2013/06/29

Desfileak

Larrepetit, 2013-06-29



          Ez zaizkit oso hemengoak diren desfile handi horiek batere gustatzen. Aspertu egiten naute, eta ez daukat orduetan karroza handien pasaerari begira egoteko pazientziarik. Baina bakarren batean geldialdia egitekotan, biharkoan egingo nuke: gay, lesbiana, transexual eta bisexualen eskubideak defendatzeko urtero egiten dena; koloretsua, umoretsua, dibertigarria izaten da, inauteri ukitu handikoa.

          Aurtengoa New Yorken nahiko berezia izango dela esango nuke. Pozteko arrazoien artean daude Auzitegi Gorenak aste honetan hartu dituen bi erabakiak: Kalifornian sexu berekoak ezkontzeko zegoen debekua bertan behera utzi izana eta bikote homosexualek heterosexualek dituzten eskubide berberak maila federalean onartu izana.

          Baina kontuz! Hankak lurrean, dena ez da eta arrosa kolorekoa. Aspaldiko urtetan esparru honetan aurrera egiten dela iruditzen bazaigu ere, 2013a bezalako urteak kontuan hartu behar ditugu jende askoren pentsaera, ideia eta ikuspegi motz eta arriskutsua bizi-bizirik dagoela konturatzeko.

          Aurten, East Village-an, 45 urteko gizonezko bati eraso egin diote bere sexu joeragatik. SoHon, bi gazte bikote homosexual batekin gurutzatu, eta haiek iraindu ostean, jipoitu egin zituzten. Kasurik larriena Greenwich Village-n gertatu da: Elliot Morales Marc Carson eta haren bikotekidearengana inguratu zen, gay zirelako sekulakoak eta bi esan ostean, pistola atera eta tiro batekin bertan hil zuen Carson.

          New York bezalako hiri batek duen ezaugarri handienetako bat aniztasuna da: arrazetan, koloreetan, nazioetan, hizkuntzetan, sexu joeretan. Eta hain da plurala, batzuetan bertan bizi denari ahaztu egiten zaio denek ez dutela hori errespetatzen. Aurten, eraso homofoboek New Yorken izan duten igoera kezkagarriak hori gogorazi digu: oraindik desfile asko daudela egiteko.

Antzezlan iruzurtia

Larrepetit, 2013-06-22


          Uste dut New Yorken egitea gehien gustatzen zaidan gauzetako bat kalean ibiltzea dela. Orduak pasatuko nituzke batera eta bestera, zer suma, zer ikusi, zerk atentzioa emango, nor topatuko! Hemengo etorbide eta kaleetan barrena galtzea gogoko dut.

          57. kaleko kantoia eta bosgarren etorbidea elkartzen diren lekuan beheranzko norabidea hartu nuen, eta berehala ikusi nuen emakume hura, izkina batean, manta zahar batean bilduta, eskean. Pausoa mantsotu nuen, eta ez nion begirik kendu. Inguratu ahala konturatu nintzen negar batean ari zela! Benetako malkoak ziren masailetatik behera zetozenak. Etxerik gabeko emakume hark bihotza ukitu zidan. Bere parean geratu eta «help me, help me», lagundu nazazu eskatu zidan, negar batean. Joder, nola esango nion ezetz! Eskua patrikan sartu eta ahal nuena eman nion. Ondo sentitu nintzen hori eginda.

          Ordu batzuk geroago berriro leku beretik pasatu nintzen, baina kontrako espaloitik. Eta hara nire sorpresa, herioan zegoen emakume hura bere gauzak jaso eta patxada ederrean telefonoz hizketan metroa hartzera zihoala ikusi nuenean.

          Beste batean, sekulako herrena egiten zuen gizon bat inguratu zitzaidan diru eske. Ia ezin zuen ibili ere egin! Nire laguntza xumea eman eta egun batzuetara, gaueko ordu txikietan, hara non ikusten dudan gizon bera, bastoirik gabe eta herrena auskalo non galduta, maratoia egiteko adinako sasoirekin!

