Mostrando entradas con la etiqueta Sandy. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Sandy. Mostrar todas las entradas

2012/11/12

Barealdirik ez

BERRIA, Larrepetit, 2012-11-10



          Hirurogeita hamabost urte ditu eta aspaldian ez bezala, ia egunero ari da autobusa hartzen. Behin ilundu eta gero, txartelik ordaindu gabe, eserlekua hartzen du. Baina autobusa ez da sekula dagoen lekutik mugitzen, eta bere irudimenarekin bidaiatu behar izaten du: Sandy izeneko urakana etorri eta zeukan gutxi hura eraman aurreko irudiak datozkio oroitzapenen bidaiara.

          Warm Buses (autobus epelak) izenekoak jarri dituzte urakanaren eragina sentitu dutenentzat, inora mugitu gabe, bertara igo, eseri eta berotu daitezen.

          Ekaitzaren ondoren amesgaiztoa hasten dela eta ez barealdia pentsatzen dute ekialdeko kostaldeko hainbat herritar estatubatuarrek. Ezer gabe geratu dira, zeukatena haizeak eramanda, suntsituta, soinean jantzita zeramatenarekin daude. «Eta non dago laguntza?», «non daude aseguruak?», «non daude gure zergak?», galdetzen dute ozen.

          Negar malkorik dagoeneko geratzen ez zaienak, hondakinetara inguratu eta berreskuratu dezaketen gutxiaren bila dabiltza: familia argazki bat, umearen panpina… edozerk balio du.

          Etxea zutik geratu zaienak, hotzez, elektrizitate eta urik gabe (elur ekaitza izan dugu aste honetan). Milioika lagun ari dira janaria, arropak, mantak, toallak, umeentzako opariak bidaltzen. Eta duela bi astera arte denetik zuten hiritarrek, horretara ohituta ez egonagatik, bidalitakoa hartu beste erremediorik ez dute.

          Gasolinaren errazionamendua jarri zen atzo, ostiralez, abian New Yorken: matrikula bikoitiek hartu ahal izango dute egun bikoitietan, eta bakoitiek gainontzekoetan. Ez dago denentzat.

          Egoera halakoa bada munduko herrialderik aurreratuenean, zer ez ote da izango urakanen eta ekaitzen kolpeak berdin-berdin jasotzen dituzten Haitiren moduko herrialdeetan? Hemengoa ikusita, bizitza irudika dezaket: ekaitzaren ostean, han ere, barealdirik ez. Eta amesgaiztoa, luzeagoa eta gaiztoagoa.

2012/11/05

Maratoiak

BERRIA, 2012-11-03

(Berria-n dagoeneko aldaketarik egin ezin zen orduan iritsi zen maratoia bertan behera geratzeko erabakia. Hori hartu aurretik idatzitakoa da. Hala eta guztiz ere, kalean zegoen eztabaida jasotzen du Larrepetit honek)



          Abiapuntua eta helmuga izaten du. Eta tartean dagoen bidea ahalik eta azkarren egitea dute helburu, batzuek. Bukatze hutsa saria da, beste askorentzat.

          Hasi bezain pronto antzematen dute korrikalariek jendearen beroa, New Yorkeko hiritarren babesa, animoa, eta bultzada. Zalantzarik gabe, urteko ekitaldirik maitatuenetakoa da lasterketa hori, bai eta mundu osoan ere, ospe izugarria duena.

          Aurten, ordea, beste lasterketa batekin egin du topo. Eta honako hau, maratoia baino luzeagoa izaten ari da. Oraingoz, badakigu noiz abiatu zen (duela 6 egun), baina ez da helmuga non dagoen ikusten. Eta korrika doazenei nekagarria egitean ari zaie, oso nekagarria.

          Bukatzen ez den lasterketa honek ere New Yorkeko bost auzoak ukitzen ditu: Staten Island, Brooklyn, Bronx, Queens, eta Manhattan. Baina momentu askotan, bide bazterrean, ez dago inor. Heriotza ikus liteke oraindik, eta tristezia, samina, nahigabea, ezina sentitu.

