2012/12/08

Betiko

BERRIA, Larrepetit, 2012-12-08





          Askotan kontatzen duzu, ume zinela, belazean etzanda jarri eta ondoko meta belarraren puntan jarrita zegoen jostailuzko hegazkin hura haizeak nola mugitzen zuen. Txundituta, irudimenarekin jolasean, zeure burua txori hegalari haietako baten barruan gidari ikusi zenuen.

          «Ez dago ahal izandakoan gauzak ez egin izana bezalako damurik», errepikatzen duzu sarri. Eta seguruenera, hori beti garbi izan duzulako, ahal izan zenuen momentuan, «Charlie Papa» pilotu bihurtu eta lurrari goitik begiratu zenion.

          Azkeneko hegaldi hartatik, bizitzak jira-bira asko eman dizkizu. Baina kemenez, ausardiaz, gogoz, aurrera egin duzu. Eta oraindik, zeru urdinari begiratzen diozunean, zeure burua han goian irudikatzen duzu, eta libre sentitzen zara. Izan ere, askatasuna hain da ezinbestekoa zuretzat!

          Tamalez, ordea, lotuta, baldintzatuta zaudela badakizu. Nahi gabe, ihes egiten dizute gertuko oroitzapenek, ahaztu egiten zaizkizu gauzak, edo zuri esatea gustatzen zaizun bezala, «ai, ze egun txoroa daukadan gaur».

          Ideia bera joan-etorrian ibiliko duzu etenik gabe, beti berria balitz bezala. Asteko zein egunetan bizi zaren gogoratzen ez duzunez, momentua bizi eta sentitzen duzu. Eta une horretan zu zoriontsu sumatzea, irribarre bat zure aurpegian ikustea edo algararen bat entzutea bezalakorik ez dagoela ikasi dugu. Nahiz eta jakin handik oso gutxira ez zarela arrazoiaz akordatuko, sentimenduak ihes egin gabe irauten dizu barruan.

          Etxea oharrez, papertxoz beteta daukazu. Eta horietan idatzita, milaka hitz, esaldi, enkargu eta barruan iltzaturik dauzkazun bi amets: euskaraz hitz egiten ikasi, eta Machu Picchu ezagutu. Eta zuk diozun bezala, ametsak betetzeko dira.

          Badakit, halabeharrez, egun batean, nire izena papertxo horietako batean idatzita egon arren, ahaztu egingo nauzula. Baina zaude seguru: nik, guk, zu, sekulan ez. Maite zaitugulako.

2012/12/03

Bizilagunak

BERRIA, Larrepetit, 2012-12-01



          Bizilagun berri bat etortzerakoan, hura ezagutze aldera, etxera gonbidatzea izaten da ohituretako bat. Mexikon kargua hartu aurretik, horrela etorri da Enrique Peña Nieto aste honetan Etxe Zurira, Barak, Joe eta Hillary familiak gonbidatuta.

          AEBentzat, Txina eta Kanadaren ostean, Mexiko da bazkide komertzial onena.

          Eraikuntza eta ostalaritza bezalako sektoreetan, pisu eta garrantzi ikusgarria duen eskulana da mexikarrena. Eta horren haritik, etorkin ez-legezkoen arazoari irtenbidea eman nahi dio Obamak ahalik eta azkarren, legeztatzeko aukerak emanez (6 milioi mexikar inguru daude egoera horretan).

          Kalearen beste aldetik ere baikor ikusten da AEBko etorkin kopururik garrantzitsuena mexikarra izatearena (12 milioi inguru guztira): milioika dolar bidaltzen dituzte hemendik hango familietara, eta diru horrekin, etxebizitzak eraikiz edo negozioak zabalduz, neurri batean, ekonomia sustatzen dute.

          3.000 kilometro luzetan bizilagun izatera kondenatuta daude bi herrialdeak. Eta superpotentziarentzat, mugan gerta litekeen edozerk izan dezake bere interes ekonomikoetan edo hiritarren segurtasunean eragina. Eta horrek urrea balio du.

          Orain arte eramandako politikak ikusita, ez dute aurrekoaren preziorik bi herrialdeen artean ematen diren giza, arma eta droga trafikoek (komertzio mota desberdin bat), sexu esplotazioak, emakumeenganako jazarpen eta erailketek.

