2013/01/05

Agenda

Larrepetit, 2013-01-05




          Zabaldu dezagun New Yorkeko agenda: alkate berriak hartuko du aginte makila. Hamar urteren ostean Michael Bloombergen agintaritza amaitu egingo da (azken orduko sorpresarik ez bada behintzat) eta hiriak buruzagi berria izango du. Hautagaien zerrenda gero eta luzeagoa da. Baina hori gertatu aurretik, oraindik buru den alkateak gizentasunari aurre egiteko azkeneko erabakia jarriko du abian: martxoaren 12tik aurrera ezingo da neurri handiko freskagarririk saldu hirian.

          Hilabate horretan igoko dira garraio publikoaren prezioak ere: 25 xentimo bidaia bakarra (2.5 dolar), eta 8 dolar hilabeterako txartela (112 dolar). Bildutako diruarekin metroan hesiak jarri edo ez erabaki beharko dute, pasadenean azkeneko 5 urteetako istripurik gehienak izan ostean. Momentuz, garestiegiak dira hesiak.

          Sanoago bizi nahi duenak, maiatzetik aurrera 5.500 bizikleta berri izango ditu Manhattan eta Brooklyngo 300 leku desberdinetan barrena ibiltzeko.

          Ordurako, beste 30 metro geltoki zulo gehiagotan telefonoz hitz egiteko aukera izango dute hiritarrek. Eta hain justu ere, aurretik dugun urte honetan bilakatu liteke teknologia alorrean munduko hiriburua New York; azken aldian zabaldu dituen ikerketa zentroekin Google, Amazon edo Facebook bezalako enpresak Shangai, Mumbai edo Sao Paolotik urrundu eta hona erakarri nahi izan dituzte.

          Saskibaloian, Knicks-ekin esperantzatsu asko eta asko, eta baseball-ean, All Star Game famatua The Mets talde ezagunaren etxean izango da uztaila erdian. Udazkenarekin batera, maratoia: azaroaren 3an egingo da, azkenekoa Sandy-ren eraginez bertan behera geratu ostean.

          Oraindik haren astindua jaso zuten askok ezin izan dute beraien etxeetara bueltatu. Abiatu dugun honetan jarrita dute esperantza.

          13 zenbakia igogailuetatik kentzen duten hirian, beti bezala, agendatik kanpora, ezustean ematen diren horien zain geratuko naiz ni.

2012/12/29

Pim, Pam, Pum

BERRIA, Larrepetit, 2012-12-29




          Hamar, 9,8,7,6,5,4,3,2,1, eta pim, pam, pum… suziri hotsa izango da nagusi urtea amaitzerakoan. Pim, pam, pum eta argi biziz koloreztatutako zerua Times Squarren eta New York hiriko beste leku askotan.

          Hurrengo egunean telebistaz ikusiko duten arren, eta milaka kilometrora egonagatik, ezagun egingo zaizkie pim, pam, pum horiek eta haiek zeruan sortzen dituzten argi beldurgarriak Afganistan, Siria, Libano eta Palestinako herritarrei.

          Pim eta pam ibili dira Alderdi Errepublikanoan Obamari aurre egingo zion hautagaia aukeratu nahian. Eztabaida bat eta pum, golpea atzetik alderdikideari, eta pam bestea ahalik eta azkarren, berehala politikoki odolustutzeko. Azkenean K.O. eta Mitt Romney konbatearen garaile.

          Hauteskunde giroan pasatu dugu urtea, pim, hau eta hura agindu, eta pum, hura eta hau gezurtatu. Eta azkenean, pum, pam, pim, etxafuegoak, afroamerikarraren bigarren garaipenean. Ez da aurrekoa adinako tsunamia izan, eta horren faltan, Sandy urakanak ekarritako haizearen txistuak, pam eta pum, milaka familia txikituta utzi ditu.

          Pim-pim-pim, Wall Streeteko kanpaia ere isildu zuen East Riverreko urak. Hiritarren patrikek, eskubideek bezala, freskatu aldi gutxi. Ekonomia, hobeto, baina pim-pam-pum ospatzeko aitzakiarik gabe.