          Bi kasuetan sentitu dudan amorrazioa, sua, iruzurtua izatearen sentipena, ordea, erlatibizatzen ikasi dut. Aitortu beharra daukat batzuk oso antzezle onak direla, eta, sikiera, dolarretan eman diedan laguntza izan dadila horretarako aitorpena. Denak ez dira-eta Broadwayko antzokietara iristen. Baina honek beste zerbait ere sortarazi dit: mesfidantza. Horregatik, azkenaldian, musikari edo kaleko artistei bakarrik ematen diet propina!

2013/06/17

Ziber gogoetak!

Larrepetit, 2013-06-15



          Hasteko gertakaria bera: Edward Snowden 29 urteko gazteak, dokumentuak eta frogak eskuan, publiko egin du Estatu Batuetako inteligentzia zerbitzuek urteak daramatzatela kanpoko eta etxeko hiritarrak zelatatzen.

          Segidan, Estatu Batuarren iritzia honetaz guztiaz. Gallup zentroak emandako datuak dira: biztanleriaren ehuneko 44ak uste du Snowdenek zuzen jokatu duela, ehuneko 42ak oker, eta ehuneko 14a ez dago seguru. Gobernuak kuxkuxean eta zelatan ibiltzeko duen ohitura eta joerari buruz, berriz, hiritarren ehuneko 53a dago kontra eta ehuneko 37a alde.

          Hirugarrenik, erreakzioak: tik, tak, tik, tak, eguna joan eguna etorri, hemen ez da ezer gertatzen.

          Atzetik, galdera: norbait harritu al da Snowdenek Estatu Batuetako gizarteari eta munduari kontatu dionarekin?

          Eta erantzuna. Albistearen aurrean izan den erreakzio epelarekin, esango nuke ezetz.

          Ondorengoa: eta zu, irakurle, aho zabalik utzi zaitu? Ni ez. Esango nuke, beti pentsatu izan dudala gobernu eta konpainiengandik ziber espiatuak garela, eta badagoela datu pertsonalen merkatu ezkutu eta ilun bat. Makina batek hartzen du alferrikako lan mordoa, alajaina! Ez dakit seguru horren aurka zer edo zerbait egin dezakegun, baina argi daukat hemen inork gutxik eraman dituela eskuak burura!

          Bukatu aurretik, Estatu Batuetako klase politikoarentzat proposamen praktiko bat: hainbestekoa bada jendea kontrolatzeko eta zelatatzeko beharra, zergatik ez dituzue zuen saretik kanpo dauzkazuen 11 milioi etorkin paperik gabekoak behingoagatik legeztatzen, eta horrela, milioika toki gehiago «kuxkuxean» aritzeko.

          Azkenik. Eskerrik asko Snowden. Gaur, zuregatik, seguru dakit, testu eta ziber gogoeta hau, BERRIAko irakurleez gain, Estatu Batuetako inteligentzia zerbitzuek ere irakurriko dutela. Zorte pixka batekin txinatarrek ere bai. Azkenean, uste baino gehiago gara Berrialagunak!

2013/06/08

Buruaren kontrola

Larrepetit, 2013-06-08



          Pertzepzioa da, ustea, baina gero eta etxerik gabeko gehiago ikusten da New Yorken azken aldi honetan. Ez da nirea bakarrik: inguruko hainbatek ere gauza bera ikusten dute. Eta horren arrazoietako bat ditxosozko aurrekontu jaitsiera da.

          Kalean, aterpetxeetara joan gabe ikusten diren etxerik gabeko gehienek buruko gaitzak izaten dituzte edo osasun arazo larriak. Eta lehendik urriak ziren haiei laguntzeko zerbitzuek diru gutxiago dutenez, errealitate gordin hau bistakoagoa da kalean.

          Estatu Batuetako Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroak eman berri dituen datuei erreparatu: bost estatubatuarretik batek du buru osasun arazoren bat, eta 3 eta 17 urte arteko haurretan ere portzentaje bera mantentzen da. Urtero 45 milioi estatu batuarrek izaten dute depresioa, elikaduraren trastornoren bat, trauma ondorengo estresa edo droga kontsumoen ondorioren bat. Eta gaixo hauen ehuneko 60a ez da sekulan sendabidean jartzen. Umeetan, erdiek bakarrik jasotzen dute tratamenduren bat.