           Zortedunenak, oraindik ura ateratzen edo ataria garbitzen ari dira. Beste asko negarrez, duela astebete beraiena zen eta gaur suntsituta dagoen jabetzari begira, gertatutakoa ezin sinetsi, ezin irentsi. Amets amerikarra bat-batean eten eta amets gaizto bilakatutakoak, lur jota.

          Bihar bi maratoiak elkartu egingo dira. Uneren batean batera ari direla egiten irudituko zaio norbaiti. Baina kontua da, New Yorkeko etorbideak oso zabalak izanagatik, hiritar askorentzat, ez direla biak batera egiteko modukoak. Milioika dolar gastatzen ditu udalak maratoiaren antolaketan, eta baliabide asko erabiliko ditu bihar dena behar bezala joan dadin (poliziak, suhiltzaileak, langile publikoak, materiala, eta abar). Eta urtero legez, boluntario asko beharko dira dena ondo joan dadin.

          Horregatik, gizarte mugimendu horien eskaera: baliabide horiek, ehuneko ehun, orain, beharra dutenentzat.

2012/11/02

Hitzak eta irudiak

Eastetik, 2012-11-02



          Azken egun hauek irudi asko utzi dizkigute. Uholde eta haizeteek eragindako txikizioekin dute zerikusia ikusgarrienek, baina kanpainarekin lotura zuzena dutenak ere iritsi zaizkigu. Ireki dezagun albuma:

          Klixk: Obama, Sandy urakanaren krisia Etxe Zurian kolaboratzaileekin aztertzen eta kudeatzen. Klixk: Obama demokrata, New Jerseyn, Chris Christie gobernadore errepublikanoarekin batera urakanak eragindako kalteak ikusten. Aspaldian hain urrun dauden bi alderdietako pisuzko ordezkariak elkarrekin lanean eta elkar goraipatuz. Klixk: Obama etxerik gabe geratutako biktimekin hizketan eta besarkadaren bat edo beste ematen.

          Aldatu dezagun kamera. Klixk: Urakanaren ondorioz Romney bere kanpaina ordu batzuetan bertan behera uzten. Klixk: Romney, Ohion, uholdeetako kaltetuentzako janari bilketan parte hartzen. Klixk: Romney Tampan dago hauteskunde ekitaldi batean: biktimentzat laguntza jasotzeko helburuarekin, pantailatan Gurutze Gorriko telefonoak besterik ez dira agertzen.

          Argazkiei, irudiei begiratuz gero, beti sortzen dira sentimenduak. Onerako eta txarrerako. Eta sentitutakoaren arabera jokatzen dugu askotan (ez beti). Bi hautagaiek ederki dakite hori. Obama bere funtzioa ondo betetzen ari da krisi egoera honetan. Baina ez dago ukatzerik, eman duen irudiak, erakutsi dituen argazkiak bozketan bere aldeko izango dituelako esperantza duela. Romneyk ezer askorik ezin zuen egin egoera kudeatzean. Eta egindakoan ere, ez da gaizki aritu. Baina erakutsi dizkigun argazkiek haren arerioarenak baino sentimendu bareagoak sortu ditu.

          Irudi batek mila hitzek baino balio handiagoa omen dute. Irudirik izan ezean, hitzei heldu beste erremediorik ez dago. Wisconsinen, Nevadan, Coloradon, Ohion… hitzen bidez irudiak sortzea eta botoetan eragitea izango da hautagaien lana. Ea ba nork sortutakoek duten eragin handiena.