          Enriquek gonbidatu du orain Barak barbakoa bere etxean egitera, Amigo rancheraren erritmora: «Aunque eres un hombre, aún tienes alma de niño, aquél que me da su amistad, su respeto y cariño…». Eta honek erantzun, edozein aitzakia ona dela bizilagunaren etxera joateko.

          Auzolanean gauza asko konpontzeko zereginik ez zaio faltako bizilagun bakoitzari datorren agintaldian. Benetan, ordea, horretarako gogoa eta nahia zenbatekoa den jakitea falta zait niri. Ikusi dezagun.

2012/11/27

Indioilarra

BERRIA, Larrepetit, 2012-11-24



          Bereziki indioilarra mahaietako izar bihurtzen da AEBetan, thanksgiving egunean (eskerrak emateko egunean). 300 milioi indioilar hazi dituzte aurtengorako, eta kasik denek laberen batean bukatu dute.

          Izan ere, indioilarrak, egun horretan, biltzeko funtzioa du, batzekoa. AEBetako familia asko eta asko apenas elkartzen diren urtean zehar: distantzia handiak dira aitzakia, lan erritmoa, edo familia ulertzeko modu desberdina. Ordea, egun horretarako, kilometro asko egiten dituzte, eta ospakizunaren eta otorduaren aitzakian, urtean zehar Skype bidez bakarrik ikusten dituztenekin egon daitezke aurrez aurre: barre edo negar egiteko, kantuan edo dantzan aritzeko, albisteren bat edo beste emateko, haserretzeko, trapu zahar eta berriak mahai gainera ateratzeko… familian egoteko, alegia!

          Joera hori, ohitura hori, ordea, aldatzen ari da zenbait lekutan. Hurrengo eguna, ostirala, Black Friday deitzen zaiona izaten da hemen: dendek urte osoko prezio eskaintzarik handienak egiten dituzten eguna. Lehen, ostiral goizaldean irekitzen zituzten ateak, eta jende ilara luzeak egoten ziren zain, lasterka sartu eta dirua gastatzeko. Gaur egun, zenbait leku, indioilarra jan eta berehala irekitzen dituzte. Ondorioa? Familietako tertulia asko hautsi, elkarrekin egoteko aukera gutxietakoa alde batera utzi, eta erosketak egitera joatea.

          Familia batzuentzat, egun horretan etxe giroan egoteak oraindik ez du preziorik. Baina beste askori, hemengo familia eredua prezio garesti samarra ordainarazten ari zaie: bakardadea edo familia berekoen arteko erlazio hotzak, adibidez.

          Izan ere, indioilar haragia, modu berezian prestatzen ez bada, edo saltsa pixka batekin laguntzen ez bada, goxatzen ez bada, azken finean, lehor samarra izaten da.

          Alde ederrekoak, zentzurik zabalenean, gure mahai bueltak eta baserriko oilaskoak!

Iruzurgilea ofizioz

BERRIA, Larrepetit, 2012-11-17



          Duela sei hilabete hartu zuten Toshio eta Norikok hiru astetarako New Yorkera etortzeko erabakia. Beste gauza askoren artean apartamentuen eskaintza munduko hainbat hiritan egiten duen Craigslist-en webgunera jo eta aurkitu zuten gustuko bat. Benetan itxura zoragarria zuen argazkietan East Villageko leku hark. Jenny zela zioen batekin e-mailez dena lotu zuten: Western Unionen bidez 2.000 dolar aurretik ordaindu behar zituzten erreserba egiteko eta gainontzeko guztia iritsitakoan.

          Esandako helbidera joan dira, eta Jenyk esan bezala, atezainari giltza eskatu diote: «Zer giltza?». «12 F apartamentua daukagu alokatuta Jenyrekin, 3 asterako». «Barkatuko didazue, baina hemen ez dago, ez 12 F-rik ezta Jenyrik ere. Iruzurra egin dizuete».

