diren ikasleei, noski. Horiena bai meritua, astebururo, batzuetan kilometro asko eginda, lezioa hartzera hutsik egin gabe joatea. Miresgarria. Eta irakasleei, noski. Aupa zuek!

Chicagoko ekaitzak

BERRIA, Larrepetit, 2013-03-09



          New York eta Los Angelesen atzetik, Chicago da biztanle gehien dituen hiria. Hiri haizetsua ere esaten zaio Michigan lakuaren hegoaldean kokatutako guneari. 1871. urtean suak kiskali zuen hiriaren erdigunea. Eta 150 urte geroago, beste su batzuengatik ari da titulu asko jasotzen: su armen bidez hildakoen kopuruak gehien gora egin duen hiria da.

          90eko hamarkadan, New York eta Chicagoko erailketa datuak paretsukoak ziren. Gaur egun, hiru aldiz gutxiago da lorik egiten ez duen hirikoa.

          Illinoisko estatuak armen kontrako legedi zorrotza du indarrean. Chicagon ezin da, esate baterako, armarik erosi. 2010. urtean konstituzioaren aurkakoa zela epaitegiek ebatzi arte, pistolak debekatuta zeuden. Armen jabeek polizia etxeetan izena eman behar dute. Baina, hala eta guztiz ere, 2011. urtean baino %12 tiroketa gehiago izan ziren iaz, guztira 2.364. Eta hildakoen kopuruak %16 egin zuen gora, 506raino.

          Gazteria da zuzenean biolentzia honek jotzen duena, eta hiriko alderik behartsuenak hildakorik gehien izaten dituztenak. Zinemak hainbat aldiz erakutsi digun 20ko hamarkadako Chicago beldurgarri harekin konparatu dute zenbaitzuek. Gehiegi esatea izango da hori, baina arazo handi bat dutela ezin liteke ukatu.

          Washingtondik datorren armen lege baten esperoan, 200 polizia gehiago jarri dituzte hiriko kaleetan. Eta, une batez, tituluak aldatzen hasi direla iruditu zaigu: Chicago Sun-Times eta Chicago Tribune egunkariek zera diote: otsaileko 28 egunetan, 14 erailketa izan dira Chicago hirian. Urtarrilean izan ziren 43rekin konparatuz gero, albiste ona.

          Zoritxarrez, badu beherakada horrek beste arrazoi bat: negu ekaitzak asko izan dira otsailean Chicagon. Eta elurrak eta hotzak hiltzaileak ere epelean egonarazten ditu, eguzkia noiz aterako zain.

2013/03/02

Rosa Parks

BERRIA, Larrepetit 2013-03-02



          Egunero bezala, 1955eko abenduaren lehendabiziko egun hartan, Rosa Parks izeneko emakume afroamerikar gazte hark autobusera igo eta eserlekua hartu zuen Montgomeryn, Alabaman. Autobus gidariak, ordea, altxa zedila eskatu zion, eta bere lekua utz ziezaiola arraza zuriko beste bidaiari bati. Parks andereak ezetz, uko egin zion agindu hori betetzeari, eta ez zuen eserlekua utzi.

          Jokabide horregatik, berehala atxilo eraman zuten. Baina hura aldaketa askoren hasiera izan zen. Orduan artzain bautista bat besterik ez zen Martin Luther King izeneko gizon hark gidatuta, Montgomeryko autobus publikoetaraino iritsi ziren protestak. Presio horren eraginez, bazterketak bertan behera utzi behar izan zituzten autobus publikoetan.

          Urtebete geroago, AEBetako Epaitegi Gorenak garraiobideetan arrazagatik izaten ziren bazterketak konstituzioaren aurkakoak zirela esan zuen. Zalantzarik gabe, garaipen handia izan zen hura. Baina izugarri zegoen egiteko oraindik, eta Rosa Parks bezalako gizon-emakume askok parte hartu zuten ekintzaile gisa eskubideak lortzeko bide horretan. Eta gaur egun ere, jarraitzen dute.

          Asteazkenaz geroztik, Parks anderea Kapitolioan dago. Haren estatuari begiratzean, denek gogoratu beharko lukete, duela ez hamarkada asko, gauzak oso bestelakoak zirela herrialde honetan eta azalaren kolorearen arabera banatzen zirela eskubideak.

          Barack Obama presidenteak zera esan du inaugurazio ekitaldian: «Rosa Parksen keinu sinple batek AEBak eta mundua aldatu zituen». 60 urte geroago, aldaketak eskatzen dituzten keinu sinpleak ere, munduan zehar, eta herrialde honetan ere bai, asko izaten ari dira. Baina badirudi duela hamarkada batzuk mundua eta AEBak aldatzeko zuten indarra galdu dutela. Edo gaur egun keinu sinpleak ez direla garrantzizkotzat jotzen. Bide berri eraginkorrak aurkitu beste erremediorik ez dago.