2012/10/31

"Dejavu"-ak Sandy izena du

BERRIA, Eastetik, 2012-10-31



          Astebete luze bai lehendabiziko aldiz Sandy komunikabideetan entzun genuela. «Ez dago oraindik esaterik zein norabide hartuko duen, baina adi jarraitu beharko dugu bere ibilia», zioten New Yorkeko eguraldi aditu eta telebista aurkezle famatuenek. Eta handik astebetera, Karibean tristura eta negarra utzi ostean, Sandy ezagutu eta sentitzeko aukera izan dugu! Eta nola alajaina!

          Bederatzigarren etorbidea eta 58. kalearen ondoan dagoen Morton Williams supermerkatura igande goizean sartu, eta berehala konturatu zitekeen edonor, hura ez zela betiko jai eguna. Jende ilara amaigabeak barruan, eta apaletatik janaria hartzeko arazoak: ilarako jendeak oztopatzen zuelako ezer hartzea, edo dagoeneko agortua zegoelako: ura, pilak, ogia, garagardoak, litxarreria, patata frijituak eta hainbat produktu aurkitzea ederki kostatzen zen.

          Ordu batzuk lehenago pasa zuen Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadoreak abisua: Sandy izeneko urakana hona dator. Atzetik Michael Bloomberg alkateak, neurrien berri eman zuen: «metroa itxiko dugu, eta arrisku guneak aztertu ondorenean, herritarrek zein lekuetatik alde egin beharko duten esango dizuegu». Atlantikoaren urak laztantzen dituzten auzoak eta Hudson edo East ibaiek uholdeak eragin zitzaketen lekuak izan dira ebakuatutako auzuneetako batzuk.

         Eta ordurako, hor zebilen sentipena: «Hau guztia ezaguna egiten zait».

         Chase bankutik sms mezua: «urakanaren eraginez egun bateko atzerapena emango dizuegu bihar egin beharreko zuen ordainketetan». Estimatzekoa bankuaren borondate ona!

          Igande arratsaldeko 19:00etan metro irteera eta sarrerak itxi zituzten. Hori ez da botoiari on edo off emanez egiten: zortzi ordutik gora behar izan zituzten New Yorkeko metro zerbitzu guztia behar bezala geratzeko. Horrekin batera, hiria itzaltzen joan zen, jendea etxeetan sartzen eta kaleak husten.

          Astelehen goizean, New Yorkera etorritako turistak ikus zitezkeen kaleetan barrena, irekita zeuden jatetxe eta denda gutxietara sartu irtena eginez. Noraezean bezala, nora jo ez zekitela, munduko puntu askotako milaka bisitari. Hiri fantasma bihurtzeko zorian zegoen New York. Eta hori arratsaldeko 18:00etatik aurrera gertatu zen. Baina aurretik, hondar zaku eta oholekin prestatu egin zen.

          Sandyren laztan leunak etorri ziren lehendabizi. Gero eta zakarragoak atzetik. Zuhaitzen etengabeko dantza, hostoen zorabioa, eta iluntasuna, dena bat. Haizearen txistu hotsa, zenbait momentutan ikusgarria. Halloween bezperatan, beldurgarria ere bai. Eta euria. Sandyk berekin ekarri baitu busti aldia. Atlantikoko urei bultza egiteaz gain, Hudson eta East ibaiak mugitu ditu. Lur barrura mugitu ere. Eta talka horretan geratu dira milioika lagun argirik gabe, metro bideak ureztaturik, autoz auzo batetik bestera joateko tunelak pasa ezinda, eta kaleak ibai bihurtuta.

          Argi indarra zeukaten herritarrek, telebista bidez unean uneko egoeraz jabetzen. Irratia milioika askoren lagun. Eta hor agertu zen Bloomberg alkatea gaueko 10:30 aldera prentsaurrekoan: «Mesedez, beharrezkoa ez bada ez deitu 911 larrialdi zenbakira». 20.000 deitik gora ari ziren jasotzen ordubetean. «Ez atera etxetik. Eta ez hartu autorik», esanez bukatu zuen agerraldia.