          Fran New Yorkera iritsi berri da. Apartamentu edo logela bat nahi du, eta iragarki batean ikusi du beretzako moduko bat. Idatzi, eta Robertek erantzun dio: «Ezustean, eta lan arrazoiengatik, hiritik korrika Oregonera alde egin behar izan dut. Eta orain, konfiantza ematen didan norbaiti alokatu nahi diot nire lekua». Franek, beraz, fio daitekeela erantzun dio. Robertek eta biek elkarren berri eman diote e-mail bidez. Franek etxea ikusi nahi du. Eta Robertek esan giltzak berekin eraman dituela Oregonera, baina nahi izatera, kanpotik ikusi dezakeela eta barruko argazkiak bidali egingo dizkiola e-mailez. Hala egin dute. Diru seinale bat jasotzean, giltzak Franki bidaltzekotan geratu da. 400 dolar ordaindu ditu Frankek. Ez zaizkio sekula giltzak iritsi. Ez du Roberten e-mailik berriro jaso.

          Egunero edonork aurkitu ditzakeen iragarki iruzurtiak dira. Eta mundua handia denez, beti dago, harantzago edo honantzago, amuari kosk egiten dion norbait. Ez ahaztu: iruzurgilearen ofizioa iruzur egitea da. Horretarako dauka egun guztia, abilezia, pazientzia eta irudimena. A, eta noski: on line dago!

2012/11/12

Barealdirik ez

BERRIA, Larrepetit, 2012-11-10



          Hirurogeita hamabost urte ditu eta aspaldian ez bezala, ia egunero ari da autobusa hartzen. Behin ilundu eta gero, txartelik ordaindu gabe, eserlekua hartzen du. Baina autobusa ez da sekula dagoen lekutik mugitzen, eta bere irudimenarekin bidaiatu behar izaten du: Sandy izeneko urakana etorri eta zeukan gutxi hura eraman aurreko irudiak datozkio oroitzapenen bidaiara.

          Warm Buses (autobus epelak) izenekoak jarri dituzte urakanaren eragina sentitu dutenentzat, inora mugitu gabe, bertara igo, eseri eta berotu daitezen.

          Ekaitzaren ondoren amesgaiztoa hasten dela eta ez barealdia pentsatzen dute ekialdeko kostaldeko hainbat herritar estatubatuarrek. Ezer gabe geratu dira, zeukatena haizeak eramanda, suntsituta, soinean jantzita zeramatenarekin daude. «Eta non dago laguntza?», «non daude aseguruak?», «non daude gure zergak?», galdetzen dute ozen.

          Negar malkorik dagoeneko geratzen ez zaienak, hondakinetara inguratu eta berreskuratu dezaketen gutxiaren bila dabiltza: familia argazki bat, umearen panpina… edozerk balio du.

          Etxea zutik geratu zaienak, hotzez, elektrizitate eta urik gabe (elur ekaitza izan dugu aste honetan). Milioika lagun ari dira janaria, arropak, mantak, toallak, umeentzako opariak bidaltzen. Eta duela bi astera arte denetik zuten hiritarrek, horretara ohituta ez egonagatik, bidalitakoa hartu beste erremediorik ez dute.

          Gasolinaren errazionamendua jarri zen atzo, ostiralez, abian New Yorken: matrikula bikoitiek hartu ahal izango dute egun bikoitietan, eta bakoitiek gainontzekoetan. Ez dago denentzat.

          Egoera halakoa bada munduko herrialderik aurreratuenean, zer ez ote da izango urakanen eta ekaitzen kolpeak berdin-berdin jasotzen dituzten Haitiren moduko herrialdeetan? Hemengoa ikusita, bizitza irudika dezaket: ekaitzaren ostean, han ere, barealdirik ez. Eta amesgaiztoa, luzeagoa eta gaiztoagoa.

2012/11/08

Yes, he did

Eastetik, 2012-11-08



          Times Square-ko pantaila handietako batzuetan telebista hainbat katetako irudiak eta soinua , eta behean jende dezente emaitzei begira. Oihuak eta txaloak entzuten ziren, Obamak estaturen batean irabazi zuela esan ez gero (New York demokrata da).