          Pim-pam aipatzekoa, uniformea eta medailak erortzeraino eragin dion super jeneralaren ohe kontu eta kulebrin-kulebroiak.

          Pam, pam, pam, pam… 26 tiro lehor entzun berri dira Sandy Hook Elementary Schoolen. Eta gero, oihartzuna: su armak edukitzeko eskubidea aldatu behar da edo ez?

          Urtea pim, pam, pum pasatu da. Albisteen haria aztertuz gero, eta nahiz eta ez diren denak ezpal berekoak izan, good news, no news alkate dela ematen du. Mendian bide berria zabaldu beharrean, baietz lokatz berean hanka barruraino sartu datorren urtean ere?

          Urte berri on, osasuntsu eta zoritsua, irakurle.

2012/12/21

Eguberrien lilura

BERRIA, Larrepetit, 2012-12-22



          Irratia piztu eta eguberri kantu ase ezinentzat, zenbait kate, etenik gabe halakoak 24 orduz eskainiz.

          Kalean segida dute doinu horiek; komertzio tuneatu gehienetako bozgorailuetatik zabaltzen dituzte, sostengatu eta bemolek bertan dauden hiritarrak kontsumitzera bultzatuko balituzte bezala. Eta belarrietatik sartzen ez bada, to bistarako dekorazioa: klasikoa, edo ikusgarri berria, modernoa, originala, pausoa geratu eta behiak trenari bezala begira geratzeko modukoa.

          Eskaparatisten paradisuak bosgarren etorbidea eta Soho. Ate parean limusina beltza dago geratuta. Pertsona bakarra eta erregali poltsa piloa sartu dira. Denentzako lekua izango ahal du, alajaina.

          Kalearen beste aldean kanpaitxoekin Feliz Navidad-en erritmoa jarraitu nahian, saiakeran, Salvation Armyko boluntarioa, diru eske. Guridik burua altxatuko balu!

          Zehar begiratua egin dio ondotik pasa den Santa Claus bizarzuriak. Hiru kale gorago jarriko da, espaloi zabaletatik doazen hiritar eta turistei agur eginez, eta zortea badu, umeren bat geraraziz, eta haren opari zerrenda entzuteagatik dolar batzuetako propina gurasoengandik jasoaz. Ez dago bakarrik: urte guztian bezala Micky eta Minnie Mouse daude, txapel gorria buruan daramaten hiritarrekin argazkiak ateratzen.

          Jingle Bells-ekin izotz pistak bete dira. Familiak, lagunak, irrist eginez. Ilunabar goiztiarrarekin batera, Rockefeller Centerreko zuhaitzaren bueltan argazki kameren flashak etenik gabe. Eta ondoan, ilara The Rockettes-en ikuskizunaz gozatzeko.

          Etxe atariak koloretako argi txikiz gainezka, Santa Claus panpinak balkoitik zintzilik, eta kaleko musikariak errepertorioa egun hauetara egokituta.

          New Yorken lilurak eta estimuluen demasak, nolabait, hiritar askoren eguneroko errealitate gogorrak estali egiten ditu. Hori ere ikusten jakitea da kontua! Eta hainbeste distirarekin ez itsutzea!

Sokatik helduta

BERRIA: Larrepetit, 2012-12-15



          Goizeko zortziak eta erdiak dira. Edwin dagoeneko bulegoan dago. Manhattan erdi aldeko banku batentzat lan egiten du, eta eguneko finantza mugimenduei begirik kendu gabe, zer gertatzen ari den jarraitzea eta diru mugimenduak proposatzea da bere zereginetako bat.

          Ordu berean, hiriaren beste alde batean, Richard bere ikasleei egun ona ematen ari da. 15 urte daramatza braille sisteman nola irakurri eta idatzi erakusten. Bat-bateko gaixotasun batek itsu utzi zuen Richard, 9 urte zituenean.

          Biek oso bizitza estilo desberdina eramaten duten arren, badute elkarren arteko lotura bat. Eta ez da familiakoa: kirolak eman diena baizik.

          Egun batean, Edwinek boluntarioak behar zirela irakurri zuen egunkarian. Beste aukera askorena artean, eta bere korrika egiteko afizioaz jabetuta, berehala proposatu zioten ea Richarden gidari izan nahi zuen. Eta honek, nola egiten zen hori erakusten bazioten, baietz. Horrela ezagutu zuten elkar duela ia bi urte.