          Argazki bat herritar askoren buruan iltzaturik geratu dena: NYU Langone Hospitaleko atarian 30en bat anbulantzia, argirik gabe geratu zen erietxetik gaixoak atera eta hirian barrena beste lekuetara eramaten. Adin guztietakoak. Umeak ere bai. Jaio berriak tartean. Bost erizain mundura etorri berri ziren, eta beharra zutenei eskuz haizea emanez.

          Bitartean, 76 aterpetxeetan jendea zain. Batzuk, egunero bezala, nora joan ez daukatelako. Besteak, egun horretan, etxetik atera arazi zituztelako. Begira Sandyk zein mota desberdinetako jendea toki berean elkartzea lortu duen. Denei gauza bakarra geratzen zitzaien egiteko: zain geratu eta ahal izanez gero lo pixka bat egin.

          Eguna argitzearekin batera gauzak garbiago geratu dira, batez ere Sandyk bere pasaeran utzitako kaltea geratu da agerian. Hudson eta East ibaietako urek egindako bidea nabarmena da Manhattaneko behe aldean. Soto, atari eta parke asko ureztaturik oraindik. Beherago, New Yorkeko zainak diren metro lineak ere urak harrapaturik. Eta ahalik eta toki gehienetan, suhiltzaileak ura handi atera nahian.

          Zer suma, hainbat herritar atera dira kalera. Goiztiarrenak txakurrak paseatzera. Atzetik, beraien begiz egoera ikusi nahi zutenak eta turistak. Etxerik gabekoek aterpetxeetatik kalera egin dute berriro, baina gaur beraien egoeran geratu diren gehiago dituzte inguruan. Jendea serio dago. Beraien jabetzak nola geratu diren jakin nahi dute. Jakin baino gehiago, ikusi. Baina askok ordu batzuk itxaron beharko dituzte hori egiteko.

          Errepideak huts antzera egon dira. Suhiltzaile, polizia eta anbulantziekin batera, auto gutxi eta taxiak dabiltza. Baina hain New Yorkekoak diren sirena soinu eta suhiltzaile kamioien bozinak etenik gabe entzun litezke norberaren etxe paretik pasatzean. NYPD-ko autoek (poliziak), orduak daramatzate beraien argiak itzali ere egin gabe.

          Umel dago, euria ari du, eta zuhaitzek bezperan baino hosto gutxiago dituzte. Antzematen da zerbaitek astindu dituela, eta ondo astindu gainera. Garbitzaileen kamioak batera eta bestera dabiltza aurkitu dezaketena jasotzen. Eta Manhattango hainbat etxetako langile eta atezainak, adarrak eta hostoak garbitzen.

          Ur putzuak edonon daude. Baina umeen pare, haietan pisti-plasta eginez korrika pasa da bat. Galtza motzetan. Eta atzetik bestea. Entrenamendurik ezin da galdu, iganderako iragarrita dagoen maratoirako (ikusi egin beharko da aldaketarik baden egiteko erabakian).

          Hiria, asteartez, poliki, esnatzen joan da, eta benetan gertatu denaz konturatzen. Telebistaz, internetez edo irratiz kontatutakoa benetakoa dela jabetzeko momentua da. Ezaguna egiten zaio egoera hau New Yorkeko biztanleari, beste noizbait bizi izan bagenu bezala. Eta ez du arrazoi faltarik. Dejavu baten modukoa izan da. Begiak zabaldu eta errealitateaz jabetzean, ordea, ordukoa Irene izenarekin etorri zela jabetzen da norbera. Eta oraingoa Sandy izan da, eta aurrekoak baino gogorrago, krudelago jo du hiria.

          «Egun historikoa izan da», esan dute askok. Eta, «ni, New Yorken nintzen hori gertatu zenean», kontatuko dute hemendik aurrera. Halako dejavu-rik ez sentitzea desiratu arren, argi dago, naturaren indarraren erakustaldi gehiago ere etorriko direla. Gizakiak egin ahal izango duen gauza bakarra, babestea eta izen berri bat aukeratzea izango da.