          Harlemen ere telebistari begirik kendu gabe zeuden. Eta bat batean, Obama irabazletzat jo zutenean, eztanda! Jendearen txaloak, oihuak, besarkadak, irribarreak, dantzak. «Obama, Obama», «We got it», eta antzekoak ozen entzun ziren. «Lau urte gehiago» oihukatzen zuten bandera amerikarrak astinduz. Autoak bozina joaz, sakelakoarekin argazkiak atera eta atera… Eta Malcom X etorbidetik, Empire State ikus zitekeen urdin-urdin (irabazlearen kolorea)!

          Ez da duela lau urteko ospakizuna izan, ordukoa izugarria, ikusgarria, historikoa izan zelako. Baina oraindik, maila apalagoan bada ere, Barack Obamak, ilusioa pizten du jende askoren artean. Edo bestela, ordukoak irauten die oraindik. Emakumeak (%55), 30 urtez azpikoak (%60), eta gutxiengoak (afroamerikarrak, latinoak) konbentzitu ditu. Eta swing estatu erabakigarriek lau urte gehiagoko epea eman diote.

          Yes we can izan zen lehendabiziko legegintzaldiko lema. Bigarrenerako, Yes he did (bai, egin zuen). Gustatzen zait, zaila zirudiena egin baitu. Baina egin ahal izatetik egitera aldea dago. Eta esaldi horrek erabateko zentzua izan dezan, orain, agindutakoa betetzea falta da: Mr. President, gogoratzen osasunaz, hezkuntzaz, gizarte politikez, ekonomiaz, zergez, nazioarteko politikaz esandakoak? Hiritarrek ez dauzkate ahaztuta. Eta horiek gauza ditzazun denbora gehiago behar duzula erabaki dute.

          Ordezkarien Ganbaran demokratek ez daukate gehiengorik, eta horrek gobernuari bidea zailduko dio. Baina hemendik lau urtetara aurkeztu ezinak ausardia politiko gehiago emango diolakoan nago. Bai, arrazoi. Niri ere, ilusio apur horretatik zerbait geratzen zait, nonbait!

2012/11/07

Parte hartzea

Berria, Eastetik, 2012-11-07



          Hotz esnatu da New Yorken hauteskunde eguna. Baina lehia politikoan bero iritsi da giroa. Eguneroko presakako martxaz gain, zeregin berri bat izan dute hiritarrek: nahi izatera, botoa eman ahal izan dute, arazoak arazo.

          Sandy-ren eraginez beraien ohiko bozkalekuetatik urrun daudenek edozein tokitan botoa emateko agindua sinatu du Andrew Cuomo gobernadoreak. Eta hiriko garraiobide publikoak voter shuttle izeneko autobusa jarri du, dohainik, urakanak eragindako tokietatik bozkalekuetaraino jendea eramateko.

          Izan ere, hauteskunde hauetako giltzatako bat parte hartzea da —ez New Yorken kasuan, baina bai Ohion, Virginian edo Floridan, eta baita beste swing edo estatu aldakorretan ere—.

          Hauteskunde egunean, goizean, New Yorkeko metro geltokian bi hiritarren artean entzundako elkarrizketaren hariari tira eginez: «Obamari eman beharko diozu botoa?», batek galdera edo baieztapena. «Ez dakit oraindik», erantzuna. «Sikiera badakigu nor den Obama. Baina Romney?». «Nik ez daukat garbi nor den bata eta nor bestea. Eta gutxiago oraindik zer egin nahi duten».

          Nago Obamaren bigarren agintaldiak zein itxura duen garbi ikusi ezina eta Romneyrenari tankera hartu ezina, hainbat hiritarren artean zabalduta dagoen sentipena dela. Eta hortik datoz askoren zalantzak eta erabaki ezina.

          Egia da usaindu litekeela nondik joan daitezkeen gauzak batak edo besteak irabaziz gero. Baina duela lau urte, ustez argi zirudiena gero Obamak ez bete izanak, zalantzan jartzen ditu asko. Eta, aldiz, Romneyren aukerak ez ditu erabat konbentzitzen.

           Lauso daudenei azkeneko bultzada eman eta beraien aldeko bozka ematea izan da alderdi bakoitzeko milaka boluntarioren lana bozkalekuak itxi arte. Besteak beste, parte hartzeak eman baitio Etxe Zurian geratzeko baimena maizter ezagunari, edo giltza jokoa berriari.