2013/02/23

Zorion metroa

BERRIA, Larrepetit, 2013-02-23



           Zeintzuk diren Ameriketako Estatu Batuetako estaturik eta hiririk zoriontsuenak eta tristeenak ondorioztatu du Vermonteko Unibertsitateak egin duen ikerketa batek. Biztanleek bidalitako Twitter bidezko mezuetan oinarritu da ikerketa. 2011. urtean jasotako 10 milioi mezu aztertu dituzte ikertzaileek, eta horren araberako emaitzak atera.

          10.000 hitzeko zerrenda bat oinarri hartu dute txioak edo mezuak aztertzerakoan. Ero, gorrotoa, ez, erre, kea, kartzela eta halako hitzak daude tristura adierazten dutenen artean. Zoriontasunarenak, berriz, LOL eta hahaha (barrea adierazteko erabiltzen direnak), ederki, ondo, atsegina, lo, ardoa eta janariekin eta hondartzarekin lotutako hitzak daude.

           Maine, Nevada, Utah, Vermont eta Hawaii dira estaturik zoriontsuenak, eta kontrako aldean daude Lousiana, Mississippi, Maryland, Michigan eta Delaware. Hiriei dagokienez, Kaliforniako Napa, San Clemente eta Santa Cruz, Coloradoko Longmont eta New Mexicoko Santa Feko mezuak izan dira zoriontasun gehien erakutsi dutenak. Alderantziz, Texasko Beaumont eta Texas City, Georgiako Albany, Louisianako Shreveport eta Monroeko biztanle askori tristezia maila handia sumatzen omen zaie.

          Baina ikerketa ez da horretan bukatu. Jasotako datuak gizentasun tasarekin konparatu dituzte, eta estaturik tristeenak gizenenak omen dira. Horietan oso erabiliak dira McDonalds, hegalak, urdaia eta halako hitzak; eta alderantziz, kafea, sushi edo banana estatu eta hiri argalenetan.

          Beraz, Twitterreko mezuak aztertuz, gure poz edo malenkonia mailak neurtu ditzakete, besteak beste. Aurrez aurrekoan, ordea, begiradei, aurpegiei, keinuei, tonuari, esateko moduei zoriontasuna edo tristezia ezkutatzea kosta egiten zaie, askotan. Eta Twitterreko mezu batean ematen ez den informazio eta sentipen asko jasotzen da. Nik garbi daukat zein zorion metro erabili!

2013/02/16

Upel bereko sagardoa

BERRIA, Larrepetit 2013-02-16



          Eguna bukatzera zihoanean, hitz solteak idazten hasi nintzen: amorrua. Mina. Gorrotoa. Atsekabea. Samina. Tristura. Injustizia. Inkomunikazioa. Tortura. Errugabea. Ezjakintasuna. Jakin-mina. Jakin nahia. Beharra. Erasoa. Inpotentzia. Ahultasuna. Negarra. Harridura. Ulertezintasuna. Eskubidea. Indarra. Elkartu. Bateratu. Lagundu. Gogortu. Erantzun. Sentitu.

          Telefonoaren hotsarekin, oraindik ilun zela hasi zen otsailaren 20. hura: Torrealdairen etxeko atea txikitu, eta basakeria erabatekoan, bera, emaztea eta umeak, sustoz, izu-kolpez esnaraziz, gaizkile arriskutsu haren bila Guardia Zibila asaltoan nola sartu eta eraman zuten kontatu zidaten. Atzetik jakin nituen gainontzeko atxilotuen antzeko istorioak.

          Hasierako beroan, zer, zergatik, zertarako, nolatan, zein arrazoigatik gertatzen ari zen hura ulertzeko zailtasunak izan nituen. Hoztasunean, eraikitakoa suntsitzeko, herri izaera eta sentimendu bat akabatzeko sortutako azpijoko hartaz jabetu nintzen. Euskaraz bizitzea, ikastea, lan egitea, irakurtzea, idaztea, sentitzea, euskaldun izatea erabaki dugun milaka lagun delitu egile bilakatu ginen.

          Gizarteak emandako erantzunak, elkartasunak, bat egiteak, prentsa askatasunaren eta giza eskubideen defentsa hark poztu egin ninduen. Zenbaitzuen erantzun epelek, amorrarazi. Egunkaria-ko langile zirenen indarra, lanerako gogoa, animoa, berrantolaketa, eredugarri egin zitzaizkidan. Jende askoren esfortzuarekin BERRIA hutsetik sortzen ikustea, sentitzea, beste behin ere, zoragarria.

          Berandu bada ere, absoluzioa eta sententzia gogor bat etorri dira Madrildik, eta torturen inguruko sententzia Estrasburgotik. Baina hamarkada bat lehenago diseinatutako operazioa ez dago hilik. Auzi ekonomikoa hor dago oraindik. Eta ez ahaztu: dena upel bereko sagardoa da. Lehendabiziko egunean adinako babesa sentitzen jarraitu dezatela!