          Zifrak handiak dira. Izugarriak. Eta gaiari adarretatik heldu beharrean eta aurrerapauso bat eman beharrean, alderantzizkoa egin da: 4.500 milioi dolarretan moztu tratamenduetarako diru laguntzak.

          Gaixo hauek ilunpetatik atera behar direla esan berri du Obamak. Seguruenera, Estatu Batuetan gertatu diren hilketarik handienen egileek patologia psikiatrikoren bat dutela gogoan izanda.

          Osasuntsu dagoen gizarte batek buru osasuna ere maila berekoa izaten du; baina burua ondo duena kontrolpean izatea, mantentzea, askoz ere zailagoa izaten da. Beraz, horrekin ondoriozta dezakegu botereei komeni zaiela buruaren kontrola izatea!

          Puf! Herrialde honetako konspirazioaren teorien etenik gabeko susmoak hezurretaraino sartu zaizkidala konturatu naiz. Nire buruak ere terapia behar ote du?

2013/06/06

Manhattango artzaina

BERRIA, Larrepetit, 2013-06-01







Duela 45 urte hartu zuen Bizkaiko kostaldeko herri txikia utzi eta “ameriketara” etortzeko erabakia. Idahon lur hartu zuen, eta garai hartan gauza bera egin zuten euskal herritar askok bezala, artzain lanetan ibili zen.

5 urte luzeren ondoren bueltatu zen etxera. Baina, hilabete batzuk pasa ostean, berriro ere Atlantikoa gurutzatzea erabaki zuen: oraingo honetan ordea, New Yorkeko asfaltozko larreak aukeratu zituen bizitzeko.

Pan American World Airlines indartsu zegoenean, JFK aeroportuan aritu zen pista berriak egiten, handik Washington Bridge zubira, eta gero, Harlem beltza zenean, eta 42. kalea kale zenean, New Yorkeko txoko-zokoetan, lur gainean eta lur azpian,  etenik gabe lanean aritu zen.

70. hamarkadaren hasieratik ez du Kantauri Itsasoa bere begiz ikusi.

Non hago, zer larretan? Galdetu izan diote. Eta berak, Manhattango 19. kaleko bere txabolatik, eskuz idatzitako gutuna bidali izan die, ondo nago esanez.  

Ez du telefonorik sekulan izan. Bankura, beti joan da kartilarekin. Eta ez galdetu ipad-a nola erabiltzen den. Baina eseri bere ondoan, eta entzun zenbat daukan kontatzeko.
             
          Hemengo bizimoduaren erritmo berera pasa zaizkio urteak. Konturatzerako 80 ditu. Erretiroa hartuta badaramatza batzuk. Eta egindako lanen ajeak, bakardadearekin iritsi zaizkio.

Manhattango artzain txabolako ohean etzanda, bere bizitza iruditan pasatzen ikusi izan du etenik gabe. Eta horrek, denborarekin, barruko tristura ekarri dio. Baina urte hauetako bere independentziak bultzatuta, ez du etxearen goxora bueltatzeko imintziorik egin.         
          
          Gaur arte. 40 urte luze eta gero, berriro Kantauri itsasoarekin eta itsasertzarekin, Bizkaiko baserri ondoko larreekin, usainekin, haizearen freskoarekin, xirimiriarekin, eta noski, bere odolekoekin elkartuko da. Hamarkada askoren ostean, Manhattango Gabriel artzaina, etxera itzuli da.    





2013/05/25

Adam Kokesh

BERRIA, Larrepetit, 2013-05-25



          Aktibisten artean aspaldiko ezaguna da 31 urteko Kokesh. Eta hainbat esparrutan, gainera. Azkeneko sei urteetan Irakeko bakearekin, adierazpen askatasunarekin edo Raun Paul eta John McCain hautagai errepublikanoekin lotutako zenbait gaitan agertu izan baita.