          Gaur egun, laguntasunaz gain, astean bizpahirutan Central Parkera lasterka egitera joateko konpromisoak lotzen ditu. Baina baita beste zerbaitek ere: bien esku bana soka bereko alde desberdinek lotuta joaten dira, eskua emanda bezala. Eskumuturrera lotutako soka horrek erakusten dio Richardi zein norabidetan eta zein erritmotan korrika egin.

           New York, beste hiri erraldoi asko bezala, ez da ezinduentzat egokitutako hiri bat. Alderantziz, desastre bat da: gurpildun aulkientzat egokitutako leku gutxi, eskailera asko, eta abar. Baina asko dira, eguneroko bizimoduan, bakarrik edo laguntzarekin, oztopo arkitektoniko horiei guztiei, edo gizarteak berak jartzen dizkienei, aurre egiten dietenak. Bejondeiela!

          Edwin eta Richarden artean bezala, soka hor dago. Gizarteari dagokio orain horri heltzea, eta tira egitea. Baina orain artekoa ikusita, hori bai urtero bertan behera geratzen den maratoia!

2012/12/08

Betiko

BERRIA, Larrepetit, 2012-12-08





          Askotan kontatzen duzu, ume zinela, belazean etzanda jarri eta ondoko meta belarraren puntan jarrita zegoen jostailuzko hegazkin hura haizeak nola mugitzen zuen. Txundituta, irudimenarekin jolasean, zeure burua txori hegalari haietako baten barruan gidari ikusi zenuen.

          «Ez dago ahal izandakoan gauzak ez egin izana bezalako damurik», errepikatzen duzu sarri. Eta seguruenera, hori beti garbi izan duzulako, ahal izan zenuen momentuan, «Charlie Papa» pilotu bihurtu eta lurrari goitik begiratu zenion.

          Azkeneko hegaldi hartatik, bizitzak jira-bira asko eman dizkizu. Baina kemenez, ausardiaz, gogoz, aurrera egin duzu. Eta oraindik, zeru urdinari begiratzen diozunean, zeure burua han goian irudikatzen duzu, eta libre sentitzen zara. Izan ere, askatasuna hain da ezinbestekoa zuretzat!

          Tamalez, ordea, lotuta, baldintzatuta zaudela badakizu. Nahi gabe, ihes egiten dizute gertuko oroitzapenek, ahaztu egiten zaizkizu gauzak, edo zuri esatea gustatzen zaizun bezala, «ai, ze egun txoroa daukadan gaur».

          Ideia bera joan-etorrian ibiliko duzu etenik gabe, beti berria balitz bezala. Asteko zein egunetan bizi zaren gogoratzen ez duzunez, momentua bizi eta sentitzen duzu. Eta une horretan zu zoriontsu sumatzea, irribarre bat zure aurpegian ikustea edo algararen bat entzutea bezalakorik ez dagoela ikasi dugu. Nahiz eta jakin handik oso gutxira ez zarela arrazoiaz akordatuko, sentimenduak ihes egin gabe irauten dizu barruan.

          Etxea oharrez, papertxoz beteta daukazu. Eta horietan idatzita, milaka hitz, esaldi, enkargu eta barruan iltzaturik dauzkazun bi amets: euskaraz hitz egiten ikasi, eta Machu Picchu ezagutu. Eta zuk diozun bezala, ametsak betetzeko dira.

          Badakit, halabeharrez, egun batean, nire izena papertxo horietako batean idatzita egon arren, ahaztu egingo nauzula. Baina zaude seguru: nik, guk, zu, sekulan ez. Maite zaitugulako.

2012/12/03

Bizilagunak

BERRIA, Larrepetit, 2012-12-01



          Bizilagun berri bat etortzerakoan, hura ezagutze aldera, etxera gonbidatzea izaten da ohituretako bat. Mexikon kargua hartu aurretik, horrela etorri da Enrique Peña Nieto aste honetan Etxe Zurira, Barak, Joe eta Hillary familiak gonbidatuta.

          AEBentzat, Txina eta Kanadaren ostean, Mexiko da bazkide komertzial onena.

          Eraikuntza eta ostalaritza bezalako sektoreetan, pisu eta garrantzi ikusgarria duen eskulana da mexikarrena. Eta horren haritik, etorkin ez-legezkoen arazoari irtenbidea eman nahi dio Obamak ahalik eta azkarren, legeztatzeko aukerak emanez (6 milioi mexikar inguru daude egoera horretan).

          Kalearen beste aldetik ere baikor ikusten da AEBko etorkin kopururik garrantzitsuena mexikarra izatearena (12 milioi inguru guztira): milioika dolar bidaltzen dituzte hemendik hango familietara, eta diru horrekin, etxebizitzak eraikiz edo negozioak zabalduz, neurri batean, ekonomia sustatzen dute.

          3.000 kilometro luzetan bizilagun izatera kondenatuta daude bi herrialdeak. Eta superpotentziarentzat, mugan gerta litekeen edozerk izan dezake bere interes ekonomikoetan edo hiritarren segurtasunean eragina. Eta horrek urrea balio du.

          Orain arte eramandako politikak ikusita, ez dute aurrekoaren preziorik bi herrialdeen artean ematen diren giza, arma eta droga trafikoek (komertzio mota desberdin bat), sexu esplotazioak, emakumeenganako jazarpen eta erailketek.

          Enriquek gonbidatu du orain Barak barbakoa bere etxean egitera, Amigo rancheraren erritmora: «Aunque eres un hombre, aún tienes alma de niño, aquél que me da su amistad, su respeto y cariño…». Eta honek erantzun, edozein aitzakia ona dela bizilagunaren etxera joateko.

          Auzolanean gauza asko konpontzeko zereginik ez zaio faltako bizilagun bakoitzari datorren agintaldian. Benetan, ordea, horretarako gogoa eta nahia zenbatekoa den jakitea falta zait niri. Ikusi dezagun.

2012/11/27

Indioilarra

BERRIA, Larrepetit, 2012-11-24



          Bereziki indioilarra mahaietako izar bihurtzen da AEBetan, thanksgiving egunean (eskerrak emateko egunean). 300 milioi indioilar hazi dituzte aurtengorako, eta kasik denek laberen batean bukatu dute.

          Izan ere, indioilarrak, egun horretan, biltzeko funtzioa du, batzekoa. AEBetako familia asko eta asko apenas elkartzen diren urtean zehar: distantzia handiak dira aitzakia, lan erritmoa, edo familia ulertzeko modu desberdina. Ordea, egun horretarako, kilometro asko egiten dituzte, eta ospakizunaren eta otorduaren aitzakian, urtean zehar Skype bidez bakarrik ikusten dituztenekin egon daitezke aurrez aurre: barre edo negar egiteko, kantuan edo dantzan aritzeko, albisteren bat edo beste emateko, haserretzeko, trapu zahar eta berriak mahai gainera ateratzeko… familian egoteko, alegia!

          Joera hori, ohitura hori, ordea, aldatzen ari da zenbait lekutan. Hurrengo eguna, ostirala, Black Friday deitzen zaiona izaten da hemen: dendek urte osoko prezio eskaintzarik handienak egiten dituzten eguna. Lehen, ostiral goizaldean irekitzen zituzten ateak, eta jende ilara luzeak egoten ziren zain, lasterka sartu eta dirua gastatzeko. Gaur egun, zenbait leku, indioilarra jan eta berehala irekitzen dituzte. Ondorioa? Familietako tertulia asko hautsi, elkarrekin egoteko aukera gutxietakoa alde batera utzi, eta erosketak egitera joatea.

          Familia batzuentzat, egun horretan etxe giroan egoteak oraindik ez du preziorik. Baina beste askori, hemengo familia eredua prezio garesti samarra ordainarazten ari zaie: bakardadea edo familia berekoen arteko erlazio hotzak, adibidez.

          Izan ere, indioilar haragia, modu berezian prestatzen ez bada, edo saltsa pixka batekin laguntzen ez bada, goxatzen ez bada, azken finean, lehor samarra izaten da.

          Alde ederrekoak, zentzurik zabalenean, gure mahai bueltak eta baserriko oilaskoak!