          Gizona ez da ezkutuan geratzekoa. Ondo agerian geratzea gustatzen zaio, bere burua erakustea eta protagonista izatea. Egoa ondo goian dauka. Hala ere, egin izan dituen ekintzak, protestak nahikoa teatralak izan dira, eta ez dute arrisku handirik sortu. Baina orain uztailaren 4rako proposatu duena beste ezpal batekoa da:

          Armen aldeko martxa bat egin nahi du Washingtonen. Mila lagun bildu nahi ditu, bakoitza kargatutako errifle banarekin. Kapitolioaren eta Etxe Zuriaren aurretik pasatu nahi dute, armak edukitzeko eta erabiltzeko eskubidea defendatzeko.

          Estatu Batuetako Arma Jabeen Elkarteko presidentea bera ere kezkatuta agertu da, hori horrela egitea probokazioa eta oso arriskutsua izan litekeela uste baitu.

          Lege asko hautsiko lituzkete aldi berean, eta Poliziak dagoeneko esan du «no way», ez duela halakorik onartuko.

          Facebook bidez zabaldu du hitzordua. 90.000 lagunetik gora gonbidatu ditu. 4.770ek parte hartuko dutela esan diote. 4.186 agian joango direla.

          Mediatikoki, behintzat, zalaparta lortzen ari da. Eta hainbat ekintzailek uste dute hori dela Kokeshek nahi duen gauza bakarra. Halako probokazioak proposatuta, helburua lortzea ere zaila ez du. Eta kontuan izan Independentziaren Egunerako oraindik hilabete luze geratzen dela.

          Onena, hala ere, Codepink emakumeen talde bakezaleak honen aurrean egin asmo duena: gurutzatu behar duten Memorial Bridge zubian zain izango dira, armadunei besarkadak emateko doan. Alde ederra erriflearen burdina hotzaren ordez besarkada baten beroa eta gertutasuna sentitzea! Hori bai betez bete tiroarekin asmatzea!

2013/05/23

North Miami


 BERRIA, Larrepetit, 2013-05-18




           Floridan dagoen herri bat da North Miami. 26 kilometro karratu ditu, eta 60.000 biztanle inguru. Haititik etorritako komunitate handia bizi da. Eta, orain, alkatea aukeratzeko zeregina dute. Hautagaiak kanpainan daude. Eta programa zabaltzeko lana, nolabait esateko, gutxitan ikusten den moduan egiten ari dira.

          Anna Pierre erizaina da, eta alkatetzarako hautagaietako bat. Agerkunde bat izan duela dio: Kristo azaldu zaiola, eta hauteskundeetara aurkezteko esan omen dio belarrira. Kristoren babesa duela. Eta Pierrek, amen. Izena eman eta milaka hauteskunde txartel inprimatu ditu «Anna Pierre Jesu Kristok babesten du» hizki handiz idatzita.

          Mehatxuak jaso dituela salatu du. Baina estilo haitiarrean: bere bulegoko atearen aurrean, leporik gabeko oiloak, piztutako kandela gorriak, antxumeen barrabilak eta orratzez betetako panpinak azaldu omen dira.

          Animalien kontrako krudeltasunaren aurkako elkarteak Floridan dauden lege gogorrak erabil daitezela eskatuz, eta herriko garbitzaileak kaleak garbitzean jaso behar izaten dutena gehiegizkoa dela esanez.

          Jean Marcellus da beste hautagaietako bat, eta mitin bat bukatu ostean, ezagun bat inguratu eta muturreko bat eman zion bere ideiekin bat ez zetorrelako.

          Joseph Haber hautagaiak, berriz, kanpaina osoa kale izkina batean pasa du xaboi pastillak jendeari banatuz, udalean dagoen zikinkeria guztia garbitzeko berari boza emateko eskatuz.

          New Yorken ere alkate berria aukeratzen da aurten, baina zein kanpainaurre desberdina ari garen bizitzen: mitinak, hitzaldiak, auzoetara bisita jendetsuak… Jesu Kristok, New Yorken, ez du inor babesten! Kolpe bakarrak hautagaiek atrilari ematen dizkiotenak dira. Kale bazterretan ez dago xaboia banatzen duen hautagairik. Eta bulegoko atearen aurrealdeetan oilorik ez!

          Alde ederreko saltsa du North Miamiko kanpaina jarraitzea tokatu zaion kazetariak!